2017/06/17

Garazi Goia
Nahastea

Historikoki klase sozial ezberdinek bereizten zituzten kontserbadore eta laboristen afiliazioak, hura zen bereizketa parametro nabarmenena. Oraingoan, ordea, adinak eragin handiagoa izan du

Etxe atzeko lorategiko txorien kantua izaten da goizetan lehenengo entzuten dudan hotsa. Gaur goizean beste hots ozenago bat gainjartzen zen. Isiltzen ez zen helikopteroen hots artegagarri bat zetorren leihoaren bestaldetik. Bizi naizen tokian hegazkin eta helikopteroen hotsetara dagoeneko ohituta nago eta askotan ez naiz ohartu ere egiten hor dabiltzala. Gaur goizekoa, ordea, ezberdina zen.

Kafea prestatzen ari nintzela albistegia jarri dut eta etxebizitza dorrea sutan ikusi dut. Londres mendebaldean sute izugarria egon dela zioten goiburuek. Bihotza saltoka hasi zait. Londres mendebaldean nengoen. «Beste eraso terrorista bat», izan da burura etorri zaidan lehenengo gauza. Tableta hartu dut azken albisteak ikusteko. Etxeko leihotik ikusten nuen ke laino handia. Hiru kilometrora dago su hartutako dorrea, baina errautsa inguruko auzoetara zabaltzen zen.

Azken hiru urtetan ikusi ez dudan lagun bat etorri behar zitzaidan bisitan gaur. Suteak hiriko garraio publikoan sortu dituen atzerapenen aitzakiaren atzean ezkutatuz, baina onartu nahi ez zuen zuhurtasunez tindatutako erreakzio batekin, beste baterako utziko dugula hitzordua esan dit. Amorruz betetako sentsazio batekin pasa dut eguna. Benetan nahi duten hori lortzen ari dira, gure erabakietan eragina izaten ari dira. Beldurra sartzen ari zaizkigu.

«Londrestik albiste txarrak baino ez zaizkigu iristen azkenaldian». Hori esan dit Euskal Herriko lagun batek. Kontua da, Londresko burbuila honetan egonda askotan ez garela ohartu ere egiten hemendik kanpora zein oihartzun izaten duten albisteek. Hemengo egunerokotasun azkarrak aurrera jarraitzen du, eta, albistegiak ekidinez gero, ahaztu egiten gara. Ezer pasatu ez balitz bezala izaten da. Baina, ados nago, oraingoan ezberdina izan da.

Deserosotasun eta urduritasun honen erdian, a zer-nolako nahaste politikoan sartu gaituzten Theresa May lehenengo ministroak eta bere inguruko kuadrillak. Askok usten genuen oportunismo taktikoak kale egin dio Mayri. Nik neuk ere pronostiko okerra egin nuen duela hiru aste idatziko analisi batean. Mayren erretorika sendo eta kontsistenteaz aritu nintzen, eta Jeremy Corbynen ahultasunaz. Baina, ordenarik gabeko ezkerrak eta alderdikideen artean ustez zeuden desberdintasun konponezinek, emaitza ezusteko bat eman digute.

Hauteskundeen emaitzen atzean dagoen datuen analisi sakon bat eskura izan dut gaur. Historikoki klase sozial ezberdinek bereizten zituzten kontserbadore eta laboristen afiliazioak eta hura zen hain zuzen bereizketa sortzen zuen parametro nabarmenena. Oraingo honetan, ordea, adinak eragin handiagoa izan du: Alderdi Laboristak gazteen botoak erakarri ditu. NHS Osasun Sistema Nazionalaren egoera, ikasleek ordaindu beharreko unibertsitate zergak, etxebizitzen prezioak eta pentsioen geroa dira gazteak arduratzen dituzten gaietako batzuk, eta, kanpainako ardatz moduan horiek erabiliz, gazteen babes handia eskuratu du Corbynek. Aldiz, adinean gora egin ahala, kontserbadoreek irabazten dituzte botoak. Hauteskundeen aurretik, Corbynek sinesgarritasuna galduta zuela uste genuen, baina inteligentzia handiz sare sozialetan estrategia eraginkorrak erabiliz, gazteak bereganatu ditu. Aldi berean, tory-en murrizketak kritikatzeko baliatu du aukera.

Atentzioa eman didan beste datu bat honakoa da: hezkuntza maila altuagoa duen jendeak laboristen edo liberal-demokraten alde bozkatzeko joera handiagoa erakutsi du. Bestalde, erretiratuen gehiengoak tory-en alde bozkatu du.

Bigarren Brexit baten eitea zuten hauteskundeak zirela esan nuen. Mayk aurretik egin zituen adierazpenak, «emakume zaildua eta gogorra naizela erakutsiko dut» eta antzekoak, aldatu beharko ditu oraingoan. Negoziazioak ez dira lehen uste zuen bezain errazak izango. Beste alderdien onespena beharko du erabaki jarrera aurrera eramateko, eta baliteke Brexit leun batean amaitzea. Badaezpada ez naiz berriro ere iragarpenak egiten hasiko. Hala ere, duela bi aste baino lasaiago nago.

Hala eta guztiz ere, ea laster nahaste hau norbaitek konpontzen duen eta kapitulua ixteko gai garen. •