Iñaki Soto

Boto eskubidearen murrizketa estrategikoa

Balio eta ideia orokorraz harago, edo hobe esanda honago, demokrazia sistema politikoa da. Ideia orokorrak «pertsona bat, boz bat» dio, baita gehiengo demokratikoa zer den «erdia gehi bat» kalkuluak esaten omen duela ere, baina sistemaren arabera boz kopuru berberak emaitza desberdina eman dezake. Urrutiago joan gabe, Hillary Clintonek Donald Trumpek baino 2,8 milioi boz gehiago lortu zituen hauteskundeetan, baina sistemaren ondorioz handikiak presidente bihurtzea lortu zuen.

Aurrerantzean auzi hori AEBetako eztabaida politikoaren ardatz bihur daiteke. George Lakoffek azpimarratzen duenez, Trump gutxiengoaren presidentea da. Hori gogorarazi behar zaio behin eta berriz, marko hori eraiki behar da, horrek gogaitzen baitu Trump gehien, eta bere ustez horrek elefantearen erorikoa bultza baitezake [goo.gl/8jMy6o].

Hauteskunde eta erreferendumen testuinguruan eztabaida hau berpiztu egiten da, oraintxe frantziar Estatuaren bigarren itzuliarekin gertatu den bezala. Testuinguru horretatik kanpo, ordea, apenas egiten da honi buruzko gogoetarik. Bere eragin politikoa izugarria izan arren, buruz egindako errepaso azkar batek erakusten duenez.

Barrutien hautaketak, adibidez, erabat baldintzatuko du zenbait indarren aukera parlamentu batean sartzeko. Espainiar Estatuan Europar Parlamenturako hauteskundeak barruti bakarrean jokatzen dira orain, estaturik gabeko nazioetako indarren aukerak murriztuz. Parlamentu batean sartzeko bozen %5 edo %3 behar den ezartzeak erabat baldintzatuko du alderdi txikiek bertan egoteko duten aukera, eta, ondorioz, aniztasuna eta aritmetika parlamentarioa. Bozkatzaileen bigarren hautuak kontuan hartzen dituzten sistemek, Irlandakoak adibidez, kanpainan zehar «zureak» ez diren baina nolabait babes zaitzaketen bozkatzaile horiei zuzentzera behartzen zaituzte. Kasu horretan, gainera, sistemak legegintzaldian zehar atez ate zure komunitatearekin komunikatzen jarraitzera behartzen zaitu. Demokraziaren azpi-sistemen barruan, primarioak mundu oso bat dira. Alderdietan, barne-errolda irekiago edo itxiagoen araberako primarioek efektu perbertso ugari dituztela ikusten ari gara. PSOE ikusi, bestela. Uruguain, ordea, herritar guztiak daude primarioetan parte hartzera deituak, lehenik eta behin alderdien hautagaiak erabakitzeko; sufragio unibertsal hori alderdien eta sistema politikoaren erdigunean jarriz, kultura politikoa erabat aldatzen da. Beste alde batetik, espainiar Estatuan, D’Hont legeak bipartidismoa indartzeko balio izan du luzaroan. Erreferendumen harira demokraziari eragiten dioten eztabaida interesgarriak ere ikusi ditugu. Bat azpimarratzekotan, bozkatzaileen adina 16 urtera jaistearena nabarmenduko nuke. Ez soilik erreferendumetan. Joera hori geldiezina iruditzen zait.

Kasu guztietan, sufragio-sistema desberdinek guztiz baldintzatu dezakete emaitza. Printzipioen araberako bozaz gain, gero eta indar gehiago du «boz estrategikoa» deitzen duten horrek. Horrexegatik ere kanpaina politikoak gero eta gehiago sofistikatzen ari dira, segmentazioak doituz, kanalak biderkatuz, demoskopia eta big data uztartuz, kontakizunak landuz eta aberastuz… Marketin politikoaren zientifikotasuna indartzen ari da. Demokraziarekin gertatzen den bezala, ordea, hautagai on batek eta programa zuzen batek beti emango dute abantaila handia. Ezkerraren ikuspuntutik egon badago demokraziaren kritika orokor bat, balio eta ideiei lotuta, ordezkapenaren mugei eta honen jatorri burgesari lotuta, adibidez. Baina sistemei buruzko gogoetak askoz gutxiago dira eta batez ere akademian ematen dira. Eskuinak, ordea, boto-eskubidearen murrizketa bere programa politikoaren parte bihurtu du.

AEBetara itzuliz, “The Nation” aldizkariak aste honetan azaldu duenez, Wisconsinen 2016an indarrean sartu zen lege baten ondorioz, 200.000 lagunek galdu zuten bozkatzeko aukera, gehienak beltzak eta demokratak. Trumpek 22.748 bozengatik irabazi zuen bertan. Aurten 29 estatutan bozkatzeko eskubidea murrizteko 87 lege proposamen sartu dira. Teorian zer bozkatuko zenukeen edo ez eztabaidatzeaz gain, hobe dugu horretaz ere arduratzen hastea. •