2017/05/20

Amets Txurruka
txirrindularia

Marino Lejarretak bere garaipen handiena euskal zaletuen maitasuna lortzea izan zela zioen. Amets Txurrukarentzat ere segur aski hori da bere markarik onena.

«Marinorekin konparatzeak poz handia ematen dit, baina kirol mailan ez gara parekoak»
Joseba Iturria
Pd22_ametstxurruka3

Aurreko astean Amets Txurrukak (Etxebarria, 1982) txirrindularitza profesionalari agur esan eta zortzi urte zituela Markina-Xemeinen hasitako bidea bukatu zuen. Bere ibilbidearen errepasoa egin du GAUR8rekin. Erorketak eta lesioak tarteko, hamaika urte eman ditu profesionaletan. 2006an Barloworldekin debutatu zuen eta hurrengo urtean, bere lehen Tourrean, podiuma ezagutu zuen. Espero ez zuenean Euskaltelekin ez jarraitzea kolpe latza izan zen; Caja Ruralekin lortutako garaipenak, berriz, une gozoak. Azken urtea Orican egin du. Etorkizun hurbilean, bederatzi hilabeteko Nahia alaba da bere erronka nagusia, aitaren agurraz gehien poztuko dena.

Zergatik erabaki duzu txirrindularitza profesionalari publikoki orain agur esatea?

Iazko denboraldia eta neguko denboraldia bukatu zirenetik denbora bat pasa denean, zaleei azalpen bat emateko beharra ikusten nuen. Jende asko eduki dut galdezka, baina ez nuen arinegi ibili nahi eta azkarregi esan erretiratu egingo nintzela, eta gero damutu. Tarte bat hartu dut. Tarte horretan alde positiboak eta negatiboak, nire egoera, txirrindularitzarena eta beste gauza asko baloratu ditut, eta, dena ondo pentsatu ondoren, orain erabaki dut publiko egitea.

Urtea normal hasi zenuen entrenatzen, talde baten zain jarraitzeko asmoarekin, ezta?

Bai. Hasieran ondo entrenatzen hasi nintzen, baina, denbora aurrera joan ahala, gero eta aukera gutxiago zeudela ikusten nuen. Zalantza asko izan ditut, baita arazo fisiko batzuk ere, eta zein mailara iritsiko ote nintzen kezka nuen. Horri guztiari batu zitzaion, gainera, nengoen egoera. Dena balantzan jarri eta egokiena orain arteko lana ontzat eman eta horrekin bideari bukaera jartzea izango dela onena pentsatu dut.

Izan dira urtebete lehiatu gabe eman ondoren gero bueltatu diren txirrindulariak.

Hori ez dut baloratu. Azkenean baloratu dudana izan da maila bat izan dudala –handiagoa edo txikiagoa– eta ez nuela jarraitzeagatik nire mailaren azpitik arrastaka ibili nahi. Nahiago dut maila on batekin utzi. Urte bat geldirik egon, bueltatu eta nire maila eman ezinda aritzea ez da trago erraza. Profesional mailan exijentzia handia dago. Hori ezin baduzu eman, hobe da uztea. Jarraituko dut bizikletarekin disfrutatzen, baina beste era batera; zaletasun moduan, kirola egiten... baina ez profesional mailako exijentzia horrekin.

Jende asko triste dago zure agurrarekin. Gaur egun euskal zaletuen artean txirrindularirik maitatuenetakoa zara. Askok Marino Lejarretarekin konparatzen zaituzte...

Konparazio hori ezin da egin. Nik uste dut Marino oso handia izan dela, eta, niretzat, pertsonalki, idolo bat izan da beti, umetatik. Nire logelan Marinoren posterra neukan. Oso gertuko sentitu dut, Berrizkoa izanik, harremana baitaukat berarekin. Marino are handiagoa egin duena jendearengana nola heldu den izan da, nola maitatu duen jendeak. Batez ere txirrindulari handia izateaz gain, pertsona umila eta gertukoa delako.

Marinorekin antzekotasuna topatu izanak poz handia ematen dit, baina nik uste dut kirol mailari dagokionez nire ibilbideak ez duela harenarekin zerikusirik, palmares ikaragarria du Marinok. Beti da polita konparazio hori egitea eta nire aldetik izugarri eskertzen dut jendeak benetan estimatzea eta maitasun hori sentitzea.

