Aimar Etxeberria Korta
Elkarrizketa
Craig Dalzell
ekonomian aditua

«Balizko Eskozia independente batek bere moneta propioa eratzeko apustua egin beharko luke»

Ikerketa burua da Common Weal «think tank»-aren baitan, baita ekonomian aditua ere. Eskoziaren independentziaz eta moneta politikaz hitz egin dugu berarekin.

Dalzell
Dalzell

Eskoziak ez du bigarren independentzia erreferendumik izango, ez behintzat 2017 honetan zehar. Hala iragarri du herrialdeko lehen ministroa den Nicola Sturgeonek asteon. Iragarpenak, baina, ez du herrialdeko mugimendu independentistaren asmoetan eraginik izan; ez daude geldirik egoteko. Bigarren bataila baterako prestaketa lanetan dihardute, berau noiz iritsiko den ez badakite ere. Horretara dator gaur ospatuko duten Scottish Independence Convention foroaren lan saioa. Eragile eta alderdi independentistak elkarturik, 2014ko saiaketan askatu gabe geratu ziren korapiloei soluziobidea ematen ahaleginduko dira.

Balizko Eskozia independente batek erabili beharko lukeen monetaren inguruko eztabaida izango dute gai nagusitzat gaurko saioan. Herrialdearen independentziaren aurka zeudenek zalantzak sortu eta beldurra hedatzeko erabili zuten arma nagusienetako bat izan zen monetarena orain bi urte eta erdiko ahaleginean, behar bezala landu gabeko eta Eskoziako orduko Gobernuak hartutako erabaki inprobisatuen ondorioz. Orduko egoera saihestu eta bataila berriari begira oraino erantzun gabeko galderei ihardespena aurkitu asmoz, lan saioko parte hartzaileetako bat izango da Craig Dalzell. Ezbairik gabe, bilkurako ahots autorizatuetako bat ere izango da berea. Common Weal ideiak sortzeko taldearen ikerketa buru, GAUR8rekin egin du hitzordua etorkizuneko Eskozia independenteak, monetari dagokionez, dituen aukera eta mehatxuak aztertzeko.

Monetarena da balizko Eskozia independente baten inguruan hitz egitean gai izarretako bat. Zergatik hartzen du tamaina horretako garrantzia?

Ez dago herri baten monetaren osasunari begiratzea baino haren ekonomiaren egonkortasuna, fidagarritasun eta konfiantza maila ezagutzeko. Historia euren monetarekin izan dituzten arazoen ondorioz huts egin duten herrialdeez beteta dago. Eskoziaren independentziaren inguruko eztabaidari dagokionez, independentzia bezalako aldaketa politiko batek berarekin dakar ziurgabetasun maila bat ere. Bada ziurgabetasun hori erabil daiteke jendearen artean beldurra hedatzeko, adibidez, aurrezkiez, pentsioez edo fakturak ordaintzeko gaitasunaz hitz eginda.

Behin hori esanik, benetan uste dut monetaren inguruko galdera izan zela, hein handi batean, galdera izarra 2014ko erreferendumean. Jendeak moneta aukeren inguruan galdetzen zigunean behatzak gurutzatu eta gure erantzunek euren artean eraginik ez izatea baino ez genuen espero. Baina jendeak erantzunak nahi zituen, eta horretan huts egin genuela garbi geratu zenean aukera independentistaren inguruan behar bezain ongi prestatuta ez geundela erakutsi genuen. Horrek ez zuen herritarren eta gure baiezkoaren aldeko kanpainaren arteko konfiantza sortzeko ahaleginean batere lagundu.

Aipatu lez, gai izarretako bat izan zen monetarena 2014ko erreferendumean. Zein izan zen Gobernu eskoziarrak hartu zuen posizioa? Ados zaude euren erabakiarekin?

