Izaga, Xabier
Elkarrizketa
Jabier Salutregi

«‘Egin’ agertzeak euskal kazetaritzaren panorama aldatu zuen»

“Egin”-ek eta GARAk egindako ibilbidearen «lehenaz» arduratu zen Salutregi, 1977ko irailaren 29an “Egin”-en lehen alea kioskoetan agertu zenetik hasita, «ordu arte ikusi gabeko ekimen bat garatu ostean, nahiz aurrerantzean Euskal Herriak tamaina bertsuko zenbait erronkari helduko zien bere nazio nortasuna zutik iraunarazteko, eta Korrika horren erakusgarria da». Eta «pintzelada batzuk» eman zituen proiektuaren sorreraz..

Hedabide bat egiteko lehen ideia euskal kooperatibismotik hartu zuten. Baina proiektua euskal nazio mailako kooperatibismo gisa ulertzen zuten, Euskal Herria nazio gisa onartua izatea, euskararen defentsa eta eragile sozial guztien konbergentzia lortzea helburu. Hartarako, herri ekarpen txiki asko batu zituzten. 40.000 euskal herritarren artean 100 milioi pezeta batzea lortu zuten; kopuru hura «txori kaka» ez zenean.

Berehala konturatu ziren egunkari bat egitea ez dela batere erraza. Arlo teknikoan egin zen inbertsioa garrantzitsua izan zen, produkzio metodoa ona zen, baina langile kopurua gaindimentsionatzera eraman zituen, eta, azken buruan, hondamen ekonomikora, «500 milioiko zulo batera», alegia. Jaiotzetik urtebetera, “Egin” porrot eginda zegoen. Ondo idazten zekien jendea bazuten ere, ez zekiten horrelako enpresa bat zuzentzen. Nahiz eta Madrilen egindako ikerketa espezializatuek ziotenez, “Egin” irakurlerik gazte eta intelektualenak zituen eta aleko irakurle gehien zituen hedabidea izan. Hura gutxi balitz bezala, Madrilek kriminalizazio kanpaina bat abiatu zuen, publizitate enpresa handiak, “Egin”-en publizitaterik jar ez zezaten, presionatuz, eta Gobernuak “Egin”-i ez zion ematen beste egunkariei gastatutako paperagatik ordaintzen zien dirua. Kanpotik etorritako eraso horiek, barruko okerrekin batuta, “Egin”-en lehen krisi handia eragin zuten. Irtenbidea dirua lortzea zen eta, «ia-ia mirariz», Euskal-Nafar Aurrezki Kutxen Federakuntzak 150 milioi pezetako kreditua eman zien. Finantza-zuzendaritza berregituratu zuten eta proiektuak indarra hartu zuen berriro. Krisi hura egunkariaren «lehen urratua» izan zen.

Aurrerago, egunkariak bere egin zuen «irudimena boterera» eslogana eta «asmatzen hasi zen». Tokiko egunkaria egitea bururatu zitzaien eta eskualde-edizioak sortu zituzten, arrakasta handia izan zutenak. Horrek, gainera, jaietako koadernoak egiteko aukera ekarri zuen. Koaderno haiek, jakina, tokiko publizitatea lortzen zuten. Horretan “Egin” aitzindaria izan zen euskal prentsaren munduan, eta bide horri eutsiko zioten ondoren gainerako hedabideek.

Finantza-krisiarekin batera, «krisi politiko eta identitarioa» ere jasan zuen egunkariak, finantzarioa baino sakonagoa izango zena. Sorreran ezkerreko eta ideologia liberaleko mugimenduari zegokion ildoaren alde egin zuen egunkariak Salutregik gogorarazi zuenez. Lehen asmoa nazio egunkari bakarra izatea izan zen –egun Salutregik faltan sumatzen duena–, baina EAJk, ideia hari muzin eginda, bere kabuz eta presaka, bere pentsamolde organoa sortu zuen: “Deia”.

