2016/12/31

Arnaldo OTEGI
Kartzelatik atera den urtea
«Beti korrika gabiltza, dena presaka egin behar dugu, baina ahaztu egin zaigu nora goazen»
Amagoia Mujika
Arnaldo4

«Badago kode ez idatzi bat: presoak ez ditu kanpokoak kezkatu nahi eta kanpokoek ez dute presoa kezkatu nahi. Gogortasunean gauzak leuntzeko etengabeko saiakera bat da»

«Gure belaunaldiak mundua aldatu nahi zuen. Orain, jendeak bere bizia aldatu nahi du baina mundu honetan; auto hobeago bat eta pisu handiago bat erosi, adibidez. Oso desberdina da. Hori horrela bada, zertarako konpromisoak hartu, ezta?»

«Gustatuko litzaidake datozen Gabonak presorik gabekoak eta Guardia Zibilik gabekoak izatea. Eta gustatuko litzaidake 2017 honetan akordio zabalak egotea, herri hau merezi duen tokira eramateko. Horiek desioak dira eta guk horren alde borroka egingo dugu»

Amagoia MUJIKA TELLERIA

Gabonak oso gustuko ditu, nahiz eta badakien hori esatea ez dela elegantea askoren begietara. Gustatzen zaio maite dituenekin mahaiaren bueltan lasai hizketan aritzea. Horretatik, patxadatik alegia, gutxitxo izan baitu martxoan kartzelatik atera zenetik.

Aurten Gabonak etxean pasatuko ditu, eta ez kartzelan. Kartzelako Gabonak oso isilak omen dira, han dauden guztiek sentitzen baitute beste mahai batean beharko luketela eserita.

2016. urtea, kartzelatik atera zaren urtea. Nolakoa izan da ikuspuntu horretatik?

Sentsazioa daukat zortzi hilabetean ez naizela geratu. Aukera izan nuen astebetez atseden hartzeko bikotekidearekin, baina hortik aurrera zurrunbilo handi batean egon naizela sentitzen dut. Egia da kartzelatik atera nintzenean topatu nuen egoera ez zela samurra, arazo asko zeuden eta garbi ikusi genuen lehen unetik lan sakonetan murgildu behar genuela. Baina egia da ez naizela gelditu ere egin, eta gustatuko litzaidake urtarriletik aurrera opor egun batzuk hartzea.

Gertatzen da beti dagoela zerbait; urtarrilean segur aski Berlinera joango naiz, Rosa Luxemburg Fundazioak hitzaldi bat ematera gonbidatu nauelako. Aukera aprobetxatuko dut familiarekin joan eta egun batzuk bertan emateko. Baina egia da kartzelatik atera naizenetik zurrunbilo izugarria topatu dudala, erokeria.

Kartzelatik atera berritan esan zenuen denbora asko izan zenuela barruan irakurtzeko eta hausnartzeko. Kartzelatik kanpo denboraren kudeaketa oso desberdina da, ezta?

Bai, eta gustatuko litzaidake denbora izatea gauzak beste pausa batekin egiteko. Bitxia da, kartzelara sartzen zaren bakoitzean konturatzen zara kanpoko bizitza zein eroa den eta beti egiten duzu promesa berdina: ateratzen naizenean berriz ez naiz zurrunbilo horretan sartuko eta gauzak lasaiago hartuko ditut. Eta inoiz ez duzu promesa betetzen.

Kanpoko eta barruko denborak eta erritmoak guztiz desberdinak dira. Barruan, nahitaez, oso bizitza ordenatua eramaten duzu, monjearen bizitza, eta horrek gauzak beste modu batera ikustea dakar. Adibidez, izugarri balio du ikasteko, irakurtzeko, bizitza lasaiago hartzeko… Gertatzen dena da kanpora ateratzen zarenean, lehen unetik bertatik, erritmo hori puskatu egiten dela. Ongietorritik bertatik hasten da eromena; jende multzoa, zarata, abiada… Baina egia da kartzelatik atera eta bi egunetara ahaztu egin duzula barruko bizitza. Niri, behintzat, horrela gertatzen zait. Hogeita lau orduren buruan ematen zuen sekula ez nintzela kartzelan egon.

