Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

JARRI DUTE LEHEN HARRI-MINA DONOSTIALDEKO GILTZURRUNEAN

Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS
Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS

Asteazkenean inauguratu zituzten Zubietako errauste plantaren eraikuntza lanak. Barkatu, Zubietako energia balorizazio planta, hondakinen balioa biderkatuko duena, ustez. Baina baita, ustez, inguruko bizilagunen osasuna arriskuan jarriko duena ere. Egokiago bide da, horrenbestez, errauste planta edo, laburrago, seta. Horrelako ekitaldietan lehen harria jarri ohi da; hala ere, inaugurazio horretan aurreratuta zeukaten lan hori, duela sei urte jarrita baitago harri-min hori Donostialdeko giltzurrunean. Markel Olano, Jose Ignacio Asensio, Urbaser enpresako ordezkari Carlos Abilio eta gainerakoak txalekoa soinean eta kaskoa buruan ageri dira. Zer dela-eta hainbesteko prebentzioa arriskurik bat ere ez duen leku batean? Oraindik arriskutsua ez den leku batean, alegia. Zer jantzi beharko dute errauste planta abian jartzen dutenean Usurbilgo, Zubietako edo Lasarte-Oriako bizilagunek? Agintari eta enpresaburu horien janzkerak nekez babestuko ditu.