Arantxa MANTEROLA
Elkarrizketa
EGOITZ URRUTIKOETXEA
HISTORIALARIA

«Frantses Iraultzaren proiektuak aintzat hartzen zituen herrien eta hizkuntzen aniztasuna»

«Frantses Iraultzaren hizkuntza politika eta euskara» master amaierako lanarekin epaimahairen goraipamen berezia jaso du Paris-Diderot unibertsitatean.

Buru-belarri aritu da Frantses Iraultzaren hasierako dokumentu zaharrak arakatzen, batez ere, euskararengan izan zuen eragina aztertzeko. Gerora, estatu-nazio frantsesaren eraikuntzaren mesede asimilazioaren bidea hartu bazen ere, hastapenean beste bide posibleak ere jorratu zirela frogatu du lan honekin.

«Frantses Iraultzaren hizkuntza politika eta euskara». Nolatan aukeratu zenuen gaia?

Batetik, iruditzen zitzaidan Frantses Iraultzaren garaiaz euskal historiografian tarte ilun anitz bazela. Bestetik, garai hori erabakigarria izan zelako Euskal Herriaren bilakaeran maila ezberdinetan, bai iraultzak eragin zuen berrantolaketa administratiboari dagokionez, bai eta hizkuntzaren ikuspegitik ere. Frantses estatu-nazionaren eraikuntzan, hizkuntzak berebiziko lekua bete zuen eta euskal lurraldeetan izugarrizko ondorioak ekarri zituen. Gainera, Euskal Herriaren memoria historikoa berreraikitzeko eta hainbat aurreiritzi berrikusteko ekarpena dela ere uste dut.

Aurrekari batzuk izan al dira alde horretatik?

Hizkuntza politikari eta euskararen bilakaerari dagokionez, ez da lanik egin garaian euskal lurraldeetan zegoen hizkuntz berezitasunaren kontzientziaz. Erreferentzia den Manex Goienetxe historialariak garai hartaz egindako liburu batean ikerketarako arrasto batzuk aipatu zituen jada, baina ez da azterlan sakonik egin horren inguruan.

Horrez gain, ikusten nuen Frantses Iraultzaren historia bi ikuspegitik landua izan dela. Edo frantses estatu-nazioaren ildotik, Parisko ikuspegi oso zentralistatik, edo elizarenetik, non Ipar Euskal Herrian iraultzarik ez zela gertatu zabaltzen den, bakarrik desmasiak aipatuz: deportazioak, jakobinismoa, uniformizazioa…. Niri bi ikuspegion artean tarte bat bazegoela iruditzen zitzaidan.

Zein da Frantses Iraultzaz nagusitu den irakurketa?

Irakurketa erabat interesatua da, Estatuaren eraikuntzaren zerbitzura egiten den eraikuntza ideologiko hutsa, eta hori zalantzan ezarri behar zela uste nuen. Ikerketan agerian uzten dut ez zela ikuspegi bakarra, ez frantses Estatuaren bilakaeraz, ez hizkuntzaren problematikaz, ez uniformizazioaz, ez frantses Estatuaren batasunari buruz… Alegia, ez zela batere gaur egun aurkezten diguten bezala izan.

Parisko iraultzaile batzuentzat, hain jakobino deitzen den multzo horietako hainbatentzat, hizkuntzen eta herrien aniztasunaren errespetua eta iraultza ez zeuden kontrajarrita.

Horren lekukotzarik aurkitu al duzu?

Giza eskubideen lehen adierazpenari buruz egiten den interpretazioari erreparatuz, argi da errepublikaren baloreez –hau da, berdintasuna, askatasuna eta anaikidetasuna– gaur egun dagoen eskema herritarrei zegokien eskubide indibidualena dela. Alta, iraultzaren lehen fasean bestelako ikuspegirik bazen. Maximiliem Robespierre, uniformizazioaren, zentralismoaren eta terrorean ordezkari gisa irudikatzen denak berak, bazuen beste ikuspegi bat. 1790-1792 bitarteko hainbat idatzitan Korsikan lehenetsi ziren hainbat ideia goraipatu zituen. Kontuan izan behar da lehen giza eskubideen deklarazioa Korsikan gauzatu zela Pascal Paoliren eskutik eta deklarazio hura Ameriketako Estatu Batuetako lehen konstituzioaren erreferentzia izan zela. Robespierrek Frantziaren aurretik bere burua aitzineko erregimenetik askatu zuen herri libre bezala kontsideratzen zuen Korsika, eta, hala, aipatu idatzietan herri libreen arteko konfederazioaren ideia lehenesten du. Iraultzaren hasieran Iraultzaren baloreak ez dira lurralde bati identifikatuak, proiektu unibertsala da.