“Egin” ezkerreko herri ildo baten adierazpidea zen orokorki. Baina luze gabe, 1978 eta 1979 bitartean, esandako lehen barne krisia iritsiko zen, bi sektoreren arteko talkaren ondorioz. Artean ez zen Herri Batasuna existitzen, baina ezker abertzalea esaten zitzaionaren ordezkariek egunkariaren administrazio kontseilua hartu zuten; Euskadiko Ezkerrakoak, berriz, gehiengoa ziren erredakzioan. Horiek horrela, tentsioa handituz joan zen, Argala hil zutenean bere unerik gorenera iritsi zena. Egun hartan egunkaria ez zen argitaratu, erredaktoreek grebari eutsi ziotelako; sesio artean batzuek egunkaritik alde egin zuten, kaleratzeak izan ziren eta berregituraketa etorri zen.

Ordura arteko prentsak diktaduran jasotako automatismoaren arabera hitz egiten zuen Euskal Herriaz, espainiar nazionalismoari atxikia. Jendeak egin behar zuena adierazten zuen. “Egin”-en proiektuan zeudenek paradigmaz aldatzeko aukeraren aurrean zeudela uste zuten, Mariano Ferrer egunkariaren lehen zuzendariak zioenez. Salutregi orain konbentzituta dago EAJk egunkari bakar bat egiteari uko egitea oker handia izan zela, egunkari dibertsifikazioak euskal komunikazio eremu libre bat sortzea eragotzi baitzuen. Nolanahi ere, “Egin” kioskoetara agertzeak euskal kazetaritzaren panorama aldatu zuen. «Herri honetako sektore handi bat kohesionatzea lortu zuen, eta bere informazio eta iritzi lanarekin gure nazioa irudikatzen lagundu zuen». “Egin”-en papera Euskal Herriaren bizitza, arlo guztietan, monitorizatzea omen zen.

Bigarren barne krisi handia oso positiboa izan zen gerora, borondatez eragina izan baitzen. 1992an ekin zioten eraberritzeaz –«iraulaldiaz»– aritu zen Salutregi. Hobekuntza nabarmena ekarri zien errotatiba berria erosi ondoren, egunkariko zuzendaritzak uste zuen egunkariari bultzada bat eman beharra zegoela. Gogorra izan zen birmoldaketa hura gauzatzea, baina ondorioak nabarmenak izan ziren, bai arlo ekonomikoari bai edukiei dagokienez. Aldaketak ildo editoriala indartzeaz gainera, edukiak ere gehitu zituen. Baina batik bat «erredakzio nekatu baten indartze psikologikoa bultzatzea, profesional haiek indarberritzea» izan zen helburua. «Egunkari baten tresna garrantzitsuena gizakiak dira, erraz higatzen diren eta berehalako ordezkorik ez duten piezak dira. Kazetari on bat egitea asko kostatzen da». Eraberritzearekin batera eguneroko editoriala sartu zuten “Egin”-en, eta iritzi orrialdeak erabat zabaldu zituzten, askotan eztabaida bide gisa boikotatuak izan baziren ere. Ikerketa kazetaritzari dagokionez, esfortzua areagotu egin zen. Salmentek gora egin zuten eta beti gainean egon zen hondamendi ekonomikoaren mehatxua atzean geratu zen.

«Baina datu positibo horiek Madrilgo Barne Ministerioko eta EAEko Gobernuko mahaien gainean ere bazeuden». “Egin”-ek, Mayor Orejaren, Atutxaren eta Ardanzaren bulegoetan antolatutako kanpaina guztiei eusteaz gain, gero eta min handiagoa ematen zien. Haien arabera, «egunero sudurrean lehertzen zitzaien egunkaria ginen, higiene demokratikoagatik itxi beharrekoa». Salutregiren iritziz, ezker abertzalea suntsitzeko egitasmo zabal baten barruan sartzen zen egunkariaren itxiera. Auzitegi Gorenak itxiera hura ez zela zuzenbidearen araberakoa izan ebatziko zuen, baina Garzonek ez zuen horregatik inolako arazorik izan, Gürtel auzian ez bezala. «Ondorioa argia da: Gobernuaren etsaien aurkako prebarikazioa onargarria da, baina Gobernuaren aurkakoa delitua».

Itxieraren ostean, egun bakar batean “Euskadi Información” sortu izanak erakutsi zuen muturreko egoeretan zer egin daitekeen ideia argi daudenean. Eta beste egunkari bat egiteko asmoa ere sortu zen. Salutregik “Euskadi Información” egunkariaren zazpi zenbaki baino ez zituen kalean irakurri, baina elkartasun mugimendua abian zen, baita egunkari berri bat eraikitzeko 1.000 milioi biltzeko kanpaina ere.