Nola eta noiztik sentitu duzu maitasun hori?

Betidanik sentitu dut; txirrindularitzan nabilenetik, zaletuen aldetik beti nabaritu izan dut. Ni naizen modukoa izan naiz, bai lasterketetan eta baita lasterketetatik kanpo ere. Jendeak hori ikusi du; pertsona normal bat, beraien moduko pertsona xumea eta akaso horregatik gertuko ikusi naute. Agian hori izan daiteke arrazoia. Lehiatzeko modua eta lortu ditudan emaitzak ez dira izan maila handiko txirrindularia naizelako, lanaren eta sufrimenduaren ondorio baizik. Agian jendea identifikatuta senti daiteke sufrimendu eta lehiakortasun horrekin.

Lehiatzeko zure modua ere hor dago; beti erasoan, lehenengo Tour hartan bezala...

Bai. Azkenean nik gustuko izan dudan txirrindularitza hori da, kontziente nintzelako bukaerara itxaronez gero, aukera gutxi izango nuela. Lasterketa batzuetan eta sasoi onenean egonda, akaso hobe zen une batzuetan itxarotea, baina gustuko dudan txirrindularitza egin dut. Nik gozatu egin dut eta nirekin batera zaletuek gozatu badute, asko pozten naiz.

Nola hasi zinen txirrindularitzan eta nola joan zinen etapak gainditzen?

Umetan, herri inguruan, denok bezala. Gogoratzen naiz Markinako Txirrindulari Elkartean zortzi urterekin hasi nintzela, bederatzi egiteko, eta detaile polita izan zuten; haiek utzitako bizikleta batekin hasi bainintzen. Ez neukan errepideko bizikletarik, utzi egin zidaten eta hemen inguruan ez zegoenez nire adineko txirrindularirik, urte bat zaharragoekin lehiatzen nintzen. Haiek baino itzuli bat edo bi lehenago bukatzen nuen.

Eskoletako karrerak lasterketak ziren, baina adin horretan lehiaketaren kutsu larregi gabe, kirolarekin gozatzea helburu. Kadete eta jubenil mailetan hasten zara benetako txirrindularitza ezagutzen. Gustuko nuen. Nire anaia eta arreba ere bizikletan ibiltzen ziren eta etxean zaletasuna zegoen. Hor hasten da txirrindularitzarekiko dudan maitasuna eta pasioa.

Amateur mailan asko aldatzen da, exijentzia handiagoa da. Jubeniletan asko zaindu gabe lasterketak irabaz daitezke, baina afizionatuetan ondo entrenatu behar da, zaindu egin behar zara eta gauza asko alde batera utzi behar dituzu. Ez da erraza. Ikasketek exijentzia gehiago daukate, entrenamenduek ere bai, denbora libre gutxiago daukazu eta ikusten duzu lagunak parrandara, mendira edo asteburua pasatzera doazela eta erabaki egin behar da: aurrera segi edo tentagarriak diren beste gauza horiek egin lagunekin. Nik benetan txirrindulari izan nahi nuen, asko gustatzen zitzaidan eta apustua egin nuen. Baina txirrindulari izateko gauza horiek denak sakrifikatu egin behar dira.

Hori izan zen nire erabakia eta apustua: ikasketak eta entrenamenduak uztartzea. Ez zen garai erraza izan. Nire gaztaroa agian ez nuen erabat disfrutatu, baina sakrifizio horiek emaitzak eman dituzte eta ez naiz damutzen hori egin izanaz. Erraza ez den adin horretan dauden gaztetxoei mezu hori luzatu nahiko nieke: Ikasketak alde batera utzi gabe kirolean ere beraien onena emateko ahalegina egiteko.

Ez zara inoiz garaile handia izan, baina arraroa da Olarra taldean aritu ondoren Euskaltelera pasatu ez izana, filiala zelako.

Jubeniletan esprintean nahiko ondo aritzen nintzen eta talde txikietan lasterketak irabazten nituen. Baina afizionatu mailan ez naiz garaile izan; erregularra bai, beti lehen hamarren artean. Beti kostatu izan zait irabaztea, abiadura hori falta izan zait eta garaipen askorik ez dut lortu.

