2017/07/15

Fronte zabalez bi hitz
EH Bilduk adostutako eskemak behar bezala aurrera egiteko behar-beharrezkoa da frontea osatzen duen sektore bakoitzak bere diskurtso eta praktika politiko propioarekin jarraitzea

EH Bilduk bere kongresu eratzailea egin du duela gutxi, eta jada martxan dago eragile politiko berria. Tradizio politiko eta estruktural diferenteen onena hartuz, bere helburuetan eraginkorragoa izango den eragilea martxan jartzea du helburu, eta horretarako –nire ustez oso modu berritzailean– EH Bilduk lan eskema berri bat planteatu du. Hartara, modu tasatu eta arautu argi baten bidez, EH Bildu osatzen duten alderdiek eta militanteek (bildukideak) elkarrekin gidatuko dute proiektu politiko berria.

EH Bildu bere kongresuaren bidez erantzuten saiatu den galdera berdinei erantzun egokiak bilatzeko saiakeretan dira Europa eta munduko gainontzeko sektore ezkertiarrak ere. Gure saiakera testuinguru orokor batean ulertu beharra dago, eta, gu bezala, besteak ere ondorio berdintsuetara iristen ari dira. Ezkerrak, salaketa eta erresistentzia bultzatzearekin batera, alternatiba errealak aurkezteko gaitasuna ere izan behar du. Eta horretarako, aldaketarako subjektu izan ahal izateko, gehiengoaren babesa eskuratu beharra dauka. EH Bildu osatzen duten alderdiek argi daukate (hori uste dut, behintzat) beraietako inork ezingo lukeela bakarrik gehiengo hori eskuratu, eta, horregatik, irakurketa eta interes komun hori partekatzen dutelako, bultzatu duten lan batasuna epe luzerakoa da eta ez koiunturala. Are gehiago, EH Bilduk egin berri duen prozesuak ateak parez pare ireki dizkie lau alderdi fundatzaileetako kide ez diren baina EH Bildurekin identifikatzen diren lagunei. Zergatik? EH Bildu oraindik ere amaitu gabeko produktua bezala ulertu beharra dagoelako. Bere helburu eraldatzaileetan aurrerapauso nabarmenak egin ahal izateko, oraindik ere sektore politiko berriak eta pertsona gehiago gehitu beharko ditu, baldin eta indar politiko hegemonikoa izatea lortu nahi badu.

Aurreko hamarkadetan antzeko fenomeno politikoak gertatu dira Brasil, Uruguai, Ekuador, Venezuela, El Salvador eta beste zenbait herrialdetan. Europan ere oso antzeko eztabaidak ematen ari dira ezkerreko sektore gehienetan eta Jeremy Corbyn beraren kanpaina horren adibide argia izan da. Ezberdinen arteko akordioak, plataforma bateratu anitzak eraikitzeko saiakerak, alternatiba errealak eraiki ahal izateko. Horrelako kasu guztietan –baita gurean ere– “fronte zabala” aldeen arteko sintesia bilakatu behar da, gutxieneko izendatzaile komuna deritzona. Eta, zentzu horretan, batasun horrek garatzen duen diskurtsoa eta praktika politikoa bere parteek garatzen dutenaren diferentea izan behar da. Ez da sekula sektore konkretu bakoitzaren gustukoa izango %100ean, bestela formulak ez du funtzionatuko eta berehala itoko da barne eztabaidetan.

Era berean, horrelako eskema batek behar bezala aurrera egiteko, behar-beharrezkoa da frontea osatzen duen sektore bakoitzak bere diskurtso eta praktika politiko propioarekin jarraitzea. Hori gertatzen ez denean, eskema orokorrak berak nekez egingo du aurrera bere helburuetan. Fronteak sektore bakoitzaren nahiak %100ean beteko ez dituela aintzat hartzen badugu, beharrezkoa da sektore bakoitzak bere praktika propioaren bidez bere tradizio politikoetako oinarri zabalak modu egokian asetzea. Ondorioz, teorian behintzat nahiko erraza den formula aplikatu beharra dago: gutxieneko izendatzaile komun horren garapena fronte zabalaren bidez [+] sektore bakoitzaren diskurtso eta praktika politiko propioa.

Horrelako eskema batek barne kontraesan, gatazka eta eztabaidak piztuko ditu modu iraunkorrean, ezinezkoa baita barne bizitza baketsu eta homogeneoa izatea horrelako aniztasun ideologikoa islatzen duten eragileak elkarrekin lanean aritzea sustatu nahi denean. Baina barne kontraesan, talka eta eztabaida etengabe hori modu positiboan ulertu beharra dago, eta, horretarako, ezinbestekoa da pixkanaka-pixkanaka kultura politiko berri bat bultzatzea gure herrian, oraindik ere ez baikaude ohituak horrelako dinamiketara. Nire ustez, arrakastaren gakoak hiru hanka nagusi dauzka: barne arautegi zehatz eta argia, elkarren arteko errespetua eta guztiaren gainetik frontearen defentsa irmoa guztion partetik.

Denborak esango digu EH Bilduk bere apustuan asmatu duen ala ez, baina bitartean aitortu beharra dago airean dagoen galdera global zehatz bati oso modu berritzailean erantzun diola; koalizio, fronte zabal eta mugimendu klasikoak orain arte eskaintzen zutena gaindituz, eta hiru tradizioon aspektu positiboenak bere praktikara gehituz. •