Eskozia eta Erresuma Batuko gainerako herrialdeen arteko libera esterlinaren baitako batasun baten aldeko apustua egin zuen Gobernuak. Monetan oinarritutako batasun horrek esan nahiko zuen eskoziarrok gure ordezkaritza izango genuela Ingalaterrako Bankuan. Ondorioz, hitza eta erabakia izango genituen Ingalaterrako Bankuaren politiketan, interes tasa edo inflazio helburuak zehazteko orduan adibidez. Baina, era berean, esan nahiko zuen Eskozia moneta politika propio bat garatzeko baliabiderik gabe geratuko zela.

Kontuak kontu, ez nago Gobernu eskoziarrak orduan hartu zuen erabakiaren aurka. Ikuspuntu ekonomiko huts batetik begiratuta zentzu guztia duen erabakia izan zen, kontuan hartu behar baitugu Eskoziaren ekonomiak zerikusi handia duela Erresuma Batuko gainerako herrialdeen ekonomiarekin. Ondorioz, moneta bera erabiltzeak erraztu egingo lituzke gure arteko merkataritza harremanak. Ekonomia ikuspuntu huts batetik, beraz, bestelako edozein aukera bezain zentzuzkoa izan zen libera esterlina erabiltzen jarraitzearen aldeko apustua. Baldintza objektiboak aldatu egin dira baina. Horregatik, etorkizunera begira monetaren inguruan ditugun aukerak aztertzen jartzen garenean, prismatiko berriekin aztertu behar ditugu mahai gainean ditugun aukera guzti-guztiak.

2014ko erreferendumaz geroztik, jarri al da norbait aukera berriak birpentsatzen?

Positive Money bezalako eragileak eta norbanako bakan batzuk aritu izan dira moneta aukera ezberdinen inguruko euren azterketak egiten. Alderdi politikoez hitz egitean, baina, oraingoz berdeek soilik egin dute ganorazko zerbait afera honen inguruan. Jakin izan dudanez, gaiaren inguruko proposamen zehatz bat egingo dute antza epe laburrean. Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) ere ekin berri dio gaia aztertzeari, eta horretara buru-belarri jarrita dauka bere Hazkunde Batzordea. Eta, noski, Common Well think tank-eko kideok ere ez gara geldirik egon. 2016ko uztailean eman genuen gure proposamenaren berri, hots, Erresuma Batuak Europar Batasuna uzteko hartutako erabakia oinarri egindako proposamena da.

Hala ere, baina, ez dago oraino aferaren inguruko erantzun bateratu bat. Zein dira mahai gainean aztergai dituzuen aukerak?

Batez ere, hiru aukera ezberdinen inguruan eztabaidatzen dugu, bakoitza bere alderdi positibo eta negatiboekin. Batetik, erabaki dezakegu libera esterlina erabiltzen jarraitzea –Erresuma Batuko gainerako herrialdeekin batasun monetario bat eratuz edo “esterlinizazioa” aplikatuz, hots, batasun monetariorik gabe libera esterlina erabiliz–. Erabaki dezakegu ere gure moneta propioa eratu eta zirkulazioan jartzea eta libera esterlinaren edo euroaren balioa ematea moneta horri. Edo batu gintezke eurora, nahiz eta sarbide arau zorrotzak dituen horrek. Kontuan hartu behar da aukera horiek guztiak direla gauzagarriak, aurrez esan bezala bakoitzak bere alde on eta txarrak baditu ere. Guztiek dute arrisku maila bat, baina ezin esan aukera bat bestea baino arriskutsuagoa denik. Arrisku mota ezberdinak dira eta horrela kudeatu behar dira.

Zein dira mahai gainean dauden aukera ezberdinen alde positibo eta negatiboak?

Jada aipatu dut zein den libera esterlina erabiltzearen alde ona. Nolabaiteko egonkortasuna emango lioke horrek balizko Eskozia independenteari, prezioei eta aurrezkiei dagokienez batez ere. Baina aukera horren aurkako arrazoiak 2014an zirenak baino indartsuagoak dira egun. Ezezkoaren aldeko kanpainak modu egokian asmatu zuen Gobernu britainiarraren beto eskubidearen argudioa erabiltzen eta guk une hartan aipatu argudioa onartzeko izan genuen gaitasun eza monetaren gaineko eztabaida galtzearen arrazoi nagusienetakoa izan zen. Era berean, Brexitaren ondoren, ez dago batere garbi Europarekin harremanak mantendu nahi dituen Eskozia bezalako herrialde batek bloke komunitariotik kanpoko herrialde batekin batasun monetarioa osatzeko aukera.

