2016/10/08

Erreportajea
BOXEOAREN LORALDIA
Lehorte luzearen ondoren, suspertze bidean da boxeoa Euskal Herrian

Urte luzez izandako gainbehera aurkari hartuta, patuaren ringera igo da euskal boxeoa, suspertu eta garai batean gurean izan zuen sona berreskuratzeko. Eginiko lana fruituak ematen hasi den erakusgarri dira Jon Fernandez, Kerman Lejarraga edo Andoni Gago bezalako kirolariak, boxeozaleen grina eta itxaropena piztu dutenak.

Ruben PASCUAL @GARA_rpascual
Boxeoa1

Boxeozaleek hitzordu garrantzitsua dute gaur Bilboko La Casilla pabilioian. Jon Fernandez borrokalariak WBC munduko junior txapelketa jokatuko du jatorri armeniarra duen Mikael Mkrtchyanen aurka. Lehia horretan parte hartzen duen lehendabiziko euskal herritarra da Jonfer.

Egun berean, Joana Pastrana ere ringera igotzekoa zen. Bilbon profesional mailan antolatutako emakumezkoen lehen borrokaldia izan behar zen, baina azken uneko aldaketa bat dela medio bertan behera utzi du saioa boxeolari madrildarrak: Augsburgen (Alemania) Christina Rupprecht izango du aurrez aurre, WBC munduko txapelketarako txartela eskuratu nahian. Nolanahi ere, zita benetan interesgarria izango da La Casillakoa, boxeoaren munduan beren bidea urratzen hasiak diren boxeolari gazteak ere igoko direlako ringera, tartean Danel Abando deustuarra.

21 urte eskas dituen arren, asko entzun da azkenengo hilabeteotan Jonfer etxebarritarraren izena, superwelter pisuan eta pisu ertainean munduko txapeldun izandako Sergio Maravilla Martinez argentinarraren eta Lou DiBella promotore estatubatuarraren eskutik, Ameriketako Estatu Batuetan hiru urtez borrokatzeko kontratua sinatu baitzuen iragan ekainean. Joan den mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañagak Atlantikoaz bestalde borrokatu zutenetik, euskal herritar bakar bat ez da igo ring estatubatuarretara. Orain arte.

Duela aste gutxi, irailaren hasieran, egin zuen debuta eta ate nagusitik sartu zela profesionalen munduan esan daiteke. Naciff Chatito Castillo mexikarraren aurrean nagusitasun argia erakutsi eta KO teknikoz irabazi zuen. Borrokaldia zortzi round-ekoa zen arren, bosgarrenean eten egin zuen epaileak, Jonfer garaile izendatuz. Jarraian lortutako zazpigarren KOa izan zen etxebarritarrarentzat New Yorkekoa. «AEBetarako bidaia ikaragarria izan zen, amets bat bizitzen ari ginela sentitu genuen eta luzea izatea espero dugun bide baten hasieran geundela pentsatu genuen bertan», dio Jonferrek. Borroka baino bi aste lehenago aurkaria aldatu zioten, «baina horrek ez zion eragin aurrez eginda geneukan lanari. Dena primeran atera zen eta, gainera, bertan ere egin genuen lanarekin gustura geratu ziren eta hori ere garrantzitsua da».

Jon Fernandez, hala ere, ez da Euskal Herrian boxeoari lotuta oihartzuna lortzen ari den kirolari bakarra. Hor dira ere, oso maila altuan lehiatzen, Kerman Lejarraga eta Andoni Gago bizkaitarrak, Gasteizko Nacho Mendoza, Zumaian bizi den Yuri Ponpilio edo Ruben Diaz nafarra. Izenok guztiok, beste promesa gazte askorekin batera, boxeoa gurean loraldia bizitzen ari dela frogatzen dute.

Euskal Herrian boxeo zaletasuna ez da ez gauza berria. Hamarkada batzuk atzera indar ikaragarria zuen eta horrek ere bazun bere isla komunikabideetan: eguneroko jarraipena egiten zitzaion, eta, egun futbolaz edo txirrindularitzaz bakarrik idazten duten kazetariak dauden bezalaxe, boxeoan adituak ziren kazetariak izaten ziren Euskal Herriko komunikabide askotan, kirol hori bakarrik lantzen zutenak. Esate baterako, Bilbon bakarrik (Bizkaian izan du beti indarrik handiena boxeoak), hamahiru boxeo saio antolatu ziren 1965ean, hau da, Euskal Herriko beste herri eta hiriburuetan antolatutakoak kontuan hartu gabe, hilabetean bat baino gehiago.