Kartzelan denbora zenuen irakurtzeko, baina denbora falta zitzaizun maite dituzunekin egoteko. Nola eramaten da seme, aita edota bikotekide izatea… kartzelatik, distantzia horretatik?

Batzuk gaztetatik oso garbi eduki izan dugu kartzela “alternatiba” bat izango zela gure bizitzan, alegia, edozein unetan sartuko gintuztela kartzelan. Martutenetik atera ondoren ere, estrategia aldatzeko lanetan genbiltzanean, nahiko garbi geneukan gure aurkako operazio bat martxan jarriko zutela eta kartzelan bukatuko genuela.

Nahiz eta hori horrela izan, nekez eramaten da aita, seme edo bikotekide izatea kartzelatik. Nahiz eta zure jarrera ona eta laguntzekoa izan, benetako zama kanpoan geratzen denak hartzen du. Ikusten dituzu seme-alabak hazten, han barrutik. Pentsa, nik alaba 14 urte zituela utzi nuen eta atera naizenean Zuzenbideko hirugarren mailan dagoen alaba batekin topo egin dut. Zer galdu dudan? Bere nerabezaro guztia. Lehen zaharrenaren nerabezaroa galtzea tokatu zitzaidan, eta, orain, bigarrenarena. Eta, hala ere, oso harreman ona daukagu, eta ez da beti erraza izaten. Saiatzen zara barrutik aita arduratsua izaten, baina ez dezagun gure burua engainatu: horrelako baldintzetan zama ia guztia kanpoan geratzen denaren sorbalda gainean erortzen da.

Kartzelan egonagatik lagundu dezakezu eta zure jarrera bat edo bestea izan daiteke. Baina kide askok arazo larriak izan dituzte seme-alabekin eta bikotekideekin. Finean, bizitza oso gogorra da, bai kartzelan eta baita kanpoan ere. Nire ustez, baina, askoz gogorragoa da kanpoan dagoenarentzat; barruan dagoena han dago eta ez dauka alternatibarik. Kanpoan dagoenak, eduki dezake.

Bost minutuko zortzi dei, 40 minutuko bisitak, ordu pare bateko bisean bisekoak. Dena minututan neurtuta. Dena ondo, denak indartsu, kanpotik doazenak eta barruan daudenak. Kabitzen al dira arazoak minutu horietan?

Barruan zaudenean kanpoan gertatzen denaren kontrola galtzen duzu. Dituzun minutu gutxi horietan saiatzen zara maite dituzunak gozatzen eta saiatzen zara zu ongi ikus zaitzaten. Sentsazioa da bizitzaren kontrola galdu egiten duzula, ez dakizula benetan zer gertatzen ari den kanpoan. Normalean –behintzat nire kasuan horrela da eta ezagutzen ditudan kide askoren kasuan, berdin– kanpoan arazoak daudenean ez dizute horien berri ematen eta zuk arazoak dituzunean ere ez dituzu kontatzen. Badago kode ez idatzi bat esaten duena presoak ez dituela kanpokoak kezkatu nahi eta kanpokoek ez dutela presoa kezkatu nahi. Finean, gogortasunean gauzak leuntzeko etengabeko saiakera bat da.

Gogortasun horretatik, zeozer ikasiko ote da.

Ikasten duzu bizitza beste era batera ikusten. Kartzelan gauza oso-oso sinpleen falta izaten da, kanpoan zaudenean aintzat hartzen ez dituzun gauzena. Kartzelan ez dago aterkirik, adibidez. Kartzelan ez dago txiklerik. Kartzelan telefono mugikorrik gabe bizi gara. Eta bizi gara. Konturatzen zara kanpoan nolako mendekotasunak ditugun eta ikasten da detaile txikiak baloratzen. Egia da, hala ere, ateratzen zarenean gauza horiekin ahaztu egiten zarela eta betiko akatsak errepikatzen dituzula.