Batasun monetarioa gauzatu gabe libera esterlina erabiltzea aukera errealagoa dela esango nuke. Bide hori hartu duten herrialdeen esperientziek erakutsi dutenez (Ekuador dolar amerikarrarekin, Monako euroarekin, Liechtenstein franko suitzarrarekin), aipatutako herrialdeen tamaina oso txikia izan ohi da berenganatu duten moneta erabiltzen den espazio osoarekin alderatuta, %1 baino txikiagoa. Eskoziaren kasuan, berriz, libera esterlina erabiltzen den espazio osoaren %10 hartuko luke, eta horrek zaildu egin lezake aukera hori, Eskoziak monetarekiko hartuko lituzkeen erabakiek inpaktu handia izan baitezakete Erresuma Batuko gainerako herrialdeengan. Bestalde, Eskoziak eredu ekonomiko propio bat garatzeko erabakia hartuko balu, agian, ez litzateke aukera hoberena izango libera esterlina erabiltzearena.

Euroa gure hartzearena izan daiteke keinu egoki bat gure aliatu europarrekiko. Gainera, euroaren balioa libera esterlinarena baino txikiagoa izateak Eskoziaren esportazioetan asko lagun lezake. Hala ere, arazo estruktural ugari ditu gaur egun euroak, eta horiek eurogunea porrotera bidera dezakete. Greziaren esperientziak argi erakutsi digu, gainera, gehiegizko zorra kudeatzeko arazoak dituela euroguneak eta, nolabait, berau uzteko bide orri edo mekanismoen falta dagoela. Alderdi horiek guztiak hartu behar ditu kontuan edozein herrialdek eurora sartu aurretik. Ildo horretan, Eskoziak ezingo luke eurora independentziaren lehen egunetik bertatik batu. Eskaera egin beharko luke lehendabizi, eta, herrialdean euroa martxan jarri bitartean, pare bat urte igaro daitezke. Horrek esan nahiko luke herrialdea independente bilakatu eta eurora batu bitartean bere moneta propioa eratu beharko lukeela Eskoziak.

Azken aukera horren alderdi positiboa litzateke moneta politikaren gaineko erabateko kontrola izango lukeela herrialdeak, adibidez, interes tasak zehaztu edo soilik beharrezkoa den dirua inprimatu eta zirkulazioan jartzeko. Gainera, erabaki ahal izango genuke gure monetaren balioa libera esterlinarengana edo eurora gerturatzea, prezioen nolabaiteko egonkortasun bat mantentzeko. Baina bada alde txarrik ere. Azkenean merkatua izango litzateke gure monetaren balioa zehaztuko lukeen instrumentua, eta hori independentziaren aurkako argudio gisa erabil lezake ezezkoaren aldeko kanpainak.

Aukera horien guztien artean, zeinekin geratzen zara? Zer-nolako zailtasuna luke bere inplementazioak eta nola garatuko litzateke?

Common Weal think thank-eko kideok argitaratu genuen proposamenean balizko Eskozia independente batek bere moneta propioa eratzearen aldeko apustua egin beharko lukeela adierazi genuen. Gomendatzen genuen hasieran bere balioa libera esterlinaren baliora gerturatzea, trantsizioa errazago egin eta pentsioen eta soldaten balioa berdina edo antzekoa izateko aurrerantzean ere. Jendeak liberatan dituen aurrezkien kasuan ere lagun dezakeen aukera da. Moneta sortzeko prozesuaren inguruko proposamena ere egin dugu, “How to Make a Currency” bezala bataiatu duguna. Proposamen horretan –zeinak euroaren inplementazioa lehen eskutik bizi izan zuten adituen ekarpena izan duen– prozesua ez dela zaila erakusten dugu, nahiz eta eman behar diren urrats guztiak modu jakin batean eman behar diren, inolako akatsik gabe.

