Iker AGINAGA GARCIA
KORALEN OLINPIADA

Gernikako Gaudeamus abesbatzak urre olinpikoa ekarri du Errusiatik

Sotxin (Errusia) izandako lehiaketan polifonia modalitatean abesbatzarik onena izanda, urrezko domina olinpikoa lortu du Gaudeamus Koralak. Abesbatzen munduan txapelketarik garrantzitsuena da olinpiada hau, mundu mailako korurik onenak elkartzen baitira 29 diziplinatan lehiatzeko, bi urtean behin.

Gaudeamus
Gaudeamus

Gaudeamus Korala inor gutxiri egingo zitzaion ezagun orain dela egun gutxi. Gaur, beharbada ez da talde ospetsua izango, baina lekua hartu du azken egunetako egunkari, aldizkari eta albistegietan. Ez da gutxiagorako lortu duen balentria: urrezko bi domina eta zilarrezko bat ekarri dituzte uztail hasieran Sotxin (Errusia) jokatu diren Koralen Olinpiadetatik Euskal Herrira.

Ospakizuneko argazkian, ikurrinak airean daramatzan talde bat eta atzean «Gaudeamus Korala. ‘Gold Medal’: 93,25» dioen pantaila ageri dira. «93,26 izan zen puntuazioa, batez bestekoa txarto egin zuten», zehaztu du barrez Julia Foruriak, koralaren zuzendariak, emaitzari buruz.

Nabarmenki pozik dago eta ez da gutxiagorako; izan ere, bere taldea munduko kantu txapelketa garrantzitsueneko polifonia diziplinan talderik onena izan da. Munduko onenak, modalitate horretan. Puntuazioaren inguruan oso harro agertu da, gainera: «Nik nekez jartzen ditut hamarrak musikan, artean dena hobetu daitekeelako. Guk bakarra ez, hamar asko lortu genituen». Puntuazioa emateko zazpi epaileek zenbait alorri begiratzen diete, zazpitik puntuazio onena eta txarrena ezabatzen dira eta geratzen diren bost emaitzen arteko batez bestekoa egiten da.

World Choir Games edo Abesbatzen Mundu Jokoak, horixe txapelketaren izena. Benetako olinpiadak dira, «musikaren olinpiadak», Foruriak azaldu duenez. “Elkarrekin abestuz nazioak batzen” lelopean, antolatzaileek ideia kiroletako olinpiar jokoetatik hartuta sortu zuten. Helburua Foruriak laburbildu du; «lehiaketa justu eta baketsu batean, musikaren bitartez pertsonek eta herriek bat egitea».

Bi urtean behin egiten da lehiaketa hau, 2000. urtetik, Linz-en (Austria) lehenengoz antolatu zenetik. Gerora, 2002an Busan (Hego Korea); 2004an Bremen (Alemania); 2006an Xiamen (Txina); 2008an Graz (Austria); 2010ean Shaoxing (Txina); 2012an Cincinnati (AEB) eta 2014an Riga (Letonia) hartu dituzte aterpe musikaren olinpiadek, aurtengoan Errusiako Sotxira ailegatu arte.

29 diziplina

Guztira 29 diziplinatan lehiatzen dira abesbatzak olinpiada berezi horietan. Instrumentuekin batzuk, a capella (instrumenturik gabe) beste batzuk, baita eszenikoak diren modalitateetan ere. Hau da, abesten dena antzeztu beharrekoetan.

2000. urtetik jokatzen dira olinpiadak bi urtean behin; bederatzigarren edizioa izan da aurtengoa, beraz. Gernikarrek bost saio behar izan dituzte hainbatetan amestutako urre olinpiko hau lortzeko. Linz-en lehenengoz egin zenetik dabil korala urre horren atzetik, Foruria zuzendariak Gernika-Lumoko udaletxean jasotako omenaldian hunkituta esan zuenez. Bost bider sartu dira olinpiadetan eta aurtengoa ez da izan beren lehenengo urrea. Bai, ordea, lehenengo «urre olinpikoa». Izenondoak berebiziko garrantzia hartzen du kasu honetan, 80 puntutik gora lortzen duen abesbatza orori ematen baitzaio urrezko domina baina diziplina bakoitzeko onenak baino ez baitu urre olinpikoa lortuta, podiumera igo eta modalitateko abesbatzarik onena izatearen ohoreaz gozatzen.

Gaudeamus gernikar abesbatzak 1994an hasi zuen bere ibilbidea, Gernikan bertan dagoen kontserbatorioari estu lotuta. Musika eskola 1990. urtean sortu zen eta bertako ikasleekin eratu zuen Foruria zuzendariak abesbatza, kontserbatorioan musika korala «derrigorrezko ikasgaia» zela baliatuta.

Foruriak agertu duenez, hiru abesbatza mota daude: ahots zurikoak, ahots baxukoak eta mistoak. Ahots zuriko abesbatza da Gaudeamus; hau da, emakume helduek eta neska-mutil gazteek osatzen dute taldea. Heldu zein gazte, kide guztientzako esperientzia polita izan da. «Asko lehenengoz etorri dira olinpiadetara eta izugarri gozatu dute», nabarmendu du zuzendariak. Taldeko beste batzuk aurrekoetan egonak ziren eta «behingoz» podiumera igotzeko gogoa nabaritzen zitzaien.

