Amagoia Mujika Telleria eta Maider Iantzi Goienetxe
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Zortzi bertsolari, abiada hartuz, zabura igo eta txapela harrapatzeko

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren zabu arrosa gaur iritsiko da azken plazara, Miribillako plaza handira. Zortzi bertsolari arituko dira kulunkan, nork salto handiagoa edo dotoreagoa eman. Nork salto desberdinena egin. Eta gehien nabarmentzen denak txapela jasoko du ordainetan. Sari bikoitza, gainera, txapela Xabier Amuriza Sarrionandia txapeldun handiak lotuko baitio buruan. Aurten erretiratu da bertsoaren plazatik Amuriza. Baina zabua, bertsolaritzaren zabua, martxan-martxan utzi du, atzera eta aurrera, berak erakutsi baitu edonor ibil daitekeela zabu horretan, nahi den alturatik salto egiteko aukera ematen baitu; goragotik batzuek eta beheraxeagotik besteek.

pd01_gaur8
pd01_gaur8

Etxahun Lekue Etxebarria

«Asko entzun dut txapela jantzi behar dudala, baina ez diot nire buruari aparteko presiorik jarriko»

Zortzigarren Bizkaiko Txapelketa eta zazpigarren finala. Bitan txapeldunorde izana. Oholtzan patxada eta segurtasuna transmititzen dituen pausaje elegantea dauka larrabetzuarrak (1980. urtean jaioa).

Azken finalaurrekotik, finalera. Larrabetzutik, etxetik, Miribillara.

Berezia izan da finalaurrekoa Larrabetzun jokatzea. Etxean aritzeak badauka, hala ere, aparteko ardura bat; gura duzu saioa ondo irtetea, jende asko joatea ikustera... Baina hori saioa hasi aurretik igarri nuen, behin saioan sartuta beste gauza batzuetara nengoen.

Gainera, aita izan berri zinen.

Bai, oraindik ez dauka hilabete. Horrek eragiten du txapelketan, burua beste horretara daukazulako. Baina, era berean, badaukat gaitasuna gauza batean hasten naizenean horretan zentratzeko. Lagunekin bertsotarako batzen naizenean, bertsotara nago. Edo saio batean, berdin. Eta behin hori amaituta, txip aldaketa eta benetako arduretara berriro.

Sustrai Colinak ere aita izan berritan jantzi du Xilabako txapela. Akaso errepikatuko da istorioa.

Ez zen txarto egongo. Egia esan sekulako poza emango lidake [barrez].

Jende askok dio badela garaia Etxahun Lekuek Bizkaiko txapela janztekoa.

Bai, entzun dut hori. Baina txapela ez da ibilbide baten saria. Txapela irabazten du egun horretan bertsotan ondoen egiten duenak. Horretan nik beste aukera daukate gainontzeko finalistek. Ez diot nik aparteko presiorik ipiniko neure buruari.

Egia da bitan egon naizela buruz burukoan, eta hori niretzat momentu magikoa da, bai kantatzeko eta baita atzetik kantukide bezala entzuteko. Ez dago ukatzerik oso-oso momentu polita dela eta ondo egongo litzatekeela berriro hor muturra sartzea. Baina ez diot nire buruari inolako derrigortasunik jartzen; saio on bat egitera noa, eta, behin saio ona eginda, aukerak egon daitezke hor egoteko.

Esan duzunez urduritasuna minimoetara jaistea lortu duzu. Horixe da zure bertsokeraren tasun nabariena; patxada eta segurtasuna.

Ez dakit nola lortu dudan. Ni berez nahiko pertsona trankila naiz, baina hasieran txapelketan oso-oso txarto pasatzen nuen; tripetako larria, inoiz mareatu eta jauzi ere egin izan naiz bertso saioren batean... Ez dut ezer berezirik egin, baina denborarekin ikasi dut urduritasuna eta tentsioa kontrolatzen. Gaur da eguna saioa hasi aurretik urduritasun eta tentsio puntu bat izaten dudana, baina oholtzan oso zentratuta eta nahiko trankil egoten naizena.

Erregularra zara oso.

Ez da kontziente egiten dudan gauza bat. Segur aski nire izaerarekin bat dator, ez bainaiz oso pertsona gorabeheratsua izaeraz; ez dut puntarik izaten gora eta behera eta nire bertsokera ere hortik doala uste dut. Gustatuko litzaidake, hala ere, punta gehiago marraztea gorantza.

Txapelari begiratuko diozu, ezta?

Bai, begiratuko diot, aurretik ere begiratu izan diodan bezala, nahiz eta normalean ez dugun esaten. Baina iruditzen zait zortziok begiratuko diogula. Ez goaz horren bila, baina ondo ibiliz gero, badakigu batek baino gehiagok daukala aukera txapela janzteko.

Final irekia dela uste duzu?

Baietz pentsatzen dut. Nik eduki dut bizpahiru finaletan saio txukunak egin eta nire buruagaz oso-oso gustura sentitzeko aukera. Aurten dauden finalisten artean iruditzen zait oso gutxik egin dutela saio oso on bat finalean. Iruditzen zait oraindik ez direla lehertu final batean, eta oraingoan lehertu egingo direla pentsatzen dut. Eta lehertzen badira, nik beste aukera izango dituzte txapela janzteko, batek baino gehiagok gainera. Eta abisua eman dute dagoeneko txapelketan zehar. Oso zabalik ikusten dut kontua.

Presiorik sentitzen duzu?

Egia da asko entzuten dudala aurten txapela jantzi behar dudala, baina nik ez diot nire buruari beste urteetan jarri ez diodan presiorik jarriko.

