Joxean Agirre

Txokokeriak

Euskarak nahikoa ondo bereizten ditu eremu publikoa eta pribatua. Twitterren (zer dago publikoagorik?) euskara estandarrarekin jarraitzen dute guztiek, baina Whatsappen lehia halako bat sortu da lokalismoak erabiltzeko, euskararen pedigria txokokerietan balego bezala. Anaia gazteak edo iloba batzuek muturreraino eraman dute joera eta hain azpeitiarrez idazten dizkidate mezuak non birritan irakurri behar izaten ditudan ulertzeko. Eta ondo daude, zer gero!, hizkuntzaren kolore eta jatorkeria horiek; eta interesgarria ere bada, ia-ia kale bakoitzak, auzo bakoitzak, baserri bakoitzak bere ñabardurak baititu. Mikel Labakari irratiz entzuten nionean banekien Loiola aldekoa zela edo Mikel Aranbururi kale zulokoa. Imanol Lazkanori sumatzen zaio Landetakoa dela eta Pako Aristiri Urrestillakoa. Zarautzen, aldiz, ez nuke jakingo zein den Urtetakoa, Elkanokoa edo Urdanetakoa, baina Andoni Egañak seguru asko bai. Antzera gertatuko da Bermeon, Ondarroan edo Lesakan.

Euskaltzain fin batek ez luke arazorik izan behar trenean edo autobusean doala elkarrizketa bat entzun eta mintzaideak nongoak diren asmatzeko. Gauza bertsua gertatuko da euskaldun berriekin: Bilboko Alde Zaharrean zabiltzala ezin du hain zaila izan nork ikasi zuen Gabriel Arestin eta nork R. M. Azkue euskaltegian antzematea. Neuri behintzat etxean berehala antzeman ohi didate telefonoz norekin ari naizen.

Euskara lokalari buruzko kontu hauei ez diet interes handirik ikusten, herriz herri jo eta ke esamoldeen bildumak egiten jarraitzen badute ere. Benetako interesa Iñaki Segurolak egiten duenari aurkitzen diot. Batzuetan pentsatzen dut argitaratu dituen lanak hartu eta denboralditxo bat eman beharko nukeela aztertzen, desagertzera doan euskara baten zantzurik ederrenak bildu eta berriak asmatuz euskal tribu urbanoentzako balio dezaken argot distiratsu bat ari baita osatzen. Horrela neu ere, azaleko txokokeriak alde batera utzi eta has naiteke whatsapp dotore askoak idazten eta erabil ditzaket berak erabiltzen dituen “basakristau” edo “sahieskariak gara”’ (nekez uztartzen diren idiak) edo “militante bat bezain ernegantea eta neurotikoa” edo “zernahi terapiaren batekin kexelebretua” edo “plantta hutsa dela uste dute” edo “umetan jolasean eta okerrean ibiltzen ziren” edo “autista zupiziente bat” edo “turista ikusmiranteak” edo beste hainbat esamolde, hain ederrak non txokokeria gehienak narras uzten dituen. •