2017/03/18

Erreportajea
OSASUN PUBLIKOA
Ameriketan ezabatutzat jotako elgorria indar handiz itzuli da Errumaniara

Ameriketan iazko irailean eman zuten ezabatutzat elgorria, urte askotako lan koordinatuaren eraginez. Aldi berean, makina bat herrialdetan umeak ez txertatzearen aldeko kanpainak jarri dira abian, kasu askotan talde erlijiosoek bultzatuta, eta Errumanian milaka kutsatu eta hamazazpi hildako izan dituzte.

Jose Angel Oria
Pd08_honduras

Iazko irailaz geroztik hamazazpi pertsona hil dira Errumanian elgorriak jota, eta milaka lagun kutsatu ditu gaixotasunak. Florian Bodog Osasun ministroak adierazi du hildako guztiak txertatu gabeko umeak zirela. Joan den astean iparraldeko Satu Maren bi urteko neska txikia eraman zuen gaitzak; herrialdeak izan duen azken biktima, agintariaren arabera.

Izurrite baten aurrean gaudela aditzera ematen duten datuak eskaini zituen errumaniar ministroak: 2015ean zazpi kutsatu besterik ez zituzten izan (heriotzarik gabe), eta 2016ko otsailaz geroztik 3.400 zenbatu dituzte, hamazazpi hildakorekin. Florian Bodogek ume guztiak txertatzeko eskatu zien herritarrei: «Gaixotasunari aurrea hartzeko neurri eraginkor bakarra da».

Elgorriaren aurkako txertoa bi alditan ematen da Errumanian. Lehen dosia umeen %80k jaso dute, eta bigarrena %50ek. Hortaz, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera talde-immunitatea ziurtatzeko beharrezkoa den %92 eta %95 arteko kopurutik behera daude Errumanian, ministroak nabarmendu zuenez.

Baina adituek bestelako faktore batzuk ere aipatzen dituzte elgorria berriz zabaldu izana esplikatzeko: pobrezia, eta, horrekin lotuta, zerbitzu medikuak jaso ahal izateko zailtasunak, betiere pobretutako sektoreak gehiago zigortzen dituzten oztopoak. Gainera, beste herrialde askotan gertatzen ari den moduan, gero eta guraso gehiagok erabakitzen du bere umeak ez txertatzea, eta horrek ere Errumania immunitate kolektiboa ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen den %95 horretatik urruti egotea eragin du. Errumania da, Belgika, frantses Estatua, Alemania, Italia eta Poloniarekin batera, elgorriaren kutsapen endemikoa duten Europako herrialdeetako bat, ECDC Gaixotasunen Zaintzarako eta Prebentziorako Europako Zentroaren arabera.

Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Somalia jasaten ari den goseteari aurre egiteko nazioarteko laguntza eskatu zuen joan den astean, «egoerarik negargarriena saihesteko, 2011ko gertaera tragikoak ekiditeko (260.000 herritar hil zituen orduan goseak)». Baidoako errefuxiatu eremua bisitatu zuen idazkariak, abeltzain eta nekazari ugari hartzen dituen kanpalekua. «Dagoeneko ez dugu janaririk eta gure ganadua hil egin da», adierazi zien kazetariei Middle Juba eskualdetik iritsitako Mainunak, bere sei seme-alabetako hiru ondoan zituela. «Han ez genuen inongo laguntzarik lortzerik». Talde jihadistek, gerrak eta lehorteak zigortutako Afrikako herrialde hartan ere gora egin du elgorriak, beherakoek eta kolerak egin duten moduan.

Gerra eta gaixotasunak

Hedabideek jakinarazi dute Sirian ere elgorria hedatzen ari dela, zehazki matxinoen mendean dagoen Gutan, Damasko hiriburuaren ondoan. Aurreko bi urteetan izan duten kasu kopurua (50) oso txiki utzi dute azken bi hilabeteotan erregistratu dituzten 121 kasuek. Bertan ere gerra eta zerbitzu medikuak jasotzeko ezintasuna daude fenomenoaren atzean. UOSSM erakundeak nabarmendu du erietxeak eraso militarren jomuga bihurtuta daudela, eta emaitza elgorriak eta beste gaixotasunek gora egitea dela.

Silvano Baztan mediku iruindarraren ustez, GAUR8ri 2011ko uztailean azaldu zionez, munduan osasunaren gaineko interesa gailenduko balitz, txertoak aurkitzen baino, gizakiontzat beharrezkoak diren elikagaiak, ur edangarria eta garbitasuna zabaltzen emango litzateke denbora. Bere iritziz, gaixotasunak eta heriotzak oinarrizkoak diren behar horiek asetzen ez direnean sortzen dira. Horiek ekiditeko bazuen alternatiba, ordea: gizakia erdigune gisa aintzat hartzen duen gizarte sistema eraikitzea. Baztanen hausnarketa horiek Somaliako eta Siriako egoera hobeto ulertzen laguntzen dute.