 

Onintza Enbeita Maguregi

«Aste honetan nire kezkarik handiena finala izan da eta kontzienteago naiz inguruan gertatzen denarekin»

Muxikan jaioa, 1979. urtean. Etxeko magalean jaso du bertsoa eta ederki ezagutzen ditu Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren erpinak, zazpi txapelketetan parte hartu du eta gaurkoa bere bosgarren finala izango da. Gaur oholtzara igoko den Onintza, baina, aurreko bi finaletakoen desberdina izango da. Dagoeneko ez da diputatu Madrilen, zurrunbilo horretatik kanpo dago, askoz lasaiago.

Erabakita al daukazu finalera zein zapata eramango dituzun?

Pentsatuta daukat. Gero igoal iritziz aldatuko dut zapatu goizean, baina hasiera batean zapata normal-normalak, diskretu samarrak. Goitik koloreren bat sartuko dut eta horren arabera.

Txapela jantziz gero, ilea morez tindatuta duen lehen txapelduna izango zara.

Beste batzuk izan ziren lehen burusoilak, lehen belarritakodunak, lehen ilehoriak... ez dit horrek beldurrik ematen. Lehen niretzat bazen benetako arazo bat bertsotarako nola jantzi nahi nuen, plazara nola irten nahi nuen, nire kiloengatik nire buruari ez niolako baimenik ematen minigona batekin kantatzeko, adibidez. Edo pentsatzen nuelako publikoak ez zidala baimenik ematen takoiekin abesteko. Zorionez, gauza horiek guztiak gainditu ditut eta txapela janzten badut, daukadan ileegaz jantziko dut eta naizen bezala jantziko dut. Ja ez daukat arazorik horrekin.

Ze askatasuna, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Jendeak galdetzen didanean ni zer naizen, pentsatzen jarri eta ni batez ere bertsolari sentitzen naizela konturatzen naiz, plaza andre. Ni plazan hazi eta heldu naiz, plazak egin nau pertsona, nire biziaren paralelo joan baita nire plazako ibilera. Emakume bezala prozesua gogorragoa da, baina konturatzen zarenean plaza horretan nahi duzun bezala azaltzeko aukera duzula eta inork zu epaitzeko eskubiderik ez duela, horrek indartu egiten zaitu. Eta bertsotan ere askatasun hori nabaritu egiten da. Finean, zure bizitzako baldintzak igarri egiten dira bertsotan. Askatasun hori gauza ederra da eta zure buruari libre izateko eskubidea ematea gauza ederra da.

Bizitzako baldintzak aipatu dituzu. Zureak dezente aldatu dira azken finaletik aurtengora, ezta?

Askoz lasaiago nago. Nik lau urte egin ditut Madrilen diputatu eta ez daukat damurik, asko ikasi dut. Baina orain atzera begiratzen dudanean, konturatzen naiz nola egin ditudan aurreko bi txapelketak. Asteartean Madrila joan, ostegunean bueltatu, ostiralean entrenamendua, irrati saioa, bilera, asteburuan bertso saioa, berriro Madrilera, berriro buelta, entrenamendua...

Egoera horretan ere heldu egin naiz eta finaletan kantatu dut. Eta nahiz eta batzuetan egoerak gainditu, irribarre batekin agertzea lortu dut.

Orain askoz lasaiago nago. Aste honetan izan dudan kezkarik handiena finala izan da eta kontzienteago naiz nire inguruan gertatzen diren gauzekin. Duela bi urte banekien Oihana Bartraren lehen finala zela, Miren kanpoan gelditu zela, lau neska ginela finalean... Horrekin guztiarekin konturatzen nintzen baina ez neukan astirik horri guztiari behar zuen atentzioa ipintzeko; ez Oihanari, ez Mireni, ez txapelketan izan behar nuen jarrerari, ez ezeri. Orain, berriz, denbora daukat Nerearekin hitz egiteko, bere lehen finala delako; denbora izan dut Mirenekin egoteko, Oihanarekin hitz egiteko... Kontziente naiz lau neska garela finalean eta bost izateko aukera asko izan direla... Horrekin guztiarekin kontziente izatea gozamena da. Bizitzan nahi barik gertatzen zaizkizunean gauzak, bizitzak konturatu gabe lekuetara eramaten zaituenean, ederra da. Baina zu kontziente zarenean gauza horiek gertatzen ari direla, bi bider da ederra. Eta txapelketa honetan sentsazio hori daukat.

Bertsozaleek asko maite zaituztela ere sentituko zenuen, ezta?

Bai horixe. Beti sentitu izan naiz plazetan maitatua, baina egia da azken lau urteotan desberdina izan dela, plazetan beti kutsatzen delako politikako giroa. Eta konturatu naiz toki batzuetan jendeak maitasuna agertu didala ez bertsolaria naizelako bakarrik. Baina hori guztia abiada izugarrian pasatu da eta orain, bat-batean, konturatu naiz jendeak maite nauela, baina beste modu batera. Hori gauza ederra da eta txapelketa honetan gertatzen ari da.

Ikasi omen duzu metaforak ez direla zurea, zure indargunea gauzak zuzenean esatea dela.

Bai, horrelaxe da. Beste bertsolari batzuk entzuten ditudanean iruditzen zait berbekin gauza zoragarriak egiten dituztela. Baina ni horretan ez naiz ona, eta nire prozesu bitala izan da konturatzea, bai kazetaritzan idazten eta bai bertsotan, nireak ez direla metaforak, nirea hizkuntza zuzena dela eta nik ondo egiten dakidana eguneroko sentimenduak transmititzea dela, euren gordintasunean eta euren sinpletasunean. Konplexurik gabe aitortzen dut. Ez dut egin nahi poesia, bertsotan egin nahi dut nik dakidan moduan.

Bizitzari kantatu nahi diozu?

