Ainara Lertxundi
BORNO, GOSEZ HILTZEN

Unicefek ohartarazi duenez, 49.000 haur hiltzeko arriskuan daude Nigerian

Nigeriako Borno estatuan biolentziaren ondorioz egoera benetan kezkagarria dela ohartarazi du Unicefek. Laguntza humanitarioa premiazkoa dela nabarmendu du. 244.00 haurrek desnutrizio zorrotz larria pairatzen dute. Horietatik 49.000 hiltzeko arriskuan daude . Horrez gain, bi milioi pertsona isolatuta daude Boko Haramen erasoak direla-eta.

Unicefek ohartarazi berri duenez, Nigeriako Borno estatuan 244.000 haurrek desnutrizio zorrotz larria pairatzen dute eta horietatik 49.000 hiltzeko arriskuan daude ez badute urgentziazko tratamendua jasotzen. «Borno ipar-ekialdeko herrietan sartzea lortu ahala, krisiaren larritasunaz jabetzen hasi gara. Dena den, oraindik ez dakigu Bornoko estatuan bizi diren bi milioi pertsonen egoera zein den, zeren, ezinezkoa zaigu beraiengana hurbiltzea, sarbideak itxita baitaude edota bizi diren herriak Boko Haram talde armatuaren esku baitaude. Nazioarteak ez daki oraindik egoeraren larritasuna zenbatekoraino den», plazaratu du kezkatuta Manuel Fontainek, Unicefeko zuzendaria Erdialdeko eta Mendebaldeko Afrikan.

«Egunean batez beste 134 ume hilko dira desnutrizioak eragindako gaixotasunengatik baldin eta ez badute berehalako tratamendua jasotzen. Dohaintza-emaile eta aliatu guztiek gehiago egitea behar-beharrezkoa da ume bakar bat gehiago hil ez dadin. Ezinezkoa da horrelako krisi bati bakarrik aurre egitea», nabarmendu du.

Fontainek biolentziak suntsitutako hainbat herrixka bisitatu ditu duela gutxi. Bertan ihes egindako familiak bizi dira. Elikagai eta ur gabezia dute, eta higiene arazoak oso larriak dira. «Tokian-tokian lan ikaragarria egiten ari diren gobernuz kanpoko erakundeak daude. Baina, hala ere, ez dugu gaitasunik egoerari behar bezala aurre egiteko. Gure ahaleginak areagotu behar ditugu erronkari eutsi ahal izateko», aitortu du Unicefeko arduradunak.

Urte hasieran, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak 55,5 milioi dolar eskatu zituen Nigeriako ipar-mendebaldeak pairatzen duen krisi humanitarioari aurre egiteko. Baina, zazpi hilabeteotan 23 milioi soilik jaso ditu, eskatu zuenaren %41.

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak ere alarma-hotsa piztu du. Bornon beraien etxebizitza atzean utzita ihes egindako 500.000 pertsona daudela azaldu du. Gehienak, Maiduguriko kanpoaldean –Estatuko hiriburua– bizi dira, isolatutako guneetan. Ur edangarria, elikagaiak eta laguntza medikua premiazkoa dute.

«Hondamendi humanitarioa ekiditeko erakunde guztien elkarlana eta mobilizazio masiboa ezinbestekoa da», esan du MSFko Lan zuzendaria den Isabelle Defournyk.

Ia bi milioi pertsona bi urtez erabat isolatuta egon dira Nigeriako ipar-ekialdean, Boko Haramek Bornoko hiri garrantzitsuenak eta ipar-ekialdeko beste estatu batzuetako herriak kontrolpean hartu ostean.

Pasa den ekainean, MSFko lan talde batek Baman sartzea lortu zuen. Bornoko bigarren hiri handiena da. Egun Armadarekin soilik sar daiteke bertara. 10.000 pertsonatik gora desplazatuentzako kanpaleku batean bizi dira. Agintariek biztanleriaren sektore ahulena ebakuatu badute ere, heriotza tasa oso altua da eta umeen %15ek desnutrizio zorrotza pairatzen dute. Egun mediku-tratamendua eta nutrizio-laguntza eskaintzen hasi dira MSFko kideak Baman, Maiduguritik 70 kilometrora. Kasu larrienak Maidugurira bideratzen ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Kanpalekuan ur horniketa eta higiene baldintzak hobetzea ezinbestekotzat jo du. Jada, 200 pertsona beherakoak eta deshidratazioak jota hil direla salatu du.

Maiduguriko ospitaleak jendez gainezka daude. Duela gutxi, elgorria zuten sei ume osasun etxetik kanpalekura bidali zituzten, leku falta dela-eta.

