2017/03/25

Erreportajea
MINTZALAGUNA
Euskaraz hitz egiteko lagunen sarea osatu du Mintzalaguna egitasmoak

Euskaraz egin nahi eta ezin. Ez jakiteagatik... edo norekin egin ez izateagatik. Lehenengo kasuaren erremedioa euskaltegira jotzea da; bigarrenarena, Mintzalaguna programan parte hartzea. Milaka mintzalagun daude Euskal Herrian, proba egiteko hasi eta behin eta berriz lagun arteko solasetara itzultzen direnak

Xabier Izaga Gonzalez
Pd12_mintzalaguna1

Tabernaren batean biltzen dira, edo arte erakusketa batera, mendira, edo sagardotegi batera joaten dira elkarrekin. Mintzalagunak dira, ondo pasatzeko, patxadaz eta gustura hitz egiteko elkartzen direnak. Euskaraz hitz eginez. Izan ere, Mintzalaguna egitasmoa aisialdiko jarduerak dira. Bospasei laguneko taldetan bilduta, astean ordubetez, euskaraz aritzen dira mintzalagunak lagun giro atseginean, denek parte hartzeko moduan. Halaber, gustuko dituzten askotariko ekintzetan parte hartzen dute aldian behin. Mintzapraktika taldeak kideen zaletasunak, adina, bizitokia eta ordutegiak kontuan hartuta antolatzen dituzte Topaguneak koordinatzen dituen hainbat elkartek.

Mintzalagun proiektua duela hogei bat urte abiatu zuen Bagera elkarteak, Donostian. Helburua euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez daukan jendea hitz egiteko ohitura daukan jendearekin elkartzea da, baina euskaldun zahar eta euskaldun berri bereizketa saihestuta.

Arrate Ilaro Topaguneko koordinatzaileak emandako datuen arabera, 6.000 mintzalagun daude, 1.100 taldetan banatuta. Emakumeak gehiengo zabala dira; hartara, mintzalagunaren profila 42 urteko emakumearena da, euskara praktikatu beharrez izena emandakoa. Hori bai, askotariko lagunek jotzen dute Mintzalagunak programara: ikastolan ikasi eta urte askoan hitz egin ez dutenak, beren egunerokoan lankideekin, kuadrillan eta familiarekin euskaraz egiteko aukerarik izan ez eta euskaltzaleen sarean murgildu nahi dutenak, euskaltegian izandako euskaldun berriak, «erabileraren saltoa» falta duten herritarrak, haurrak izan dituztenean euskaraz egiteko gaitasun mugatua dutela ikusi eta seme-alabekin egiteko hizkuntza berreskuratu beharra dutenak... Horiekin batera, noski, praktikatu behar dutenei laguntzeko izena ematen dutenak ere badaude, mintzalaguntzaileak, hain zuzen. Mintzalaguntzailearen zeregina, euskaraz egiteko ohitura eta, beraz, erraztasun handiagoa duenez, eredu izatea da, edo taldearen jarduna moteltzen bada, elkarrizketa bideratu eta hizkuntz zalantzaren bat argitzea, batez ere hiztegiari dagokionez, baina argi izanda ez dela irakaslea. Helburua komunikazioa da.

Datuok Hego Euskal Herriko mintzalagun talde guztiei dagozkie. Izan ere, 2014an, Euskaltzaleen Topaguneak, AEK-k eta on line aritzeko Mintzanet egitasmoa kudeatzen duen Maramara taldeak mintzalagun egitasmoak indartu eta haietako parte hartzaileak euskaldunen mugimenduan txertatzeko hitzarmena sinatu zuten. Edorta Lopez AEK-ko arduradunak dioenez, Euskal Herriko biztanleriaren %80 biltzen duten herrietan dago jada zabalduta programa. Biztanle-dentsitate txikiko herrietan, hori bai, parte hartzeko aukera txikiagoa da. AEK-k egun Topagunearekin elkarlanean dihardu, eta eurekin batera herri erakundeak –EAEko eta Nafarroako gobernuetatik tokiko administrazioetara–, euskaltegiak, hizkuntza eskolak, EHIGE guraso elkartea... aritzen dira. Programan ahalik eta jende gehienak parte hartzea da helburua, eta euskaltegi guztientzat berebiziko garrantzia du, jakina.

