Aimar Etxeberria Korta
RATHLIN UHARTEA

«Eskozia, eraman gaitzazu zurekin», diote Rathlin uharteko bizilagunek «brexit»-aren ostean

Egun, Ipar Irlandaren parte da Rathlin uhartea. «Brexit»-aren ostean, baina, kanpaina berezi bat abiatu dute bertako bizilagun urriek. «Eskozia, eraman gaitzazu zurekin», erregutzen dute, Eskoziara batzea delakoan Europar Batasunaren baitan jarraitzeko duten nahia konplitu dezakeen irtenbide bakanetakoa.

Brexitak izango duen bilakaeraren inguruan argi-izpirik ikusten hasi ez bagara ere, jada antzeman daitezke britainiarrek hartutako bidearen hainbat albo kalte edo ondorio. Guztiek dute oinarri amankomun bat; guztiek dute Europar Batasunaren baitan jarraitzearekin zerikusia. Nabarmenena, agian, Eskoziaren beraren etorkizun politikoa izan daiteke, bertako agintari eta herritarrek (erreferendumeko emaitzak horren erakusle) Europar Batasunarekin estuki lotua nahi dutena. Esanguratsua da ere pasaporte irlandarra ateratzera jo duen britainiarren kopurua, eskariak bideratzen dituen agentziaren tramitazioak kolapsatzeraino. Eta interesgarria, Rathlin uharteko bizilagunek abiatu berri duten kanpaina, “Eskozia, eraman gaitzazu zurekin” erreguan oinarritzen dena.

Urte luzez egin behar da atzera Rathlin uhartearen eta Eskoziaren arteko harremanaren baitako mugarri historiko garrantzitsuak ezagutzeko. Rathlin eta Eskozia erlazionatzen dituzten lehenengo aztarna historikoak Erdi Arokoak edo lehenagokoak dira, Dal Riata erresumaren garaikoak zehazki. Dal Riata eskotoen tribuko erresuma bat izan zen eta egungo Irlanda iparraldean eta Eskozia mendebaldeko kostaldean kokatzen zen. V. mendetik IX. mende erdi ingurura arte iraun zuen aipatu erreinuak, erresumako azken errege Kenneth MacAlpinek lurraldea piktoen erresumarekin batu zuen arte. Modu horretan, hastapena eman zitzaion gerora Alba edo Eskozia izendapenarekin ezagutuko zen erresumari.

Robert the Brucen babesleku

Agian, baina, ezagunagoa da Rathlin uhartea Robert the Brucen babesleku izateagatik eskotoen tribuaren erresumaren parte izateagatik baino. Robert de Bruce –edo Roberto I.a– Eskoziako erregea izan zen 1306tik 1329an hil zen arte. William Wallace baino ezezagunagoa izanagatik –Hollywooden erruz bereziki–, Wallacek besteko garrantzia dauka Brucek Eskoziako historiaren orrialdeetan. Errege izendatu bezain pronto, ingelesen aurkako kanpaina abiatu zuen Brucek, baina militarki hainbat gudutan porrot egin ostean Eskoziatik ihes egin beharrean suertatu zen.

Bada, esanak dio ihesaldi horretan ezagutu zuela Brucek Rathlin uhartea. 1306. urtea zen, eta Bisset abizeneko familia irlandar baten jabetza zen Rathlingo gazteluan hartu zuen ostatu. Bertan, ingelesei aurre egiteko moduak pentsatzeari ekin zion eta, horretarako, leize batera jo ohi omen zuen. Bada, leize batean zela jazo zen Eskoziaren historia baldintzatuko zuen gertaera bat: gogoetan murgildua zela, armiarma bat ikusi zuen Brucek, sakonune batean amarauna josi nahian. Brucek, ordea, pentsatu zuen sakonunea handiegia zela armiarmarentzat bertan amarauna josteko. Gauzak nola, ekinaren ekinez amarauna josi zuen armiarmak, Bruceri lezio bat emanez. Armiarmaren lorpenak gauzak argitu zizkion Bruceri, eta ingeles guztiak Eskoziatik bidali artean borroka egingo zuela zin egin zuen.