Testuinguru horretan egin zuen debuta, 1968an, Jose Manuel Ibar Urtain boxeolariak, Ordiziako futbol zelaian. Segundu batzuk besterik ez zituen iraun borrokaldiak, KO bidez irabazi zuelako. Modu horretan, gainera, 27 garaipen lortu zituen segidan. Plazak aise betetzen zituen Urtainek, eta, berezkoa zuen erakargarritasuna lagun, boxeoak gurean bizi zuen momentu onaren erakusle bihurtu zen.

Gainbehera luzea

Alabaina, 80ko hamarkada iristearekin batera, gainbehera etorri zitzaion boxeoari Euskal Herrian eta Estatu espainolean, lehorte gogor baten hasiera, duela gutxira arte luzatu dena. Nolabait esateko, bigarren maila batera pasa zen boxeoa eta kostatu zaio hortik irten eta berriro ere martxan jarri eta urratsak ematen hastea.

Boxeoaren mundua barrutik bizi dutenak bat datoz esatean oso nabarmena dela azken bizpahiru urteotan Euskal Herrian boxeoak bizi izan duen berpizkundea, bertoko kirolariak maila altuan eta arrakastarekin lehiatzen hastearekin batera. Nola azaldu daiteke, baina, fenomeno hori? 2014ko abuztuaren 2an, Andoni El Macho Gago bilbotarrak Espainiako Txapelketa irabazi zuen, Benalmadenan (Malaga, Andaluzia). 1984an Andoni Amañak txapeldunaren gerrikoa irabazi zuenean hasitako 30 urteko lehorteari amaiera eman zion Otxarkoagakoak.

Horrek asko lagundu zuen, noski, jendearen artean zaletasuna pizten. «Nik beti esaten dut ‘Andoni Gago efektua’ dagoela guztiaren atzean», azaldu du Txutxi Del Valle, Zorrotzaurreko Mampo Gym gimnasioko prestatzaileak. «Ondoren Kerman Lejarraga etorri da eta berak boxeoa beste maila batera eraman du. Kontuan hartzeko moduko kirola da orain», dio Del Vallek, MGZ taldean Gago eta Lejarragarekin lan egiten duenak.

Izen handiak

Jon Fernandez Euskobox taldean ari da eta berak ere badio «nabarmen» hasi dela boxeoa, «mundu honetan egiten ari den lan handiaren seinalea». «Uste dut Euskobox enpresa sustatzaileak hazkunde horretan zerikusi handia duela: ekitaldi asko antolatu dituzte, boxeolari on asko atera dituzte eta horrek medioen arreta erakarri du berriro».

Horrez gain, Del Vallek uste du federazio desberdinek ere ardura handia dutela, boxeolari, entrenatzaile eta epaileek gero eta prestakuntza maila altuagoa izan dezaten eta baldintza hobeetan aritu daitezen lagundu dutelako. «Agian lehen ez bezala, orain kirolariaren osasuna dago ikuskizunaren eta gainerako guztiaren gainetik».

Faktore horiek guztiek, komunikazio eremuan egin diren aurrerapausoekin batera, boxeoa Euskal Herrian suspertzen lagundu dute, nabarmen gainera. Gimnasioak ugaritu egin dira, boxeoa praktikatzera animatzen den jende kopuruaren seinale eta hori lehiatzera iristen diren kirolari kopuruan ere islatzen da. Askoz boxeo saio gehiago antolatzen ari dira Euskal Herrian azken bizpahiru urteotan, eta bertaratutako jende kopurua ere biderkatu egin da. Euskoboxeko Jose Javier Ganboak kontatu digunez, «lehen, saioak frontoietan edo kiroldegi txikietan egiten ziren. Guk boxeoa La Casillara eraman genuen berriz, horrek duen arrisku ekonomikoarekin, halako lekuak alokatzeko diru asko behar delako». Miribillako Bizkaia frontoia ere hainbat aldiz bete da euskal boxeolarien borrokaldiak ikusteko, 4.000tik gora lagun bilduta.