Baina kartzelatik kanpo, normalean, barruan hartutako zenbait ohiturarekin jarraitzen duzu. Kirola egiten duzu, janaria zaintzen duzu, bizitza ordenatua egiten duzu, zure burua zaintzen duzu. Egia da kartzelan zaudenean kasik obsesio bihurtzen dela zure burua zaintzea.

 

Kartzelako bizitza ordenatutik lepo betetako agenda izatera pasatu zara. Segitzen duzu zure burua zaintzen?

Kirola egiten segitzen dut. Neure burua behartu dut denbora hori hartzera. Astean pare bat aldiz korrika egitera joaten naiz eta bestela mendira joatea gustatzen zait, baina ez paseatzera, erritmo bizi samarrean baizik. Elikadura zaintzen ere saiatzen naiz. Irakurtzen saiatzen naiz, nahiz eta nahi baino askoz gutxiago irakurtzen dudan.

Egia da, hala ere, kartzelatik atera naizenetik erritmo oso eroan bizi izan naizela. Bi hauteskunde kanpaina izan dira tartean, Sorturen birfundazio prozesua hor dago, EH Bildurena martxan jarri behar da, bidaia pila bat egin ditut… Nekez hartu dezaket patxada.

Sikiera Fidel Castro agurtzeko Kubara joateko aukera izan bazenu, hango erritmoaz kutsatzeko…

Kubara joango naiz, bai edo bai. Erronka pertsonal bat da. Oraingo honetan ez didate utzi, baina Kubara joango naiz. Asko maite dut Kuba arrazoi politikoak direla eta: ni emozionatu egiten naiz Kubako Iraultzarekin. Baina maite dut kubatarrek bizitza ikusteko duten modua ere.

Nik asko hitz egiten dut eta izugarri gustatzen zait solasaldian lasai aritzea, eta solasaldi inteligenteak badira, askoz nahiago. Eta hori kubatarrekin ziurtatuta daukazu. Sekulako inbidia sentitzen dut ikusiz nola ematen dituzten orduak eta orduak sekulako purutzarrak erretzen eta hizketan. Nik ezin ditut puruak erre, mareatu egiten naiz. Eta kubatarrek orduak eta orduak ematen dituzte, purua eskuan, mojito bat aurrean, literaturaz, zineaz, politikaz, Kubaz, munduaz… lasai hizketan. Asko maite dut latinoamerikar gehienek bizitzaren aurrean daukaten patxada hori.

Eta gu, bitartean, patxada zer den kasik ahaztuta.

Hemen afera da beti korrika gabiltzala, dena presaka egin behar dugula, baina ahaztu egin zaigula nora joan nahi dugun. Ez dakigu oso ondo nora goazen, baina abiada bizian joan behar dugu. Horregatik egiten dituzte, adibidez, abiadura handiko trenak. Abiadura handiz joateko. Baina nora? Eta, zertara? Horrek ez omen du garrantzirik, garrantzitsua abiada bizian joatea da. Gogoratzen naiz Xabier Letek nola esaten zuen Oiartzunen hilotzak ere sekulako abiadan eramaten zituztela kanposantura.

Baina une honetan gure inguruan ez dago ez logistikarik ez kulturarik solasaldi patxadatsuak eta inteligenteak bultzatzeko. Kartzelatik atera nintzen lehen aldian tabernak musika topera zutela topatu nituen. Rockaren garaia zen. Tabernetan ezin da hitz egin, eta, beraz, beste gauza batzuk egin behar dituzu.