Lehenengo urtea Lekeitialde taldean egin nuen eta gero Olarrara pasatu nintzen. Hor lau urte egin nituen, baina ia urte bat osorik galdu nuen femurreko lesio batengatik. Markinan bertan entrenatzen ari nintzela aldapa bat jaisten auto baten kontra istripua izan nuen. Lasterketak egiten nituen, baina maila errekuperatzeko ia urtebete behar izan nuen eta progresio hori moztuta gelditu zen. Akaso horregatik Olarrarekin ez zidaten pasatzeko aukerarik eman. Azkeneko urtean, Debabarrenarekin –etxetik gertu neukan taldea izanik– nire buruari azkeneko aukera ematea erabaki nuen eta oso urte ona atera zen. Bi garaipen eta lehen hamarren artean postu mordo bat lortu nituen. Euskaltelen aukera aztertzen egon ginen, baina ezin izan nuen beraiekin pasa eta Barloworld taldeak eman zidan aukera aprobetxatu nuen.

Eibarko Juanjo Sebastian zuzendariak eta Anton Ormaetxeak lagundu zidaten, kontaktuak zituztelako Italian. Igor Astarloa eta Peio Arreitunandia ere bertan zeuden, elkar ezagutzen genuen eta beraiek ere lagundu zidaten. Batzuei eta besteei esker aukera sortu zitzaidan eta eskertzen dut.

Debut polita izan zenuen 2006an Barloworldekin, ezta?

Oso urte ona izan zen. Italia aldean lasterketa dezente egin nituen lehen hamarretan; Euskal Bizikletan bederatzigarren egin nuen eta Pello Arreitunaindiak, laugarren… emaitza politak. Asturiaseko Itzulia eta Portugaleko Volta ere egin genituen... Oro har lasterketa dezente osatu genituen eta maila txukuna eman genuen. Oso konforme nago urte horretan egindakorekin. Balantze positiboa. Eta, ondorioz, Euskaltelera pasatu nintzen, orduan bai.

Froomekin ez zinen egon Barloworlden, ezta?

Ni Euskaltelera etorri nintzen urtean sartu zen bera Barloworld taldean. Baina nire lehen Tourrean –Euskaltelekin joan nintzen– lotura estua neukan oraindik Barloworldeko lagunekin eta zuzendariek honakoa esan zidaten: «Begiratu mutil horri, oso gaztea da baina oso ona izango da. Erreparatu». Erreparatu nion pixka bat eta urte batzuetara begira nora iritsi den…

Euskaltelen (2007-2012) txirrindulari euskaldun batentzat bizi daitekeen proiekturik politena ezagutu zenuen.

Proiektu hori oso polita izan da eta batez ere orain baloratzen dugu, ez daukagunean. Agian momentuan ikusten genuen talde bat, talde polita, gure taldea, baina ez genuen baloratzen hainbeste eta orain, zer eduki dugun ikusten dugunean, faltan sumatzen dugu.

Baina nire kasuan, adibidez, ez nuen izan aukera Euskaltelera zuzenean pasatzeko, nahiz eta afizionatuetan ondo ibili, eta beste proiektu batek eman zidan aukera. Barloworld taldeak. Oso proiektu ezberdina zen, baina oso aberasgarria, mundu guztiko jendea biltzen zuelako. Gero Euskaltel-Euskadira itzultzea oso polita izan zen, eta, batez ere, bertako txirrindulariekin munduko lasterketarik onenak lehiatu ahal izatea zoragarria izan da. Ea zorte pixka batekin aurrerantzean aukera hori berriro dagoen.

Ez zenuen zorterik izan erorketekin Euskaltelekin. Tourrean hiru aldiz jarraian lepauztaia hautsi zenuen.

Guztira sei edo izan dira, kontua galduta daukat egia esan. Lehenengo Tourra oso ondo irten zen eta hortik aurrera urtero sasoi fisikoz oso ondo bueltatzen nintzen, baina ez dut zorterik eduki. Fisikoki ongien egoten nintzen momentuan lepauztaia apurtuta bueltatzen nintzen etxera. Hutsetik hastea gogorra da eta horrek ere badauka pisua erabaki honetan. Beti oztopoak gainditzen nekatu egiten zara.

