2017/03/18

Mirari Martiarena
Erdia

Garunak funtzio asko dituela jakina da, asko ezezagunak medikuntzarentzat eta zer esanik ez niretzat. Garunaren erdialdeko lesioetan, iktusetan, gorputzeko alde bat mugitu ezinda geratzen da pertsona. Garuneko erdialde horretan funtzio asko izaten ditugu, horien artean gorputzaren sentsibilitatea eta muskuluak mugitzeko gaitasuna. Garunaren erdialdearen zati bat kaltetua denean, gorputzeko kontrako aldea mugitzeko eta sentitzeko gaitasuna galtzen da. Baina horretaz gain, garunaren zati hori kaltetuta izateak ere izan dezake beste berezitasun bat: gorputzaren alde bateko kontzientzi galtzea.

Pertsona horientzat mundu guztia ezkerreko aldea edo eskuineko aldea izango da. Otorduetan plateraren alde bakar bat soilik jatera irits daitezke. Nahiz eta jatekoaren erdia platerean dutela esan, ez dute bertako janaria bukatuko platerari buelta eman arte (ez dakit zopa jaten dutenetan zer egiten duten). Ez dira kontziente munduaren erdi bati ez dietela kasurik egiten. Pertsona hauentzat munduaren erdi hori ez omen da existitzen.

Antonen sindromeak garunaren atzeko aldea kaltetzen du. Bertako bi aldeak kaltetuz gero, pertsona itsu geratzen da, baina modu berezi batean: itsutasunaren kontzientziarik gabe. Gaixoari ikusten duen galdetuta baietz esaten omen du, baina, zer ikusten duen galdetuz gero, hitzik gabe geratzen omen da ez delako ikusteko gai.

Emakumearen Nazioarteko Eguna pasa berritan jakin ditut berezitasun hauek eta zer pentsatua eman didate. Munduaren erdiak ez baitu beste erdia ikusten eta ez dira kontziente platera beterik dagoela, edo platerean dauden pribilejioak banatu behar dituztela. Eta bururatu zait gizonezko askok izan dezaketela Anton sindromea. Esango dizute baietz, ikusten dutela emakumeon eskubideak zapaldurik daudela, baina ez dira gai zapalkuntza horiek zein diren esateko ez eta gizonezko izate hutsagatik dituzten pribilejioak identifikatzeko ere. Mutu geratzen dira, ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez dagoelako. Emakumeok jarraitu beharko dugu gure platerei buelta ematen, munduaren erdi horrek hemen gaudela ikus dezan. •