Bai, asko ikasi dut eta asko ikasten ari naiz. Niretzat bizitzaren onena da etengabe gauzak gertatzen zaizkizula eta horiek metatu egiten direla batzuk besteen gainean. Nahiz eta orain hausnartu azken bi txapelketak nola joan diren, horiek ezin ditut kendu nire motxilatik. Egin behar dudana da horietatik ikasi eta aurrera egin. Badakit azken lau urteak oso desberdinak izan direla eta ez dudala aukerarik izan hainbeste maite dudan bertsoaren munduaz lasaitasunez gozatzeko. Baina ez naiz damutzen. Ikasi dudanarekin geratzen naiz. Ez daukat denbora galdu izanaren sentsaziorik.

 

Miren Amuriza Plaza

«Orain lasaiago nago, ikasi dudalako txapelketan gaizki arituta ere, ez dela mundua bukatzen»

Berrizen jaioa, 1990. urtean. Bosgarren Bizkaiko Txapelketa du aurtengoa eta hirugarren finala. Duela bi urtekoan, finalista izateko kinieletan zegoen arren, bidean estropezu egin zuen. Baina indartuta altxatu da, txapelketatik aparte bertsolariak arnasa har dezakeela ikasita. Esan nahi duena garbi eta lasaitasuna lagun. Aitak jantziko dio txapela txapeldunari. Polita litzakete, zerbaiten bukaera eta zerbaiten hasiera.

Berriz finalean. Zure esanean finalerako bidea duela bi urte abiatu zenuen, aurreko finaletik kanpo geratu zinenean.

Zaplazteko ederra hartu nuen aurreko finaletik kanpo geratu nintzenean; zaplaztekoa alde batetik eta bestetik. Momentuan ez, baina hilabete batzuk pasata baneukan susmoa onerako izango zela. Orduan esaten nuen eta orain berretsi egiten dut: eskerrak kanpoan geratu nintzen, bestela ez nuke egingo gerora egin dudan bidea.

Txapelketan askoz seguruago igarri zaitugu. Esan nahi duzuna garbi eta hori esateko tresnak eskura.

Txapelketak zikloka ikusita –bi Bizkaiko, Euskal Herriko bat eta atsedena. Horrela ikusten ditut nik–, nire lehen zikloan, Euskal Herrikora iritsi nintzenekoan, punta-puntan nengoen. Trankil-trankil egiten nuen bertsotan, ez nuen inolako presiorik eta oso inkontzientea nintzen. Bigarrenean, berriz, oso lotuta eta urduri aritu nintzen. Aurreko leherketa hain inkontzientea izan zen, gero ezin niola horri eutsi; ez nuen asmatu hori kudeatzen. Orain, hirugarren ziklo honetan, askoz lasaiago nago, ikusi dudalako txapelketan gaizki arituta ere –eta askotan aritu naiz gaizki–, ez dela mundua bukatzen. Horrek lasaitasun handia eman dit eta baita amorru pixka bat izateko indarra ere. Ea orain zer egiten dudan. Badaukat txapelketa on bat egiteko gogoa.

Oraingo Mirenek garbi samar dauka munduaren zein ikuskera agertu nahi duen bertsotan, ezta?

Bai, kontzienteki egin dudan ariketa baten ondorioa da. Nik garbi daukat ez plazan, ez txapelketan, ez inon ezin dudala saio on bat egin beste edozein bertsolarik esango lukeena esanda. Bertsotan ondo egiteaz gain, diskurtso propio bat izan behar dudala sentitzen dut, uste dut hori dela egin dezakedan ekarpena. Saiatzen ari naiz betiko gauzetatik irteten eta diskurtso propioa josten. Gainera, esango nuke diskurtso kolektibo baten parte dela nik ekarri dudana, horrela sentitzen dut, behintzat.

Plazan agertzen dira betiko gaien desberdinak. Orain, plazara ekarri behar dira betiko gaiei beste era batera eusteko ikuspuntuak. Uste dut horren momentua dela.

Larrabetzuko saioan igarri zen. Bai sexologoaren tokian aritu zinenean eta baita umoretik aritu zinenean ere. Betiko umore kodeekin hausteko nahia igartzen da.

Lan handia dago horren atzean. Lanaren parte bat kontzienteki norberak egiten du eta beste parte bat plazan egiten ari gara zenbait emakume bertsolari. Azken urteotan gero eta saio gehiago egiten ditugu emakumeen artean eta guretzako oso ohikoak dira umore kode horiek. Txirlarena, esaterako. Plazetan eta saio musikatuetan txirlarena baino askoz gauza interesgarriagoak eta ausartagoak esaten ditugu. Gertatzen dena da txapelketan orain arte ez dela asko ikusi umore klase hori, eta beharrezkoa da betiko kodeekin apurtzea.

Sexologoaren paperean aritu zinenean, emakumeen plazeraz zuzen aritu zinen, norbait deseroso sentiarazteraino. Hausteko nahia igartzen da.

Lan handia dago horren atzean. Nik igartzen nuen oholtzatik jende bat deseroso sentitzen ari zela emakumearen sexualitateaz hain modu zuzenean ari nintzelako. Nik, berriz, gaia entzun orduko sentitu nuen ertz horiek marrazteko gogoa. Ez da gauza txarra norbait deseroso sentiaraztea, zer pentsatua sortzea. Hori gauza ederra da bertsolariarentzat.

Zure aitak jantziko dio txapeldunari txapela. Berezia, ezta?

Oso berezia da niretzat. Ez nau urduritzen hala ere. Aita plazatik erretiratu izanak asko mugitu nau eta asko mugitu gaitu, baina dagoeneko lasaitu naiz eta lasaitu gara. Eta lasaitasun horretan txapela aitaren eskuetatik jasotzea sekulakoa izango litzateke. Jakina nahi dudala, baina badakit ez dela erraza.

Aitak zuri txapela janztea fase baten itxiera eta beste baten hasiera izango litzatekeela esan duzu. Bide berri baten hasieran sentitzen zara?

