Mirari Martiarena

Eliteko gorputzak

Lau urtean behin gertatzen den bezala, abuztu osoa daramagu Olinpiar Jokoen jarraipena egiten. Gehiago edo gutxiago jarraituko genituen: batzuek gustuko duten kirola, besteek euskal kirolariak bakarrik eta beste batzuek jokatzen diren kirol modalitate guztiak. Bihar bukatuko dira eta kirolari batzuen gorputzak kritiken jopuntu izan dira. “Olinpikoak izateko eskubiderik ba al dute lodiek?” bezalako titularrak irakurri ditugu. Robel Kiros Habte igerilari etiopiarra, Balea ezizenez bataiatua; Teresa Almeida Angolako eskubaloi selekzioko atezaina edo Alexa Moreno gimnasta mexikarra ere izan dira hizpide. Hirurak euren pisuagatik kritikatuagoak egin dituzten partiduengatik edo erakustaldiengatik baino. Eliteko kirolariak direla zalantzan jartzeraino.

Hara non, elitea aipatuta, Euskal Telebistako iragarki batek piztu dit arreta. “Cuerpos de élite” izeneko saio bat estreinatuko dute laster ETB2an eta aste honetan egin dituzte hautaprobak. Iragarkian kiloak soberan dituzten pertsonak eta kilo horiek galtzeko gogoz daudenak eskatzen zituzten, baina garrantzitsuena umore ona izatea zela zioen. Saioaren helburua profesionalen laguntzarekin hamar astetan argaltzea omen da. Iragarkia irakurrita neure burua imajinatu dut casting-ean: «Kaixo, Mirari naiz, 29 urte ditut, 80 kilo eta oso umoretsua naiz. Neure buruari barre egitea gustatzen zait, baina proba honetara zuei barre egitera etorri naiz…». Hortik aurrerakoak nire baitarako gordeko ditut. Ez dakit saioaren egitura zein izango den, ezta nola landuko duten argaltzearena ere, nahiz eta susma dezakedan. Zilegi da argaldu nahi izatea, neronek ere egin baitut, baina hamar astetako lana baino askoz gehiago izan da. Animoak eta gogoak, pisuak bezalaxe, gora eta behera egin izan dute nire kasuan behintzat.

Baina kontua betikoa da: gorputzak kritikatzea. Gurea ez dela onena esatea, pentsatzea eta sentitzea. Eliteko gorputzak behar ditugula salduko digute berriz ere telebistan. Ariketak ezinean egiten ari diren pertsonei barre egingo diegu etxeko sofatik. Robel Kiros Habte, Teresa Almeida edo Alexa Moreno Olinpiar Jokoetako eliteko kirolariak kritikatu ditugun modu berean. •