2017/05/20

Koldo Sagasti
«Low cost» haragia

Pasa den maiatzaren 7an gertatu zen. Fabiana Goicoechea Caracaseko hiribide nagusian zebilen paseoan. 16 urte baino ez zituen, zertarako den bizitza jakitera iritsi gabea zen oraindik. Erregimeneko soldadu bati ez zitzaion, nonbait, nerabearen aurpegiera, jarrera edota begirada desafiatzailea gustatu. Mehatxagarritzat hartu zuen. Ikararen ikaraz fusilaren kolpekariari eragin eta bi tiro jaurti zizkion. Adingabearen zerraldoa azken hatsetan zetzala ordu horietan hiribidea lepo betetzen zuen jendea saiatu zen zaurituari laguntzen, alferrik, soldaduak piper-gasa jaurtiz oldartu baitzitzaizkion jendetzari. Eta hortxe utzi zuten botata neskatoa apurka-apurka odolustu zedin. Gerora, armadak, borreroaren erantzukizuna zuritzearren, neskatilak labana batekin hamar soldaduri eraso egin nahi izan ziela argudiatuko zuen prentsa-ohar batean. Eta horrelaxe amaitu zen afera. Ez zen inongo ikerketarik ireki; ez inolako erantzulerik bilatu; gertaera ez zen, antza, prentsako albiste labur bat ere betetzeko adinakoa izan.

Baina zergatik egin ote dute ezikusiarena mundu osoko hedabideek Fabianaren erailketaren aurrean? Akaso Fabiana ez zutelako Caracaseko hiribide nagusian exekutatu, Damascus Atean baizik, Jerusalemeko alde zaharrerako sarreretako batean. Eta erregimeneko soldaduek akabatu zuten, bai, baina ez bi tiro jaurtita, hogei baizik. Eta hilzorian zen neskatoa lagundu nahi izan zutenak piper-gasaz sakabanatu zituzten zauritua odolustu zedin. Eta gerora, soldaduei labana batekin eraso egin nahi izana leporatu zioten hildakoari. Eta Fabianak 16 urte zituen, bai, baina ez zen Fabiana, Fatima Hajiji baizik, eta palestinarra zen. Eta neskatila palestinar baten debaldeko erailketa ohikoegia da, egunerokoegia prentsako albiste bilakatzeko. Palestinarren haragia oso merke saltzen da nazioarteko merkatuetan. Low cost haragia da. •