2017/03/18

Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
EHUko irakaslea
Arrazista izatea matxista izatea baino larriagoa ei da

BBC Britainia Handiko telebista publikoan Skype bidez elkarrizketa egiten ari zen Robert Kelly, Zientzia Politikoetako irakaslea, Hego Korearen egoeran aditua. Kelly berbetan entzutean, elkarrizketaren gelako atea zabaldu eta aitarenera joan zen alaba. Kellyk eskuarekin atzera bultzatu zuen, begiratu barik. Alabaren atzean, bigarren umetxo bat ere gelara sartu zen. Azkenean, emakume asiar bat arineketan sartu zen eta umeak arrastaka gelatik kanpo eraman zituen. Kellyk ez zuen gertatutakoari buruz hitzik esan. Begiak itxi zituen, arnasa hartu eta elkarrizketarekin jarraitu zuen.

Gaia sare sozialetan barra-barra zabaldu zen, barrea eragiten zuelako lehenengo umea gelan sartu zenetik. Are gehiago, aitaren ezjakintasunagatik, bigarren umea ere bazetorrela ikustean. Gainera, BBC kate ospetsuan gertatu zen: ez zen gezurrezko bideoa.

Espainiako Tele5 kateak gai horrekin gaueko albistegia zabaldu zuen, eguneko albisterik garrantzitsuena izan balitz bezala. Interneten partekatzen ditugun albisteak eta hedabideek iragazten dituzten berriak antzekoak dira medio sentsazionalistetan: emozioa eragiten duten albisteak dira eta ez dute informaziorik ematen.

Oraindino, asteon gertakari horretaz hitz egin da: ez Tele5 kateko albistegietako lehen albistea izan zelako, baizik eta umeak eraman zituen andrea neskametzat hartu izana arrazista omen delako. Gizon-emakume asiarrekiko arrazismoak ez du arabiarrek eragiten duten ageriko gorrotoa erakusten. Asiarrekiko arrazakeriak barregura eragiten digu: leloagoak direlako, irainei indarkeriarekin erantzuten ez dietelako, gure “r”-ak ahoskatzea zail dutelako…

Ezkerreko hedabideek andre asiarra neskametzat hartu izanaren ustea aurreiritzi arrazista legez gaitzetsi dute:

• «If you saw a nanny in this BBC interview, what does that say about you?» (“The Guardian”, 2017/03/13).

• «La entrevista de la BBC en la que se cuelan dos niños desata un debate sobre el racismo» (Eldiario.es, 2017/03/14).

Nik ere neskamea ikusi nuen. Ez nuen uste Kelly andre asiar batekin ezkon zitekeenik, unibertsitateko irakasleei ez diedalako ezkontide atzerritarrik ezagutu. Hau da, elite ekonomikoarekin ditudan aurreiritzietan oinarritu nuen neskamearen teoria, umeei antz asiarrik hartu ez niela lagunduta. Gaiak jarraitu duen norabidea ikusita, arrazismoaren gaia matxismoa arintzeko erabili dela ematen du. Kellyren emaztea Hego Koreako hiritarra da, Jung-a Kim izena du, baina BBCk ez zuen elkarrizketatu, haren senarra baizik. Ez dute esan Jung-a Kim berak ikasketarik duen edota Hego Koreako politikaz iritzia emateko inolako formaziorik ote duen. Formazio akademikoa alde batera utzita, bideoan ikusi genuen umeen ardura bakarra andre asiarrak hartu zuela. Neskametzat hartu izana, hortaz, larriagotzat jo dute hedabide ezkertiarrek, arrazakeria matxismoa baino kaltegarriagoa dela irudikatuz, edo, beste modu batera esanda, matxismoarena ez dela horrenbesterako ebatziz.

Kellyren umeekiko erantzuna matxista zela pentsatzeko beste datu batzuk ere eman zituen bideoak. Kellyk ez zuen erreakzionatu umea gelara sartu zenean. Ez zion begiratu, eta, hala ere, eskuarekin atzera bultzatu zuen. Aldiz, umearen atzetik gelara sartu zen andrearen aurpegian izua ikusi genuen. Lana galtzeko arriskuarekin lotu genuen. Asiartasunean ez genuelako zerbitzari gaitasun arrazistarik ikusi, lan egoera prekarioa eta Europan bizi izateko zailtasun legalak baizik. Kritika horiek arrazistatzat jotzeak matxismoa eta atzerritarren lan esklusioa ukatzea dakar.

Zergatik hartzen dituzte gizon zuri dirudun bati buruzko aurreiritziak arrazakeria bezain desegokitzat? Barregura eragin diguna gizon zuri dirudunari BBCko elkarrizketa etetea izan da. Izan ere, umorea pribilegiodunen lepotik egiten da; ahuldutakoei barre egitea zapalkuntza da. •