Mirari Martiarena

Ni naiz naizena

Emakume batek Donostiako denda batean gustatu zaizkion galtzak 40 neurrian eskatu ditu. Dendariak «taila handirik» ez dutela erantzun dio. Twitterreko txio batean irakurri dut. Harritu egin nau 40 neurria handitzat jotzen dutela irakurtzeak. Harritu esatea gutxi da, amorratu eta haserretu egin naiz. Nire jantziak beti izan dira neurri handietakoak: XL, XXL, 50-52 neurrikoak, 120ko bularretakoak…

Umetatik jasan behar izan ditut dendarien erruki begiradak. Arropa denda batera sartu eta alferrik sartu naizela esaten duten begirada horiek. Gure amak bakarrik jakingo du zenbat aldiz bueltatu naizen haserretuta eta negar batean etxera. Gustuko arroparik erosi gabe, erositakoa besterik ez zegoelako hartuta eta jantzi berriak behar nituelako. 15 urterekin 60 urteko andreek arropak erosten zituzten dendetara joan behar izaten nuen. Pentsa, adin horretan horrek zer esan nahi duen. Oraindik saltoki horien aurretik pasatzen naizenean orduko sentimendu ilunak izaten ditut; ez dut denda horien eskaparateetara begiratu ere egiten.

Sentimendu ilunak, nire jantziak bezala. Beltza beltzaren gainetik jantzita pasatu ditut urteak. Mundu guztiak dakielako beltzak estilizatu egiten duela. Gainerakoen begiraden aurrean argaldu egiten zaituela. Gainerakoek zenbat eta gutxiago ikusi, hobe. Besteen begietan bizi gara, etengabeko eskaparatean. Lagunekin bizi nintzenean etxetik atera aurretik pisukideak nazkatzen nituen behin eta berriz «ondo nago?» galdetuz. Orain bakarrik bizi naizenez, nik jarri behar izaten dut ispiluaren aurrean eta neronek erantzun neure buruari.

«Ispilu aurreko islan beti nahi dudana naiz» dioen abestia aho txikiarekin abesten nuen, inoiz ez nintzelako nahi nuena. 40 neurriko galtzak janzteko gorputza nahi bainuen. “Neurri handiko” arropa gero eta gehiago egiten dituzte; “normalak” baino garestiagoak izaten dira, baina gutxienez balio izan dute nire armairua kolorez betetzeko. Ispiluaren aurrean ez naiz beti nahi dudana, baina beste abesti baten oihartzunak «ni naiz naizena» erantzuten du. •