Baina Errumaniako fenomenoa ulertzeko faktore ideologikoari ere erreparatu behar zaio. Izan ere, bertan elkarte kristau ortodoxo batzuek, politikari batzuen laguntzarekin, umeak txertatzearen aurkako kanpainak jarri dituzte abian, eta badirudi herritar askok horiek esandakoa oso kontuan hartu dutela beren erabakia hartzeko garaian.

Tankerako arazoa dute Errumania baino askoz ere aberatsagoa den Australian. Ozeaniako herrialdean ere txertoen aurkako mugimendua indartzen ari dela diote hedabideek, eta Gobernua fenomenoari aurre egiteko neurri zorrotzak aztertzen hasia da. Herrialdeko estatu batzuek egin duten moduan, txertatu gabeko umeak haurtzaindegirik eta Estatuak ematen dituen beste zerbitzurik gabe uztea pentsatzen ari dira. Australian Child Health Poll erakundeak 2.000 gurasorekin egindako inkesta baten arabera, umeen %5 ez daude behar bezala txertatuta. Beste ikerketa batek dio zazpi urtetik beherako 39.000 haur daudela txertatu gabe, gurasoek horrela erabaki dutelako. Datu horiek okerrak ez badira, umeen %95 txertatuta daude, eta, beraz, talde-immunitatea ziurtatuta legoke.

Hedabideen arreta

Txertoak hildako mikroorganismoekin, indargabetutakoekin edo haien zatiekin prestatzen dituzte. Horiek ipiniz gero, txertoen aldekoen arabera, gorputza indartzen da eta defentsak sortzen ditu; beraz, zailagoa da gaixotasuna hartzea. Aste eta hilabete gutxi dituztenean ipintzen zaizkie txertoak haurrei, «jaioberritan, amak ematen dizkion defentsak galdu ahala». Izan ere, haurrek gutxika galtzen dituzte defentsak eta sei hilabete betetzen dituztenean, erraz har dezakete edozein gaixotasun larri, orduan baitaude ahulen, amaren defentsak galdu ondoren.

Estatu espainolean, Juan Gervas medikuak nabarmendu izan duenez, elgorria bazterketak eragiten du batez ere, eta umeak ez txertatzeko erabakiak ez du horrenbesteko eraginik. Adibide bat aipatzen du: Granada hirian txertatu gabekoen artean 50 lagun kutsatu ziren eta hedabideek sekulako espazioa eman zioten berriari, eta aldi berean Sevillan 1.800 lagun gaixotu zituen elgorriak, baina kasu guztietan baztertutako sektoreetako kideak zirenez (etorkin pobreak, ijitoak eta baztertutako beste pertsonak), hedabideek ez zuten kontua aipatu ere egin.

Edonola ere, txerto guztiak ez dira gauza bera. Elgorriaren aurkakoa «txerto sistemikoen» artean ipintzen du No Gracias mediku plataformak, poliomielitis, difteria, errubeola, hazizurria, kukutxeztula eta tetanosaren aurkakoekin egiten duen moduan. Txertoak banan-banan aztertzearen aldeko kolektiboak uste du herritar guztiei jarri beharko litzaiekeela gaixotasun horien aurkako bakuna, osasun publikoak hobera egiten baitu.

Disneylandeko agerraldia

Ameriketan dugu adibiderik garbiena. Ameriketako elgorria ezabatutzat jo zen orain hilabete batzuk: 22 urteko ahalegin koordinatuaren fruitua. Txertaketa kanpaina erraldoiak egin ziren 1980 eta 2000 artean eta azkenean lortu zuten talde immunitatea ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen den %92-%95 kopurua gainditzea. Datu ofizialen arabera, elgorriaren azken kutsapen endemikoa Venezuelan izan zuten orain hamabost urte, 2002an, eta geroztik inportatutako kasuak baino ez dituzte izan.

Oihartzun handia izan zuen AEBetako Kalifornia estatuko Disneyland parke tematikoan 2014ko abenduan izan zen elgorri agerraldiak (111 kutsatu), baina hura ere kanpotik etorritako gaixo batek eragin zuen, ez zen kutsapen endemikorik izan. Agertutako kasuen inguruan zabaldutako informazioaren arabera, Kalifornian kutsatutako gehienak txertatu gabeko pertsonak ziren. Horregatik, bertako agintariek txertatzera deitu dituzte herritarrak. Gogoratu dute, gainera, txertaketa kanpainak orokortu aurretik elgorriak urtean 4 milioi lagun kutsatu eta 400 eta 500 heriotza bitartean eragiten zituela.

Australian ere txertoen aurkako mugimendua indartzen ari dela diote hedabideek, eta Gobernua fenomenoari aurre egiteko neurri zorrotzak aztertzen hasia da dagoeneko

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera talde-immunitatea ziurtatzeko herritarren %92 eta %95 artean izan behar dira txertatuta. Bada, Errumanian, kopuru horretatik behera daude