Iker AGINAGA GARCIA
TRENGINTZAN EUSKARAZ

Elhuyarrek trengintza hiztegia sortu du sektoreko zenbait enpresarekin batera

Joan den uztailetik, trengintza hiztegia erabilgarri dago Internet bidez. Tresna honekin, sektoreko enpresen artean terminologia bateratua eratzea eta euskararen normalizazioari laguntzea dute helburu egileek. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez kontsulta daitezke hiztegia osatzen duten ia 5.000 terminoak.

Trengintzaren sektoreak badu bere hiztegi propioa Euskal Herrian. Elhuyar Fundazioaren eskutik, CAFek, Metro Bilbaok, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, Euskotrenek eta Euskal Trenbide Sareak sortu dute hiztegia eta Internet bidez kontsulta daiteke.

Hiztegia 4.830 terminok osatzen dute, hamabost alor ezberdinetan banatuta eta lau hizkuntzetan: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa. Ekimenaren xedeen artean euskararen normalizazioa eta trengintzaren sektorearentzat terminologia bateratua sortzea daude.

Garbiñe Alkiza hiztegiaren zuzendari teknikoak erakundeen eta Fundazioaren arteko elkarlana oso garrantzitsua izan dela nabarmendu du. Hiztegia osatzen duten terminoak biltzeko erakunde parte hartzaileen dokumentazioa izan da oinarria. «Enpresek gure esku jarri zituzten euren txostenak, barne araudiak, memoriak, eta abar, eta dokumentu horietatik atera dugu terminologia», azaldu du Alkizak. Horrez gain, jadanik Elhuyarrek CAFentzat egina zeukan barne hiztegi bat erabili dute lan honetarako ere.

Horixe izan zen, hain zuzen, proiektuaren abiapuntua, Alkizak berak gogoratu duenez. CAF eta Elhuyarren arteko elkarlanak fruitu onak eman zituen barne hiztegi hori eratzerakoan eta, hortik abiatuta, gainerako erakundeei proposatu zitzaien hiztegi komun eta zabalago bat sortzea. Aipatutako erakundeak «berehala» konturatu ziren hiztegiaren beharraz eta onurez.

Behin terminologia edukita eta aukeratuta, «gehiena» gazteleraz zegoena, Fundazioaren lana euskaraz falta ziren terminoak gehitzea eta hitz horiek guztiak frantsesera eta ingelesera itzultzea izan da.

Parte hartzaile guztien lankidetzaren eredu izan zen hiztegia aurkezteko egindako prentsaurrekoa ere. Bertan, erakunde publikoak ordezkatuz Aitor Aiz Lakuako Garraio sailburuordea egon zen; CAFen izenean, enpresako Giza Baliabideen Saileko buru Gorka Acebal; eta, Elhuyarren partez, Leire Cancio zuzendari orokorra eta Garbiñe Alkiza hiztegiaren zuzendari teknikoa.

Trengintza hiztegiak sektoreak duen arazo garbi bati erantzuten dio: «Baliagarria izango da enpresek beren jardunean beti hitz bera erabiltzeko». Orain arte, euren barne dokumentazioan eta eguneroko lanean, momentu bakoitzean eskuragarri zeukaten itzultzailearen menpe zeuden enpresak. Hiztegi honekin, baina, baliabide komun eta zabal bat edukiko dute aurrerantzean sektore osoak jakin dezan nora jo eta guztiek erantzun bera topatzeko. Gainera, sektorea etengabe berritzen ari den bezala, erabilitako terminologia bera ere aldatuz doa. Hori dela eta, etorkizunera begira orain aurkeztutako hiztegia osatzen jarraitzea da helburua.

Hiztegia trengintzan aritzen direnentzako erabilgarriagoa izango dela argi dauka Alkizak, baina nabarmendu du publikoari ireki bazaio, «mundu guztiak» erabiltzeko aukera izateko dela, ez soilik sektoreko erakundeek. Hala, kaleko jendea, kazetariak, itzultzaileak edo hezkuntza arloko profesionalak hiztegiaren erabiltzaile izan daitezkeela azpimarratu dute egileek.

Euskararen normalizaziorako beste pausu bat dela ere aipatu du Alkizak. Hiztegiak enpresen barne funtzionamendua eta enpresen arteko komunikazioa euskaratzeko balio izatea espero du, eta, horrela, hizkuntzaren normalizazioari mesede egitea.

Zentzu horretan, Elhuyarren ekarpena oparoa izan da oso 1972. urtean sortu zenetik. Zientzia eta euskara uztartuz, Elhuyar Fundazioak 40 urte baino gehiago daramatza dagoeneko gizartea euskalduntzeko helburua bete nahian. Zientziaren eta ezagutzaren arloan euskara garatzeko hainbat tresna eta zerbitzu jarri ditu gizartearen esku urteotan. Horren eredu dira paperean argitaratutako hiztegi ugariak, edota Internet bidez kontsulta daitezkeen beste hainbat, trengintza hiztegi berri hau tarteko.