Mikel Zubimendi Berastegi
HARTZ DIPLOMATIKOAK

Komertzio itun eta nazioarteko sekretu askoren zoritxarreko opari eta ehizaki

Hartzak kreatura maiestatikoak dira. Gurekin antz fisiko handia dute. Bi hanketan ibil daitezke, titia ematen dute. Askoz gehiago ere badira, baina. Txinak diplomazia modu bat eraiki du altxor nazionaltzat jotzen duen hartz panda potxoloarekin. Errumaniak, aldiz, ehizaldiak antolatzen zituen atzerriko estatuburuentzat, akordioak ixteko.

Mundu osoan oso hedatuta daude gizakia eta hartza lotzen dituzten kondairak, ipuinak eta errepresentazioak. Beste arrazoi askoren artean, bi espezieon arteko antza fisikoan aurki daitezke harreman horren arrazoiak: biak zutitu eta hanka bien gainean ibil daitezke. Hartzak aurreko hankak guk eskuak bezala erabiltzen ditu. Amak umeari bezala, hartz emeek ere beren kumeei titia ematen diete. Biek dituzte antzeko oinazpia, plantigradoak diren heinean. Biak dira iletsuak (edo izan ziren garai batean) eta historiaurrean biak ziren bizilagun, leizeak konpartitu zituzten heinean, hori liskarretarako motibo izan bazitekeen ere.

Hartza ez da basapizti hutsa. Animalia totemikoa eta mitologikoa dugu. Xamanismoa oso lotuta dago hartzarekin. Greziarrek ere, historiaurreko sineskerak berenganatuta eta moldatuta, zeruko kosmologian leku garrantzitsu bat eman zioten.

Hartzari dantzatu egiten zaio hainbat tokitan, baita Euskal Herrian ere. Hartz larruekin jantzita, dantzariak bizkarrez gora ibiltzen dira kaleetan, gero bi hanketan jaikiz, heriotza eta birjaiotza sinbolizatzen duten interpretazioetan. Ijitoek lepotik kateatuta Urtezahar egunean ekartzen zituzten herrietara, haien musika dantzatzeko, edo neguko solstizioa ospatzeko, argia berriz itzultzen zenean ziklo berri baten birsorkuntza aurreratuz. Hartzaren hibernazioak, heriotza egoeratik birsortzerako jauzia ordezkatzen zuen antzinako praktika erlijiosoetan.

Hori guztia eta bost gehiago esan liteke hartzaren inguruan. Lerrootan, baina, kreatura maiestatikook diplomaziarekin izan duten harremana, edo nola erabili diren, aztertuko da. Horretarako aski ezaguna den “Panda diplomazia” errepasatuko dugu, Txinak nazioarteko harremanak josteko hartzak maileguan emanda nola jokatu duen. Bestetik, hain ezaguna izan ez arren, Sobietar Batasunean eta, batez ere, Errumaniako agintaldi komunistan, agintarientzat ehizaldiak nola antolatzen zituzten gogoratuko dugu: hartzak propio prestatzen zituzten, sarritan eztia erabiliz eta baita vodkaz mozkortuz ere, gonbidatuek erraz asko sarraskitu zitzaten.

Bi idi, bi panda erraldoiren truk

Mendebaldean, faisaien berrogei espeziekin batera, hartz panda kreatura potxoloaren berri aurrenekoz eman zuena euskal abade ilustratu bat izan zela gogoratu behar da: Txinan misiolari izandako Armand David ezpeletarra. Aizue, hartz mota honen “aitatzat” euskaldun bat jotzea ez da ez nolanahikoa!

Txinak 1965. urtean eman zituen lehen hartz pandak opari diplomatiko gisa. Mao Zedong liderraren opari “pertsonalak” izan ziren, Sobietar Batasuneko Nikita Khrustxev eta Ipar Koreako Kim Il Sung liderrentzat hain zuzen.

Mendebaldeko herrialde batera bidali zuen lehen pandaren historia zinez kuriosoa da. Ameriketako Estatu Batuetako Richard Nixon presidenteak 1972an Txinara egin zuen bidaian trukea proposatu zien txinatarrei: bi musketa-idi, bi panda erraldoiren truke. Eta txinatarrek onartu egin zuten. Ling-Ling eta Hsing-Hsing izeneko hartzak eraman zituzten AEBetara, eta orduz geroztik estatubatuarrek pandekin duten amodiozko harremanak ez du etenik izan. Iritsi ziren momentu beretik, zooak jendez lepo bete ziren bikote perla ikusi ahal izateko: atentzio izugarria bereganatu zuten. Animalien kontserbazioaren ikono bilakatu ziren, pandak zituzten zooen marka korporatiboak indartuz.

