2017/06/17

Erreportajea
ATERPE LILA BATEN BILA
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala, emakumeen etxe bat marrazten

Emakumeen etxeen esperientzien bideari jarraituz «aterpe lila» gehiago loratzen ari dira. San Frantziskon, Bilbo Zaharrean eta Zabalan ipini dute hazia; nahi eta behar duten etxea marrazten ari dira, aniztasunaren altxorra gorde eta dauden arazoei erantzuteko duen balioa nabarmenduz. Instituzioen inplikazioa falta da.

Nerea GOTI
Pd12_f01

Bada Bilbo zahar bat, mila istorio, itxura eta kolore biltzen dituena. Bilboko «goiko auzoak» deritzo Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala osatzen duten inguru horri. Bilboko titanioaren eragin ospetsuaren isla ez da agian haraino heltzen baina, hala ere, badu berezko xarma bat, bestelakoa, hango bizilagun bakoitzak eramandako errealitate askotarikoek osatutako altxorra, distira gutxikoa begi batzuentzat, arazoz beterikoa, onartu behar denez, baina aukeraz beterikoa, era berean, etorkizun amankomun bat marraztu nahi dutenentzat. Ezberdinen unibertso magiko horretan, zer lor zitekeen sinergia berriak hauspotuz? Bide horretan ari dira han, eta emakumeak jarri dira ibilbidearen buruan. Emakumeen etxe bat izatea eskatzen dute, ez eurentzat bakarrik, auzoentzat baizik.

Milaka biztanle dituena eta diru gutxiko ingurua da, baina sare herritar indartsukoa. Herritarrek mantentzen dituzte auzoak bizirik, mugimenduan, hausnarketarako ernai eta kalera irteteko prest. Testuinguru horretan, duela bi urtetik hona hango jendeak proiektu bati forma ematen dihardu, emakumeen etxe bat nahi dute Bilboko auzo horietan eta eskaera egiteko arrazoi ugari dago. Emakumeen eskubideen aldeko borrokan suposa lezakeena argi dago, baina auzo horiek badute arestian aipatutakoa, aniztasunaren altxorra. Horregatik, errealitate ezberdinak bildu eta dauden arazoei erantzunak ematen saiatu nahi duen egitasmo bat garatzea da abiapuntuetako bat, emakumeak erdigunean izango dituena.

Ideia San Frantziskoko Galtzagorri emakume taldean sortu zen. Bilboko mugimendu feministaren borrokaren ibilbidearen lekukoa hartuta eta auzora eraman zuen elkarte jaioberri batek 1992an, bertako emakumeen asoziazionismoa bultzatu eta hiriko gainerako emakumeen taldeen arteko koordinazioa bultzatzeko helburuarekin. Urteetan zehar, gorabeherekin, hainbat ekimen bultzatu zituen elkarteak, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Taldeen Koordinadorarekin elkarlanean.

Azken bi urteetan mugarri bat jarri du bere ibilbidean, bertako eragileekin adostutako proiektu bat garatzea auzoentzat, Bilbok behingoz Emakumeen Etxe bat izan dezan, non eta, hasteko, Bilboko goiko auzoetan.

«Mugimendu feministaren indarra» ikusita, eta Euskal Herrian hainbat emakume etxetan egiten ari diren ibilbideak kontuan hartuta, hausnarketa abiatu dute. Taldeko kide Susa Andinok azaldu duenez, auzoek errealitate propioa dute, eta horrek ere izaera berezia ezarri behar dio egitasmoari. Zehaztu duenez, bereziki baloratu dute emakumeen etxeak zein onuragarriak izan diren hainbat herritan, Donostian, Ondarroan... Argi dute bizi diren inguruaren errealitatearen aterpe bilakatu behar dela “etxe lila” hori. Horregatik, aniztasunaren kudeaketa proiektu horren ikur nagusietako bat izan behar da.

Non daude? Zer pentsatzen dute?

Hamarkadetan zehar jatorri ezberdineko migratzaile asko hartu duten auzoetan, kalera egindako begiratu azkar batean topa daitezke «anomaliak», azaltzen dutenez. Auzoan bizi diren emakume gehienak ez dute elkar ezagutzen. Gizonezkoen artean, errealitatea bestelakoa da. Eurak ere migratzaileak dira, baina espazio publikoan daude, eta espazio publikoan ez dagoena non dago? Zer gertatzen zaio? Zer pentsatzen du? Zein auzo mota nahi eta behar du? Berehala ikusi zuten Galtzagorrin, lan handia zegoela egiteko; emakume ezberdinengana heltzea eta emakumeen ahalduntzea sakontzea, bi zutabe nagusiak.