Gauzak horrela, ezkutuan egoteari utzi eta Eskoziara itzuli zen Bruce 1307. urtean. Bere herrialdera itzuli bezain pronto ingelesen aurkako gerrari ekin, eta garaipen txikiak erdietsi zituen bata bestearen atzetik. Bataila esanguratsuena 1314an jazo zen; Bannockburneko Gudua izenez ezagutzen da. Horretan, Brucek gidatutako 6.500 pertsonako armada batek ingelesen 20.000 pertsonatik gorako armada bat garaitu zuen. Garaipenaren ostean, Bruce I.ak bere posizioa indartua ikusi eta Eskoziaren independentzia aldarrikatu zuen, ingelesen inbasioari amaiera emanez.

Brucek Rathlin zapaltzerako irlandar lurraldeen parte zen uhartea, baina urte batzuk beranduago –1617an– gertu egon zen Eskoziako lurren parte izatera pasatzeko. Kondairak kontatzen duenaren arabera, Crawford of Lisnorris izeneko eskoziar batek Rathlin uhartearen gaineko jabetza aldarrikatu zuen. Haren esanetan, James IV.a Eskoziako erregeak bere arbasoen esku utzi zuen irlaren jabetza, 1500. urtean. Afera konpontzeko ez zuten –ohikoa zenez– armetara jo. Horren ordez, St. Patricken ondareari heldu zioten. Kondairak dio St. Patrickek sugeak debekatu eta Irlanda sugerik gabe utzi zuela, horiek itsasora bidaliz. Bada, antzeko zerbait egin zuten Rathlin uhartearen etorkizuna erabakitzeko: Irlandatik bidalitako sugeek uhartera iristea lortzen bazuten, eskoziarren esku geratuko zen Rathlin. Osterantzean, Irlanda izaten jarraituko zuen uharteak. Bada, sugeek ezin izan zuten bizirik iritsi Rathlinera; irlaren etorkizuna erabakita zegoen.

Eskoziari erreguka

Lau mende beranduago eta brexitaren ondorioei men, berriro zabaldu da Rathlin uhartearen estatus politikoaren gaineko eztabaida. Ekialdera begira jarri dira bertako bizilagunak, erregu batekin: “Eskozia, eraman gaitzazu zurekin”. Erreferenduma burutu eta aste gutxi batzuen buruan eraiki dute kanpaina, apenas 12 milara duten Eskoziarekin harreman historikoak berreskuratzea helburu.

Eskoziara batzea Europar Batasunaren baitan jarraitzeko –euren helburu nagusia dena– urrats bat baino ez litzateke izango Rathlingo bizilagunentzat. Horiek diote Batasunaren baitan egin dituzten urteei esker daukatela egun itsas portu moderno bat eta bertako populazioa bikoiztu egin dela –145 lagun bizi dira egun–. Hori horrela, Eskoziaren balizko bigarren independentzia erreferendumari so dira, europar estatusa mantentzeko asmoz. Baina, Eskoziara batzeaz gain, bestelako aukera batzuk ere ari dira eztabaidatzen.

Rathlin Eskoziara batzeko kanpainako bozeramaileak “Herald Scotland” egunkariari eginiko adierazpenen arabera, «erreferendumaren emaitzak ikusi ostean, hitz egiten hasi ziren Rathlingo bizilagunak, Erresuma Batu osokoak bezala, baina apur bat gehiago. Erdi broman hasitako kontu bat –jarraitu du– segituan bilakatu zen uharteak inguruko herrialdeekin dituen harremanen inguruko eztabaida. Aldebakarreko independentzia aldarrikapenaren alde egiten hasi ziren batzuk, baina gehienek uharteak Eskoziarekin dituen harreman historikoak berreskuratzea hobetsi zuten».