Ezin ahantz daiteke, halere, oraindik oso zaila dela boxeotik bizitzea. Euskal Herrian, Kerman Revolver Lejarraga morgarra eta Jon Fernandez baino ez dira soilik boxeotik bizi. Beste kasu guztietan (Gago, Mendoza, Ponpilio, Diaz, eta abar), boxeolariek lan egiten dute, kirol ibilbidea aurrera ateratzeko horrek dakartzan zailtasun guztiekin.

Boxeoak egonkortzeko beharko lituzkeen faktoreez galdetuta, sustatzaileek telebisten eta medioen aldetik apustu indartsua edota inbertitzaileen beharra aipatzen dute. Jon Fernandezen ustez, beste kontu bat da falta dena: «Jendeak boxeo kultura izatea falta da, eta hori lortzeko bide bakarra dago: kirol hau gizarteratzen jarraitzea».

Genero estereotipoei eta aurreiritziei kolpeka, bidea urratuz doaz emakumeak

Beste kirol askotan gertatu den bezalaxe, boxeoan ere pisu handia izan dute generoari lotutako estereotipoek, alegia, ez dela emakumeentzako kirola, gizonek beraien artean gizontasuna eta indarra erakusteko besterik ez zuela balio, eta abar. Boxeoak gurean bizi duen goraldiarekin, zorionez, etiketa eta aurreiritzi horiek hausten doaz gutxika-gutxika eta gimnasioetan zein ring gainean ikusten diren emakumeak gero eta gehiago dira. Horrekin batera maila ere goraka doa eta pixkanaka-pixkanaka bada ere, profesionalizaziorako bidea urratzen doaz emakumeak. Boxeo saioak ikustera hurbiltzen diren emakumeen kopurua ere nabarmen hazi dela diote kirol honen barrunbeak ondo ezagutzen dituztenek. «Horrek mesede handia egin dio boxeoari, beti izan duen itxura txarra uxatzen lagundu duelako eta jendeak kirol hau beste begi batzuekin ikus dezan balio izan duelako», dio Mampo Gym gimnasioko Txutxi del Vallek.

Ring gainean ikusten denean ere aldea atzematen du, esaterako, Euskobox enpresa sustatzaileko Jose Javier Ganboak: «Emakumezkoen borrokaldi profesionalak ikusteko zortea izan dut, eta askotan mutilenak baino hobeak dira, baita amateur mailan ere, tresna tekniko gehiago erabiltzen dituztelako». «Tenisean eta beste kirol batzuetan ere hala gertatzen da: teknikoki ona den partida bat ikusi nahi izatekotan, hobe duzu emakumezkoena ikustea», azaldu du Ganboak.

Eusbokoxeko ordezkariaren aburuz, beste kirol batzuetan bide hori urratzen doan neurri berean, denbora kontua besterik ez da eta ziur dago gero eta emakume gehiagok egingo dutela ring baten gainean lehiatzeko hautua: «Denbora kontua da. Beste kirol batzuetan gertatzen den bezala, boxeoan ere berdindu egingo da lehiatzera animatzen diren gizonen eta emakumeen kopurua. Nik ez daukat inolako zalantzarik».

PEDRO MARI GOIKOETXEA

«Egun Euskal Herrian horren maila altuan ari diren boxeolariak izatea ia-ia miraria da»

Joan den udan mende laurdena bete zuen ETBren “Boxeo Izarrak” saioak, luzaroan boxeozaleek beren kirol kuttunera hurbiltzeko izan duten leiho bakarra. Sarri madarikatutzat jo den kirol honek izan duen bilakaera oso gertutik jarraitu du Pedro Mari Goikoetxea (Lezama, 1959) kazetariak: orain hamarkada batzuetako indarra, ondoren etorri zen gainbehera, eta, azkenik, duela bizpahiru urte berriro hartutako goranzko bidea.

Euskal boxeoaren mundua barrutik bizi dutenek diote maila altuko bertoko boxeolariak atera izanak eragin handia izan duela kirolaren goraldian. Nola azaltzen da fenomeno hau?