Bai, zalantzarik gabe. Bide berri baten hasieran nagoela sentitzen dut. Gertatzen bada ondo, baina gertatzen ez bada ere ondo. Bake-bakean eta lasai sentitzen naiz.

 

Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia

«Erabaki dut badela sasoia txapelketaren aurreko jarrera aldatzekoa, ahal den neurrian gozatzekoa»

Bera da gaurko finaleko zaharrena. Gernika-Lumon jaio zen 1977. urtean. Bere azken finala duela hamar urte jokatu zuen eta geroztik txapelketan ibili bada ere –bosgarrena du aurtengoa–, aspaldi ez du lortu finaleraino daraman bidea osatzea. Gustura dago horregatik, gustura eta lasai, irabazteko asko duenaren patxadaz.

Bueltatu zara finalera. Bidean ikasi omen duzu txapelketa beste modura bizitzen.

Bai, txapelketa beste modu batera hartzen ikasi dut zalantzarik gabe. Baina azken urteotako ikasketa izan da hori. Aurreko txapelketetan beti sentitu naiz apur bat lotuta, estu bezala. Askotan izan dut nire maila eman ez izanaren sentsazioa. Beti ateetan geratu izana sentitu izan dut, frustrazio puntu batekin, gainera. Aurten, berriz, erabaki dut badela sasoia txapelketaren aurreko jarrera aldatzekoa, ahal den neurrian gozatzen saiatzeko sasoia. Ahal den solteen ibiltzen saiatu naiz txapelketa honetan, saioan zentratuta eta saiotik atera gabe. Eta aurten lortu dut.

Larrabetzuko finalaurrekoan bi faboritoen artean sartu zinen, Etxahunen eta Mirenen artean, erregular eta lasai arituz.

Saio erregularra egitea ez zen segur aski nire helburu nagusia. Nire helburua zen saio ona egitea, gustura gelditzeko moduko kolpe batzuk ematea, gogoratzeko moduko bertsoren bat uztea... Batzuetan erregular aritzen zara, baina gauza askorik esan barik. Hori ez nuen nahi nik. Baina egia da Larrabetzun lortu nuela bostetik hiru ariketatan oso gustura sentitzea eta entzulearekin konektatzea. Pozik geratu nintzen.

Miribillari begira, zein lan jarri dizkiozu zure buruari?

Finalak bat-batean bezala harrapatu nau. Larrabetzuko finalaurrekoan pentsatzen egon naiz denbora luzean –Etxahun eta Miren bezala– eta, bat-batean, finala. Oso azkarra bezala izan da. Oraindik mentalizatzen ari naiz poliki-poliki, ez pentsa. Baina eguna iristean txapelketan orain arte egin dudana egin nahi nuke, jarrera aldetik gozatzera joan. Baina ez noa arratsalde pasa Miribillara, anbizioa ere badaukat. Ilusionatuta eta gogotsu nago, egia esan.

Finalista izateak badauka bere presio puntua, ezta?

Bai, azkenean jende asko elkartuko da eta horiei zor diegu espektakulu eder bat eskaintzea. Ahalik eta final txukunena osatzea eta jendeak oroitzapen onak izatea da gure ardura. Helburu kolektibo hori ere hor dago. Asmoa ez da bakarrik norberak ahalik eta saio onena egitea, talde bezala dugun ardura ere hor dago. Bi urtetik behin egiten den txapelketa oso egun garrantzitsua da Bizkaiko bertsolaritzarentzako eta hori oso presente daukagu finalista guztiok. Horren guztiaren barruan, maila ona eman nahi nuke.

Kazetariok nahiko lan izaten dugu zure abizenarekin. Orain artean Ajuria bezala aurkezten zinen, ezta?

[Barreak] Bai, ezta? Nahiko buruko min sortu ditu. Nire aita pilotari moduan Ajuria zen eta baita bertsolari modura ere. Nik tradizio hori jarraitu dut Ajuriarekin urte askoan. Baina egia da txapelketetan bigarren abizena sartzen hasi zirenean, arraroa egiten zitzaidala kontua. Bi abizenak jartzekotan, biak osorik jarri behar nituela erabaki nuen eta ordutik naiz Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia. Baina, bai, txapelketa honetan aipatu didate abizenarena!

 

Nerea Ibarzabal Salegi

«Finalak freskotasuna transmititzen du»

Markinarra zortzietan gazteena da 22 urterekin, lehendabiziko finala du eta bere burua «caballito blanco» gisa aurkeztu badu ere, ez du saioan hori nabarmentzerik nahi.

A ze aupada eman zizuten herrikideek finalaurrekoan...

Markinan tokatu zitzaidanean pentsatu nuen etxean moduan izango zela, baina, txarto eginez gero ere, presioa bikoitza da. Aurrera begiratu eta zure bizitzako pertsona denak ikusten dituzu eta «ai-ai-ai» diozu. Agertokian bertan faktura mentala pasatu zidan horrek, baina aurretik poz-pozik egon nintzen [dio irriz].

Atzean, aulkian zaudenean, egindako ariketak errepasatzen egoten zara ala ezabatu eta zerotik hasten saiatzen zara?

Kapaz izanez gero ahaztu eta hurrengo ariketan zentratzeko, hori litzateke ideala. Baina akats bat egin baduzu oso zaila da horren arrastoa ezabatzea. Ikasiko dugu.

«Caballito blanco» izateak arrasto hori ezabatzen laguntzen ahal dizu...

[Barre egiten du] Bai, baina ez dut nahi nire «caballito blancotasunaren» erruz finala eskasagoa izatea. Sekulako ardura sentituko nuke. Ez da ardura pertsonala, baizik eta kolektiboa. Badakit kapaz garela eta naizela ondo egiteko eta ez sartzeko hankarik, eta hori nahiko nuke.

