Dabid LAZKANOITURBURU
IKUSMIRA

TRUMPEK ARAZO BAT DU ALA TRUMP BERA DA ARAZOA?

Brendan SMIALOWSKI | AFP
Brendan SMIALOWSKI | AFP

«Eutsi goiari eta jarraitu Hillary Clintonen aurkako Internet kanpainarekin!», txalotu eta erregutu zion Errusiari Donald Trumpek presidentetzarako hauteskundeen kanpainan. Seguruenik orduan ez zuen sinetsi ere egingo azkenean Etxe Zurira iritsiko zenik. Ordutik hona, etengabe bere ekipoaren eta Kremlinaren arteko ustezko harremanak ditu kolkoan, jada “Russiagate” bezala bataiatu den kasua. Kontua zera da: antza, jazarpen hori gainditzeko James Comey FBIko zuzendariari ikerketa bertan behera uzteko presio egin eta azkenean kargutik bota zuela. Eta hori egia bada, Trumpen arazoa ez da jada Errusia eta Vladimir Putinekin omen dituen harremanak, justiziari oztopoak jartzea baizik. Eta horrek, AEBetako Konstituzioari kasu eginez, “impeachment” baten amildegiaren aurrean jar lezake presidentea, hori bai, errepublikanoek nahi badute. Trumpek arazo bat du ala bera da arazoa? Horra hor nahiko arazo badituzten errepublikanoentzat galdera.