Ula Iruretagoiena Busturia
Arkitektoa

Lurraldearen ingurumen plangintzarik?

Klima aldaketak ekartzen dituen eta ekarriko dituen fenomeno naturalen bortizkeria ez da inolaz ere izaera «naturalekoa». Giza esku hartzearen eta ingurumenaren arteko desorekaren emaitza da. Telebistako pantailatik, sofa aurrean eroso gaudela meteorologoaren ahotsetik entzuten ditugun klimaren eragin suntsitzaileak, lurraren gaineko akzio politikoen produktu dira maila oso handi batean. Klima aldaketaren inguruan sortu den narratiba hegemonikoan –mezu bakuna izatetik urruti– ematen du borrokatu beharreko arerio maltzur bat etorri dela gurera. Horrela lortzen da gertaeren erantzulea abstraktu bilakatzea, gizakiok sortu dugun egoera baten aitortzan zentratu beharrean. Ezin uka, ordea, azken hamarkadotan lurraldearen gain ezarri diren ingurumen legedi, arau zuzentzaile eta europar hitzarmen oparoek, giza aktibitateek ingurumenean eragiten duten ondorio latzen gaineko sentsibilitatea hedatu dutela. Legeetan irakurtzen diren printzipioek ingurune naturala giza jarduera agresibotik eta gehiegizko antropizaziotik babestu nahi dute, eta, bide batez, baliabide naturalen parametroa hiri plangintza egiterakoan kontutan hartzera behartzen du.

Lurraldearen euskarri biofisikoaren plangintzak hiru helburutan jartzen du fokua: suntsitutako, kutsatutako edo kaltetutako habitaten berreskurapenean, lurraren berariazko ezaugarriak garatzean eta baita beraien babespenean ere. Plangintza horrek lurralde eskalako azterketa eskatzen du, eta, ikertu beharrekoaren konplexutasunak, ikuspegi sektorialetik abiatzera bultzatu du. Euskal Autonomia Erkidegoan, lurraldearen, ibaien eta ibaiertzen, ingurune hezeen eta nekazaritza-abeltzaintza-basogintza arloko planak egin dira. Plangintzotan lurra kategoria desberdinetan banatzen da –batzuetan kategoria homogeneoegiak ez ote diren zalantza piztuz–. Kategoria bakoitzari araudi bat atxiki zaio, giza erabilpenerako mugak ezarriz. Plan sektorial guztion gainjartzeek mapa konplexu bat ekartzen dute emaitza gisa.

Lurralde eskalatik udal eskalara “jaisten” garenean, ingurumen legediak eta plangintza sektorialak lotesle dira. Gainera, udal lurretan garatu nahi den edozein giza jarduera –dela ur hoditeria, dela auzo bat– ingurumen txosten bat izatera behartuta dago. Dokumentu horrek proposamenaren alternatiba posibleak baloratuko ditu, eta giza akzioa aurrera eramateko beharra justifikatu behar du. Behin proposamen egokiena aukeratuta, giza aktibitatearen eraginen balorazioa gaineratzen da –ekonomikoa ahaztuta– eta eraginok murrizteko “neurri zuzentzaileak” ezartzen dira. Dokumentu horiek erabilgarritasun muga handia dute: udalerriaz gaindiko lurraldean eragiteko eskumenik ez izatean, balorazioa unitate biomorfologikoaren eremuan egin beharrean, muga administratiboen arabera egiten da. Hots, ikuspegi sektorialek sorturiko mapa konplexua interpretatzeko tresna izatea baliogabetzen da. Bestalde, giza aktibitateen garapenari “bermea” ematen dion txostena zeharkako ikuspegia barneratzeko ahalegin bat bada ere, oraindik politikarien eta arkitekto-hirigileen begirada partziala –eta interesduna– lurraldearen gaineko erabakietan nagusi dela baieztatzera ausartuko nintzateke.

Ingurumen plangintza, existituko balitz, administrazio mugak eta begirada sektoriala gaindituko lukeen plangintza litzateke. Ingurumenaren hitz zabalaren azpitik, ulermen ekosistemikoa baitago, non izaki bizidunak, euskarri biofisikoa eta osagai kulturala kontutan hartzen diren, guztien artean lankidetza bat sustatzeko asmoz. Ingurumen plangintza delako honek lurraldearen ulermen eta garapen ereduen aldaketa ekarriko luke, eta, horrekin batera, hainbat giza jardueren zilegitasuna ezbaian jarri. Bide horretatik, klima aldaketaren aurkako benetako iraultza hasiko litzateke. •