2017/08/12

Datorren urte politikoa

Ultraeskuindar populismoa bere presentzia egonkortu eta normalizatzen ari den bitartean, Europako ezkerra ez da oraindik gai izan eskualde mailako alternatiba erreal bat mahaiaren gainean jartzeko

Katalunian datozen egun, aste eta hilabeteak erabakigarriak izango dira, arre edo so egiteko momentua iritsi da, eta badirudi aurrera egiteko determinazio osoa dutela instituzio katalanek, alderdi nagusiek, eta, bereziki, herriak, jendarteak. Prozesua geldiarazteko determinazio berdintsua dauka Espainiako Gobernuak, eta, ondorioz, bien arteko talka ziurtatuta dago. Futbol finaletan bezala, 90. minutua iristear dago, akats larri bat egiteko beldurrez dabiltza jokalariak, erlojuari begira jokatzen. Luzapenaren zain daudela ere badirudi batzuetan, baina ez gaitezen tronpa: edozein unetan etor daiteke espainolen eraso bortitza, prozesua zapuzteko helburua duen kolpea. Lasaitasun eta determinazio handia erakusten ari dira prozesu katalanaren gidari nagusiak, eta hori da une honetan behar dutena.

Europak iparrorratza apurtuta jarraitzen du, noraezean, identitate krisi izugarriarekin, proiektu argirik gabe. Brexitaren inguruko negoziazioek Europan zein Erresuma Batuan bertan ondorio nabarmenak izango dituzte. Eskozian eta Irlandako iparraldean askapen prozesuak indar ditzakete, Ingalaterran Jeremy Corbyn politikari ezkertiarraren profila eta duen babesa egunez egun indartzen doaz, eta, duela gutxi arte ez bezala, gaur egun ez da zaila Corbyn lehen ministro bilaka daitekeela pentsatzea. Faroe uharteek konstituzio berria berresteko erreferenduma prestatzen jarraitzen dute, drama eta talka handirik gabe, demokrazian botoaren bidez erabakiak hartzea gauza normala dela beste behin frogatuz. Belgikan flandriar independentistak dira Gobernua gidatzen jarraitzen dutenak, Flandriaren independentzia bidean aurrerapausoak nola eman erabakitzen duten bitartean, jada praktikan gutxienez bi herri independentez osatutako estatu federalean. Eta ultraeskuindar populismoa bere presentzia egonkortu eta normalizatzen ari den bitartean, Europako ezkerra ez da oraindik gai izan eskualde mailako alternatiba erreal bat mahaiaren gainean jartzeko. 2019ko ekainean hauteskunde europarrak egingo dira, eta, falta diren bi urte eskasotan, zatiketa eta atomizaziorako duen joera baztertuta, alternatiba erreal bat eraikitzeko pausu sendoak eman beharko lituzke ezkerrak.

Europan ez ezik, Latinoamerikan ere une garrantzitsuak datoz. Kasu honetan ere prozesu gutxi batzuk baino ez ditut aipatuko. Kolonbia, Venezuela eta Kuban datozen aste eta hilabeteetan gertatzen denak eragin handia izango du eskualde osoaren baitan. Kolonbiako bake prozesuarentzat hilabete erabakigarriak datoz. 2018ko hauteskundeen aurretik, Habanako Akordioan adosturikoa inplementatu beharra dago, bai behintzat prozesuan ahalik eta pauso gehien eman eta gatazkaren konponbidea eta bake justu eta iraunkorra lortzea nahi bada. FARCek alderdi bilakatzeko konferentzia egingo du datozen asteetan, eta bertako kideek politika egiteko aukera eta segurtasun baldintza guztiak behar dituzte, erailak izateko beldurrik gabe politikan jardun ahal izateko. Preso guztiak askatu beharra ere badago. Finean, adosturikoa bete eta agertoki berria ahalik eta gehien sendotu behar da, prozesua atzeraezin bilakatuz. ELNren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko prozesuarentzat ere datozen hilabeteak garrantzi handikoak izango dira, prozesua aurrera doan edo ez ikusteko aukera izango baitugu. Venezuelan kanpo injerentzia basatiak ez du oraindik bere helburu nagusia betetzea lortu, besteak beste, Maduroren Gobernuak Venezuelako herriaren babes handia izaten jarraitzen duelako. Edozein kasutan argi dago bertan gertatzen denak eskualde osoan ondorio handiak izango dituela, onerako edo txarrerako. Kubak ere aurrera jarraitzen du, zarata handirik gabe, bere barne trantsizioan aurrerapausoak ematen. Otsailean Raul Castrok Gobernua utziko du, eta, ondorioz, belaunaldi berriak, iraultza zuzenean bizi ez zutenak, izango dira herria aurrerantzean gidatuko dutenak. Era berean, Kubak eskualde osoan eta bereziki ezkerraren baitan duen eragin moral eta ideologikoa izaten jarraituko duen ikusteko dago. Horri guztiari oso loturik, Kubak bere kanpo harremanak eta eskualdean eta munduan duen eragina birkokatu beharko ditu.

Edozein kasutan, 2017-2018 urte politikoa interesgarria izango da oso, eta, datozen hilabeteetan ere, orain arte bezala, aipatutakoak eta beste batzuk aurreikusten eta aztertzen saiatuko gara zutabe honetan idazten dugunok. •