Oraingoan kartzelatik atera naizenean presa berdinarekin ikusi ditut bazterrak. Baina badira asko gustatu zaizkidan proiektuak; Katakrak, Iruñean, eta Kaxilda, Donostian, esaterako. Eta beste zenbait. Horiek ematen dute aukera bizitza lasaiago hartzeko, patxadarako. Nik asko maite ditut era horretako proiektuak. Ez zait batere gustatzen zarata, igual izango da Ipar Euskal Herrian bizitzen eman nuen hamarkadaren ondorioz. Askoz nahiago dut taberna batean hizketan lasai egotea edo liburu bat irakurtzen egotea. Hori ez da oso ohikoa gaurko Euskal Herrian, baina nik helburu dudan Euskal Herria horrelako estatu bat izatea gustatuko litzaidake; zarata gutxirekin, liburu askorekin eta patxada handiagoarekin.

Kartzelan daude preso sozialak ere. Jendarteak bere miseriak ezkutatzen ditu kartzelan, zikinkeria alfonbra azpian bezala.

Nik kartzelak fase desberdinetan ezagutu ditut, kartzelaldi desberdinetan, eta ikusi dut nola aldatu diren gauzak. 1987an ekarri ninduten Estatu frantsesetik eta orduan kartzeletan delitugileak zeuden; batzuk delituak era oso kontzientean eta pentsamendu aurrerakoiarekin egiten zituztenak eta beste batzuk pobreak, bizitzan aurrera egin ahal izateko delituak egiten zituztenak. Ordutik asko aldatu da panorama. Orain drogamendekotasuna dutenak eta indarkeria matxistagatik kartzelatuak izan direnak daude nagusiki, ez dago besterik. Konturatzen zara badela espetxe legedi bat, paperean oso aurrerakoia dena, baina hori guztia antzerki bat dela. Arazoa da jendeak lapurtu egiten duela droga erosteko, harrapatzen dutena kartzelan sartzen dutela eta kartzelan droga hartzen segitzen duela. Gainera, normalean esaten dute kanpora ateratzen direnean droga hartzen segituko dutela. Horretarako dirua behar dute, dirua lortzeko lapurtu egiten dute, eta, hala, berriz kartzelara. Zirkulu bat da eta hortik ez dira ateratzen. Gizarteak ahaztuta duen sektore bat da, hortxe, kartzeletan, sekulako giza tragediekin.

Denetarik dago, hala ere. Ezkerrean badago gauzak mitifikatzeko joera eta kartzelan badira birgizarteratze oso zaila eta kaskarra duten presoak. Baina, gehienak, drogamendekotasuna duten pertsonak dira, kartzelan baino beste nonbait egon beharko luketenak. Logroñoko kartzelan zeuden gazte batzuei askotan esaten nien horrela segituz gero, 70 urterekin kartzelan egongo zirela. Apustu egiten nien 2026. urtean berriz Logroñoko kartzelan sartzen banaute, han preso berdinak topatuko ditudala, hamar urte zaharrago, baina berdinak.

Azken kartzelaldian sei urte eman dituzu preso. Aterkirik gabe, txiklerik gabe, mugikorrik gabe. Atera zarenean mugikorretik begiak altxatzen ez dituen jendez beteta topatu dituzu kaleak.

Konturatzen nintzen, kartzelatik erietxera edo epaitegira eramaten nindutenean, adibidez, poliziek beraiek asko erabiltzen zutela mugikorra. Eta oso tristea iruditzen zitzaidan erietxeetako edo epaitegietako egongelatan inork inorekin ez zuela hitz egitea ikustea. Eta esaten nuen nik hori ez nuela erabiliko. Eta orain izugarri erabiltzen dut, asko.

Baditu bere gauza onak eta txarrak. Egia da baduela mendekotasuna sortzeko gaitasuna, baina, bestetik erabat informatua eta konektatua egoteko aukera eskaintzen dizu. Dena dago mugikorrean, aukera izugarriak ematen ditu. Hori oso ona da, baina nire inpresioa da gero eta gutxiago hitz egiten dugula gure artean eta gero eta gizarte indibidualistagoa eraikitzen ari garela. Nik askotan esaten diot jendeari mugikorrak ez dituela pertsona baten arazoak konpontzen. Baina ulertzen dut bizi dugun garaian jendea gailu horietara hain estu lotzea.

