joseangel.oria@gaur8.info
GERRA ETA GOSEA

Hego Sudango iparraldeko paduratan gosetetik bizirik atera nahian

Gerrek zein lehorteek goseteak eragiten dituzte eta milioika lagunek ihes egin beste erremediorik ez dute izaten. Erakunde humanitarioek laguntza banatzen duten lekuetara iristea izaten da beren helburua, baina ordura arte bizirik jarraitzea oso zaila izaten da, Hego Sudango iparraldeko paduratan egunotan ikusi ahal izan denez.

Hego Sudango milaka herritarrek herrialdeko iparraldean dauden padurak utzi eta erakunde humanitarioek emandako janaria eskuratzeko itxaropena dute. Gerraren eraginez egin zuten ihes paduretara, baina bertan ere nazioarteko laguntzaren beharra dute, gosez hil nahi ez badute. Oso ondo ezagutzen du egoera Bol Molek. Petrolio-eremu bateko segurtasun lanetan aritu ondoren, orain hilabete batzuk daramatza etxekoei bizirik eutsi nahian. Horretarako arpoia hartu eta arrantzara joaten da, bere hiru emazteak igebelar bila joaten diren bitartean. Zerbait jan behar dute, eta paduran ez dago aukera handirik.

Paduran egunean behin baino ez dute jaten, eta hori zorte oneko egunetan, batzuetan baraurik geratu beste erremediorik ez dute izaten-eta. Gutxienez, beren etxean baino seguruago sentitzen dira bertan, 2013ko abenduan hasitako gerra zibilean esku hartzen ari diren soldaduen lapurretarik gabe behintzat. «Hemen bizitzak ez du ezer balio», esan du Bolek, eskuarekin makilari eusten diola. Beste milaka lagunekin batera laguntza humanitarioaren zain dago, sekulako beroa egiten duen arren. Erakunde batzuek Gobernuaren zein matxinoen baimena lortu zuten Thonior eskualdean elikagaiak banatzeko, Leer hiri handitik gertu. Baina janari banaketa hasi aurretik, bertaratu diren biztanle guztiak erregistratu egin behar dituzte boluntarioek.

Hego Sudango Gobernuak eta Nazio Batuek orain bi aste deklaratu zuten Batasuna izeneko eskualdeko gosetea: bertan 100.000 lagunetik gora daude tripa bete ezinik. Nazio Batuek esan dute Hego Sudango gosetea ezin zaiola klima aldaketari leporatu, gizakiari baizik. Izan ere, hiru urtetik gorako gatazka armatuak erabat kaltetu du nekazaritza, janari erreserbak agortu egin dira eta herritarrak ihes egitera behartu ditu.

Gosea, gerra-baliabide

Gainera, borrokan ari diren bi aldeek gerra-baliabide moduan erabiltzen dute herritarrek jasaten duten gosea. Bi aldeek itxi diote bidea laguntza humanitarioari eta janaria banatzera joan diren borondatezko lankideei eraso egin izan diete, betiere erasotzailearen interesen arabera. Ez da harritzekoa Leer hiriak eta inguruek gosetea izatea, matxinoak baitira nagusi bertan, Riek Machar buruzagi errebeldea jaio zen lekua baita. Salva Kiir presidentearekin zituen ezberdintasunek eragin zuten gerra zibila eta geroztik dozenaka mila lagun hil dira, eta hiru milioi herritarrek beren etxea utzi beharra izan dute.

Gatazkaren arrastoak bazter guztietan daude ikusgai: su emandako eskolen paretetan, erietxeetan, eraitsita dauden etxe eta eraikinetan edo garai batean bizi-bizirik zegoen azokak gaur egun eskaintzen duen miseriazko irudi tristean. Ezin harritu, nekazariek ezin baitute beren lana egin borrokak dauden lekuetan. Gainera, bi aldeetako soldaduek ganadua lapurtu eta hiltzeko joera izaten dute. Beraz, lurrean hazten diren belar eta landareak jaten dituzte, arrantzan eta ehizan saiatzen dira eta, batez ere, nekez iristen den laguntzaren zain egoten dira. «Ez da nahikoa», haserretu da Bol Mol: «Orain jende gehiena paduratan bizi da. Bertara joan eta umeak ikusten badituzu, hain egoera tristeak negarra eragingo dizu».