Prozesua monetaren osagai elektronikoa martxan jartzearekin abiatuko litzateke. Hau da, Eskozia ez litzateke moneta berria fisikoki inprimatzetik abiatuko, baizik eta moneta finantza sisteman txertatuko luke. Prozesu hori erreferendumaren egunean hasi eta independentziaren deklarazioarekin amaituko litzateke. Denbora tarte horretan zehar, herritarrek Eskoziako moneta berrian oinarritutako banku-kontuak sortzeko aukera izango lukete. Ondoren, data bat ezarriko litzateke zerga eta gizarte segurantzako ordainketa guztiak moneta eskoziarrean egiten hasteko. Banku Zentral bat ere sortu beharko litzateke, moneta politikaz arduratuko litzakeena. 50 milioi libera esterlinako aurrekontua izan lezake bere lehen urteetan, baina aurrera egin ahala autofinantzatu egin beharko litzateke.

Aipatutako guztia aurrera doan heinean, herritarren artean egindako kontsulta batek txanponen eta billeteen diseinua hautatzen lagun lezake, eta horiek monetak hiru urteko iraupena izan dezan kopuru egokian inprimatuko lirateke. Hiru urte horien ostean moneta berria izango litzateke Eskoziako moneta ofiziala, eta, orduan, Gobernua eta Banku Zentrala libre izango lirateke monetaren balioa libera esterlinari itsatsita mantendu edo ez erabakitzeko.

Gaia gaurko Scottish Independence Convention foroaren saioan landuko duzue. Zer espero duzu ariketa horretatik?

Hasieran esan bezala, monetaren afera izan zen 2014ko erreferendumeko gai izarretako bat. Ondorioz, gaia gaurko bilerara eramatearen arrazoia da jendeari birgogoratzea korapiloak askatu gabe jarraitzen duela oraino. Guk gure proposamenaren berri emango dugu, eta horrek eztabaida abiatzeko balioko du behintzat. Ados edo ez, etorkizunera begira baliagarria izango den informazio baten berri emango dugu, eztabaida serio bat garatzea ahalbidetu dezakeena. Agian adostasun batera ere iritsi gintezke, batek daki. Prozesua bera, beraz, 2014an ezezkoaren aldekoek garatu zuten kanpaina baino osasuntsuagoa dela esan nezake, proposamena edozein zela “ez” esatera mugatzen baitziren haiek.

Azkenekoz, baina, Gobernuarena izango da proposamen zehatz bat egiteko ahalmena. Zenbaterainoko garrantzia dauka afera honetan mugimendu sozial, «think tank» eta abarren inplikazioak?

Independentziarekiko lotura duten erabaki guztiak ahalik eta modu kolektiboenean hartzea litzateke egokiena. Horretarako, pentsatzen ari gara erabaki guztiak Scottish Independence Convention foroaren baitan hartzea, ordezkari eta bozketa bidez, bertan ordezkatuta baitaude eragile eta alderdi independentista nagusienak. Aurrera dezaket, baina, hainbat eragile eta alderdi politikorekin izan ditudan hitzorduetan argi geratu dela gehiengoa Eskoziak bere moneta propioa jaurtitzearen aldekoa dela. Horrek ez du esan nahi, baina, dena egina dagoenik eta zabalik gaude oraino proposamen berriak jasotzeko, baina soilik eskatzen dugu guk inbertitu dugun adina denbora inbertitzeko ikerketa lanetan eta proposamenaren garapenean.

Eskoziaren independentziaren afera garrantzitsuegia da soilik alderdi politikoen esku uzteko, garrantzitsuegia soilik alderdi politiko bakar baten esku uzteko. Horregatik da mugimendu sozialen eta think thank-en lana berebizikoa. Common Weal taldean daramadan denboran zerbait ikasi badut, honakoa da: Eskozia talentu eta trebeziaz betetako herrialdea da. Monetaren inguruko proposamena garatzeko orduan izan ditugun ekarpenak dira horren adibide. Horregatik, proposamenari egindako ekarpen gehiago jasotzeko beso zabalik gaude.