Bizi dugun garaian diozu.

Bizi garen fase historiko honetan krisi oso sakonak bizi ditugula iruditzen zait. Krisi ekonomikoaz, ekologikoaz… hitz egiten da. Baina iruditzen zait bizi-krisi sakon batean ere bagaudela. Nire inpresioa da jende askok ez dakiela bere bizitzarekin zer egin. Eta zati handi batek ez dakiela bizitza bera ondo baloratzen. Zergatik? Alde batetik, ideologia krisi sakon bat dagoelako, eta, bestetik, erlijioaren krisia ere hor dagoelako. Lehen sektore askorentzat erlijioa bazen helduleku bat. Orain, baina, ez dago ez bata eta ez bestea. Orduan, zer dago? Ba carpe diem. Bizitza “bizi”. Badakizu bizitza motza dela eta suzedaneoekin bizitzen duzu; drogak, abiadura azkarra, kirola muturreraino eramana… Zoritxarrez jendarte honek horrela bizi du egunerokoa.

Herri honetan historikoki herritarrek harri handiak mugitu dituzte, mugimendu garrantzitsuak jarri dituzte martxan. Iruditzen zaizu gaur egun zertan sinistu falta dela?

Atera nintzenean esaten nuen herriaren pultsua asko jaitsi zela, eta hori nabarmena da oraindik orain. Pixka bat indartu da, baina oraindik baxua da. Horretan ere jendarte mota hauek eraikitzen dituztenek sekulako abantaila dute, ezer ezin dela aldatu sinetsarazi baitute. Gazteek asko esaten dute «es lo que hay» eta niri oso adierazgarria iruditzen zait. Horren arabera hau da dagoena eta ezin duzu politika ekonomiko desberdinik egin, politika sozial desberdinik bultzatu, bizi eredu desberdinik zabaldu… Horra eraman gaituzte, ideia horretara. Beraz, zertarako borrokatu?

Nik askotan esaten dut: gure belaunaldiak mundua aldatu nahi zuen. Orain, jendeak bere bizia aldatu nahi du baina mundu honetan; auto hobeago bat eta pisu handiago bat erosi, adibidez. Oso desberdina da. Hori horrela bada, zertarako konpromisoak hartu, ezta? Finean zure lehentasunak zure bizitza indibidualean kokatzen dira, ez bizitza kolektiboan. Lortu dute jende askok bizitza kolektiboaren lehentasunak alde batera uztea eta hortik ateratzea oso zaila izango da. Bestela ezinezkoa da ulertzea Europan, une honetan, milaka pertsona gaseztatuak izatea hesi batzuen atzean eta ezertxo ere ez gertatzea. Hori duela hogei urte ezinezkoa zen, Europa osoan altxamendu bat egongo litzateke, borrokak kaleetan… Lortu dute hori guztia aldatzea, jendearen lehentasunak aldatzea.

Ulertzekoa ere bada, mundua aldatu nahi zuten mugimenduek porrot historiko handiak izan dituztelako. Horregatik, nagusitu den ideia hori da: «es lo que hay». Gauzak horrela dira eta ezin dira aldatu. Nik askotan esaten dut; krisiaren eragina nolakoa izan den neurtzeko, begiratu mileuristei. Lehen mileuristak kaka irabazten zutenak ziren eta orain pribilegiatuak dira. Nork irabazi du eta nork galdu du?

Nola bueltatu erdigunera bizitza kolektiboa?

Hor badago instalatu duten beste ideia bat: zure arazoak zuk konpondu behar dituzu, inork ez zaitu aterako zure arazoetatik.

Duela hamar-hogei urte jendeari esaten zitzaion ikasten bazuen, hizkuntzak menderatzen bazituen, masterrak egiten bazituen, lasai egoteko, bizitza konponduta izango zuela: sekulako soldata, etxe bikaina, oporrak, droga… Finantza krisia lehertu denean hori guztia pikutara joan da momentu batean, erori egin da. Lehen ziurtasunak zirenak orain zalantza bihurtu dira, ziurgabetasun. Dena dago kolokan, inork ez daki bere etorkizuna nolakoa izango den.