Herrialde osoan ia 5 milioi herritar daude gosearen mehatxupean. Jatekorik ez dute eta laguntza behar dute, kasu askotan borrokak ikaragarri bortitzak diren estatuetan.

«Guk dugun arazorik larriena eremu batzuetan izaten den segurtasun eza da, eta, horregatik, leku horietara joatea oso zaila izaten da», George Fominyen Elikagaien Munduko Programako ordezkariak adierazi duenez.

Deklarazio ofiziala

Erakunde humanitarioek, beraien esperientzian oinarrituta, jakinarazi dute gosetea ofizialki deklaratzen denean beranduegi izaten dela herritar askorentzat, dagoeneko larriegi baitaude. Edonola ere, azken deklarazioak eragin du Gobernuak bidea zabaltzea gobernuz kanpoko erakundeei, eta orain buru-belarri ari dira lanean.

Ray Ngwen Chek 32 urteko nekazariak garbi dauka egoerak okerrera egin duela gerra hasi zenetik. «2013az geroztik ez dugu ezer landatzerik izan. Ez dakizu bihar bizirik jarraituko ote duzun», erantsi du.

Erietxeek eta eskolek ateak itxita dituzte. Eta bortizkeria minuturo ikusten duten umeek ez dakite zer egin. «Etorkizunerako prestatu beharrean, armak erabiltzen ikasten dute», esan du Ngwenek. Eskualdeko herritarrek behin eta berriz esaten dute agintariek ahaztu egin dituztela, eta gatazkari amaiera emango liokeen irteera politikoarekin amets egiteko gauza ere ez dira. Nekazariak gauza bakarra dauka garbi: «Indarkeria ez da konponbidea».

Emakumearen aurka

Indarkeriak gosetea larriagotzen du, eta, goseteak, indarkeria. Horixe dio Gosearen Kontrako Ekintza izeneko gobernuz kanpoko erakundeak. «Emakume iheslariek kilometro asko egin behar izaten dituzte oinez elikagaiak lortzeko. Beren buruak arriskuan ipintzen dituzte: bahitu egin ditzakete, edo bortxatu eta lapurtu», adierazi du Chiara Saccardi erakundeko Larrialdi Taldeko buruak.

Leku batzuetan emakume bortxatua baztertu egiten du komunitateak, bortxatzailea baztertu beharrean, eta, traumaren eraginez, umeari titia emateko gauza ere ez dela geratzen da. Hego Sudanen hori gertatzen ari da eta horregatik eskatzen du Gosearen Kontrako Ekintzak emakumeen beharrak kontuan hartzeko, hondamendiaren eragina murriztu ahal izateko. Etxean bakoitzak duen eginkizunari eustea garrantzitsua dela diote. Aita izaten da familiaren euskarri, baina hori egiteko gai ez denean, ohikoa izaten da emakumea egurtzea.

 

Gosetearen larritasuna neurtu nahian

Goseteak betidanik ezagutu izan ditu gizadiak, kasu askotan lehorteek eragindakoak. Baina historian zehar gerrek eta gaizki diseinatutako politikek ere arazo ugari eragin izan dizkiete herritarrei tripa betetzeko garaian. Gaur egun gosetearen larritasuna kalkulatzeko tresnak dituzte adituek, «gosetea ez baita arin-arin erabiltzeko moduko hitza», Erminio Sacco FAOko eledunak esplikatu duenez.

Mundu osoko agentziek onartu duten eskala zientifikoa erabiltzen da 2007az geroztik: CIF Elikagai Segurtasunaren Sailkapen Integratua Faseetan izenekoa.

Eskala horren arabera, eskualde batean gosetea deklaratzen da populazioaren %20tik gora gosea pasatzen ari denean, egunean 10.000 lagunetik bi edo gehiago gosez hiltzen direnean eta malnutrizio biziak populazioaren %30etik gora kaltetzen duenean. «Metodologia zientifiko hori erabilita saihesten dugu arrazoi politikoengatik hitza gaizki erabiltzea», Saccoren hitzetan.

