2017/05/20

Erreportajea
KONGO
«Kamuina Nsapu» erregearen heriotzaren osteko gatazka eta Kasaiko sarraski ilunak

Luba etniako klan jakin batek izendatutako erregeari ez zion bere oniritzia eman Kinshasako Gobernuak eta haserreak eragindako borroken ondorioz erregea bera, «Kamuina Nsapu», hil egin zen. Kabilaren indarrek haren gorpua bahitu ostean, zibilen aurkako eraso ugari hasi ziren probintzia ezberdinetan. Familiak ezin du ulertu zer gertatu den.

Umoya
Pd08_kabeya

Kongoko herri baten ohiturak ez zituen errespetatu Kinshasako Gobernuak eta Kasai eskualdeko Bashila Kasanga luba etniako klanak hortzak erakutsi zizkion Kabilaren erregimen ustelari.

Iazko abuztuan ehunka lagunek Tshimbulu hiriko sarreran barrikadak jarri zituzten eta segurtasun indarrekin izandako borroketan makina bat lagun hil ziren. Erregea bera ere hil zen borroketan, eta Kinshasak eraman egin zuen bere gorpua, herritarren haserrea areagotzeko.

Testuinguru hori baliatu nahi izan dute Kongon aritzen diren beste talde armatu batzuek beren historia propioa garbitzeko eta nazioarteko hedabideek Bashila Kasanga klanari leporatu dizkiote Kasai eskualdean eta inguruko beste probintzia batzuetan egindako sarraski guztiak. Orain, Jacques Kabeya Ntumba errege berriaren izendapena Kongoko agintariek ere onartu dutenean, egoerak bere onera etorri beharko luke, eta mahaiaren gainean geratu diren makina bat galdera erantzuten hasteko moduan dira analistak.

«Terroristak» eta «ordena»

Umoya webguneak egin duen irakurketaren arabera, Kongoko Errepublika Demokratikoko agintariek eman duten bertsioak ez du ez hanka ez bururik, baina horixe da hedabide nagusiek zabaldu duten bakarra: “Kamuina Nsapu terroristak” alde batetik eta “ordenaren indarrak” bestetik.

Jean-Pierre Mpandi medikua 2011n itzuli zen Kongora lanean ari zen Hegoafrikatik. Bashila Kasanga klanaren errege izatea egokitu zitzaion, bere osaba hil ondoren, oinordetza arauen arabera. Hala, Kamuina Nsapu edo “Inurri Beltza” bihurtu zen, hau da, klaneko erregea.

Kongoko konstituzioak berak babesten ditu klanen buruzagi tradizionalak eta berauek izendatzeko prozedurak, teorian behintzat. Baina Umoyak nabarmendu duenez, azken hamarkadotan buruzagi horietako asko oso gaizki tratatu izan dituzte Kinshasako zein probintzietako agintariek, ustelkeria onartzeko prest ez zeudelako batez ere. Kasu batzuetan hil egin dituzte, beren herriak defenditzeagatik.

Kabila eta Konstituzioa

Joseph Kabilaren Gobernuak makina bat buruzagi ezarri ditu azken urteotan Kasain. Buruzagi batzuk pozoituta hil izan dituzte eta herritar askok Kabilaren erregimena ikusi dute hilketon atzean, presidenteak berehala izendatu izan baititu ondorengoak, betiere bere gustukoak, nahiz eta beren herriarekin ia loturarik ez izan. Joera horrek iraindu egiten ditu jatorrizko herriak eta agintariekiko mesfidantzak gora egiten du. Konstituzioak dioena hankaz gora bota du Kabilak (Estatuak ez du sartu behar erregeen izendapen prozesuetan, herritarrek erabakia hartu ondoren onartu besterik ez du egin behar izendatuak legerik urratu ez badu).

Bada, Jean-Pierre Mpandi izendatu zuten Kamuina Nsapu, baina Kinshasak bere izendapena ez onartzea erabaki zuen, medikuaren haserrea eraginez. Ez makurtzea erabaki zuen ordurako errege bihurtuta zegoen herritarrak. Gainera, giroa gehiago gaiztotzeko, bere etxea miatu egin zuten soldaduek bertan ez zela: gauza guztiak txikitu, etxean zeudenak jipoitu, emaztea bortxatzeko ahaleginak… Sendagilearen frustrazioak gora egin zuen. Geroztik erasoak eta liskarrak izan dira Kongoko bost probintziatan, Mpandiren etxekoek ulertu ezin dutena.

Intelektual bat errege

Bortizkeriaren aurkako jarrera erakusten duen familiak adierazi du beste norbaitek erabili duela “Kamuina Nsapu” izena krimen horiek egiteko. Eransten dutenez, hedabideek puztu egin izan dituzte erasoak, «eta lau lagun baino sartu ez ziren lekuan, berrehundik gora sartu zirela esaten dute».

Hildako erregearen ingurukoek esplikatu dute Mpandi intelektual bat zela, bere herriaren eskubideak zeintzuk diren bazekiena, eta Kongok dituen arazoak salatu zituena: buruzagi tradizional eta erakunde ofizial asko nahastuta dauzkan ustelkeria, atzerriko indar eta konpainiek duten gehiegizko boterea, injustizia, gehiegikeriak eta bere herriak bizi duen erabateko pobrezia. Azkenean, iazko apirilean, «erresistentzia mugimendu» bat iragarri zuen.