2007an Tourrean bikain debutatu eta podiumean bukatu zenuen Lehiakortasunaren Saria jasota. Ematen zuen zure lasterketa zela, baina hortik aurrera beti aurpegi txarrena erakutsi zizun lasterketa horrek…

Alde biak. Lehenengoz joan eta kasik espero barik guztia eman zidan, eta, gero, handik aurrera, alderantziz. Kendu edo ilusio guztiarekin joan eta belarrondoko bat bestearen atzetik, eta etxera buelta dezenteko kolpearekin. Baina horrela suertatu da. Alde ona eta txarra ikusi ditudala esan daiteke.

Tourra gorrotatzera iritsi zara?

Ez, gorrotorik ez. Asko eman dit. Txirrindularitzan zeozer izan banaiz, parte handia Tourrak eman didalako izan da. Baina egia da behin baino gehiagotan eskatu nuela Euskaltelen Tourrera ez joatea, nahiago nituela Giroa eta Vuelta. Eta beti Tourrera eramaten ninduten. Esaten zidaten nire lasterketa zela, derrigorrezkoa nintzela taldearentzat.

Lepauztaia hainbestetan apurtu ondoren ez dut gorrotorik sentitu, baina bai beldurra eta errespetua. Hainbeste lesioren ondoren lasterketa hori alde batera uzteko gogoa ere eduki nuen. Baina, beste aldetik, lehenengo urtean Tourrak mundu mailan ezagun egin ninduen. Parisen podium hartan egon ahal izatea gero eta gehiago baloratzen dut denbora aurrera joan ahala. Orain konturatzen naiz nolako balioa duen argazki hori etxean edukitzeak.

Azkeneko urtean, 2012an, Euskaltelek Girora, Tourrera eta Vueltara eraman ondoren jarraitzeko aukerarik ez ematea izan al da txirrindularitzan jaso duzun kolperik handiena?

Ulertzeko zaila izan den erabaki bat izan da; bai niretzat eta baita zaletuentzat ere. Urte berean Girora, Tourrera eta Vueltara eraman ninduten. Planifikazioan ez neukan hori, baina beraien ahotik jaso nuen ezinbestekoa nintzela taldean. Tourrean ni bezalakoak ez zeudela eta hara joan behar nintzela. Tourra lehiatzen ari ginela entzun nuen egoteko lasai, hurrengo urtean edukiko nuela jarraitzeko aukera. Vueltara joan eta han berdin. «Zuk egin lana besteentzako, taldean jarraipena izango duzula…».

Irailean deitu zidaten taldean jarraitzeko aukerarik ez nuela izango esanez, eta erabat ulertezina egin zitzaidan erabaki hori. Une txarra pasatu nuen, bai nik eta bai zaletuek, baina bizitzak buelta asko ematen ditu. Aldaketa horrek beste bide batzuk zabaldu zizkidan eta agian nire mesederako izan zen. Caja Ruralen beste aukera batzuk eduki nituen; hiru urte oso politak eman nituen han, beste bat Orican... Beste bide batetik joan nintzen. Bizitzan horrelako egoerak daude; horrela gertatu zen eta horrela hartu beharra neukan. Handik aurrera, beste garai bat sortu zen eta hura ere polita izan zen.

Filosofia aldaketak Euskaltelen desagerpenean eragina izan al zuen?

Ez dakit zein izan zen arrazoia, baina egia da ordura arte eta urte askoan garaipen onak eta gauza asko lortu zirela, eta, bat-batean, aldaketa horren ondotik, dena pikutara joan zen. Dena okertu egin zen eta denbora gutxian proiektu handi hura behera etorri zen. Zerbait txarto egin zela garbi dago behintzat.

Caja Ruralen (2013-2015) garaipen garrantzitsuak lortu zenituen hiru urtez segidan...

Hainbat urtetan ibili nintzen lehian eta onartua nuen kirol ibilbidea garaipenik gabe utzi beharko nuela. Konbentzituta nengoen eta latza da, baina txirrindulari asko egon dira garaipenik lortu ez duten arren ibilbide polita egin dutenak.