Taberna batean kafea hartzeko biltzea ohikoena bada ere, saioak pixkanaka hainbat ekintzatara bideratzen ari direla dio Edorta Lopezek. Talde asko eskulanak egiteko, mendira joateko, kirola egiteko edo sukaldaritzan aritzeko elkartzen dira.

Iparraldeko dinamika pixka bat desberdina da, bertako bizimoduaren, giroaren araberakoa. Kultur eta aisialdiaren inguruan antolatzen da batik bat programa, eta ez horrenbeste tabernen inguruan. Mintzalagun taldeak batez ere Lapurdiko kostaldean daude, herri handietan, herri txikietan, arestian esandako arrazoi demografikoak direla-eta, zailagoa baita taldeak antolatzea. Herriotan, baina, jende asko mintzapraktika talde batean egon daiteke mintzapraktika talde batean dagoen kontzientziarik izan gabe. Edonola ere, parte hartu nahi duenak euskaltegi batera jo besterik ez du.

Gogobetetze maila handia

Mintzalagunaren kudeatzaileek urtero gogobetetze inkestak egiten dituzte, eta, jaso berri duten azken laginaren arabera, gogobetetze maila handia da. Gustura daudela diote gehienek, eta pozik beren gaitasunaren eboluzioari dagokionez. Bestetik, mintzalagun sarea hedatuz doa, taldeko lagunen bidez beste batzuk ezagutu eta horiekin ere euskaraz jarduteko aukera sortzen baita, batez ere jendea maizago elkartzen den herri txikietan.

Mintzapraktikaren formula nahiko sinplea da. Lopezek dioenez, bi oinarri ditu. Lehena, ezagutza erabileraren bidez bultzatzea da. Euskara erabiltzeko gune lasai eta konfiantzazko bat sortzea da gakoa, gustura sentitzeko, presiorik gabe, hezkuntza eta lege zorrotzetatik kanpo. Bigarrena, motibazioak hizkuntza aldaketan duen eragina da, eta harreman afektiboak sortzea du ardatz, euskararekiko bizipen positiboa sortzea. Askotan gehiago praktikatu behar dutelako eman dute izena parte hartzaileek, eta, esan bezala, behar horretan hainbat arrazoi izan daitezke, baita gaitasun agiri bat lortzea ere. Baina ikasturte amaieran jarraitu nahi dutela esatean zergatia galdetzen dietenean, askok esaten dute gustura daudela, lagun talde euskaldun bat dutela. Teoriatik harago, ondo frogatua dute mintzapraktikak lotura emozionala sortzen duela, hizkuntzarekin eta taldearekin.

Gasteizen, Topaguneko kide den GEU Elkarteak kudeatzen du Mintzalaguna programa. Elkarteko kide Azaitz Unanuerengana jo dugu Arabako hiriburuko datuen bila. Ikasturte honetan 670 mintzalagun daude, 84 taldetan. Kasuistikari dagokionez, bat datoz Azaitzek emandako datuak Ilarok emandakoekin. Azaitzek, antolaketa lanetan hastean, gehienak ikasleak izango zirela uste zuen, mintzapraktika egin nahi zuten euskaltegietako ikasleak alegia. Bestetik, mintzalaguntzaileak euskararen militanteak izango zirelakoan zen. Baina profilak askotarikoak dira. Badago jende asko, eta Gasteizen argi ikusi dute, euskara ikasten sekulako ahalegina egin duena, edo bere garaian ikastolan ikasi zuena gurasoek hala erabakita, baina bizitza erdaraz garatu duena, beste aukerarik izan ez duelako, lagunarteak, lan giroak... behartuta. Taldeetan beste euskal lurraldeetatik etorritako ikasle zein langileak ere badira. Normalean euskaltzaletasunak bultzatuta aritzen dira; edonola ere, taldeotan parte hartzeak jendea ezagutzeko bidea ematen du, baita Gasteizko bizitza ezagutu eta bertan integratzeko aukera ere.

Bat dator Azaitz, halaber, gogobetetze mailari dagokionez, Edortak esandakoarekin. Iaz programan zenbait urte daramatzatenei galdeketa egin zieten eta poz handia eman zien motibazio aldaketa ikusteak. Hasieran jartzen diren helburuak askotan ez dira mintzalagun programan egoteko arrazoi nagusia behin hasi ostean. Gehienek erantzun zuten ondo pasatzen dutelako edo lagun berriak egin dituztelako jarraitzen dutela, motibazio hori sentimenera eramanda. Azken batean, kontu ludikoa da. Euskarazko kontu ludikoa.