Oholtza gainean lasaitasuna eta segurtasuna transmititzen dituzu.

Bai? Pozten naiz! Ez dut inoiz galdetu zer transmititzen dudan. Izan liteke. Oholtzan bai, oholtzan lasaitzen naiz, baina barruan ari batetik zoaz, eta, nahiz eta une batean zuri transmititu badakidala zelan amaituko dudan bertsoa, ez dakit.

Engainatu egiten duzu, beraz.

Hori da [irri egiten du denbora osoan, hagitz alaia da]. Hori ere arte bat da! Orduan pozten naiz ziurtasuna transmititzen badizut, nik behintzat bertsolari bat sufritzen ikusten badut txarto pasatzen dudalako.

Egia da ez zenuela espero finalera ailegatzea?

Benetan! Erasmusetik bueltatu nintzen [Turkiatik], sei hilabete euskaraz egin barik lurreratu, eta helburu moduan udazkeneko fasera pasatzea hartu nuen. Saioz saio joan naiz ahalik eta ondoen egitera. Azken finalaurrekoan, Larrabetzun, a ze urduritasuna publikoan. «Ez dit ardura ez banaiz pasatzen» esaten duzu, baina jada hain gertu egonda pasatu nahi duzu. Eta oraingo astean urduri jartzen ere hasi naiz, inoiz ez dut kantatu hainbeste pertsonaren aurrean [4.000 etorriko dira].

Plazetan dagoeneko zure lekua egiten ari zara.

Gazte sariketa batzuk irabazita urtean plaza batzuk izan ditut. Gidabaimenik ez neukanean, saio dezente egin nituen. Lehen finala da, baina bertsoekin jada azal lodia badaukat. 12 urterekin hasi nintzen.

Kursaalen ere kantatu zenuen Bertso Egun batean.

Momentu batean agian nire izena ezagunagoa egin da, baina inoiz ez maila honetan.

Naturala da belaunaldi berriek erreleboa hartzea eta finalean ere islatuko da hori.

Ona da hori. Pila bat poztu nintzen. Freskotasuna transmititzen du finalak, horrek dituen arrisku denekin. Ez daukazu final “segurola” bat. Baina seinale ona da: odol berria, ideia berriak... Ondo egin nahi dut eta denok ondo egitea nahi dut. Ez dezala inork esan «ederra final kaka gazteak egon direlako». Gainera, lau neska egotea “puntazo” bat da. Txapelketan aurrekoan baino hamar neska gutxiago apuntatu gara eta hori asko da. Orduan, ez dira berdinak hasierako eta amaierako argazkiak. Txapelketan normala izaten da neska bat edo bi egotea saioetan. Horrek esan nahi du neskok ez dugula izena ematen ez badakigu seguru oso-oso ondo egingo dugula. Hortaz, orain Miren [Amuriza] eta Oihanarekin [Bartra] hasi gara Bizkaiko emakume bertsolariak elkartzen. “Zilekoa” ipini diogu izena (zila zilborra da bizkaieraz). Neska gazte horiek, etorkizunean txapelketan izena eman ahal dutenak, edo txapelketa barik bertsotan gustura ibili ahal direnak, baita gu ere, edozein unetan bajoi batean utzi egin ahal dugulako, taldea egiteko batzen gara. Hala eragin behar da, bestela ez da pasatuko bat-batean txapelketan 30 neskak izena ematea.

Nola pasatuko dituzu final aurreko egunak?

Lana daukat, dezente. Kazetaritza ikasi dut eta baja bat kubritzen ari naiz diseinu grafikoko enpresa batean, udaletako aldizkarietan idazten, maketatzen... Beste baja bat dela medio, Bertsolari Elkartean ere banabil irakasle Tolosaldean eta Goierrin.

Non lan egin nahiko zenuke?

Ez dakit. Irratia ez dut oraindik probatu eta tentatzen nau.

Zein helburu dituzu bertsotan? Zertarako kantatzen duzu?

Oso gazte hasi nintzen eta nahi barik inertzia batean sartu nintzen; plaza pila bat nituen eta momentu batean asko erre nintzen. Ez nuen oso ondo pasatzen. Orduan Erasmus egonaldia etorri zen eta bueltan bertsoekin topatu nintzen. Bertsolaritza bada nire burua ulertzeko eta espresatzeko modu bat, baina hain dago lotua Euskal Herrira eta niri hainbeste gustatzen zait kanpoan bizitzea edo kanpora joatea batzuetan ez dudala jakiten zenbaterainoko pisua eman nahi diodan honi, agian momentu batean libre sentitu nahi dudalako eta ospa egin. Beti esan ahal duzu ezetz eta bertsoak laga, baina ez duzu ondo jakiten zelan orekatu, zelan sentitu nahiko libre urtebete kanpora bizitzera joateko; hemen saio pila bat badituzu ezin duzu hori egin. Hori da nire dilema. Bertsoak egiten ditut, baina ez dut nahi aingura bat izatea hemen hankan, Euskal Herrira lotzen nauena hainbeste. Adibidez, Maialen Lujanbio bi urtez kanpora bizitzera joaten da. Ahal du? Legala da? Zelan joango da? Eta gero bueltan zer esperoko da beragandik?

 

Beñat Ugartetxea Ostolaza

«Txapelketa da nerbioso jartzen naizen une bakarrenetakoa. Apurtzera noa»

Mallabian 1979an jaio eta Zornotzan bizi den bertsolaria finalista izan zen 2010ean ere. «Espero barik» ailegatu zen orduan finalera, eta aurten jada «gehitxoago» eman nahian igoko da Miribillako oholtzara. «Jokatzera» doa.

Basauriko finalaurrekoan irabazle gisa zure izena erran zutenean harrituta sumatu zintugun. Hala zinen?