Onartuta neukan eta Caja Ruralera joan eta lehenengo garaipena Asturiaseko Itzulian lortu nuen. Eta haren ondoren besteak etorri ziren. Lasterketetan nire aukerak baliatzeko beste askatasun bat neukan. Hori baliatu nuen eta etapa oso polita izan zen.

Liderra zinen baina nahiago izan zenuen World Tourrera bueltatzea. Orica taldean besteentzat lan egitea erabaki zenuen.

Bai eta nik beti esan izan dut lider bati laguntzea oso polita dela. Asko betetzen nau pertsona moduan beste bati laguntzeak. Lagun batek garaipena lortzen bazuen, nik irabaziko banu bezala sentitzen nuen. Poztu egiten ninduen beste lagun bati irabazten laguntzeak.

Oricaren planteamendua hori zen; Esteban Chavesi itzuli handietan laguntzea. Girora joan ginen eta nire eta beste taldekideen laguntzarekin berak etapa garaipen bat lortu zuen, baita sailkapen nagusian bigarren bukatzea ere. Oso polita izan zen. Garbi neukan ez zela ezinbestekoa nik garaipenak lortzea. Beste batentzat lan egin eta hori eskertzen badidate, ni pozik nago horrekin. Ez nuen zalantzarik izan Oricara joateko.

Sorpresa izan zen Oricak aurten taldean jarraitzeko aukerarik ez ematea. Vueltatik kanpo gelditu aurretik, zalantzak al zeneuzkan?

Orican lehiatzeko modua eta talde barruan nik neukan rola asko aldatu ziren, baina gustuko nuen lan hori. Beraiek ere oso gustura zeudela esaten zuten. Zailtasunak eduki nituen denboraldian zehar, ez zen atera nik nahi nuen bezala. Giroan ondo nengoela gaixotu egin nintzen eta nire mailaz azpitik ibili, baina, halere, taldekideentzako lanean gustura ibili nintzen. Pentsatzen nuen beste urtebete jarraitzeko aukera izango nuela.

Baina Vueltara joateko aukera zalantzan jarri zuten, ikusiko zutela esan zuten eta kezkatzen hasi nintzen. Vueltatik kanpo geratzen nintzela esan zutenean ja itxura hartu nion kanpoan geldituko nintzela. Urte bukaeran konfirmatu zidaten ez zutela nirekin kontatzen. Vueltatik kanpo gelditu ondoren, aukera gutxi neukala ikusi nuen.

Orain arte Orica taldeak ez zeukan itzuli handiak lehiatzeko txirrindularirik. Orain, hiru lider ditu eta haiei laguntzeko eskalatzaileak behar dira. Horretarako fitxatu zintuzten zu eta arraroa da zure profileko txirrindulari batek ez jarraitzea, ezta?

Taldea asko aldatzen ari da. Lehen klasikoetan eta etapa soiletan zentratzen ziren eta orain baita itzuli handietan ere. Jende gaztea oso fuerte dator. Yates anaiak, Chaves eta Australiako igotzaile oso onak: Jack Haig, Robert Power... Verona gaztea izanik hor sartu da... Jende gaztearen aldeko apustua egin dute eta azkenean euren erabakia onartzekoa da.

Pentsatu izan al duzu Caja Ruralen jarraituz gero hor egongo zinela oraindik. Damutu al zara erabaki hori hartzeaz?

Ondo nengoen eta erosoena bertan geratzea zen, baina erabakiak hartu egin behar dira uneak heltzen direnean eta une horretan Oricara joateko erabakia hartu nuen. Damurik ez daukat, une horretan erabaki hoberena zela uste nuen. Gauzak atera diren bezala atera dira, baina atzera begiratu eta ez naiz damutzen. Beste era batera eginda ezberdina izango zen agian, baina akaso hoberako edo txarrerako. Momentu bakoitzean hartzen ditut erabakiak ondo pentsatuta eta gero horrekin aurrera egin behar da.

Oricatik kanpo gelditu ondoren, Eugenio Goikoetxea Caja Rural taldeko zuzendariak esan zuen talde erdiak baino maila handiagoa zenuela, baina ezin zintuela berriro fitxatu. Zaletuentzako ulertzeko zaila da.

