Juantxo EGAÑA

Bizkaiko fronteko meza, erreportaje baterako gai

David Seymour Chim argazkilariak “La messe de Campagne sur le Front Basque” izenburuko argazki-erreportajea argitaratu zuen 1937ko martxoan “Regards" aldizkariaren 164. zenbakian. Erreportaje berbera argitaratuko zuen Eusko Gudarostearen “Gudari" aldizkariak bere 5. zenbakian urte bereko apirilaren 15ean. Irudian, Txori-Erri konpainiako kideak ageri dira, Julian Jaio aita pasiotarrak emandako mezan. Julian Jaio ezagunagoa zen Karakate ezizenez, bera jaio zen Bolibarko baserriaren izena baita. Mezaren irudia Berriatuko Alipasolo baserrian egina da. Egile ezezaguneko artikulua ilustratu zuen argazkia Kataluniako Nazio Artxibategikoa da, Kataluniako Generalitateko Propaganda Komisariotzak 36ko gerran prestatutako albumetakoa, hain zuzen. Bertan David Seymur ageri da, kamera eskuan, beste lagun batzuekin Bizkaiko fronteko mezaren gaineko erreportajea egiten diharduela.