Bai, ez nuen espero irabazterik. Egia da bertan besteak ez dituzula ondo jarraitzen eta zeure burua ere ez duzula behar den moduan ikusten. Gero, pixka bat aztertuta, uste dut lehen postutik hirugarrenera edozeinen izena emanda ere denok geldituko ginela konforme.

Ze sentsazio izan zenituen?

Poz handia sentitu nuen. Saioan bertan deseroso egon nintzen, urduri-edo. Normalean oso trankila naiz baina txapelketa da nerbioso jartzen naizen momentu bakarrenetakoa. Ez dakit epaileak daudelako edo zergatik, baina estutu egiten naiz. Kontzentrazio maila ere altuagoa izaten da eta neuk sentsazio gozoa ez dut izaten barruan. Batzuek esaten dute disfrutatzen dutela. Nik, ez.

Sufritu bakarrik?

Agian bertso onen bat botatzen baduzu pozik geratzen zara, baina halako tentsiora ez nago ohituta. Egia da aurreko urteetan ez dudala eduki halako sentsazioa, baina aurten bai, nerbioso nago.

Azken finala 2010ean egin zenuen.

Lehenengoz sartu nintzen eta oroitzapen oso ona dut. BECen izan zen eta akordua daukat oso-oso egun ona pasa nuela. Han bai ez nuela sufritu. Gainera, jendearen gogoan geratu ziren bota nituen puntu erantzun bi.

Handia da hori, ezta?

Niretzat bai. Parrandan askok kantatu ere egin dizkidate: «Zenbat urtekin hasi zinen bertsotan?/ bi urte nituela ametsetan lotan/ gero zazpirekin aitarekin kortan...». “Kortan hazitako bertsolaria” ziria sartzen didate eta saioetan ere aipatu izan da. Gauza ederra izango litzateke aurten ere jendearen akorduan geratzeko moduko saioa egitea.

Aitarekin kortan... Etxetik jaso duzu zuk bertsolaritza.

Bertsoa bizi izan den etxe batean jaio nintzen. Aita bertsotan ibilitakoa da, anaia bat ere bai, eta orain azkenengoa neu. 12 urte neuzkala Lopategirekin hasi nintzen. Mallabira etortzen zen aurretik anaiarengana-eta. Antzalegirekin egin genituen beste bi urte. Eta gero eskola barik gelditu ginen. Baina Mallabian kuadrillatxo bat geunden eta Pello Mugartza hasi zen gure bila etortzen. Zapatu goizetan liburutegira eraman eta hor jarraitu genuen pixka bat. Ondoren, gidabaimena atera genuenean gure kabuz moldatzen ginen lagun batzuk.

Nola bizi dituzu bertsolaritza eta txapelketa?

Oso ezberdin. Aurten egia esan ez nuen gogo larregirik txapelketan parte hartzeko. Suertez 50-60 saio dauzkat, nire zirkuitua daukat urtetan. Mendira asko emanda nago. Hiru Handiak [Gorbeia, Anboto eta Aizkorri] egitea proposatu nion neure buruari operatu nintzenean, 2012an. Data etorri zen eta urtean zehar gehiago egon naiz zentratuta Hiru Handietarako bertsotarako baino. Amaitu genuen eta oso pozik. Hurrengo astean zen txapelketako kanporaketa. Oso trankil hasi nintzen, hiru entrenamendu eginda. Ondo irten zen. Finalaurrekoetan gehiago estutzen hasi nintzen. Azkeneko bost txapelketetan, honakoa kontuan hartuta, bitan finalean egon naiz eta beste denetan bederatzigarren geratu naiz. Lehendabiziko galtzailea. Beti hortxe, pasatu-ez pasatu.

Aurten errazago, zuzenean sartu zara.

Bai, 2010ean bezala.

Zein helbururekin kantatuko duzu Miribillan?

Apurtzera noa. Orain bai ez dagoela zer galdurik. Ondo irteten bada sari potolo bat lortuko dut. Ez dut esaten txapela, baina ahal denik eta goren. Finalaurrekoa irabaztea ez nuen espero, baina gai naizela frogatu zen. Ilusioa egin zidan irabazteak. Motibatu egiten zaitu. Esaten duzu: «Hain txarrak ere ez gara». Orduan, ahalik eta ondoen egitera eta besteak estutzera noa finalera.

Arriskatzera...

Bai, bai, ez daukat dudarik. Azkenean buruz burura ez sartuz gero beste postu denak berdinak dira jendearentzako. Txirrindularitzan podiumera ailegatzen zara, baina bertsotan buruz burukoa geratzen da. Ez dakit aurrekoan hirugarren zein izan zen jendea akordatuko den. Ni neu ez naiz akordatzen.

Edukiari, formari... zeri ematen diozu garrantzia? Nola lantzen duzu bertsoa?

Batez ere esateari ematen diot garrantzia. Nahiago dut errima zabalagoak erabili baina edukia garbi azaldu. Nire bertsokera ez dut uste bueltan-bueltan ibiltzekoa denik. Pixka bat umorera ere jotzen dudala esan dezaket. Txapelketa, ordea, ohikoa baino serioagoa izaten da. Eskertzen da umorea, baina gaiak ere serioagoak dira, geu ere tentsioagatik ez gara ausartzen arriskatzera... Beharbada ideia bat etortzen zaizu baina ez duzu botatzen. Neurtu egiten duzu inkontzienteki, txapelketan zaudelako, batez ere umore beltza.

Bikoteka ari zaretenean batek bidea ixten ahal dio bertzeari, ezta? Agian gaia ez badu ongi aprobetxatzen...