Horren aurrean badago haserre bat: promesa bat egin zenidan eta konplitu egin behar duzu. Baina indibidualki planteatzen den haserrea da. Guk esaten duguna da: ez da zure problema, guztion problema da eta ez da aldatuko termino kolektiboetan planteatu eta borrokatzen ez bada. Oso zaila da, baina hori da gure borroka. Eta gure borroka beti izan da oso zaila.

Aurten Gabonak etxean pasatuko dituzu. Nola dira Gabonak kartzelan?

Alde batetik badute gauza positibo bat: normalean hobeto jaten da. Baina tristeak dira. Ni egon naizen kartzeletan isiltasun izugarria izaten da gau horietan. Uste dut jende guztia konturatzen dela beste toki batean egon beharko lukeela. Gau horietan, normalean, jendea ahalik eta azkarren oheratzen da eta kito. Beste alde batetik, saiatzen zara kideekin eta lagunekin ahalik eta ondoen pasatzen. Kontuan izan behar da, gainera, kartzelan asko eskertzen direla egun desberdinak, sikiera menu desberdina dutelako. Berritasuna dira errutinan eta hori eskertzen da.

Gustatzen zaizkizu Gabonak?

Niri bai. Arraroa naiz horretan. Eta badakit politikoki ez dela zuzena hori esatea, badakit kontsumismoaren jaiak direla, baina asko gustatzen zaizkit. Uste dut ezkerrak ez duela egin behar Eliza katolikoak egiten duena; guk ez ditugu sermoiak bota behar, guk jendea konbentzitu egin behar dugu. Nik maite ditut Gabonak, ondo pasatzen dut familiarekin lasai bazkaltzen eta afaltzen.

Badakit ez dagoela ongi ikusia hori esatea, baina maite ditut. Gainera, uste dut gauza batzuk desideologizatu egin behar ditugula. Badakit jai katolikoak direla eta ni ez naiz erlijiosoa, baina familiak elkartu eta hitz egiten duten jaiak dira, eta niri familia asko gustatzen zait. Aurten gaizki pasatuko dut ama falta zaidalako, baina aita hor daukat eta hori eskertzen dut. Mahaian hutsuneak egoten dira aldiro, eta baita eransketa berriak ere.

Kontsumismoa aipatu duzu. Herritar bezala, kontsumitzen dugun bakoitzean egikaritzen dugu erabakitzeko eskubidea. Hor ere eraikitzen da herria.

Zalantzarik gabe, eta kontsumo arduratsuaren aldeko planteamendu eta politika publikoak egin behar dira. Nik ez dut maite, lehen esan dudan bezala, sermoi moralak egitea. Jendea kontsumista da logistika guztia horretara bideratua dagoelako, gero eta merkataritza gune handiago gehiago daudelako eta denda txiki gutxiago. Niri ez zaizkit gustatzen jendeari errua botatzen dioten diskurtsoak, eta, askotan, ezkerrak moralkeria egiten duela iruditzen zait.

Jendea konbentzitu egin behar da eta horretarako datuak eman behar dira. Eta bada datu oso nabarmen bat: aldaketa klimatikoarekin arriskuan jartzen ari gara gure espeziea. Sikiera interes berekoi batengatik, jendeari ikusarazi behar zaio etengabe hazten den kontsumoak katastrofera garamatzala. Gauzak beste era batera planteatu behar dira, eta badaude ereduak beste herrialde batzuetan. Nola? Politika publikoekin.

Horrez gain, jendea hezi egin behar da. Igual inozo samarra naiz, baina nik sinisten dut jendeak borondate ona daukala, eta, gauzak ondo azaltzen zaizkionean, onartu egiten dituela. Kontsumismoaren aurrean jendea hezi egin behar da. Baina horretarako zirimiria beharrezkoa da, ezin da egun batetik bestera egin. Adibidez, badugu telebista publiko bat horretara bideratu daitekeena. Baina ez dago horretara, sekulako tontakeriak egitera baizik. Eta nik galdetzen dut: horretarako behar dugu guk telebista publiko bat?

