amagoia.mujika@gaur8.info
BERTSOLARITZA

Hamabost bertsolari abiatuko dira Xilaba txapelketako bosgarren txapelaren bila

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hamabost bertsolarik parte hartuko dute aurtengo Xilaba txapelketan, gaur bertan abiatuko den bosgarren edizioan. Aurpegi berriak –Eskolarteko finaletik zuzenean datozen Kerman Diaz eta Nahia Sasco– eta ezagunagoak abiatuko dira trenean. Azken helmuga: azaroaren 12ko Baionako finala.

Gaur abiatuko da Donibane Lohizunen Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko V. Bertsulari Xapelketa. Xilaba. Hamabost bertsolarik parte hartuko dute eta bi kanporaketa eta lau finalaurreko jokatu ondoren, finala Baionan izango da datorren azaroaren 12an.

Esan bezala, bi kanporaketa jokatuko dira; lehena gaur Donibane Lohizunen, eta, bigarrena, urriaren 1ean, Muskildin. Guztira hamabi bertsolarik parte hartuko dute kanporaketa horietan, sei bertsolari saioko. Izan ere, Xilabako aurreko edizioan lehen hiru postuetan geratu zirenak –Sustrai Colina, Maddalen Arzallus eta Odei Barroso–, kanporaketa horietatik kanpo geratuko dira eta zuzenean sartuko dira finalaurrekoetan.

Kanporaketa bakoitzean arituko den seikotea, berriz, zozketa bidez aukeratu da. Hartara, gaur Donibane Lohizuneko Ravel aretoan arituko dira, arratsaldeko bostetatik aurrera, honakoak: Amets Arzallus, Egoitz Zelaia, Kerman Diaz, Miren Artetxe, Nahia Sasco eta Ramuntxo Christy.

Nabarmentzekoa da Kerman Diazentzat (17 urteko urruñarra) eta Nahia Sascorentzat (18 urteko lekuindarra) lehen Xilaba izango dela. Eta biak aritu ziren joan den ekainean Ereñotzun jokatu zen Euskal Herriko Eskolarteko finalean.

Bigarren kanporaketa, beraz, Muskildiko Posonpesenea gelan jokatuko da datorren asteburuan, urriaren 1ean, arratsaldeko bostetatik aurrera. Bertan arituko dira, honakoak: Aitor Servier, Battitt Crouspeyre, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Ortzi Idoate eta Xumai Murua.

Hortik aurrera, lau finalaurreko jokatuko dira eta bertan hamabi bertsolarik parte hartuko dute: Sustrai Colina, Maddalen Arzallus eta Odei Barroso eta hasierako kanporaketetatik puntuazioz sailkatutako bederatzi bertsolari. Baigorrin, Izturitzen, Aiziritzen eta Larresoron jokatuko dira finalaren aurreko saio horiek; urriaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, hurrenez hurren.

Aurpegi berriak eta ezagunak

Hamabost bertsolari animatuko dira aurten Xilabaren bosgarren edizioan parte hartzera. Batzuentzat plaza ezagun samarra da, gehienentzat egia esan. Esan bezala, Nahia Sasco eta Kerman Diaz dira estreinatuko diren bakarrak. Beste puntan daude Xilabako edizio guztietan parte hartu dutenak: Sustrai Colina, Xumai Murua, Odei Barroso eta Eneritz Zabaleta.

Amets Arzallusek hirutan parte hartu du oraingoz, 2008an, 2010ean eta 2012an. Eta hiruretan txapela buruan etxeratu zen. Geroztik, gainera, Euskal Herriko txapela ere jantzia du. Xilabako laugarren txapela, 2014an, Sustrai Colinak jantzi zuen.

Gaiak egiteko eta emateko ardura duen taldea, berriz, hamaika kidek osatzen dute: Amaiur Lujanbio, Iban Falxa, Ihintza Ostolaza, Joana Itzaina, Karlos Aizpurua, Maiana Irigoien, Pantxika Solorzano, Bixente Hirigarai, Amaia Kastorene, Pettan Prebende eta Xan Alkhat.

Eta epaile taldean arituko direnak: Eneko Bidegain, Joakin Arregi, Beñat Soule, Erik Etxart, Lierni Elorza, Iban Thicoipe, Abel Zabala eta Zuhaitz Olazabal. Dena prest, beraz, has dadila Xutik taldekoen sintonia.

AITOR SERVIER

Azkaindarra. 19 urte ditu. Donibane Lohizuneko bertso eskolan hasi zen 9 urterekin. Gaur egun Larraldeako bertso eskolan dabil. Eskolartekoan eta gazte sariketetan hainbat sari lortua. Bigarrenez dator Xilabara.

AMETS ARZALLUS

Hendaiarra. 33 urte ditu. Hendaiako bertso eskolan ibilia, ikasle eta irakasle. Hiru aldiz finalista Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta 2013. urtean txapelduna. Xilaban hirutan parte hartu du eta hirutan irabazi.

BATTITT CROSPEYRE

1989an jaioa. Baigorriarra. Bertso munduan sartua 21 urtetan, Itsasuko bertso eskolaren bidez. Lehen plaza ondoko urtean Itsasuko inauterietan. Hirugarren aldiz hartuko du parte Xilaba txapelketan.

EGOITZ ZELAIA

Hendaiarra, 1982an jaioa. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduraduna izan da eta egun Bertsularien Lagunak elkarteko Ikerkuntza arduraduna da. Zenbait sariketetan parte hartu du. Laugarren Xilaba du.

MADDALEN ARZALLUS

26 urte ditu. Hendaiarra. Txapelketa ezberdinetan parte hartu du. 2008an Xilaba txapelketan finalista izan zen eta, 2014koan, bigarren. 2009an Euskal Herriko Txapelketan parte hartu zuen. Hirugarren Xilaba du.

NAHIA SASCO

Lekuinekoa da eta 18 urte ditu. 9 urterekin hasi zen bere herriko bertso eskolan, ondotik Kanbo eta Baionako bertso eskoletan ibili aitzin. Eskolarteko Txapelketan ibilia, azkenekoan finalista izan zen. Lehen Xilaba du aurtengoa.

ODEI BARROSO

28 urte ditu, Urruñakoa da eta Azkainen bizi da. Bertsolaritza eskolak ematen ditu. 13 urterekin hasi zen bertsotan, eta Hendaiako bertso eskolan ibilia da. Bi aldiz izan da Txapelketa Nagusian, eta bosgarrenez izango da Xilaban.