Eta Ipar Euskal Herriko iraultzaileen artean ere bazen ikuspegi hori?

Batik bat Lapurdin Garat anaien, Dithurbide eta beste iraultzaileen artean tesi horiek ere presente zeuden. Lapurdiko Biltzarrean bertako notable eta burges txikiek egiten zuten analisia zen aitzineko erregetzaren erregimen zentralistak beren eskubide historikoak urratu egin zituela, eta, hortaz, berreskuratuko zituztelakoan zeuden.

Zein zen euskararen egoera? Herritar gehienak alfabetatu gabeak izango ziren, ezta?

Hori da, juxtuki, beste aurreiritzi bat. Herritar gehienak euskaldun elebakarrak ziren, bai, baina ez alfabetatu gabeak. Askotan pentsatzen da Frantzian Iraultzak ireki ziola eskolabidea jende xumeari. Euskal Herriaren kasuan arrunt kontrakoa gertatu zen, batez ere elizaren eraginarengatik. XVI. eta XVII. mendeetan, protestantismoaren kontraerreformari aurre egiteko, Eliza katolikoak herritarrengana hurbildu beharra izan zuen. Hala, errealitate linguistikoa kontuan hartu eta izugarrizko ahalegina egin zuen parrokia auzuneetan jendea eskolatzeko. Adibiderako, euskaraz argitaratuko den lehen liburua Lizarragaren Testamentu Berria izan zen. Beñat Oiartzabal hizkuntzalariak ere bere ikerketan atzeman ditu dokumentuak bai elizak egindako lana bai garai hartan herritar xumeek irakurri eta idazteko gutxieneko maila zutela erakusten dutenak.

Soilik elizaren edo erlijioaren esparrura mugatzen zen euskararen erabilera?

Ez. Erlijiotik harago ere badago aztarnarik jendea alfabetatuta zegoela egiaztatzeko. Esaterako, berrikitan Ikerreko ikerlariek Londresen aurkitu dituzte Baionatik Ipar Ameriketara zihoala 1757an ingelesek bahitutako “Le Dauphin” itsasontziko hamarnaka gutun. Jende arrunten artekoak ziren eta euskaraz idatzita zeuden. Bazuten, beraz, euskaraz idazteko eta irakurtzeko gaitasuna. Euskara ez zen ahozkotasunera mugatzen.

Noiz hasi zen galtzen ezagutza hori?

Iraultza ordura arteko egiturak desegiten hasi zenean. Baina, hain zuzen, hizkuntzaren problematika tarteko, eraiki nahi zuten sistema berri horrek zailtasunak izango zituen Euskal Herrira egokitzeko. Eskolatzea frantsesez egiteko ez zuten aski irakasle elebidun aurkituko. Egiaz, III. Errepublikara (1870-1940) arte, Jules Ferryk eskola sistema egituratua ezarri arte, ez zen hori gauzatuko. Iraultzatik nagusituko den frantses nazio-eraikuntzaren ideologia transmititzeko hizkuntza (frantsesa) elementu bereziki inportantea izango da, estatu berri horren juntagailua izango baita.

Asimilazio linguistikoaz gain badira bestelako helburuak?

Jakina. Hizkuntzaren problematikaz harago, Iraultza garaian Frantzian bazen errealitate sozial eta politiko korapilatsua. Hain zuzen, botere ekonomikoa zuen klaseak, burgesiak alegia, botere politikorik ez izatea izan zen iraultza lehertzearen arrazoietariko bat. XVI. eta XVII. mendeetatik garatzen joan zen klaseak bere interesetara egokitutako egitura administratiboa behar zuen bere produktuak merkaturatzeko. Frantses erregetza garaian hori ia erabat ezinezkoa zen. Frantzia probintzia ezberdinen batuketa hutsa zen, bakoitza bere legeekin, bere aduana eta muga-zergekin. Merkantzia bat Baionatik Bordelera garraiatzeko hamaika aduana eskubide ordaindu behar ziren. Burgesek, beraz, merkatu bateratu bat ezinbestekoa zuten. Iraultzak sortuko duena honakoa da: batetik, eskubide edo legeria burges bat, eta, bestetik, horren araberako eremu uniformizatu bat. Uniformizazio horretan, hizkuntzaz gain, beste elementu batzuk ere izango dira, adibidez, pisu eta neurri sistema ezberdinen harmonizazioa.

