Amaia Nausia Pimoulier

Lehenik, gure «burkiniak»

Udara honetan Maroko aldean ibili naiz familiarekin. Herria ezagutzen nuen, orain dela hiru urte autoz zeharkatu genuelako. Beraz, han ikusitakoa ez zen niretzat berria. Urteetan Tunez, Egipto, Siria edo Jordanian ibili naiz. Baina ezagunagatik, oraindik ere emakumeak herriotan bizi duen egoera deigarria egiten zait. Kontu asko daude, baina agian oso agerian dagoelako janzkeraren kontuak harritzen nau. Ez da janzkera kontua bakarrik noski, horren atzetik dauden kontu kultural eta erlijiosoak oso korapilatsuak baitira. Itzuli bezain laster Frantziako hondartzetan burkiniaren erabileragatik izan den polemikaren inguruko berriak irakurri ditut eta berriro ere gai honen inguruan betidanik ditudan zalantzak eta kontraesanak piztu zaizkit.

Egia da emakume bezala Marokon hondartzara edo igerileku batera joatea esperientzia potentea dela. Hondartza eta igerilekuetan gizonezkoek praka motzak bakarrik eramaten dituzten bitartean, emakumeak goitik behera estalita sartzen dira uretan. Familia osoak ikus ditzakezu hondartzan; gizona kamisetarik gabe, haurrak ere ohiko bainujantziekin eta ama, askotan, eskuoihalean beropean eserita buruan zapia, mauka luzeko kamiseta eta bakeroak jantzita. Goitik behera beltzez jantzita doazenak mamu itxura daukatela pentsatu dut askotan, haizeak beraien arropak jotzen dituen bitartean, batzuek aurpegia ere estalita. Orduan norbaitek nortasuna lapurtu diela sentitzen dut. 12 urte baino gutxiagoko neskatilek nire alabatxoaren bainujantzi antzekoak daramatzate, baina, behin “emakume” bihurtuta, gehienek gorputza estaltzea erabakitzen dute. Nire begirada feministatik gogorra egiten zait irudi hori onartzea. Herri ezberdin batera bidaiatzen dudan bakoitzean nire buruari egiten diodan planteamendua errepikatzen saiatzen naiz; euren kultura da, euren ohiturak eta euren etxean euren arauak errespetatu behar ditut. Baina, barne borroka ere pizten zait, erabaki librea da? Pozik bizi dira horrela? Nik ere nire gorputza estali beharko nuke errespetu seinale moduan edo bikinia jantzi behar dut nire askatasuna aldarrikatzeko? Pozik ikusten ditut neskatilak, beraien anaia eta aitekin jolasean, bainujantzi motza daramatela. Eta nire buruari galdetzen diot ea laster etorriko zaien aldaketaz ohartzen diren, “emakume” bihurtzen direnean askatasun horri uko egin beharko diotela.

Eta kontraesan eta galdera horietan murgilduta nagoela nire nerabezaroarekin gogoratu naiz eta nola nik ere “paradisuaren” galera sentitu nuen hilerokoa etorri zitzaidanean, emakume gorputzaren lehenengo aztarnak agertu zirenean: hilea, bularrak... Askatasunaren galera sentitu nuela gogoratzen dut. Haurtzaroak hein batean neskatila bati ematen dion askatasun hori desagertuz joan zen, lotsaren pisuak eraginda. Laster, nire gorputzak nire inguruan ikusten nuen emakumearen ideala ez zuela islatzen ohartu nintzen. Eta udara bakoitzean hondartzara edo igerilekura joate hutsa betebeharrez betetzen zen; depilatu, argaldu, bikini polita erosi... Librea naiz ni? Pozik bizi naiz? Nire arauak dira edo inkontzienteki irentsi ditudanak?

Eta orduan ohartzen naiz berriro ere gure gizarte sasilaiko hau eta beraien gizarte islamikoa ez direla horren ezberdinak: patriarkatuaren oinordekoak dira biak. Inposizio forma ezberdinak jasaten ditugu, baina inposizioak azken finean. Gaur bertan telebistan horren inguruko eztabaida entzuten ari nintzela gizon batek bota du Mendebaldeko herrietan burkinia debekatu beharko genukeela moralki ezkorra delako eta emakumeok lagundu behar ditugulako. Oso diskurtso paternalistak entzuten ditut behin eta berriro mundu islamikoan emakumeek bizi duten egoeraren inguruan. Emakumeok neskatilak balira bezala eta gure eredua hobea balitz bezala. Gure Mendebaldeko gizarte kristaua matxista ez balitz bezala. Errepresioa jasaten dutela? Noski. Eredu patriarkal baten menpe bizi direla eta euren erabakiak gizarte horrek emakumeentzat inposatzen duen ideal batek baldintzatuta daudela? Noski. Baina, arren, behingoz diskurtso paternalista gutxiago eta emakumearen burujabetzaren inguruko hitzaldi gehiago entzutea gustatuko litzaidake. Gure “burkiniak” apur ditzagun besteen burkinien kontra joan aurretik. •