2017/04/08

Erreportajea
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Asteburu bereziko agendan, Iruñeko Anaitasunako finala

Hain berezi datorren asteburuko agendan, Nafarroako Bertsolari Txapelketak ere badauka bere tartea. Anaitasunako kiroldegian dago jarria hitzordua, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Zortzi gizonezko arituko dira lehian, horietatik zazpi aurreko finalean arituak. Xabi Maia elizondoarra izango da finalista berri bakarra. Txapela, baina, emakume baten eskutik jasoko du txapeldunak: Luzia Goñi Oliasek, duela 89 urte Aizarotzen jaiotako bertsolariak, jantziko dio. Plazarik izan ez duen emakume belaunaldi oso bat igoko du oholtzara berekin Luzia Goñik.

Amagoia Mujika Telleria eta Maider Iantzi Goienetxe
Pd12_julio

Julio Soto Ezkurdia

 

«Lazkao Txikik bazuen liburu bat; ‘Irriz eta malkoz’. Bertsoa horrela bizi izan dut azken bi urteotan»

Bera da egungo Nafarroako txapelduna. 2015ean, bizi egoera oso berezi batean, final ahaztezina josi zuen Elizondoko plazan. Bere gogo-aldartera bildu zuen plaza guztia, bertsolaritzan batzuetan gertatzen diren une magiko horietako bat sinatuz. Gorritiarrak (1987) baditu Nafarroako beste bi txapel (2010 eta 2011). Txapelari begira baino, bere barrura begira dago.

Zer moduz sentitu zara aurten txapelketan?

Gurea lehen saioa izan zen eta sintonia entzun arte kostatu egin zitzaidan sartzea. Finalera begira, egia esan, ilusio eta indar dezenterekin sentitzen naiz. Baina finala beti da berria eta ez dakizu sekula nola erantzungo duzun. Ilusionatuta nago, nahiz eta bertsolariak beti dituen barne kezka batzuk.

Elizondoko finala oso berezia izan zen. Anaia galdu berria zenuen eta barrura begirako momentu batean harrapatu zintuen. Zein unetan zaude orain?

Elizondokoa oso berezia izan zen, egoera zena zelako eta bertsotan inoiz egin ez nuen moduan egin nuelako. Bertsotan egin nahi nuen eta hortik aurrera igual zitzaidan frontoitik atera eta elurra edo eguzkia ari zuen. Azken bi urteak gogorrak izan dira, bizitzak astindu dezentekoa eman digu eta hortik edaten ari gara etxean. Bertsotan ere hortik ari naiz. Ni ez naiz lehengoa eta egoera berri hau nire bizitzara egokitzen ari naiz. Bertsoa nire bizitzaren parte denez, bertsoa ere egokitzen ari naiz. Ez modu kontziente batean, baina ni konturatzen naiz sentsazio desberdinak ditudala batzuetan oholtzan, gauza desberdinei kantatzeko beharra dudala... Azken bi urteetan bidetxo batean nator eta bide horretan harrapatzen nau txapelketak.

Bertsoak lagundu al dizu bide horretan?

Bertsoak lagundu dit etxetik ateratzen eta nire burua zutik eusten. Azkenean bertsoa jendaurreko zerbait da eta, normalean, dolu-prozesu bat bizi duzunean ezkutatzeko joera izaten duzu. Bertsoak behartu nau jendearen aurrean jartzen eta askotan umore giroan egoten. Bertsoa lagungarri izan zait bide honetan. Egia da, hala ere, askotan mesede egin didala baina beste askotan oso gordina egin zaidala bertsotan ari beharra eta jendaurrean jarri beharra. Lazkao Txikik bazuen liburu bat, “Irriz eta malkoz” izenekoa. Bertsoa azken bi urte hauetan horrela bizi izan dut. Jendaurrean jartzeak beti jaten zaitu pixka bat, baina egia esan bertsoari eskertu samarrik nago bide honetan lagundu didalako.

 

Irriz eta malkoz diozu. Baina aspaldian zaila da Julio Soto irriz ikustea.

Egia da aspaldi samarrean nahiko serio nabilela, baina ez da nik aukeratu dudan zerbait. Gauza gogorra da etxean pasa zaiguna, jendearentzat denbora azkar pasatzen da, baina horrelako zurrunbilo batean sartzen zarenean, bizitzak horrelako astinaldia ematen dizunean, zure erlojuak mantso pasatzen dira. Jendeak nahi izaten du zure ezpainetan irria lehenbailehen ikusi, baina zuk denbora behar duzu. Nik denbora behar dut oraindik, bide luzea geratzen zait. Pentsatzen dut irribarrea gero eta gertuago izango dudala eta agian larunbatean inoiz baino irri gehiago egingo dut.

Asteburu oso berezia da.

Bai. Pentsatzen dut bertsolariak eta ingurua markatuko dituela asteburu berezi horrek. Pentsatzen dut jendea Baionara begira egongo dela goizetik eta biharamunean Korrika izango da. Ez da jakiten horiek mesedetan edo kaltetan izango diren, baina egia da emozio aldetik jendearentzat asteburu oso berezia dela. Jendea emozionatuago egongo da. Ni saiatuko nintzateke arreta gugana ekartzen eta bertso onak eskaintzen. Horrela egiten badugu, seguru jendeak erantzungo duela.