Hutsuneak gehiago nabaritzen dira jendez betetako mahai horietan. Euskal Herriko etxe askotan daude aulki hutsak; preso politiko, iheslari eta deportatu adina aulki huts, gutxienez.

Bai, eta pentsatzen dut familiarentzat oso gogorra dela hori. Gainera, badira familiak 25 urte daramatenak horrela eta hori erraz esaten da.

Jende batek eztabaida horiek termino politikoetara eramaten ditu, baina, ados egon edo ez egon, erakunde batek egin duenaren balorazio bat edo bestea egin, garbi dagoena ondorengoa da: hemen badago jende bat bere bizia eman diona herri honi. Nik hori oso garbi daukat. Zure autoa, zure etxea eta zure oporrak bakarrik baloratzen diren gizarte batean, amets kolektibo bat egia bilakatzeko bere bizia emateko prest dagoen jendea egotea kontu serioa da, errespetu handiz begiratu beharrekoa.

Gabonak badira sasoia gogoratzeko zenbat jendek zenbat Gabon pasatu dituen kartzelan, erbestean edo deportazioan. Aldarrikatu nahi dut herri honek baduela eskubidea presorik gabeko, errefuxiaturik gabeko eta deportaturik gabeko Gabonak ospatzeko. Eta baita Guardia Zibilik gabeko, Polizia espainolik gabeko eta Armada espainolik gabeko Gabonak ospatzekoa ere. Horregatik ere merezi du borrokatzea.

Altsasun ere akordatuko dira Guardia Zibilaz Gabon hauetan.

Ni Guardia Zibilak torturatu ninduen eta ez dit inork azaldu behar zer den hori. Badakit zer den Guardia Zibila. Baina nik ez dut gorrotorik. Nik oso garbi daukat hemen ez dagoela herritarren eta Guardia Zibilaren arteko elkarbizitza arazo bat. Nik ez dut Guardia Zibilarekin elkarbizi nahi. Barkatu, ez da elkarbizitza arazo bat. Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egin behar du herri honek horrela nahi duelako.

Azken muntaia horrekin garbi geratu da berriz ere beren estrategia: guk nahi duguna egin dezakegu, gure eskuetan zaudete. Hemen oso kontuan hartu behar da Estatuak erabaki garbia hartua duela: hemen galtzaileak eta irabazleak daude. Beraz, eskema horretatik ateratzen den ezer ez dute onartuko. Eta noizbehinka horrelako gauzak egin behar dituzte beraiek irabazleak direla eta gu galtzaileak garela nabarmentzeko. Gerra psikologiko betean daude eta mezua garbia da: hemen ez da ezer aldatu, gu irabazleak gara, zuek galtzaileak eta gure errelatoa jango duzue. Horretan daude eta ziurtasun osoz esaten dut tronpatu egingo direla.

Zer eskatzen diozu 2017. urteari?

Lehenik eta behin, osasuna denontzat. Osasunik gabe, ezerk ez du funtzionatzen. Ospitale batera joatean naizen bakoitzean konturatzen naiz zenbat jende dagoen han barruan. Kartzelaren parekoa da, hara joan arte ez zara konturatzen zenbat jende dagoen bertan. Eta gaixoz betetako ospitaleak ditugu gure herrian. Horregatik osasuna opa diot jende guztiari, bene-benetan.

Horrez gain, espero dut urrats handiak egotea 2017. urtean. Gustatuko litzaidake datozen Gabonak presorik gabekoak eta Guardia Zibilik gabekoak izatea. Eta gustatuko litzaidake 2017 honetan akordio zabalak egotea, herri hau merezi duen tokira eramateko. Horiek desioak dira. Esan dezakedan bakarra da guk horren alde borroka egingo dugula.