 

Mintzanet, lagun euskaldun bat munduko edozein bazterretan

Biztanle-dentsitate txikiko inguruek Mintzalaguna programan parte hartzeko aukera mugatuagoa dutela dio Edorta Lopez AEK-ko kideak. Hala ere, badute mintzapraktika egiteko beste aukera bat, inguru horietan ez ezik, munduko edozein bazterretan bizi direnek: Mintzanet, euskara on line eta doan praktikatzeko aukera. Bertan bidelariak –euskara maila hobetu nahi dutenak– eta bidelagunak –euskaraz ondo dakitenak– elkartzen dira, lehenek mintzapraktika egin dezaten. Elkarrizketak binaka egiten dira, eta saioak gutxienez ordu erdikoak izaten dira.

Programa honek ez du helburu didaktikorik, mintzamen eta ulermen mailan hobetzea baizik: «mingaina askatzea, lotsa kentzea eta solas egiteko garaian erraztasuna lortzea da xedea». Hartara, euskara praktikatu nahi baina norekin ez dutenek, Mintzalaguna programan bezala, eurekin hitz egiteko prest dagoen lagun bat topatuko dute.

Esan bezala, Mintzanet munduko edozein txokotan egonda ere euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen duen proposamen berritzailea da, Internet bidez eta parte hartzaileek aukeratutako orduan. Nahi dutenari buruz hitz egin dezakete. Era berean, euskara hobetzen ari direnei lagundu nahi dienak Mintzaneten izena emanda aukera polita eskainiko die beren inguruan euskaraz aritzeko modurik ez dutenei, euskara lantzeko eta hobeto ezagutzeko aukera edukiko baitute. Bidelariak, euskara hobetzen saiatzen denak, horretarako beste pertsona baten laguntza behar du. Programan parte hartu ahal izateko maila minimo bat behar du, elkarrizketa batean parte hartzeko gai izan behar baitu. Hori frogatzeko azterketa txiki bat egin beharko du, B1 mailakoa. Bidelagunak, euskaraz ondo dakienak, laguntza eskaintzen dio praktikatu nahi duenari. Bidelagunak ez du inolako titulaziorik behar.

Mintzanet programa 2012ko abenduan aurkeztu zuten, eta 2013ko urtarrilean abiatu. Ainara Loiarte Mintzaneteko kudeatzaileak jaso dituzten azken datuen berri eman dio GAUR8ri. Azken lau urteotan 860 lagunek jardun dute programan; 2016an, 480k. Orain arte 12.593 saio egin dituzte; 2016an, 4.924.

2015ean Mintzanet +65 proiektu pilotua abiatu zuten. Ekimen honetan, bidelagunak Gipuzkoako adinekoen egoitzetan dauden pertsonak dira.

Beste hainbat ekimen ere antolatzen ditu Mintzanetek, hala nola Euskal Sortzaileak Sarean edo Hitzaldi Irekiak. Lehena Etxepare Euskal Institutuarekin batera eraman du aurrera. Proiektu honek euskal sortzaileak eta munduko unibertsitateko ikasleak harremanetan jarriko ditu. Euskal sortzaileek Mintzanet bidezko prestakuntza-saioak eskainiko dizkiete munduko unibertsitateetako euskara eta euskal kultura ikasleei. Hitzaldi irekiak proiektuan, berriz, pertsonaia ospetsuek euskararekin izan duten eta duten harremana azaltzen dute Internet bidez egindako elkarrizketa labur batean.

Mintzanet irabazi asmorik gabeko proiektua da. Maramara taldea enpresak kudeatzen du, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza du.

Maramara taldearen hizkuntza zerbitzuak hizkuntzen alorrean lan egiten du. Haren helburua komunikazioa erraztea da. Besteak beste, honako zerbitzuak eskaintzen ditu: itzulpenak, zuzenketak, interpretazioak, testuak sortu eta editatzea, azpitituluak sortu, editatu eta zuzentzea, transkripzioak egitea eta egokitzapenak moldatzea.

Programak bi oinarri ditu. Lehenengoa, ezagutza erabileraren bidez. Bigarrena, motibazioak hizkuntza aldaketan duen eragina, harreman afektiboak sortuta