Bestalde, aipatu duenez, zerbitzu eta arreta mota ezberdinak badaude, askotan gobernuz kanpoko erakundeek ematen dituztenak, baina sakabanatuta daude, bakoitza bere esparruan aritzen da, bere zereginaren mugetan. Andinok oso era grafikoan marrazten du argazkia: «Orain irlak daude; guk artxipelago bat osatu nahi dugu». Horregatik, nabarmentzen dute proiektuaren bultzatzaileek, emakumeen etxeak dimentsio ezberdinak izan ditzakeela; soziala, asistentziala, kultura ezberdinen arteko lagunen bilgune bilakatzea, elkarbizitzarako tresna...

Marrazten ari diren espazioaren aukeren sortan argi dute biltoki eta aterpe ere izan behar duela arazoak dituzten emakumeentzat. Egun, eraso baten aurrean, arazo handi bat sortzen bada, nora jo behar dute emakumeek?, nor dute ondoan? Galdera horiek botatzen dituzte airera, eta hasi dira gune horiek eman beharreko zenbait zerbitzuz hitz egiten, laguntza juridikoa, sexu aholkularitza...

Bada, bestalde, nabarmentzen duten arlo bat, harremanena, eta hor hainbat ideia bota dituzte mahai gainera goiko auzoetako emakumeek elkar ezagut dezaten: gimnasia, tailerrak, sukaldaritza, jabekuntza eskolak... Andinok nabarmentzen duenez, azken arlo hori garrantzitsua da, «modu subjektiboan kateak askatu eta espazio propio bat eratzeko» estrategiak ematen dituelako.

Kaleko lana

Azken bi urteetako bidean esperientzia ezberdinak aztertu dituzte eta bereziki aintzat hartu dituzte Basauriko Marienea eta Donostiako proiektuak. Eztabaida ez da Galtzagorri elkartera mugatu. Hangoek buruan darabiltzaten ideiak auzoko emakumeekin partekatu nahi izan dituzte eta hor kaleko lan itzela egin dutela azpimarratu dute.

Norbanakoekin eta auzoetako beste elkarteekin hitz egin dute egitasmoaz. «Prostitutekin, etorkin pobreenekin, hipsterrekin, LGTB komunitatearekin, aktibistekin... guztiekin hitz egin da», azaldu du Sandinok. Miribillako eskolako guraso elkartearekin batzartu ziren, Mujeres del Mumdo Crea, Nediten ijitoen elkartearekin... Puntu honetan, gaineratu du Andinok aniztasuna nola kudeatu dela egitasmoaren funtsezko ardatzetako bat.

Horrela heldu zen Emakumeen Etxearen ideia Miribillako Eskolako guraso elkartera. Hara joan ziren Galtzagorriko neskak buruan zuten egitasmoa azaltzera, eta «oso ideia polita, beharrezkoa eta aberasgarria iruditu zitzaigun», kontatu du Olatz Malexetxebarriak eskolako guraso elkarteko kideak.

«Izugarrizko garrantzia du honelako etxe bat egoteak, non eta gure auzoan. Ama bezala eta eskolako kide bezala, ikusten dudalako printzipioz nahiko zaurgarriak garela. Errealitate eta leku askotatik gatoz eskolan gaudenok, ikusi dugu zein berdin eta zein ezberdin garen, auzoa osatzen dugu eta oso inportantea iruditzen zaigu honelako espazio bat izatea», aipatu du.

Guraso elkartearen zeregina eskolako gaietara mugatzen den emakumeen eremu bat da, Malaxetxebarriaren arabera. Han harreman sendoak egin dituzte ezberdinek, erronken aurrean elkarrekin lan egiten dute aspalditik, baina eremu horretara mugatzen dira sinergiak, eta emakumeen etxe batek hori baino askoz eremu handiagoa ekarriko luke: «Normalean amak gara eskolan egoten garenak; hori da errealitatea, orduan eremu hori gaindi dezakeen zerbait guretzat oso topagune inportantea da». Guraso elkarteko kideak badu etxe bat buruan, halabeharrez «oso polita» izan behar duena, «kolore bizi askorekin eta alaia».

«Harrera toki bat»

Beste ezaugarri batzuk izan behar dituela uste du, «harrera toki bat» eta «artatuak izan eta aurrera egiteko leku bat emakume askorentzat». Horregatik, nabarmendu du aterpe koloretsu bat izan behar duela, kolore hitzaren zentzu guztiak hartuta. Malaxetxebarriak argi ikusten du etxearen beharra, eta, dioenez, egitasmoak oso harrera ona izan zuen eskolako amen artean. «Batzar alaia izan zen, proiektua, gogoa... askotan galdetzen genuen ‘noizko-noizko?’».

Han eta hemen iritziak eskatzen eta trukatzen joan ziren, pasa den udan izandako topaketei forma ematen zieten bitartean. Galtzagorrik La Posada de los Abrazos eta Gaztaroa-Sartu izan zituen ondoan antolatze lanetan, baita GITE-IPESen aholkularitza. Giza-bazterketaren kontra lan egiten duen La Posada de los Abrazos elkartea aski ezaguna da inguruan. Era berean, Gaztaroa-Sartu giza-ekimenerako lan kooperatiba bat da. Bere helburuen artean, inklusio sozialerako jarduerak eta zerbitzuak bultzatzea dago, eta lana bereziki zuzenduta dago babesgabetasuna, mendekotasuna, pobrezia eta giza bazterketa jasaten dutenei edo jasateko arriskuan daudenei.

