Iratxe Urizar

Zoroaldia

Xabier Amuriza entzuteko aukera izan dut irratian. Korrikaren lehenengo edizio hartako abestia egiteko enkargua eman zioten eta lan hartarako egun pare bat baino ez zizkioten utzi. Berak egindako definizioak ondo laburbiltzen du ekimena, nire ustetan. Zoroaldia. Bai, zoroaldi ederra. Korrika hurbiletik bizi ez duenari zertan datzan azaltzea ez duela merezi deritzot. Ez du sinetsiko. Sinisteko konplikatua da herri oso bat (herri osoa esatean, osoa esan nahi dut: ez zait okurritzen gure inguruan ekimen parte hartzaileagorik) bi urtetik behin zer eta korrikan jarriko duen iniziatiba azaltzea.

Aurten 20. edizioa dela esateak esan nahi du aspaldi baino aspaldiago dagoela Korrika gure artean. Jada, gure imajinario kolektiboko parte da, gizarte honetako gehiengo baten haurtzaro, nerabezaro, gaztetasunari lotuta dagoena. Korrikaren inguruan anekdota bat, bi edo hogei kontatzeko gai gara irribarre batekin. Auzoan, institutuan… ateratzen ginenekoa; lagunekin gurea ez zen herri batean afaria izan eta Korrika ordu txikietan pasatzen zela-eta sikiera kilometro erdiz toki hartako jendearekin batu eta elkarrekin tipitapatipitapakorrikaaa oihukatu genuenekoa... Euskal Herritik kanpo geundela harrapatu gaituenean ere buruan izan dugu. Edota Berlinen, Londresen… harrapatu gaituenean bertako Korrikan parte hartu izan dugu. Izan ere, ideia zoragarri horrekin kutsatuta badira urte dezente munduko hainbat tokitan ere Korrika antolatzen hasi zirela.

Badira izaera kolektiboa duten eta herri moduan aurrera eramaten diren ekimenak. Ideia edo desio komun baten inguruan biltzen diren indarrak. Baina hizkuntzaren alde egiten den gure Korrikak duen berezitasuna ekimen gutxitan ikus daiteke: 24 orduz jarraian eta gelditu gabe, Euskal Herriko txoko eta herrietatik pasatuz, lekukoa eskuz esku gelditu barik, goizetan, asteburuetan, astean zeharreko lan egunetan… Esan dudan moduan konplikatua da halako zerbait azaltzea inoiz ikusi edo bizi ez duenari. Zoroaldi txundigarria. Gazte eta nagusi, hiri handi eta herri txiki, egunerokoan eta urtean zehar euskaraz bizi diren lekuak edota bi urtean behingo korrikaren antolakuntza euskararen inguruan egiten duten ospakizun nagusi edo ia bakarretakoa den herriak.

Eta orain berrogei urte ziurrenik ez zuten pentsatuko gaur egun beharrezkoa izango zenik bere antolakuntzan jarraitu behar izatea, baina litekeena da ez zutela sinetsiko egun zenbat milaka eta milaka pertsona batzen diren Korrikaren inguruan. Korrika babestuz, txalokatuz, biziz.

Izan ere, gerta daiteke euskararen normalizazioan aldarrikapen ekimena ez izatea hemendik eta denbora batera (tamalez puntu horretara heltzea ez dut hurbilegi ikusten), baina, zalantzarik gabe, ospakizunerako ekimena izan beharko litzateke orduan.

Borroka ulertzeko modu bat adierazten du bere osotasunean: jai giro aldarrikatzailean, bateratzailean, konprometituan eta zoramen puntu handi batekin. Euskal izaerari lotuta doala iruditzen zait, kolektiboa, utopikoa. Herri oso bat jostorratzez batzen duena zazpi lurraldeetatik pasatzen den hari formako ibilbide batekin, mapa politikoez haratago, hizkuntza batek batzen gaituen moduan. Herri moduan existitzen garela zalantza guztietatik kanpo uzten duena.

Hasi ziren horiek aitona-amonak dira egun, euren seme-alabak garenok gure seme-alabekin parte hartzen dugu orain. Hizkuntzaren aldeko aldarrikapena izatetik esan bezala, gure herriaren historian toki garrantzitsua izatera pasatu da Korrika, baita gure bizi pertsonalari lotutakoa ere.

Beste batzuetan ere hala da, askotan, baina Korrikaren kasuan argi dugu askok herri honetako parte izateak maiz suposatzen duen zoramen kolektiboko kide izateaz inoiz baino harroago garela. •