Oso zaila da jakitea zergatik sortu diren Kerman Lejarraga, Jon Fernandez edo Andoni Gago bezalako boxeolariak. Esango nuke ia-ia miraria dela. Arrazoien bila hasita, bat bururatzen zait: aspaldi honetan, gimnasioak ugaritu egin dira eta gorputzaren «kultua» modan jarri da gure gizartean. Esan ohi da azken urteotan elizak hustu egin direla, eta gimnasioak bete. Adibidez, orain urte batzuk, oso klub gutxi zeuden Bizkaian bertan, bizpahiru baino ez, eta gaur egun hogeitik gora dira. Bizkaiko beste datu bat, bertan dagoelako mugimendu gehien: 2008an, 47 lizentzia zeuden guztira federazioan. Bada, aurten, 2016an, 10 profesional daude, 174 afizionatu federatu mutiletan eta lizentzia duten beste 20 neska. Horrek argi erakusten digu denbora laburrean eman den aldaketa. Argi dago boxeoa kirol egokia dela gorputz atalik gehienak lantzeko. Beste kontu bat da lehiatzea, baina probatu duten gehienek diote boxeoak “engantxatu” egiten duela...

Egoera honek izan du islarik komunikabideetan?

Orain dauden maila altuko boxeolariek zerbait lagunduko zuten boxeoa komunikabideetan aipa dadin, baina ez dauka zerikusirik garai batean boxeoak medioetan zuen tokiarekin. Futbolari buruz hitz egiten den bezala, aspaldi egunero ateratzen ziren boxeoari buruzko albisteak. Gero, urte askoan, ez da ia ezer ere idatzi.

«Boxeo Izarrak» saioak, aldiz, urte asko daramatza ETBn.

1991ko udan, “Boxeo Izarrak” izenburupean, hamahiru saio egin genituen, txapeldun handien inguruko monografikoak eskainiz: Sugar Ray Robinson, [Muhammad] Ali, George Foreman, [Evander] Holyfield… eta bat euskal boxeoari ere eskaini genion, [Paulino] Uzkudun eta Urtainekin. Hortxe hasi zen saioa “Boxeo Izarrak” moduan. ETBk 1984an eman zuen lehenengo borrokaldia, Andoni Amaña eta Jose Lozanoren arteko Espainiako Txapelketa.

Zein da saioak urte hauetan zehar egin duen ekarpena?

Boxeozaleei leiho bat ireki die euren gustuko kirola ikusi ahal izateko. Ez dezagun ahaztu askorentzat kirol hau madarikatua dela, zenbait komunikabidetan debekatuta egon dela eta dagoela, baina jarraitzaile sutsuak eta oso leialak dituela. Horiei guztiei munduko boxeolaririk onenak eta borrokaldirik erakargarrienak ikusteko aukera eman die saioak. ETB txikia da, ezin du askorik eskaini, baina Estatu mailan, esaterako, bakarrak gara. Boxeoarekiko zaletasuna erabat ez itzaltzeko sugarra mantendu du saioak.

Eta hori ordutegia, ostiral gauekoa, ez dela hasiera batean egokiena…

Horregatik esan dizut benetako zaleak oso leialak direla eta horregatik jarraitzen dute saioa, nahiz eta gehienetan gauerdia pasata hasten den. Baina badu abantaila bat: programazio aldetik ez dio inori trabarik egiten, eta errazagoa da ordutegi horretan saio bat hainbeste urtean mantentzea. Guk aurrekontu txikia daukagu eta borrokaldiak erosteko tirabiran ibiltzen gara astero. Bakoitzak zer den eta zer egin dezakeen jakin behar du, eta maila horretara egokitu. Orain arte, ondo joan zaigu.

Urte hauetan guztietan boxeoak izan duen eboluzioa nola laburbilduko zenuke?

Argi daukat duela 45 edo 50 urte Euskal Herrian boxeo zaletasun ikaragarria zegoela. Zenbat etxetan jaikitzen ziren, telebistaren lehen urteetan, goizaldeko orduetan, Aliren borrokaldiak ikusteko?

Urtainek sortu zuen eromena eta biltzen zuen jendetza ikaragarriak ziren. Afizionatu mailatik pasa ere egin gabe Ordizian egin zuen debuta, futbol zelaia jendez gainezka jarriz. Horrek esan nahi du sekulako zaletasuna zegoela. 90eko hamarkadatik aurrera, krisi larri eta luzea bizi izan zuen boxeoak eta azken bizpahiru urteotan, bereziki Bizkaian, berpizkunde bat izan du.

Moda kontuez aparte, zeintzuk izan ziren beherakada horretan eragina izan zuten faktoreak?

Alde batetik, gizartearen aldaketa. Boxeolariak sortzeko giro jakin bat behar da, hori sustatuko duena. Gizartea aldatzen doan heinean, jendea hobeto bizi da, erosoago, eta horrelako kirolak alde batera uzten ditu.