Jardunaldiek parte hartze zabala izan zuten, baina aurretik emakumeengana hurbildu ziren, iritzi eske, jakinda horietako askok ez zutela jardunaldietan parte hartzeko aukera izango. Horiengana joan eta galdetu: «Zer nolako emakumeen etxea nahi edo behar duzu», eta galdera auzo osoan zabaldu zuten, emakumeek nahi duten etxea marrazteko zertzeladak gordez. Lan handia zen, baina era xumean beste helburu bat bete zuten, auzoko emakume eta talde eragileengana hurbildu eta proiektuarenganako lotura eta inplikazioa lortzea.

Bost ardatz

Baliabideak, proiektuak eta programak bildu eta bultzatzeko ekipamendu baten forma hartu duen egitasmoan, bost ardatz finkatu dituzte. Emakumeen parte hartze sozial eta politikoa bultzatzea izango da proiektuaren zereginetako bat; emakumeenganako indarkeria ezabatzea eta emakumeen bizi-baldintzak hobetzea, zainketa emozionala eta fisikoa kontuan hartuta, da beste erronketako bat. Azken bi ardatz gisa, ikerkuntza eta ezagutzen trukaketa aipatzen dituzte.

Urte bat pasatu da jardunaldiak burutu zirenetik eta oraindik sumatzen da utzi duten&dcTwo;&dcTwo; zapore gozoa. Andinok gogoratzen ditu han entzundako hausnarketa batzuk, eta nabarmentzen du parte hartzaileak era guztietakoak zirela. Topaketetan guztira ehun lagun baino gehiago bildu zirela aipatu du. Hainbat eztabaida eta solasaldiren artean bereziki gorde du gogoan errepikatu zen eskakizun bat, emakumeen etxea gau eta egun zabalik egotearen beharra, eta belofobia eta aurreiritzien aurka borrokatzeko beharra.

Jasotako ekarpenak bildu eta irailetik aurrera horiek auzoko jendeari helarazi nahi dizkiote. Udalaren aldetik, gaur-gaurkoz, ez dute berririk, eta hausnarketaren berri badu udal gobernuak, arduradun bi izan baitziren topaketetan, gogoratu dutenaren arabera.

Azken udal hauteskundeetan EH Bilduk Bilbon emakumeen etxe bat sortzeko konpromisoa adierazi zuen agerraldi publiko batean. Bilboko goiko auzoetan sortu den eskaera berriarekin, egitasmoa ordezkari politikoen mahai gainean dago berriro. Susana Andinok aditzera eman duenez, deigarria da Bilbo bezalako hirian, non mugimendu feministak 40 urte baino gehiago dituen, honelako ekipamendu bat bera ere ez egotea. Egitasmoa bultzatzen dutenek argi dute badela garaia udal aurrekontuetan behar horrek isla izan dezan.

 

HItz egiten hastea, jada bada

Emakumeen Etxearen inguruko nahiak eta beharrak bildu dituzte ekipamenduaren edukien diseinua egiteko, baina prozesua bera ere onuragarria izan da bizilagunentzat, eragile ezberdinek baieztatukoaren arabera. Eztabaida kalean jartzea, hausnarketa bultzatzea eta emakume ezberdinei ahotsa ematea berez bada aurrerapauso garrantzitsu bat, nabarmendu dutenez.

Bidea ez zuen Galtzagorrik bakarrik egin, La Posada de los Abrazos eta Gaztaroa-Sarturen laguntza izan zuen emakumeen etxeen egitasmo ezberdinetara hurbildu ziren jardunaldien antolakuntzan, eta han ez zeuden bakarrik mugimendu feministako militanteak; norbanako, elkarte ezberdin eta berdintasun teknikarien iritziak ere azaldu ziren bertan. «Hausnarketa eta eztabaidarako espazioak planteatzea onuragarria da, berez, baita arlo publikoan emakumeen parte hartzea bultzatzea ere». Horrela jasotzen du aholkularitza lana burutu zuen GITE-IPES-ek ekimenaren inguruko analisian, eta gaineratzen du jardunaldiek beraiek giza-sarea indartu dutela Emakumeen Etxea eraikitzeko, eta eredugarriak izan daitezkeela Bilboko beste auzo batzuentzat.

«Izugarrizko garrantzia du honelako etxe bat izateak, non eta gure auzoan. Eskolako guraso elkarteko amei oso inportantea iruditzen zaigu honelako espazio bat izatea»

Parte hartze zabal eta askotarikoa izan dute jardunaldiek, esperientzia ezberdinak ezagutzeko eta planteatzen duten ekipamenduak izan behar dituen ezaugarriak zehazteko