Juantxo EGAÑA

1835. urtean Ezpeletan sortutako Izarra likorea, modako bihurtuta

Joseph Grattauk farmazialari eta botanika zaleak Ezpeletan 1835ean sortutako likore bat erosi zuen 1904an. Hasiera batean Hendaian hasi zen likorea ekoizten, baina urte batzuen joanean Baionara mugitu zuen enpresa. Adur ibaiaren ertzean destilategi handi bat sortu zuen, zegoen eskari garrantzitsuari erantzun ahal izateko. Lehen Mundu Gerraren ondoren, aipatu likorea zabaltzen hasi zen han-hemenka eta 1929. urtean Parisko Koktelen Txapelketa irabazi zuen. Geroztik, Izarra deituriko likorea moda-modako bihurtu zen Estatu frantses osoan. Likorea ardatz hartuta koktel arrakastatsuak sortu ziren; “Tito” izenekoa 1929an, “Marina Green” 1936an eta “Chiberta Cocktail” 1938an. Joan den mendeko 60ko hamarkadan iritsi zen gailurrera likorearen zabalkundea, urtean milioi bat botilatik gora salduz. Goiko irudia 1906an jasotakoa da. Bertan Izarra enpresako langile talde bat ageri da, eta, ikusten denez, emakumeek zein gizonezkoek egiten zuten lan destilategian.