Bai, gaitza da hori neurtzea. Bertsolariak ahal duena egiten du. Ez dut uste inor inori kalterik egitera joaten denik; guztiz kontrakoa. Baina bai igartzen da txapelketetan bikoteko lanak pixka bat bakarlan bihurtzen direla, zeure ideia hartzen duzu besteari asko erantzun barik. Ni hor bai saiatzen naiz hastea tokatzen bazait besteari galderak egiten, erantzutera behartzeko, eta, erantzutea tokatzen bazait, bere hari bati tiratzen.

 

Xabat Galletebeitia Abaroa

«Zortea dugu albokoak norberak beste egiteko nahia sentitzeagatik»

Lekeition 1986an sortutako bertsolaria Farmazian lizentziatua da. Bigarren finala du, duela bi urte ere izan baitzen Miribillan kantari.

Orain dela bi urte ez bezala, aurten zuzenean sartu zara finalaurrekoetan eta saio bakarra kantatu duzu, Basaurin. Zein sentsazio izan zenituen bertan?

Hasierako agurrean bota nuen neuk ere ez nekiela ondo zelan aurkituko nintzen eta benetan hori zen sentitzen nuena. Bertsotan gustura nenbilen, prestaketan ere ondo, ilusioz, baina lehenengo saioa izatean, eta ni ez nago ohituta finalerdietan hastera, zalantza hori neukan, ea zelan topatuko nintzen bertan. Baina behin oholtza gainean poztu nintzen, batez ere egoera kudeatzea lortu nuelako, urduritasuna ondo mantentzea, presioari, tentsioari eustea, baina, era berean, momentu batzuetan bertsotan gustura egitea.

Ariketa guztietan sumatu zintugun ongi.

Kartzelan penaz geratu nintzen, eta uste dut transmititu nuela, hirugarren bertsoan eskapada polit bat eduki nuelako. Bertso hartan nahiko hasieratik joan nintzen pixka bat estu. Saioa amaitu eta sentsazioak ez ziren onak izan, bakarkakoa ez borobiltze hori neukan eta zortziko txikian ere laprastadatxoa eduki nuen Beñategaz [Ugartetxea]. Pixka bat egurtu ninduen eta ez nuen nire lekua topatu. Gero puntuazioetan hortxe dago koskatxoa. Baina pozik ere banengoen; nire akatsak zeintzuk izan ziren jakinda, gustura nengoen egindakoarekin.

Duela bi urte ederra izan zen zu deskubritzea.

[Barre egiten du]. Niretzat ere hala izan zen. Nereagaz [Ibarzabal] tratu handia daukat, asko egiten dugu berba eta identifikatuta sentitzen naiz berak orain daukan egoeragaz. Orain dela urte bi bera bezala sentitzen nintzen, espero barik, hasieran helburu hori ipini barik heldu nintzelako. Txapelketarako gogoz nengoen, ondo prestatuta, baina ez nuen espero finalera heltzera eta jende askorentzat ezustea izan zen. Neure buruarentzat ere bai. Baina ez zen kasualitatez izan. Ondo prestatutako txapelketa bati erantzuten zion. Aldaketa bat ere ekarri zidan aurtengo txapelketa hartzeko moduan eta konfiantzan.

Aurkezpenean zazpi aktore nagusiren artean kameo bat egiten sentitu zinela azaldu duzu. Irudi polita. Esajeratua pixka bat agian...

[Irri egiten du]. Horrela etorri zait eta uste dut ondo esplikatzen duela neukan sentsazio hori. Baina, Nereak ere esaten du hori; behar den momentua ailegatzen denean ez diozu uzten zure buruari sentsazio hori edukitzen, zure buruari exijitzen diozu maila ematea.

Orain helburuak handitu izanen dira...

Handitu edo... ezberdinak dira behintzat. Txapelketan bertan aldatzen joaten dira. Helburuak ipintzerakoan, jakina, bat finalean egotea zen, Euskal Herriko txapelketarako sailkatzea, baina hortik harago, pauso bat gehiago eman nahi nuen. Orain dela bi urtekoa erabili oinarri modura, eta pixka bat ahalegindu neu gusturago sentitzen oholtza gainean, bertsotan hobeto egiten, gustura nagoenean sentsazio hori transmititzen, eta finalari ere helburu horixe ipintzen diot. Neuk sentitzea finalean bertan nagoela, presente egotea eta parte izatea. Nire arrastoa uztea. Uste dut hori lortzen badut emaitzan ere pausotxo bat emango dudala. Finala gozatu nahi dut eta zentzu horretan lehiatu. Kontziente izan egiten dudan ariketa bakoitzaz eta bertso bakoitza mimoz tratatu. Finalerdietan nuen helburu bera, daukadan onena eta landu dudan hori guztia ematea eta erakustea jendeari.

Nola lantzen duzu bertsoa? Nola uztartzen dituzu esanahia eta forma?

Batez ere azken bi urteetan konturatzen ari naiz badaukadala agian bertsotan egiteko modu propio bat. Finalerdietan uste dut igarri zela errimak landu ditudala eta saiatzen ari naiz neuretik gehiago kantatzen, orokorkerietan sartu gabe gaiari ertz desberdinak topatzen, esan nahi dudana esaten... Bertsoari berari hasieratik amaierara forma bat ematen, ez amaieretan geratuta bakarrik.

Bertso irakasle moduan zabiltza?

Une honetan ez, baina ibili izan naiz bertso eskoletan irakasle, Markina-Xemeinen, bere garaian Nereari irakasten edo behintzat laguntzen. Eta Lekeition ere bai. Hemen segitzen dugu bertso eskola edukitzen eta batzen gara, baina era informalago batean.

Badago harrobirik?

Aurten lehenengoko bider Lekeitioko hiru bertsolarik parte hartu dugu Bizkaiko Txapelketan. Horietatik Aissa [Intxausti] eta biok udazkeneko fasera pasa ginen. Horri sekulako inportantzia ematen diot, gure herria ez baita oso bertsozalea. Uste dut ez dela izango aurtengo gauza. Euskal gazteak gero eta lotuago daude bertsoei.