Bai berrientzat bai esperientzia zutenentzat emaitza «pasada bat» izan dela esan du Foruriak; izan ere, urrezko dominak lortuak zituzten beste olinpiada batzuetan, baina hau izan da jaso duten lehen sari olinpikoa. «Denek bat egin genuen»; emaitza jakin aurretik oso urduri zeudela aitortu du eta zalantza zutela beraiek izango ote ziren aukeratuak. Egindakoaz pozik, agertokitik negarrez atera zirela oroitu du abesbatzako buruak, baina azken emaitza jakin arte zalantzak hor iraun zuen; «norbait hobea egon daitekeelako».

Eta emaitza ikustean, eztanda. Saltoka eta bueltaka hasi omen zen zuzendaria, nora ezean, pozarren. Barreka eta harro dio: «Badago denbora tarte bat ez dudana oroitzen zer egin nuen ere. Bideoak ikusi beharko ditut».

Errusiatik bueltan, taldeak artean bidaiaren nekea gainean zuela, Gernika-Lumoko udaletxean harrera egin zieten. Hori ere polita eta hunkigarria izan zen kideentzat: «Udalbatza osoa zegoen eta guztiak biltzea zein zaila den jakinda, eskertzekoa da». Harreraren ostean, ohorezko aurreskua dantzatu zieten txapeldunei. Baina ez zen udaletxe barruan bukatu ospakizuna. Udalbatzarekin bildu ostean, plazako jendearen babesa jasotzea falta zen. Ez zutela horrelakorik espero aitortu du Foruriak. Pentsa daiteke gutxi batzuek baino ez zutela interesik izango ospakizunean, ez baita abesbatzen mundua masa handiak mugitzen dituen horietakoa, baina ez zen jenderik falta plazan. Gogotsu zeuden herritarrak, gainera: «Zerbait esatera irten behar izan genuen, ez zirelako handik mugitzen». Eta ez hitz egin bakarrik, hobekien egiten dutena ere egin zuten, abestu, bertaratutakoen babesa eskertzeko.

Musikari garrantzia eman

Horrelako garaipenek, komunikabideetan egoteak eta jendearen babesa izateak ez dute txapelduna bakarrik saritzen eta pozten. Foruriaren iritziz, bere taldeaz harago doan zerbait lortzen da horrelako berriekin. «Pixkanaka» musikaren munduari garrantzia ematen ari zaiola uste du, azkenaldian ahaztuta utzi ondoren «krisia eta abar» dela eta, baina horrelako gertakizunekin jendeak «gauza hauek existitzen direla jakiten du». Musikaren lanaz ari da. Horixe baita jende askorentzat, lana. Ez denbora-pasa, ez aisialdirako ekintza. «Euskal Herrian abesbatza asko daude, eta oso onak gainera». Horien lana azaleratzeko eta ezagutarazteko balioko du Gaudeamusen garaipen horrek.

Baina olinpiadak eta txapelketak ez dira koralaren egunerokoa. Abesbatzaren egunerokoa lana eta lana da urtean zehar. «Orain oporretan gaude», dio Foruriak. Merezita gainera. Irailera arte luzatuko dute oporraldia eta irailaren 1ean ekingo diote berriz ere lanari.

Astegunetan musika eskolako ahots-teknika irakaslearekin euren kantatzeko modua hobetuko duten abileziak ikasten dituzte gazteek. Zuzendariak, gainera, hasiberriekin egiten du lan ostiraletan, kantak irakasten dizkie eta beren ahuleziak non dauden ikusi ere, pixkanaka horiek hobe ditzaten taldearen mailara azkar heltzeko. Larunbat goizak taldearen entseguetarako dira. Abesbatza osoa batu eta hiru orduz elkarrekin abesten dute normalean. Hala ere, txapelketaren bat hurbil dagoenean, «azkar» bazkaltzeko tarte laburra hartu eta beste hainbeste ordu hartzen dituzte arratsaldean, «edo igande goizetan, beharbada».

Ziur asko, horrela ibiliko dira aurtengo abenduan, Zumarragan arituko baitira bertan egiten den lehiaketa nazionalean. Aurreko edizioan ere parte hartu eta irabazi egin zuten, baita Torreviejan (Alacant) izandako Nazioarteko Habanera Txapelketa ere. Era horretan lortu zuten olinpiadetarako txartela, hain nekagarriak diren sailkapen-faseetatik igaro gabe. «Egun osoa abesten ematen duzu, akabatu egiten zaituzte», dio zuzendariak faseoi buruz.

Etorkizunari begira, ezin da zalantzan jarri Gaudeamus Korala sasoi onean dagoela. Jende gazteak osatzen du taldea gehienbat eta gaztetasun horrek dakarren ilusio eta indarrarekin, pentsatzekoa da datozen urteetan podiumera igotzen jarraituko dutela nonahi.

Hori daukate buruan kideek; zuzendariak, aldiz, bestelako planak ditu etorkizun hurbilean: «Oso nekatuta nago, 18 urte nituenetik nabil musikan lanean». Pixkanaka erretiratzeko garaia heldu zaiola uste du Foruriak, atseden hartzeko ordua dela. «Horrek ez du esan nahi bihar utziko dudanik», zehaztu du, «baina pixkanaka topera lan egin nahi duen jende gazteari utzi behar zaio lekua».

Ez dio datarik jarri bere agurrari, baina eguna helduta, Euskal Herriko abesbatzei laguntza eta bultzada handia eman dien emakume bat agurtu beharko du musikaren munduak.