Txirrindularitza barrutik ezagututa, badaude ulertzen zailak diren gauza asko. Kirol maila gauza bat da, baina beste interes asko ere badaude. Azkenean konturatu naiz ez dela bakarrik norberak daukan maila edo bakoitzak jartzen duena. Txirrindularitza beti maiteko dut, baina egia da kirol bat profesionala denean gauzak asko aldatzen direla eta horrek ere erre egin nau. Erre naute nire zailtasun fisikoek, lesioek, oztopoek... Baina baita kirol profesionalean ikusten diren zenbait interesek ere. Kirola polita da kirola denean, baina, maila profesionalera iristen denean, tartean interes asko daude eta xarma hori galdu egiten du.

Orokorrean zer nabarmenduko zenuke zure ibilbidean?

Positiboena zaletuen maitasuna sentitzea, jendeak une oro nola babestu nauen ikustea. Eskertzekoa da. Garaipen pertsonalak eta taldekideenak oso pozgarriak dira, baina ez garaipenak bakarrik. Batzuetan, nahiz eta garaipenik lortu ez, lana ondo egin izanaren asetasuna daukazu. Eta tropelean egin ditudan laguntasunak ere oso positiboak izan dira. Txirrindularitzak gauza on asko eman dizkit.

Bestalde, negatiboak ere asko daude. Sufrimendu asko, egunero konstantzia handia eta exijentzia maila handia. Eta maila hori mantentzeko, dena eman behar duzu eta gauza asko alde batera utzi. Hori gogorra da. Baina, nire kasuan, gogorrena lesioak izan dira, osasun arazoak. Momenturik hoberenera ailegatzeko lan handia egin eta kanpoko faktoreak direla medio, maila ez ematea. Hori izan da mingarriena, ez lesio larriak izan direlako, baina bai lesio asko. Geratu, berriro hasi eta berriro geratu. Horrela ibili naiz urte askotan eta horrek ahalegin handia eskatzen du.

Euskal Herriaren eta euskararen enbaxadorea ere izan zara.

Ez dakit enbaxadorea… Saiatu naiz niretzako dauzkadan baloreak besteei ere trasmititzen. Saiatu naiz nire herriarekiko eta hizkuntzarekiko daukadan konpromisoaren berri ematen ahal dudan guztietan.

Etorkizunari begira, zer asmoa daukazu? Orain bestelako lanetan zabiltza. Zure alaba Nahiak bederatzi hilabete ditu...

Orain berarekin nago buru-belarri. Bere lehen hilabeteak ez nituen asko gozatu, oraindik bizikletan nenbilelako. Baina egoera honi esker, orain aukera hori daukat eta saiatuko naiz ahal dudan guztia berarekin gozatzen. Oso pozgarria da, txirrindularia izaten segituko banu, ez nuen izango aukera hau.

Bestalde, bai lan arloan eta bai kirol arloan lanean segituko dudala garbi daukat. Profesionala izan aurretik irakaskuntzan aritu nintzen eta ez dakit orain bide hori jorratuko dudan edo txirrindularitzarekin lotutako besteren bat. Baina presarik ez daukat. Momentuan oso gustura nago umearekin eta denbora bat berarekin egon nahi dut. Eta zeozer interesgarria suertatzen bada, helduko diot.

«Euskalteletik deitu zidaten taldean jarraitzeko aukerarik ez nuela izango esanez, eta erabat ulertezina egin zitzaidan erabaki hori. Une txarra pasatu nuen, bai nik eta bai zaletuek»

«Ondo nengoen eta erosoena Caja Ruralen geratzea zen, baina Oricara joateko erabakia hartu nuen. Damurik ez daukat, une horretan erabaki hoberena zela uste nuen»

IBILBIDEA Markina-Xemeinen zortzi urte zituela hasi zen herriko taldeak utzitako bizikletarekin. Amateur mailan Leikeitialde, Olarra eta Debabarrena taldeetan aritu ondoren, Barloworld taldearekin pasa zen 2006an maila profesionalera. Hortik aurrera, Euskaltel (2007-12), Caja Rural (2013-15) eta Orica (2016) taldeetan aritu da.