2017/03/18

Iñaki Altuna
Eskoziak, Kataluniak eta Iruñeak utzitako argazkia

Hiru gazte kartzelatuta «terrorismoa» egotzita. Sekulako gehiegikeria. Gurean horrek eragin zuen arreta, bi pausora independentziarako bidea irekitzen ari diren prozesuak martxan direla ahaztuta

Esanguratsua izan zen aurreko astelehenean zenbait albistek, elkar lotuta, azaltzen zuten argazkia. Erabakitzeko eskubidea ardatz, albiste bana zetozkigun Eskoziatik eta Kataluniatik. Eskoziarrek bigarren erreferenduma iragarri zuten. Ariketa demokratiko osasuntsua. Bide batez, Europan estatu independenteak sortzea aukera erreala dela frogatzen ari dira. Ez da soilik urrutiko kolonietako kontua, ez da bakarrik SESBko errepubliketan edo Europako periferian gertatutako zerbait. Europa zahar eta kolonizatzailearen erdi-erdian ere posible da. Katalunian, berriz, Mas presidente ohiaren kontrako epaia izan zen, Eskozian legalki egiten dutena Katalunian, legearen mugei aurre eginez, egiteagatik. Desobedientzia ekimen masiboa egiteagatik. Oso izaera ezberdineko gertakariak izan arren (demokrazia erakustaldia batean eta inposizioa bestean), bai Katalunian bai Eskozian etorkizuneko bidea marraztua dute, abian dira, herri borondatearen eskutik.

Euskal Herrian egun horretan beste gertaera bat izan genuen. Iruñean izandako istiluetan atxilotutako hiru gazte kartzelatu zituzten, «terrorismo» delituaren akusaziopean. Sekulako gehiegikeria. Beste bat. Jakina, gurean horrek eragin zuen arreta, hemendik bi pausora independentziarako bidea irekitzen ari diren prozesuak martxan direla ahaztuta.

Larunbateko manifestazioak eta sortutako egoerak hausnarketa behar dute. Egunkarietan ez zen, adibidez, manifestazioak bildutako lagun kopuruaren informaziorik. Beharbada nazio mailan deituta inoiz izan den manifestaziorik txikiena izan zen, baina, antza, datu hori ez zaio inori axola, arreta beste nonbaiten zen-eta guztientzat. 90eko hamarkadara «bueltatzea» omen zen kontua.

Atzera bueltatzearen aipamen ugari izan dira. Halere, azkenaldian ezker abertzaletik sortutako disidentziak eta beste sektore batzuek –komunismoaren, faxismoaren kontrako eta modu horretako banderekin identifikatzen direnak– eratutako mezuak eta oinarri ideologikoak ezker abertzalea estrategia aldaketaren aurretik zenaren jarraipena ordezka dezaketela esatea gehiegitxo esatea da. Harago, atzera bueltatu baino gehiago, badirudi batzuk mutatzen ari direla.

Mezu metairaultzailea ez da berria gurean, aurreko hamarkadetan ere azaldu da, indar handiagoarekin edo txikiagoarekin egoeraren arabera. Kasu batzuetan, posizio horietan zeudenek ezker abertzalea kritikatzen zuten, «burges txikiak» izateagatik; beste batzuetan, berriz, ezker abertzalearen magalean kokatzen ziren, ahul zirelako eta ezker abertzalearen tinkotasunak eta gatazkaren gordintasunak tarte gutxi uzten zutelako txorakerietako. Orain, halako sektoreak magal horretatik irteten ari dira, aspaldi ez bezalako fraseologia iraultzailearekin.

Iruñeko gertaerek beste gogoeta bat utzi dute, hau serioagoa, kartzelari baitagokio. Hiru gazteen kartzelatzearen ondotik, sare sozialetan, mobilizazioaren sustatzaileen kontrako mezuak zabaldu ziren, bakarren bat familien ingurukoa, gazteak botata geratu zirelako. Antolatzaileek ere saretan erantzun zuten, laguntzen saiatzen ari zirela eta abokatuak ere hartuak zituztela badaezpada, baina «nork pentsa zezakeen terrorismoa egotziko zietela». Adierazpen harrigarriak Estatu espainolari buruz mugimendu horietatik egin ohi diren azterketak kontuan hartzen badira. Zer espero daiteke, bada, Estatu faxista batetik? Ez da arinkeriarik behar.

Hiru albiste aipatu ditugu argazkia osatzeko (Eskozia, Katalunia eta Iruñea). Eta argazki horretatik ondorio garbi bat ere atera daiteke: Euskal Herrian herri prozesurik egituratu ez izana arazo larri bilakatzen ari da, baita beste arazo txiki zein handiei aurre egiteko. «Askapen prozesuek» –ezker abertzalearen hizkera erabiliz– ardatza behar dute, eta Euskal Herrian hori nazio arazoa izan da, baita auzi sozialari aurre egiteko ere. Paradoxa: ardatz hori behar bezala finkatzeko inoiz ez bezalako baldintza egokienak daude. Horretarako giharra ere badagoela erakutsi beharko dute biharko herri galdeketetan. •