Arazo horiei bukaera eman nahi zien talde berriak. Erregeak nabarmentzen zuen lurraldeko ondasunak buruzagi tradizional batzuek eta atzerritarrek eramaten zituztela. «Kinshasatik abiatuta, Kongo bahitu dutenen morroi» deitu zien buruzagi tradizional ustelei: «Kongoko diru guztia Ruanda, Uganda, Tanzania eta Burundira joaten da, Kasaiko seme-alabek duintasunez bizitzeko aukerarik ere ez dutenean».

Mpandik bere Mugimendu Politiko Tradizionalarekin bat egiteko deia luzatu zien herritarrei, «justiziaren eta berradiskidetzearen aldeko borrokan esku hartzeko». Bere hitzaldietan «okupazio Gobernuaren aurka» borrokatzeko deia egiten zien ezin haserreago zeuden gazteei. Umoya webguneak idatzi du hor hasi zitzaizkiola benetako arazoak, medikuak esandakoa berehala hedatzen baitzen, Kasain zein bertatik kanpo.

Iazko abuztuan ehunka lagunek barrikadak egin zituzten Tshimbulu hirian, erregeak berak esku hartu zuen ekintzan. Ondorengo egunetan izan ziren borroketan polizia eta soldadu batzuk hil zituzten matxinoek eta erregimenak abuztuaren 12an sekulako erasoaldia antolatu zuen: hemeretzi hildako (onartu gabeko erregea tartean).

Bashila Kasanga klanekoentzat iraingarria izan zen erregea hil izana, jakina. Kongoko Errepublika Demokratikoko Armada ez da beraien segurtasuna bermatzeko eratutako erakunde bat, agintari ustelen zerbitzura dagoen banda armatu kriminala baizik, etnia ezberdinetako herritarrek salatu izan dutenez.

Hilobiaren profanazioa

Gauzak oso bero bazeuden, erregearen hilobiaren profanazioak sutan jarri zituen klanekoak. Tradizioak agintzen duen moduan lurperatu ondoren, gorpua lapurtu egin zuten eta «leku seguru batean ehortzi», Alex Kande Mupompa Kasaiko gobernadoreak berak azaldu zuenez. «Kinshasako agintariek» esan zioten horrela egiteko. Gerra deklaraziotzat hartu zuten Bashila Kasanga klanekoek: ezin zuten errege berria izendatu tradizioak agindu moduan aurreko Kamuina Nsapu edo erregea ehortzi arte. Konstituzioak prozesu hori errespetatzen du, baina Kabilaren erregimenak ez.

Orduan makina bat eraso egin ziren parrokia, komentu, herri, soldadu zein polizien aurka. Hedabideek «Kamuina Nsapu miliziari» leporatu zizkioten eraso guztiak. Gainera, garai hartan Nazio Batuetako bi ikerlari (Kasaiko indarkeriari buruzko lan bat prestatzen ari ziren) desagerrarazi egin zituzten (handik hamasei egunera aurkitu zituzten gorpuak). Estatubatuarra bat, suediar-txiletarra bestea.

Kasaiko hobi komunak

Desagertuta segitzen duten lau kongoarrekin batera, 23 hobi komun aurkitu eta dokumentatu zituzten Kasain. Beraiek elkarrizketatutako lekukoek esan zietenez, kamioi militarretan etorritako eta militarrez jantzitako gizonek egin zituzten hobiak, ez milizianoek, eta bertara bota zituzten gizon zein emakumeen gorpuak, umeenak… Hala ere, Gobernuak dio «Kamuina Nsapu miliziako terroristek» egin zituztela hobiak. Nazio Batuek diote gutxienez 40 hobi komun daudela Kasai osoan eta gertatutakoa ikertzeko eskatu dute. Alferrik, ordea.

Bertakoek oraindik ezin dute ulertu orduan gertatutakoa. Zibilen aurkako eraso horiek beraien inguru geografiko zein kulturaletik kanpo egin ziren, beraien egoerarekin zerikusirik ez zuten herritarren aurka. Beste norbait ari zen beren erregearen izena erabiltzen.

Jean-Bosco Kongolo defentsa eta segurtasun kontuetan adituak adierazi du Kasaiko matxinoek ez dutela herrialdeko beste probintzia batzuetan sortu diren mugimenduen tankerarik, Kamuina Nsapu fenomenoa «ez baitago ez antolatuta ez egituratuta». Hain bizkor hedatu izanak esan nahiko luke, begirale batzuen ustez, frustrazioa erabatekoa dela zenbait lekutan eta ez dela gauza handirik behar egoera leher dadin.

Iazko apirilean, «erresistentzia mugimendu» bat iragarri zuen Mpandik. Ondasunak atzerritarrek eramaten zituztela, ustelkeria eta herritarren pobrezia salatu zituen erregeak

Borroketan polizia eta soldadu batzuk hil zituzten matxinoek eta erregimenak abuztuaren 12an sekulako erasoaldia antolatu zuen: 19 hildako (onartu gabeko erregea barne)