Gaizka Amondarain
Irakaslea

Burutik behera pisa

Ados Atxagarekin: gaur egungo eskoletan ez da subjektu politikorik sortzen. Jakintza instrumentala bideratzen da, zerbait egitekotan. Botereari ez zaizkiolako pentsatzeko gai diren eta nortasuna duten norbanako buruaski eta kritikoak interesatzen. Are gehiago esango nuke: azken hamabost urteotan sekulako atzerapausoa eman da arlo askotan. Orain ez baita euskal curriculumari buruz ia hitzik egiten. Frankismo garaitik zetozen irakasleak gehiegi ez haserretzeko ezarri ziren ereduak gainditu eta murgiltze eredu bakarra garatzearen inguruan ere ez da txintik esaten, nahiz eta gero onartu etorkinen seme-alabak integratzeko biderik onena D ereduan matrikulatzea dela. Orain Heziberri aipatzen digute egun batean eta euskararen erabilerarekin daukagun arazoa hurrengoan, hileko gainontzeko egunak LOMCEri buruz eztabaidan pasatzeko. Errebalidak egin ez egin, edo PISA txostenak gurean utzitako emaitzek sortutako burrunba: horixe dugu kezka nagusi. Gure hezkuntza ereduaren osasunaz jabetzeko, kanpotik eta hala moduz egindako proba batzuk behar izateak ematen digu deskalabruaren neurria, beste ezerk baino hobeto.

Irakasleok ere, nola ez, izango dugu zerikusiren bat hezkuntza munduak bizi duen gainbeheran. Geu garelako, azken batean, egunez egun gure eskoletan bizi dugun errealitatea beste inork baino hobeto ezagutzen dugunak. Baina arazoa ez da gurea bakarrik. Eta arazoa ez da irakasle izan nahi dutenei azterketa bat eginda edo jadanik lanean dabiltzanei lau ikastaro emanda konpontzen. Hori makillajea da. Buruko mina duenari bekokian tirita jartzea. Eta badaramagu hamarkada bat –gutxienez– horretan. Zer-nolako hezkuntza eredua nahi dugun eztabaidatzeko eta definitzen hasteko inongo ausardiarik gabe, aurrez nonbaitetik diseinatuta datorren bide orriari kolore apur bat ematera mugatzen da gure jarduna. Norabiderik gabe, gero eta baldintza kaxkarragoetan, bakoitza bere kabuz arraunean dabilen eskifaia baino ez gara.

Kristina Uriartek prentsaurreko bat eman eta biharamunean sindikatuek greba deialdi bat egiteak, egia esan, ez du gehiegi laguntzen egoeraren larritasuna agerian uzterako orduan. Beroaldi batean egindako deialdi bat ematen baitu, lehen kolpean, beste ezer baino gehiago. Bi asteren buruan grebarako bi deialdi egotea ere –bata espainiar Estatutik datorrena eta bestea hemengoek iragarria– ez da mobilizazioaren mesedetan izango: sindikatu bakoitzaren interesak desberdinak direla jakinda, grebarik ez egiteko aitzakiarik behar ez duenari debaldeko aitzakiak ematea iruditzen zait niri behintzat. Lehenago ere nahikoa sakabanatuta dagoen gremioa, are gehiago banatzeko baino ez du balioko tamalez. Uste zabaldua baita gurean greba egiteak ez duela ezertarako balio. Planto egiteko arrazoiak inoiz baino gehiago ditugu, baina mobilizaziorako zailtasunak ere neurri berean ugaritu zaizkigu aspaldion. Nahiz eta garai bateko martxoaren 3 eta 8 haietan bezala gaur egun greba izan goitik hartzen diren erabakien kontra azaltzeko daukagun tresnarik baliotsuena. Eta tresna hori agortutzat emateak, edo behar bezala ez erabiltzeak, deskalabruaren deskalabrua lekarke, inondik ere.

Egun batez lanera ez joateak ez du mundua aldatuko, ados, baina nonbaitetik hasi beharra dago. Aitzakiak aitzakia, protestarako aukera duenean mugitzen ez denak aurrerantzean kexatzeko zuen zilegitasun guztia galtzen baitu. Etsigarria da ikustea hezkuntzan –EITBri buruz ere berdina esan dezakegu– zein puntutaraino ari garen beste batzuek kanpotik markatzen diguten agendaren arabera jokatzen. Zein puntutaraino ari garen alferrik galtzen eskolak –eta telebista publikoak– bestelako jendarte bat sortzeko eskaintzen dizkigun aukerak. Ikusteko dagoena da zein puntutaraino gauden prest burutik behera pisa egiten digutela jakinda, euria ari duela sinesteko. •