Azken mendeari erreparatzen badiogu, goseteak aurkituko ditugu Txinan, Sobietar Batasunean, Iranen zein Kanbodian. Erdi Aroan makina bat gosete jasan behar izan zituen Europan ere izan ziren XX. mendean gosez hildako herritarrak, batez ere munduko gerratan: Alemaniako, Poloniako eta Herbehereetako eremu batzuetan gosetea izan zuten politikariek agindutako neurrien eraginez. Afrikako goseteei buruzko notiziak berriagoak dira: Nigeriako Biafran 1970eko hamarkadan izan zuten, eta Etiopian 1983tik 1985era (hedabideetan sekulako espazioa hartu zuen goseak azken herrialde horretako egoeraren ondorioz). Azken gosete ofiziala Somaliak 2011n jasan zuena izan zen: 260.000 hildako zenbatu zituzten.

Nolaz goseteak 2017an? «Izendatzaile komuna da asko irauten duen gatazka armatua eta horrek elikagaietan, nekazaritzan eta abeltzaintzan, merkataritzan eta laguntza humanitarioan duen eragin kaltegarria», esan du Erminio Saccok. Egungo lau goseteetako bat da lehorteak eragindakoa, Somaliakoa, besteak gatazken ondorioz sortutakoak baitira.

Gosetearekin zer gertatzen den jakiteko Hego Sudanera begiratzea bezalakorik ez dago. Beraien etxeak, uztak eta ganadua galdu ondoren, herritarrek ihes egiten dute. Egunak pasatzen dituzte bidean aurkitutako igebelarren sustraiak, fruituak edo arrainak jaten. Laguntza humanitarioa banatzen duten lekura iristeko oinez jarraitu beharra izaten dute, kasu askotan lekurik arriskutsuenetan, talde armatuen mendean dauden tokiak izaten baitira. «Erabat ahulduta egoten dira, gosetuta, eta putzuetako zein ibaietako ur arriskutsua edaten dute», esplikatu du adituak. Baldintza horietan, jakina, kolera bera ere mehatxu bihurtzen da.

 

Atzerriko laguntza behar duten herrialde gehienak afrikarrak dira

FAO Elikadura eta Nekazaritzaren Erakundeak jakinarazi du ez dela inoiz hain egoera zailari aurre egin beharrean egon, lau herrialde baitaude aldi berean gosetearen mehatxupean, orain arte aurrekaririk ez zuen egoera. Jose Graziano da Silva FAO erakundeko zuzendariak adierazi du Hego Sudan dagoeneko zerrenda horretan sartuta dagoela, eta aurki gauza bera gertatuko dela Nigeria, Somalia eta Yemenekin.

“Elikagai Egoeraren eta Uztaren Perspektibak” izenburuko txostenak dio mundu osoko 37 herrialde daudela une honetan atzerriko laguntzaren beharrean, horietako 28 Afrikan. Lehorteak eta gatazka armatuak daude egoera horren oinarrian, eta laguntza banatzeko garaian ere sekulako arazoak eragiten ditu gerrak.

Hego Sudango egoera da kezkagarriena, Batasuna estatuan gosetea dagoeneko ofiziala baita. Hala ere, ez da herritarrek gosea pasatzen duten estatu bakarra, herrialde osoan 4,9 milioi pertsona baitaude laguntza humanitarioaren premian. Eta egoerak «okerrera egin dezake».

Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak uste du aurki gosetea deklaratu dezaketela Yemenen ere, bertako gatazkaren eraginez 17 milioi lagun baitaude nahikoa jaten ez dutela, hau da, herrialdeko populazioaren bi heren gosea pasatzen ari da. Nigerian ez daude oraingoz hain gaizki, FAOren arabera, baina bertan ere 1,8 milioi pertsona daude gosea pasatzen, batez ere Boko Haram talde jihadista aritzen den iparraldeko estatuetan. Eta Somalian, berriz, 2,9 milioi herritarrek sei hilabete daramatzate desnutrizioa jasaten, 6,2 milioi lagunek laguntza behar dute eta aurten bertan 185.000 ume hilko dira, tratamendu egokia jaso ezean.