Ospearekin batera, baina, diplomazia zegoen, komertzioa, nazioarteko tratatuak, eta, hartara, Txinak bere altxor nazionala ongi baliatu zuen. Mao Zedongek hasitako praktika urteetan zehar aldatuz joan da. 1972tik 1984ra bitartean pandak oparitu egiten zituen Txinak, oparia opariaren truke; 1984tik 1998ra bitartean, baina, maileguan baino ez zituen uzten, finantza transakzioetako molde bera erabiliz; 2008tik aurrera, maileguok bi herrialdeen arteko bata bestearekiko beharretan oinarritzen dira eta Txinak balore handiko baliabide eta teknologiak lortzeko erabiltzen ditu. Maileguok guanxi bezala ezagutzen dira, influentzia pertsonalizatuan, konfiantzan, elkarrekikotasunean eta leialtasunean oinarritzen diren sareak deskribatzen dituen txinerazko hitza erabiliz.

Pandak opari, izokinak negozio

Zer den diplomazia! Eskoziak, adibidez, bere panda bikotea 2011n eskuratu zuen. Gero etorri ziren izokin, energia berriztagarri eta Land Rover ibilgailuen inguruan sinatutako 3.000 milioi dolarretik gorako kontratuak. Norvegiak, ordura arte bi hamarkadaz Txina izokinez hornitu zuen herrialdeak, Nobel Saria eman zion Liu Xiaobo txinatar disidenteari. Eskoziaren kaltetan, bada, izokinaren Txinako merkatu osoa galdu zuen ordainean Norvegiak. Kanada, Frantzia edo Australiari egindako “panda maileguen” ondoren, berriz, uranioaren komertzioan itun garrantzitsuak sinatu ziren, Txinaren hazkunde nuklearra azkartzeko ezinbestekoa zena.

“Pandaren diplomaziarekin” Txinak azpilana egiten du, soft power bezala ezagutzen dena praktikatuz. Pandak bidaltzean ez da automatikoki komertzio ituna ixten, epe luzeagoko harremanetarako apustua egiten da, nolabait, bi herrialdeen artean abiapuntu berri bat ezartzen da. Bai, esan daiteke panda hartzak “urrezko meategiak” izan direla, eta direla, Txinarentzat.

Baita jaso dituzten zooentzat ere. AEBetako Memphis hirian, adibidez, pandak izan dituzten hamar urteotan diru kopuru sarrerak 135 milioi dolar handitu dira. Txinako Gobernuaren jabetza izaten jarraitzen dute hartzok, baita munduko zooetan jaiotako hartz panda kumeek ere. Hala, “alokairu kontratua” hamar urtero berritzen da arazo diplomatiko larririk ez bada.

Praktika honek lagundu al du, baina, hartz pandaren kontserbazioan? Galtzeko arriskuan diren animalien zerrendatik atera berri duten arren, demontrea hor dago: zooetan gero eta panda gehiago daude, gero eta gehiago esplotatzen dira komertzialki, gero eta intrusiboagoak dira ar eta emeentzat artifizialki ernalduta geratzeko teknikak, baino, aldiz, gero eta urriagoak dira hartzaren habitat naturalak errekuperatzeko ahaleginak. Hartz pandak egunetik egunera ari dira galtzen naturan libre bizitzeko espazioak. Hori oso kontuan hartu beharrekoa da hain eder eta potxolo diren kreatura ikonikook edozein zootan bertatik bertara ikustean.

Mozkortutako hartzei tiro

Hartzak nahita elikatu, eremu itxietan ehizaren eguna iritsi arte preso atxiki eta erraz tiro egiteko mozkortzearena ez zen Espainiako Juan Carlos Borboikoa errege ohiarekin hasi. Ezaguna da “ehiztari” prestu horrek Errusian egin zuen barrabaskeria: umeen aisialdi gune batetik berarentzat espresuki atera eta zeharo mozkortutako Mitrofan hartza tirokatu hil zuen. Zutik eusteko gai ere ez zen hartz mozkortua itu erraza baita tiroz hiltzeko. Hura koldarkeria totala, drama higuingarria izan zen, pertsonaiari zor zaion higuinaren neurrikoa.

Errumaniak hartzak trofeo gisa ehizatzeko tradizio luzea du. Nicolae Ceausescu zenak, epaiketa fartsa baten ondoren koldarki fusilatu zuten presidente komunistak, bere agintaldi despotikoan zehar 400 hartz hil omen zituen tiroz; pentsa, egun bakar batean 24 hiltzera ere iritsi zela esaten da.

Errusiatik mendebaldera dagoen hartz populazio handiena du Errumaniak, Karpatoek mendi ekosistema oso aproposa osatzen baitute hartz arrentzat. Azaleran AEBetako Yellowstone parkearen tamaina bertsua dute, baina Yellowstonen baino zazpi aldiz hartz gehiago bizi dira bertan. Elkarren aurrean tentuz jokatuz, Karpato mendietan homo sapiens-ak eta ursus actors-ak milurteko luzez bizi izan dira elkarrekin.

Historian zehar hartzak ehizatzea ez da oso praktika hedatua izan Karpato mendietan. Hartzekin batera oreinak, orkatzak, basurdeak... bezalako beste animalia batzuk ere bizi dira bertan, haragi hobea dutenak eta arrisku gutxiagorekin ehizatu daitezkeenak. 1920. urtean, baina, hartza «izurri eta pizti arriskutsu» gisa izendatu zuten, sarraskiari argi berdea emanez.