Lanaren fruitua...

Bertsolaritzak zerbait ona badu da elkarri laguntzen diogula. Txapel bat dago jokoan, baina bertsoa ez da hori soilik. Badakigu zer den albokoak norberak beste egitea nahi izatea. Zortedunak gara.

Plazetan zure lekua aurkitu duzu?

Duela bi urte finalera heldu eta gero plazak apur bat gehitu zirela igarri nuen. Orain ere ez dut espero askorik aldatzerik. Bertsolari gutxi daude plaza pila bat egiten dituztenak eta beste jende multzo handi bat gaude gure plazak ditugunak eta aukerak aprobetxatzen ditugunak. Suposatzen dut urteekin moldatzen joango dela.

 

Jone Uria Albizuri

«Txapelketa garaian enpatikoago nago jende guztiarekin»

Jone Uria Albizuri Algortan jaio zen 1990ean. 26 urterekin, laugarren finala jokatuko du.

Puntuazioari begiratuz bigarren zara Etxahun Lekueren ondotik. Txapela hurbil izan dezakezula dirudi.

Askotan hartzen dira finalaurrekoetako puntuak erreferente bezala, baina finalean denok hasten gara zerotik eta ikusiko da zer pasatzen den. Egia da niri segurtasun bat eman didala finalaurrekoa irabazita sartzeak. Lehenengo aldia da, besteetan puntuen zain egonda iritsi naiz.

Kantaera segurua ikusten zaizu.

Beti esan didate nire bertsokera apur bat matematikoa badela, baina uste dut arriskatzen dudala. Beharbada ez hainbeste doinuetan, bakarka ez dudalako puntu laburrean doinurik hartzen. Baina bai gaiei heltzeko moduan, edo ofizioetan zain egon eta erantzunez. Gatozen denok arriskatzen dugu; nahiz eta eman batzuetan oso seguru gaudela inork ez dakigu une horretan ideiak etorriko zaizkigun edo ez.

Nahiz eta gaztea izan, laugarren finala duzu. «Beteranoetako» bat zara ia.

Bai, egia da Etxahun [Lekue] eta Onintzaren [Enbeita] ostean ni naizela final gehien dauzkana. Aurten dagoeneko ez baina aurreko finalean ni nintzen gazteena. Mirenek [Amuriza] eta biok oso gazte eman genuen saltoa txapelketan, gainera, nahiko salto handia. Lehenengo Bizkaikoan finalera ez ginen heldu, baina Euskal Herrikorako sailkatu ginen. Biok egin genuen paper oso on bat 19 urterekin. Gero jakin dugu eusten eta ea hurrengoetan ere horrela den [dio irribarrez].

Bai Basaurin eta bai Markina-Xemeinen iruditu zitzaidan giroa ez zela lehertu.

Bai, nik ere eduki nuen sentsazio hori. Nik uste dut batetik gu seiok oso tentsioan gindoazela, finala ez ezik Euskal Herrikorako sailkapena jokatzen ari ginelako. Bestetik, atzetik, saioa aurrera joan ahala iruditzen zitzaidan “uf, saio hau ez da lehertzen ari eta horrek arriskua eduki dezake gero puntuetan”, giroak eragiten baitu puntuetan. Horrek presio handiagoa eragiten du. Larrabetzun  giro beroagoa izan zen eta behintzat ofizioren batean eztanda. Espero dut finalera lasaiago etorriko garela.

Edozein postutan gustura gelditzeko moduan.

Hori da, final bat egun bat da; orduan onartuta ekarri edozer pasa daitekeela eta izan zaitezkeela lehenengo edo zortzigarren eta ez dela ezer pasatuko. Jaitsi zaitezke oholtzatik oso pozik seigarren eginda eta erdipurdi bosgarren eginda. Niri biak pasatu zaizkit. Eta niretzat garrantzitsua hori da, gustura jaistea.

Hasierako sentsazioek aunitz eragiten dizuete, ezta?

Baietz esango nuke, lehenengo ofizioan jada nabaritzen diozula zure buruari nola zatozen. Onerako edo txarrerako. Erdipurdi hasi bazara zaila da buelta ematen eta nik uste hori badela ariketa bat, denok saiatzen garena. Eta aldrebes. Ondo egiteak ere badauka erlaxatzeko arriskua. Ematen du txarto hasi bazara ezin diozula buelta eman, baina posible da. Plazan askotan egiten dugu.

Nola prestatzen zara?

Eskolako jendearekin biltzen gara astean pare bat aldiz. Kantukideez gain, lagun batzuk etortzen dira saiatzen direnak igartzen txapelketan zein gai jar ditzaketen, eta antzeko gaiak jartzen dizkigute. Etxean ere ahalik eta gehien irakurri eta enteratuen egoten saiatzen gara. Beharbada inoiz interesatuko ez litzaizkizukeen gaiei ere arreta jarri behar diezu eta derrigortzen zaitu horiez zer esango zenukeen edo zer pentsatzen duzun hausnartzera.

Edo norbaiten lekuan jartzera.

Txapelketa garaian enpatikoago nago jende guztiarekin. Kontatzen didatenean norbaiti zerbait gertatu zaiola gehiago eragiten dit, gaitasuna garatzen dudalako leku horretan jartzeko. Hori behar duzu gero kantatzen ari zarenean eta gaia denean “alarguna zara” edo “minbizia daukazu”, azal horietan sartu behar duzulako ahalik eta gehien bertsotan ahalik eta ondoen egiteko eta sinesgarritasuna emateko, eta jende horri ere zor diozulako esaten ari zarena ez izatea potolokeria bat. Uste dut horretan ariketa polita eskaintzen digula txapelketak.