Iraultzaren ideia aurrerakoiak jendartean hedatzeko «tranpa» bat egingo dela esaten duzu…

Bai. 1792. urtera arte esan daiteke frantses nazioaren juntagailua erregea zela, hark zituen frantses guztiak biltzen eta ordezkatzen. Erregeari burua moztu zitzaion momentutik frantses nazioaren izaera bateratu hori identifikatuko zuen juntagailu berria beharko da, eta, hori, hizkuntza frantsesa izango da. Baina helburu hori lortzeko tranpa bat egingo da, ideia aurrerakoiak, giza-eskubideen deklarazioan jasotakoak alegia, soilik frantsesez zabal eta gara daitezkeela sinestaraztea herritarrei. Gainerako hizkuntzek ez zuten horretarako balio, iraganaren gordailutzat jo zirelako, hots, aitzineko erregimenaren zapalkuntzarenak.

Hortaz, bertako hizkuntzari bizkar ematen hasi ziren?

Euskal Herrian elebidun bakarrak bi kategoriakoak ziren, apaizak edo noblezia eta burgesia. Iraultza garaian frantsesaren mesedetan norberaren hizkuntzari bizkar eman behar zitzaion ideia masifikatzen hasi zen, klase guztietara hedatuz. Ondorioz, mekanismo aski biziosoak sortu ziren, jatorriaren konplexua kasu. Konplexu hori Iraultzarekin hasi zen, baina egun ere irauten du.

Beraz, Iraultzak euskara galbidean jarri zuela esan daiteke?

Uste dut egiten diren interpretazioak ez direla onak, interesatuak baizik. Izan ere, beti alde ezkorra azpimarratzen da: uniformizazioa, jakobinismoa... Gainera, gaur egun jakobinismoa zentralismoaren pareko bezala erabiltzen da, baina hori ere geroztik egin den eraikuntza ideologiko baten emaitza da, jakobinoak garaiko terrorearen eragiletzat hartu direlako. Egiaz, laburbideak dira, Iraultza bera gure hizkuntzaren galbidearen abiapuntutzat hartzea bezala.

Alta, badira elementu aski baikorrak ez direnak kontuan hartu. Euskararen historia sozialean, Iraultzaren garaian lehen aldiz sartuko da euskara eremu politiko-instituzionalean, beharbada ikuspegi utilitaristatik, baina lege eta dekretuen itzulpenak egingo dira, dokumentu eta testu iraultzaileak ere euskaraz egingo dira, Euskal Herrian bertan gainera. Dokumentu eta testu andana atzeman ditut. Adibidez, Frantziako Estatu Orokorren itzulpen bat, inprimatua eta banatua izan zena. Ahetzen, iraultza garaian hasi eta urte batzuk geroago arte, Herriko Etxeko delibero guztiak, aktak, bi hizkuntzetan jasoak dira, eta, batzuetan, euskaraz bakarrik. Noiz eta Iraultza garaian! Interesgarria, zinez.

Eta gero hartutako bidea?

Iraultzaz egin den interpretazioa, frantses nazio-estatuaren justifikaziorako historia da, eta, beraz, Iraultzaren gertakariak itxuraldatu egin dira klase jakin baten interesei arrunt lotuta. Euskal Herrian ere, Iraultzaz eta hizkuntzaren problematikaz dokumentuak miatzerakoan agerian geratzen da garai hartan bestelako ikuspegirik ere bazegoela, herrien eta hizkuntzen aniztasuna eta proiektu iraultzailea aintzat hartzen zituena. Muga ez zen hizkuntza inondik ere. Hori biziki inportantea da egun frantses Estatuan hainbat agintari edo korronte ideologiko nagusik duten diskurtsoa desegiteko. Iraultza garaian bestelako bilakaera posible zela uste zen eta urrats batzuk egin ziren zentzu horretan. Hori demostratu nahi izan nahi dut lan honekin, Ipar Euskal Herrian konplexuak desegin, memoriaren berreskurapenean urratsak eman eta izan garenaz eta izan gaitezkeenaz ere ohartzeko.

