Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Ikasi ez da eskolan soilik egiten

Eta benetan sinistu eta gure gain hartuko bagenu gure ikasleek ez dutela soilik eskolan ikasten; edo zehatzago esanda, neska-mutilek ez dutela bakarrik eta esklusiboki gugandik, hezitzaileongandik, ikasten; ez dituztela soilik guk irakatsitakotik bereganatzen jakintza eta ikaspenak, alegia?

Ikasleek eskolan soilik ikasten dutelako ideia hori izan da, akaso, tradizionalki ezagutu dugun eskolaren oinarria. Horregatik, jakintza bat ikasle guztiei memento berean eta era berean irakasteko ahalegin horren bueltan antolatu dugu eskola. Bizitzari begiratuz gero, ordea, eskola da leku bakarra pertsona guztiek, denek, memento berean gauza bera egiten dutena.

Helburua erdiesteko ezarri ditugu adinka antolatutako ikastaldeak, eskola curriculumak, mailako eta ziklotako helburuak, ikasgaika antolatutako programak eta, azkenik, denak guk aurreikusitako mailara heldu eta guk ezarritako eduki minimoak bereganatu dituztela egiaztatzeko ebaluazio sistema osoa eraiki dugu.

Ikerketak eta eskarmentuak, ordea, beste gauza bat esaten ari zaizkigu behin eta berriro: ikasleek ikasi eskolan eta, batez ere seguruenik, eskolaz kanpo kalean eta etxean aurkitzen dituzten testuinguru anitzetan eta teknologia berriek eskaintzen dizkieten ingurumarietan ikasten dutela. Guk uste baino gehiago, azkarrago eta sakonago, gainera.

Zientziaren hainbat diziplinatatik aztertu eta ikertu dute pertsonak nola garatzen garen eta nola eskuratzen ditugun bizitzarako behar ditugun trebetasunak eta jakintzak. Zientifikoki frogatuta dago naturak espezie gisa programatu gaituela bizirauteko eta aurrera egiteko behar ditugun garapen etapa guztietatik pasatzeko.

Ondorioz, haurrek berez ikasten dute. Ez da gure meritua, ez uste dugun bezainbestekoa, bederen. Hortaz, eta ikerketei kasu eginez, garapenean gutxitasunik edo arazorik ez badago, behintzat –hitzaren zentzu zabalenean, eta barne biltzen dituen alde guztiak kontuan izanik–, ezinezkoa dirudi haurrek ez ikastea. Eta ikasteko eskolara joan behar dugula ideia kolokan geratuko litzateke, bai, gutxienez, tradizionalki eskolari eman diogun funtzio eta antolaketari begira, behinik behin.

Naturak programatutako garapen-aldietatik pasatu ahal izateko, munduratzen denetik haurrak duen arma nagusia jakin-mina da. Zenbatetan, baina, egiten ote dute talka haurraren jakin-minak eta eskolak eskaini eta exijitzen dionak ikasle guztiei jakintza bera eman eta eskatzeko egitekoan?

Era berean, eta jakintza guztiak memento berean eskaintzeko egitekoari begiratuko bagenio, horrek haurraren erritmoarekin talka egiten duela onartu beharko genuke. Izan ere, nola interesa dakioke gauza bera denei une berean?

Gero, ebaluazio sistema oso bat eraiki dugu neurtzeko, ikasleek guk ikastea nahi genuena eman diegun denboran bereganatu duten ala ez aztertu eta kalifikatzeko.

Beraz, pentsatzen hasita, eta zientziak dioenari kasu eginez, hezitzaile gisa geure buruari jarritako helburua –ikasle guztiei une berean ikasgai bera eskaini eta eskatzea–, erdietsi ezinekoa litzateke. Bidenabar, neska-mutilen aniztasuna eta erritmoen errespetua leku ez oso duinean uzten ariko ginateke.

Naturaren kontrako eta bide inposibleak diruditen horiek baztertu beharko genituzke. Ikasleak pertsona bakar eta errepikaezin gisa errespetatu eta ezinezko ahalegin horiek gure hezitzaile burua aterabiderik gabeko lekura ez eramateko, frustrazioari iskin egiteko.

Hortaz, arrazoizkoa dirudi lehenbailehen eskola beste era batera pentsatzen hastea. Eta arlo horretan urrats berriak ematen ari direnei begira, ikusiko dugu eskola bizitzeko toki gisa pentsatzen hasi direla. Non eskolara joaten garen guztiok (neska-mutilak, hezitzaileak, etxekoak, herritarrak) gure jakin-mina asetzen lagunduko digun espazio bat eraikiko dugun, norberaren jakin-minari eta erritmoari eutsi ahal izango diona eta errespetatua sentituko dena. •