Ordura arte, noblesse oblige, aristokraziaren landa-abentura zen hartzaren ehiza. Ordutik aurrera orokortu zen sarraskia hartz arren populazioa arrisku bizian uzteraino. Hamar urte geroago, neurriak hartu ziren: hartzen populazioa lehengai baliotsu eta finitoa izanik, hartz-kumeekin ziren emeak tirokatzea debekatu zen, eta hartzaren ehiza kirol gisa arautu zen, hainbat printzipio argi eta etiko ezarriz.

Horrek asko lagundu zuen hartz populazioaren hazkundean. Hartzak artifizialki elikatzen ere hasi ziren. Ehiza eremu ezberdinetan banatu zituzten Karpatoak eta eremu bakoitzari basozain bat egokitu zitzaion. Basozainek fruitu, arto eta haragi ustelak uzten zizkieten hartzei. Izenez ezagutzen zituzten, hartzen egunerokoa behatzen zuten, kumaldiak kontrolatzen zituzten eta ehizaldietan tiratzaileen laguntzaile gisa aritzen ziren.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1947an hain zuzen, erregea abdikatzera behartu zuten komunistek eta Errumania errepublika herritarra bilakatu zen, sobietarren kontrol eremuan kokatuz. Eta Karpatoetan hartzak ehizatzea, nomenklaturaren, Errumaniako alderdi komunistaren elitearen, pribilegio bilakatu zen.

Orotan ehiztari sarraskigileena, praktikan Errumaniako “ehiztari gorena”, Ceaucescu Conducatore-a bera bilakatu zen. Vasile Crisan basozainaren memorietan irakur daitekeenez, helikopteroz heltzen zen Dealul Negru ostatura, berarentzat propio Karpatoetan eraikitako luxuzko gunea. Alderdiak 400 bat nekazari mobilizatzen zituen basozainek elikaturiko hartzak bertaraino erakartzeko, eta, Ceaucescuk, aulkitik altxatu gabe, bertatik bertara tiro eginda hiltzen zituen. Baita dozenaka ere.

Gero, Ceacescurentzat lan egiten zuten taxidermistek disekatzen zituzten. Ehizatutako trofeoa handitzeko asmoz, larrua landu eta topera tiratzen zuten bere ehiztari onaren sona hauspotzeko. Zorigaitzeko trofeo horiek, Karpatoetako Ehiza Museoan daude egun. Pentsa, museo horretan erakusten diren trofeo guztien %80 Ceaucescu berak ehizatutakoak dira. Are, bera da ere nazioarteko CIC Wildlife erakunde kontserbazionistak aitortzen dituen bi errekor tristeren jabea: munduan hartz gehien hil dituen ehiztariarena eta hartz handiena hil duenarena.

Varsoviako ituna, hartzak hegan?

Ehizaldi esklusibootara estatuburu asko gonbidatu zituen Ceaucescuk: besteak beste, Muamar Gadafi libiarra, Nikita Khrustxev sobietarra, Bulgariako buru izandako Todor Zhivkov, Jugoslavia ohiko Josip Broz Tito...

Karpatoetako hartzaren inguruan diplomazia kuriosoa eraiki zen azkenerako. Ehizaldiok Varsoviako Ituna zenaren baitako elkarrizketa sekretuetarako gune aproposak ziren. Eta ez bakarrik ehizaldiak.

Berriki, Frankfurteko Elkarte Zoologikoak egindako ikerketa batek legenda hutsa zela uste zena baieztatu du. Bai, Varsoviako Itunean hartz hegalariak zeuden! Bulgariako hartzen populazioak Karpatoetan duela jatorria frogatu ahal izan da; hau da, hegazkin militarretan bidali zizkiola Ceaucescuk opari gisa Todor Zhivkov bere (ehiza)lagunari.

Beste legenda batek dioenez, Ceaucescuk hartzak ehizatzera gonbidatu zuen Nikita Khrustxev buruzagi sobietarra eta orduan konbentzitu zuen Sobietar Batasuneko tropak Errumaniatik ateratzeko. Tiro egiteko propio prestaturiko hartzak, eroso-eroso eserita zain egon hartza jomugan izan arte, janari ona eta ardo hobea, errumaniar abeslari onenak eguna alaituz… “Abegi onaren” horrelako demostrazioa jaso eta gero, Nikita Khrustxev bai esan zion antza Errumaniatik Armada Gorria erretiratzeari. Eta hala egin zuen 1958. urtean.

Paradoxa mingarria

Atzo arte munduko aberatsen pribilegioa izan da Karpatoetako hartzak ehizatzea. 10.000 euro ordaintzen zituzten hartz bakoitzeko. Zorionez, baina, inork gutxi espero zuen erabakia hartuz, iragan urtean 550 hartz, 600 otso eta 500 katamotz hiltzeko baimena eman ondoren, Errumaniako Gobernuak aurten debekatu du harrapariok ehizatzea. Berri ona da. Paradoxa munduko beste puntatik dator: Yellowstonen, Grizzly hartza galtzeko arriskuan diren espezien zerrendatik atera eta trofeo gisa ehizatzea baimendu nahi dute.