Bestetik, boxeo munduak irudi txarra transmititu izan du: kirolarien aldetik, sustatzaileen aldetik, komunikabideen aldetik… Horrek jendea uxatu egin du eta, gainera, boxeo munduan dirua arriskatzeko prest zeudenak ere gutxitu edo desagertu egin dira.

Azkenaldian, baina, badirudi boxeoa irudi txar hori eta aurreiritziak atzean uzten ari dela…

Ez nuke horrenbeste esango. Boxeo munduan asko hobetu beharra dago: hasi sustatzaileengandik, komunikabideengandik, federazioak… Boxeo munduan ez dago batasunik, denbora gehiago ematen dute batak besteari kalte egiten kirola bultzatzen baino. Kirol guztietan izaten dira konponduezinak, baina, boxeo munduan, gauzak beste bide batetik eramateko lan asko egin beharra dago.

Hori litzateke, beraz, gurean kirol hau egonkortzeko eta aurrera egin ahal izateko ezinbesteko faktorea?

Zalantzarik gabe. Orain, boxeolari batzuk ditugunez, lan horrekin jarraitu beharko genuke, gehiago izan daitezen, jendea animatu dadin… Baina, noski, lan handia egin behar da eta, gero, boxeolari horiek erakustoki bat behar dute: goi mailako kirolari sentitu behar dira, gizartean maitatuak, eta dirua ere irabazi behar dute. Hori oso zaila da Euskal Herrian, txikiak garelako, hemen ez delako horrenbesteko jendetzarik mugitzen, atzetik telebista indartsu bat ez dagoelako, eta abar. AEBetan boxeo saio handi batek, gau batean, 200-300 milioi dolar sor ditzake, futboleko Lehen Mailan dauden euskal talde guztien aurrekontua baino gehiago. Hemen ez dago horretarako ahalmenik. Oso maila apalean ibili beharra daukagu. Kirol honetan, mutur joka ibili beharra dago, baina ringean bakarrik. Hortik kanpo, elkarlanean arituta ere nahikoa zeregin! Dena den, mundu oso itxia da: gutxi dira, eta, gainera, elkarrekin ezin konpondu, bakoitzak bereari bakarrik begiratzen dio eta batak besteari trabak jartzen dizkio. Hori denen kalterako da.

Zaleei dagokionez, esango al zenuke AEBetara begira izan direla Euskal Herrian bertan gertatzen ari zena jarraitu gabe? Ez, eta adibide bat jarriko dizut. Benetako saskibaloi zalea denak, NBA jarraituko du, baina hemen gorengo mailan dauden taldeak ere jarraituko ditu gertutik, horien partiduetara joango da. Oso jarraitzaile sutsua bada, NBAko partidurik onenak ikusiko ditu, ikusgarria delako edo jokalaririk onenak han daudelako, baina bertoko taldeen jarraitzaile izango da. Boxeoarekin, berdin. Zaleek, urte batzuetan, ikusi ahal izan duten apurra Ameriketako edo Europako borrokaldiak izan dira, hemen ezer gutxi zegoelako. &hTab;

Aukerarik badu, Mayweather, Pacquiao edo Tysonen borrokaldiak ikusiko ditu, baina, hemen Kerman Lejarraga, Jonfer edo beste edozeinen borrokak ikustera ere joango da. Hori esperientziaz diot, hemengo boxeolariren bat nabarmentzen hasten denean, jendartean ikusmina sortzen baitu: galderak egiten dizkigute, sarrerak eskatu, eta abar...

Boxeoari lotu izan zaion irudi txarra atzean uzteko pausuak eman diren arren, lan asko dago egiteko, oraindik ere mundu horren baitan dagoen batasun falta nabarmena baita

Maila profesionalean lehiatzen diren boxeolarien kopurua nabarmen hazi den arren, oso zaila da oraindik bertatik bizitzea. Euskal Herrian bi kasu baino ez daude gaur egun

Egun sona duten boxeolari profesionalez gain, amateur mailan ari diren neska-mutilen kopurua ere biderkatu egin da. Geroa bermatzeko hazia ereiten ari dira, beraz

Andoni Gagok 2014an Espainiako Txapelketa irabazterakoan piztu zen boxeoaren txinparta, eta Kerman Lejarraga eta Jon Fernandez bezalako kirolariekin egin du eztanda gero