Mongunon, berriz, 150.000 pertsona bizi dira. Horietatik, 65.000 desplazatuak dira. 2015eko urtarrila geroztik ez dute mediku laguntzarik jasotzen. Bertako ospitalean lanean hasi nahi du MSFk, haurren desnutrizio maila murrizteko, bai bertakoen artean baita desplazatuen artean ere. «Dikwa bezalako beste herri batzuetan egoera ere oso latza da. Eta segur aski biztanleriak laguntza beharko du. Tamalez, ez dago segurtasunik eta horrek gure lana nabarmen zailtzen du. Bamara eta Dikwara militarrekin soilik irits daiteke, Boko Haramen erasoak ohikoak baitira», helarazi du Defournyk.

Urtebete eta 4,5 kilo

Bokor Haramen eta Nigeriako Armadaren arteko borrokek 20.000 hildako eragin dituzte azken zazpi urteetan eta 2,6 milioi lagunek ihes egin dute. Gehienek atzerriko laguntza besterik ez dute: mendekotasuna erabatekoa da.

Yagana urtebeteko alabarekin iritsi zen ekainaren 22an Maidugurira. Halimak 4,5 kilo besterik ez ditu pisatzen. Hankak mehe-meheak ditu eta sabela, aldiz, puztuta. Ekainetik hona eman dizkioten osagarri bitaminikoei esker, 700 gramo loditu ditu. Bornon dagoen Dire herrixkan, Mafa eskualdean, bizi zen Yagana, sei seme-alabekin. Bost hil zaizkio gaixotasun desberdinak jota: elgorria, difteria... Halima da bizirik dagoen bakarra.

Mafa Boko Haram talde armatuaren kontrolpean egon da militarrak sartu arte. «Soldaduek alde egiteko esan ziguten, eraso gehiago izango zirela-eta. Orduan, alaba gaixotu zitzaidan. Ez genuen janaririk», azaldu dio Yaganak AFP albiste-agentziari. Munako kanpalekura heldu zen babes bila alaba txikiarekin, Maiduguriko kanpoaldean.

Yagana eta Halimak bezala ihes egin duten beste 16.000 pertsona ere bizi dira Munan. Unicefek zuzentzen duen osasun-etxean, Yakara Babaganak haurrak pisatzen ditu eta tenperatura hartzen die. «Ez dute elikagai nahikorik eta, maiz, beherakoa dute eta botaka egiten dute. Horrek pisua galtzea eragiten die. Azken hiru hilabeteotan 363 ume izan ditugu ospitalean desnutrizio zorrotzarekin», dio. Tratamenduak zortzi aste irauten ditu. «Yaganaren alabak onera egin du eta ama pozik dago», gaineratu du Ifeanyi Chidoziek, Unicefeko kideak. Umea sorbaldan lotuta, ospitaletik aterata da Yagana.

Munakoa bat-batean egindako kanpalekua da. Egurrez, lastoz eta olanaz egindako etxolez osatuta dago. Gorotz eta animali artean bizi dira. Edateko ura eskasa da. Bitamina eta botikak faltan dituzte. Elikatze-osagarriak oso gaixorik dauden umeentzako soilik dira. Ekainean, zazpi ume hil ziren elgorri izurrite bat dela-eta. «Ez dute jatekorik. Gure laguntzarik gabe hil egingo dira. Ez badugu janaririk lortzen epe motzean, egoerak nabarmen egingo du okerrera eta horrek benetan kezkatzen nau». Kanpalekuaren koordinatzaile Grema Musa Koloren hitzak dira.

Hogei kilometro oinez

Biolentziatik ihesi, 280.000 lagunek alde egin dute Nigerreko Diffa eskualdera. Muturreko baldintzetan bizi dira. RN-1 errepide nagusiaren alboetan 35 babesleku eraiki dituzte. Eskualdea gurutzatzen du, Nigeriako mugarekin bat eginez. Nguigmi hiria pasata bukatzen da. MSFk osasun etxean eta barrutiko ospitalean laguntzen du. Nguigmi iparraldean 20.000 desplazatu daude. Erabat isolatuta daude.

Diffa eskualdeko herririk handiena Bilabrim da. Bertako osasun etxea 30 kilometroko erradio batean dagoen bakarra da. «Ama askok, umeak besotan, hamar kilometro egiten dituzte oinez eguzkipean Bilabrimera iristeko. Eta, bueltan, beste hamar. Urrutiegi dauden pertsona horiei laguntzeko, klinika mugikor bat ipiniko dugu martxan», esan du Youssouf Demdelek, MSFko lantaldearen alboko zuzendaria Nigerren. «Bi putzu baino ez daude eta, gainera, ura oso gazituta dago. Janaria behar dute, baita denda berriak ere, klima oso gogorra delako zonalde honetan. Egoera benetan latza da Diffan, bereziki, Nguigmi iparraldean», ohartarazi du.