Michael Cecil Rathlingo bizilagunen elkarteko lehendakariak bestelako ideia bat jarri du mahai gainean. Haren esanetan, oso garrantzitsua da uhartearen kokapen geografikoa, bai eta Rathlinek Dublin eta Edinburgoren arteko harremanetan jokatzen duen papera ere: «Fair Head gainetik –Ballycastle, Ipar Irlanda– Eskozia, Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublika ikus daitezke, gu erdian gaudela». Hori hala, uharteak hiruren arteko harremanean paper garrantzitsua jokatzen duela nabarmendu du.

Adierazi du iraganean alde batera utziak bezala sentitu zirela Belfasten partetik eta, ondorioz, inbidiaz begiratzen zituztela Edinburgotik kudeatuak ziren gainerako uharteak. «Itsasoko jaialdiak, baina, inguruko uharteekin genituen arrantza harremanak berrezarri ditu», azpimarratu du Cecilek. Erdi broman, adierazi du paradisu fiskal bilakatzea ere pentsatu dutela, baina bromak alde batera utzita serio dio: «Azken urteetan oso ongi zainduak izan gara, baina brexitak ekar dezakeenaz arduratuta bizilagunak bestelako aukera batzuk aztertzen hasiak dira, serioski».

Ilustratuen iritziak

Idazlea eta zinemagilea da Margot McCuaig. Rathlin uhartekoa zen bere aita, baina bizimodu hobe baten bila jo zuen Glasgowra 1950eko hamarkadan. Glasgow eta Rathlin artean igarotzen du denbora orain McCuaigek. «Brexita da hizketagai nagusia uhartean eta badirudi inork ez dituela ulertzen erreferendumaren emaitzak. Etorkizunean euren bizimoduak nolakoak izango diren pentsatzen ari dira une oro. Erreferendumaz geroztik, eta berdin dio non –portuan, herriko dendan, tabernan...–, hizketagaia bakarra da». Gaineratu du gazteak direla, batez ere, euren etorkizunarekin kezkatuta daudenak. «Egoera aldatu egin da mugimendu askatasunari dagokionez eta haserre daude aurrerantzean gauzak bestelakoak izango direlako», azpimarratu du.

Uhartean bereziki da ezaguna Black sendia, batez ere Mary eta Frances ahizpak. Bada esan liteke eurena dela britainiar koroari instituzio bezala gehien gerturatzen zaion Rathlin uharteko familia. Frances Blacken esanetan, sekulako ondorioak izango ditu brexitak. Gaineratu du, baina, bere begiekin ikusi duela Irlanda eta Eskoziaren arteko harremanetan berritasunak izan direla erreferendumaren osteko aroan. Horren harira honakoa dio: «Hainbat elkarrizketa izan ditut nire familiako kide eta Rathlingo herritarrekin. Hala, uste dut brexitaren ostean Eskozia eta Irlandaren –ipar eta hego– arteko batasun bat gerta daitekeela. Imajinatu dezakezu?».

Rathlin Eskoziara batzearen aldeko kanpainako eledunak 2007an Alex Salmondek –orduan Eskoziako lehen ministro– uhartera egin zuen bisita gogoratu du: «Salmondek Eskoziak Rathlinekin dituen harreman historikoen errepasoa egin zuen. Orduan Ipar Irlandako lehen ministro zen Ian Paisleyk Rathlin ‘batzuetan Eskoziaren, besteetan Irlandaren’ parte zela adierazi zuenean, honela erantzun zion Salmondek: ‘Eskoziaren parte nahi dut berriro Rathlin». «Ustekabean iritsi ote zaigu horretarako aukera?», bota du galdera. «Gauza harrigarriagoak gertatu izan dira», gaineratu du. «Baina gauza bat argi dago. Rathlingo bizilagunen gehiengoak eskari argi bat daukagu: ‘Eraman gaitzazu zurekin, Eskozia’».