Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
EHUko irakaslea

EiTB telebista publikoa balitz

Kalitatezko telebistaz hitz egiten dugunean, Europan irrati-telebista publikoa aipatzen dugu, sinonimoak balira bezala. Izan ere, irrati-telebista publikoak ez daude ikusleen eta iragarleen merkatuaren menpe. Europa osoan telebista publikoak eta pribatuak oso ezberdinak dira, ETB izan ezik:

• «El Parlamento de Gasteiz creará una ponencia para abordar la reforma integral de EiTB» (GARA, 2017/02/16).

• «EITBn ez dago ‘publikotasun senik’, adituek adierazi dutenez» (Berria, 2017/07/12).

Irrati-telebista publikoen zeregina hiru kontzeptutan laburbiltzen du Erresuma Batuko BBCk: informatu, hezi eta entretenitu. Legeek, gainera, bertako kultura sustatzea ere gehitzen diete telebista publikoei. EiTB sortzeko legeak ere bai:

• «Kulturaren eta euskararen sustapena, euskara erabiltzearen xedetarako» (3. artikulua, EiTB sortzeko legea, 1982/06/02).

EiTBren aste barruko programazioari erreparatzen badiogu, goizaldean errepikatzen dituzten saioak alde batera utzita, ETB1ek eta ETB2k BBCk zehaztutako eginbeharrak asetzeko denbora Europako telebista publikoetan bat ez datorrela ikusiko dugu. Alde batetik, telebista publikoetan entretenimenduari tarte handia egiten diote, hainbatetan, gainera, EiTBk baino gehiago. Dena den, datu hori faltsututa agertzen da, Europako telebista publikoen entretenimenduaren zatirik handiena fikzioak hartzen duelako. Denek berezko produkzioak ekoizten dituzte, neurri handi batean. EiTBren entretenimendua, aldiz, reality-ak eta lehiaketak baino ez dira. ETB1ek 01:00etatik 05:00etara “Goenkale” eta “Martin” telesailetako kapituluak emititzen ditu. Ordu txiki horiek kenduta, aste barruan ETB1ek ez du fikziorik ematen eta ETB2k AEBetako filmak ematen ditu, gehienetan. Are gehiago, daukan entretenimenduaren maila ETB2ko “Atrápalo si puedes” lehiaketako galdera sexista, misogino eta klasistek ematen dute:

• «¿Qué deben hacer los hombres diez minutos al día para incrementar su esperanza de vida en cinco años? a) Mirar pechos femeninos; b) Escuchar a una mujer» (2017/07/07).

• «¿En qué municipio es más probable sufrir el robo de un vehículo? a) Durango; b) Munitibar; c) Barakaldo; d) Ortuella» (2017/05/05).

Europako telebista publikoekin alderatuta, deigarria den bigarren datua informazioarena da, telebista publikoen nortasuna albistegiek zehazten dutelako. Albistegietan ere telebista publikoak eta pribatuak ezberdinak dira, ETB kenduta. Telebista publikoetako albistegiak serioak dira, ez dute txisterik egiten eta aurkezleak eskarmentu handiko kazetariak dira. Horrela, halabeharrez, gizon-emakume nagusiak dira. Telebista pribatuetan, ordea, emakume gazteek, jertse barik eta zutik, albisteak aurkezten dituzte, plato berean, tenperatura berarekin, gizonek jaka daramaten bitartean. Europako telebista publikoetan, Alemanian batez ere, kirolak entretenimendua dira eta, horregatik, ez dute albistegietan haren berririk ematen. Eguraldiaren tartea ere adierazgarria da: udan beroaldia datorrelako eta neguan, elurtea. Horrenbestez, ETB1ek eta ETB2k telebista pribatuen albistegiaren ereduari jarraitzen diote.

Gainera, ETB2k diru gehiago hartzen du, “Gaur Egun“ eta “Teleberri” albistegiak alderatuta: ETB1en, etxekoen moduko plasma txikia du aurkezleak atzealdean; ETB2n, pantaila erraldoia. Kalitatezko telebista egiteko adina baliabide badu EiTBk; dirurik gehien duen euskarazko hedabidea da eta, hala ere, ez du saririk monopolizatzen. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria irabazi berri duen Goiena Telebistaren “Kulturrizketak” saioa Debagoienan zabaltzen da, baina Internet bidez beste eskualdeetakook ere gustura ikusten dugu. Publizitate barik. EiTBren webgunean zerbait ikusi gura izanez gero, publizitatea irenstera behartzen gaitu EAEko telebista publikoak. Goiena Telebistan EiTBk eskaintzen ez digun zerbitzua ikusten dugu. Ordaintzen gabiltzan telebistak ez diolako irrati-telebista publikoaren ereduari jarraitzen, Espainiako telebista komertzialei baizik. •