Aimar Etxeberria Korta
Elkarrizketa
RobinMcAlpine
Estratega politikoa

«Ez dut behin ere sinetsi izan Brexitari lotuta egon zitekeenik bigarren independentzia erreferenduma»

Estrategia politikoan aritua urte luzez, Common Weal «think tank»-aren buru da egun McAlpine. Eskoziaren independentzia prozesuaz hitz egin dugu berarekin.

Eskoziar independentismoaren baitan ahots autorizatua da oso Robin McAlpinena. Hogei urte luzez aritu da estratega politiko gisa lanean, ezkerretik eta Eskoziaren independentzia helburu betiere, eta Common Weal think tank-aren zuzendari lanetan dihardu azkenengo urteotan. Herrialdearen garapen ekonomiko eta sozialaren alde egiten du lan erakundeak, aipatu helburuak erdieste aldera proposamenak mahaigaineratuz.

McAlpinek, bere aldetik, liburu bat argitaratu zuen iragan ekainean, “Determination” titulupean. Bertan, 2014ko independentzia erreferendumaren errepaso bat egiten du autoreak eta balizko bigarren erreferendum baten inguruko gakoak ematen ditu. Bada, liburuaren aitzakiaren bueltan elkartu da McAlpine GAUR8rekin, atzera begiratu bat egin eta herrialdeak datozen urteetan bizi litzakeen agertokien inguruan hitz egiteko.

 

Zer behar sentitu duzu «Determination» liburua argitaratzeko?

Egia esan, liburua publikatu beharrik ez izatea litzateke egokiena niretzat, horrek esan nahiko lukeelako 2014ko erreferenduma galdu ostean Eskoziako mugimendu independentistak nahikoa gihar duela eztabaida publikoa gidatu eta herrialdearen independentzia erdiesteko proiektu bat osatzeko. Zoritxarrez, baina, egoera ez da nik desio dudan modukoa eta mugimendu independentistak ez du etorkizunean eman beharreko urratsen inguruko eztabaidarik ez bultzatu ez, are gutxiago, gidatu. Estratega politiko gisa jardun nuen Common Weal think tank-a sortu aurretik eta banituen zenbait ideia herrialdeak etorkizunean jorratu beharreko urratsen inguruan. Hori hala, esan dezaket inpazientzia eta frustrazio egoera batetik abiatutako liburua dela, Eskoziaren etorkizunaren inguruko eztabaida publikoan bere alea jarri nahi duena.

 

2014ko independentzia erreferendumari begiratuta, zergatik uste duzu gailendu zela ezezkoaren aldeko aukera?

Hitz bakar batean laburtzeko, honakoa litzateke nire ustez: “konfiantza”. Horretaz hitz egiten dut liburuaren zati handi batean. Independentistek arreta gehiegi eskaini zieten oinarrizko arrazoiak medio ezezkoa bozkatzea erabakita zutenei; adibidez, euren burua britainiartzat zutenei, abertzaletasunaren aurkakoak zirenei edota eskuin muturreko ideiak zituztenei. Akatsa izan zen hori. Oinarrizko arrazoiak alde batera utzita ezezkoa bozkatu zuten horiei hitz egin behar genien. Zergatik bozkatu zuten independentziaren aurka? Ondoriozta dezaket ezezkoa bozkatzea erabaki zutenen artean dezente zirela eratu genuen kausan konfiantza nahikoa ez zutenak. Moneta edo Europar Batasunaren inguruko eztabaidak ez genituen behar beste argi erantzun eta horrek jendea une hartan Eskozia herri independente izateko gai ez zela pentsaraztera eraman zuen. Hurrengo saiakeran gai gakoen inguruan erantzun osatuagoak eman beharko ditugu, jendeak independentziaren aukerarengan konfiantza izan dezan. Azken batean, oso denbora tarte laburrean jazo zen guztia; hobeto prestatuta egon behar dugu hurrengorako.

 

Zeintzuk izan ziren mugimendu independentistak egin zituen akats nagusiak?

Gaizki egin genuen horri begiratzea baino, nahiago dut hurrengo erreferendumari begira atera ditzakegun ikasgaiak aztertzea. Batez ere, baina, eta lehen esandakoaren ildotik, funtsezkoak ziren hainbat afera ez genituen behar bezala garatu, kanpoko faktoreen ondorioz hein batean. Moneta da gai izarren artean izarrena, baina era berean garrantzitsua da ere pentsiodunen etorkizuneko errentak ziurtatzea edota herrialdeari militarki ematen zaion norabidea definitzea. Baina, era berean, uste dut egiturazko arazoak ere izan zirela. Yes Scotland erakundearen inguruan ari naiz, baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuen erakundearen inguruan. Azpilan bikaina egin zuen mugimenduak, ilusioz gainezka eginiko lana izan zen, baina prestakuntza gehiago behar zuen. Gainera, lehen unetik eman ziren mezuek ez ninduten konbentzitu; Eskozia independente bilakatuko balitz ezer ez litzatekeela aldatuko adierazi genuen, jendea lasaitze aldera edo. Baina botoetan ikusi zen mezu horrek ez zuela funtzionatu, denbora galtze bat izan zela. Hasieratik ausartago jokatu behar genuela iruditzen zait.

 

Eta, aldiz, zeintzuk izan ziren mugimendu independentistak ateratako ikasgaiak?