«Garatek zazpi lurraldeekin osatutako euskal estatu bat sortzea proposatu zion Napoleoni»

Burutu berri duzun azterlanarekin ez zara ase. Frantses Iraultzako garaian sakontzen segitzeko asmoa duzu, oraingoan Garat anaien ekarpenaren haritik.

Bai, hori da nire asmoa. Iraultza garaian beste formulazio ideologiko bat, beste bilakaera posibleak ere mahai gainean jarri ziren. Horien artean, lekuko hizkuntza aintzat hartzen zuena, elebitasuna aplikatu nahi zuena. Besteren artean, Garat anaiek hartu zuten parte formulazio horretan. Interesgarria da oso ikustea nola Euskal Herritik eta Frantziatik harago ere, proposamen horiek bere eragina bazutela.

Europako beste herrialdeez ari zara?

Bai, batez ere. Garai hartan bi ikuspegik talka egin zuten. Alemaniatik Alexander Von Humboldt eta beste batzuek nazio izaera kulturala teorizatu zuten eta, aldiz, Frantzian nazioaren izaera politikoak hartuko zuen gaina. Nazio frantsesa ez zen existitzen, eta, hala, Iraultzatik eratorritako proiektu aurrerakoiaren gainean eraikuntza politikoa lehenetsiko dute. Ez zen, beraz, izaera kulturalik oinarrian. Alta, Alemanian alderantzizkoa gertatu zen: berezko izaera kultural eta linguistiko bat dagoenez, oinarri hartuko du han estatu-nazioaren eraikuntzak. Hasieran bi kontzepzio horiek talka egingo dute Iraultza garaian, baina, gerora, frantses nazio-estatua eraiki duten nortasun kulturala eta frantses hizkuntza nagusitu dira.

Eta Garatek zer jarrera ukan zuen formulazio horiekiko?

1805-1809 bitartean zazpi lurraldeak barnebilduko zituen euskal estatu bat sortzea proposatu zion Garatek Napoleoni. Proposamen hori izaera eta nortasun kultural eta linguistiko komuna duen eta, hortaz,, gutxieneko harmonia duen eremu batean –Euskal Herrian– kokatzen du.

Gaur ezagutzen ditugun zazpi lurraldeen batuketaz ari zen?

Ez zituen horrela identifikatzen, baina, bai; Frantzian dauden hiru lurraldeez eta Espainiako lauez ari zen. Garat ez zen “Zazpiak bat” formula ezagunaren sortzailea izan, baina euskal eremu geografiko zehatza lehenetsiko lukeen estatu baten sorreraren ernamuina planteatu zuen lehena izan zen.

Proiektu horrek bazuen bideragarritasunik orduan?

Kontuan hartu behar da bai planteamendu horren gibelean dagoena bai garaiko testuinguru geopolitikoa. Orduan Napoleonek Espainia bere menpe zuen eta Garatek Fenizia Berria (Nouvelle Phénicie) izeneko estatu bat sortzea proposatu zion. Izendapena garaiko teoria linguistiko batetik dator, non uste zen euskarak jatorri feniziarra zuela. Erabiliko duen beste argudio indartsua, itsasoari begirako hedadurarena da, hots, euskal tradizio eta jakituria maritimoa, Ipar Amerikako loturetan, bakailao arrantzan eta beste oinarritutakoa.

Egingarria zen, hortaz?

Planteamenduak badu bere koherentzia hizkuntzaren eta kulturaren eremutik. Itsasoari begirako ezagutzatik Ingalaterrari aurre egiteko ere kokapena (Espainia eta Frantzia artean) lagungarri izango zitzaion Napoleoni, baita Espainia bera kontrolatzeko ere. Estatu txiki bat izango zen, noski, baina estrategikoki Frantziari kontrol handia ahalbidetuko liokeena.

Ikerketa horretan murgiltzea duzu hurrengo erronka, beraz.

Bai. Hori landu nahiko nuke. Harrigarria da nola dokumentu hori –Fenizia Berriaren sorreraren proposamena– baztertua geratu den ikerketa mundutik. Ez da apenas aipatzen, eta uste dut Frantziatik harago ere nazioarteko dimentsio bat baduela, batik bat, kontuan hartuta garai hartako testuingurua eta Europako mapa oso desegonkorra zela eta berrantolatzen ari zela. Euskal estatuarena utopia bat zen, baina gauzatua izan zitekeena. Hori eta horren baitako hizkuntzaren problematika lotuta ikertu nahiko nuke.