Horixe da hain zuzen ere arazorik handiena nire ustez, erreferenduma galdu izanagatik ikasgairik atera ez izana. Horrek baditu baina bere arrazoiak. Mugimendu independentistak indartsu jarraitu nahi zuen, eta ez genuen inolaz ere nahi mugimenduaren baitako elkartasun eta harremanak izorratzerik hatz akusatzailea astintzen hasita. Gainera, oso gertu ziren hainbat hauteskunde deialdi; ez zen garai onena publikoki sentsibleak izan zitezkeen gaiak eztabaidatzeko. Hala, bere horretan utzi genituen gauzak, mugimenduaren baitan inolako erruduntasun edo borrokarik azaleratu gabe. Horrek, baina, izan zuen bere kontrapunturik, eta hori da erreferendum hartatik ikasi ahal genuen guztia ez genuela ikasi. Orain egin beharko dugu ariketa hori.

 

Egun, nola defini genezake mugimendu independentistaren osasuna? Zer bilakaera izan du 2014ko erreferenduma galduz geroztik?

Arazoa da mugimendu independentistak ez duela zeregin handirik izan 2014ko erreferendumaz geroztik. SNP ohiko alderdi politiko izatera itzuli da eta horrek esan nahi du foku mediatikoak segituan utzi ziola afera independentistan arreta jartzeari. Hala, erlaxazio aro batean sartu zen mugimendu independentista, jendeak ikusten baitzuen denbora bat igaro beharko zela bigarren erreferendum bat egin bitartean. Gainera, ez da inolako lidergorik egon, ez SNPren eskutik ez bestela, epe ertain-luzera begira estrategia bat proposatzeko. Beraz, lidergorik gabe eta praktikan egiteko ezer asko izan gabe, desagertzera jo du mugimendu independentistak. Baina egoera horrek ez nau behin ere arduratu; erraza izango da-eta bere garaian lanean aritu zen eta gerora distantzia hartu duen hori bueltan erakartzea.

 

Bigarren independentzia erreferendum bat deitzeko aukerarik bada? Nola aldatu du egoera Brexitak?

Nire iritzi propioa dut kontu honetan, eta ez dut aldatu Brexitaren ostean ere. Ez dut behin ere sinetsi izan Brexitari lotuta egon zitekeenik bigarren independentzia erreferenduma. Uste dut Westminsterrek egin ahalak egingo dituela aukera hori saihesteko; Londres eta Bruselaren arteko negoziazioak hastean britainiarrek ezin dute onartu euren ekonomia kaltetuko lukeen inolako ezustekorik. Gainera, azken inkestek ez dute erakusten hainbatek espero zuten independentziaren aldeko babesik; ondorioz, jendea ari da jabetzen epe laburrean bigarren independentzia erreferendum bat egitea ez litzatekeela hain ideia ona. Ikuspuntu ezberdinak daude horretan eta hainbat dira berehalakoan kanpaina independentista berri bat abian jarri nahi dutenak. Nire iritzi propioa da 2021eko Eskoziako Legebiltzarrerako bozak egokiak liratekeela bigarren independentzia erreferendum baten aldeko mandatu argi bat sortzeko.

 

Zer-nolako papera ari dira jokatzen aktore independentista garrantzitsuenak bigarren independentzia erreferendum bati begira?

Uneotan oso eztabaida interesgarria dago abian; pertsona edo erakunde ezberdinek Brexitaren ostean independentziaren aurrean duten jarrera aldatu duten edo ez adi aztertzen ari da jendea. Pertsonalki, uste dut gauzak bere onera etortzean duela bi urteko egoera berean aurkituko garela. Gerta liteke egunkari bat edo bestek bere iritzia aldatzea, independentziaren kausa babestera igaroz. Gerta liteke ere hainbat enpresak (Europarekin lotura zuzena duten horiek batez ere) jarrera ezberdina izatea oraingoan edota herrialdeko pertsonaia ezagunek bestelako adierazpenak egitea. Baina, zintzoak izanda, orain bi urteko egoeraren oso antzeko zerbait espero dut, interes pertsonal eta politiko asko lehengo berak izango direlako.

 

Zeintzuk izango dira balizko bigarren independentzia erreferendum bateko gai izarrak? Eta zein mugimendu independentistak egin beharreko aurretiazko lana?

Zintzoki, ez dut uste 180 graduko aldaketa bat emango denik eztabaidagai izango diren gaien artean. Jakinaren gainean naiz, gainera, badirela saiakerak ezezkoa bozkatu zuten horiek aurrez egin beharreko lanketa horretara erakartzeko. Egiazki, uste dut akatsa dela eta ez dagoela inongo ebidentziarik horrek funtziona lezakeela ziurtatzen duenik. Gainera, fokua horretan jartzeak baiezkoaren alde bozkatu zutenetako batzuk galtzea ekar lezake. Uste dut garrantzitsua prestakuntza izango dela; galdera handien aurrean erantzun hobeak, indartsuagoak behar ditugu.

 

Zer ikuspuntu daukazu bada galdera handi edo gai gako horien inguruan?

Detaile asko daude aztertzeko, lerrootan azaldu ezin direnak. Baina 2014an totem izan ziren gai horiei erreparatuz gero, adibidez, monetaren arazoarekin aurkituko gara. Zentzu horretan, uste dut jendea konturatzen ari dela Erresuma Batuarekin libera esterlina partekatzea ez dela ona, eta Eskoziako libera sortu edota euroa hartzeko aukerak mahaigainean daudela, nahiz eta euroaren aurka egiteko nahikoa arrazoi baden. Kontua ez da baina monetaren inguruko eztabaidarekin berriro hasieratik hastea, kontua 2014an baino hobeto egitea da.

 

Noizko aurreikusten duzu bigarren independentzia erreferenduma? Eta prest al dago mugimendu independentista erronka horri aurre egiteko?

Uste dut bigarren erreferenduma 2021eko udazkenean ospatuko dela. Eta prest izango ote garen? Gaurtik lanean hastea litzateke kontua, eta horretarako preseski idatzi dut liburua...