2017/08/19

GOTZON CARCAR
coach pertsonala eta enpresariala

«Bullying, drama bai, aukera ere bai» izenburua duen hitzaldia eskaini du duela aste batzuk UEUren ikastaroen baitan. Arreta ematen du «bullying» eta «aukera» hitzak esaldi berean ikustea. Carcarrek garbi dauka, harremantzeko moduak hobetzeko eta, ondorioz, denen bizitza kalitatea hobetzeko ariketa kontzientea bihur daiteke.

«Haurrarengan sufrimendu bat baldin badago, gurasoek berehala jakin behar dute haiengan dagoela gakoa, ardura»
amagoia.mujika@gaur8.info
Pd18_gotzon1

Bere kargua edo lanbidea hitz gutxitara ekartzea ez da erraza. Bere esanean, «oinarrian bizitza honetan etengabe ikasiz eta formakuntza jasoaz bidaiatzen duen pertsona bat naiz. Eta motxilan daramatzadan ikaskuntzekin besteei laguntzen saiatzen naiz». Aitortzen duenez, 2000. urtean amets bat izan zuen, esna zegoela. «Nahiz eta nik ez dudan unibertsitateko formakuntzarik, amets horretan neure burua ikusten nuen unibertsitateetan irakasleei nekiena erakusten. Amets hori gauzatu egin da, lehenbizi UEUrekin eta, gero, EHUrekin. Dagoeneko lau urte daramatzat irakasleei formakuntza ematen. Batetik, publikoaren aurrean hitz egiteko entrenamendu trinkoa eskaintzen diet, bereziki landu behar dutena. Eta, bestetik, azken urtean harremanen kudeaketaren inguruan ari gara lanean, inteligentzia emozionalarekin».

Duela aste batzuk, hain juxtu, ikastaro bat eskaini du UEUko udako eskaintzan eta izenburuak tentatuta gerturatu da GAUR8 beregana: “Bullying, drama bai, aukera ere bai”. Aurretik Carcarrek gaiari buruzko liburu bat du argitaratua –“Lo que nunca se ha dicho sobre el Bullying, el Mobbing y la Violencia de Genero: La perversión de los instintos. El culto a la gran mentira”–, oharkabean pasatu ez den eta hautsak harrotu dituen hausnarketa oso propioa.

Gurasoengandik jasotzen duguna

Harremanez hizketan hasita, Gotzon Carcarrek garbi dauka iturri desberdinetatik jasotzen dugunarekin josten dugula gure harremantzeko modua. «Batetik, oinarrizko instintuak hor daude; defendatzeko instintua, erasotzekoa... animaliei dagozkien ezaugarriak dira eta horiek baliagarriak zaizkigu egoera batzuetan. Adibidez, hiltzeko arriskua sumatzen badugu eraso batean, gai gara erreakzionatzeko eta gure bizitza salbatzeko ahalegina egiteko, ihes egiten edo aurre egiten. Beste aldetik, baina, etxean jasotzen duguna dago, familian ikasitakoa. Gurasoengandik jasotzen dugu haiengan den guztia. Harremantzeko orduan gurasoek ezaugarri baikorrak eta ezkorrak dituzte eta bietatik jasotzen dugu. Dena jasotzen dugu gurasoengandik, bai bistan agertzen dutena eta baita disimulatzen saiatzen direna ere. Eta jasotako horrek guztiak asko baldintzatzen du gure harremantzeko modua».

Hartara, bizitzan barna nola harremantzen gara? «Gurasoengandik jaso dugun horrekin osatzen dugu gure harremantzeko modua, bataren eta bestearen ezaugarriak batuta. Eta bizitzan barna horrela funtzionatuko dugu, haien ereduarekin, baldin eta bidean ez badugu hori aldatzeko ariketa kontziente bat egiten. Albiste on bat dago: Jasotako eredu hori aldagarria da».

Baina, nola alda daiteke? «Ardura da gakoa. Gurasoengan dago ardura osoa. Gurasoak aldatzen badira, haurrak berehala aldatzen dira. Aldaketa hori haurtzaroan gertatzen bada –nerabezaroa barne–, seme-alabengan onurak berehala igartzen dira».

Horretarako, baina, gurasoek bere burua landu behar dute, banaka edo elkarrekin, eta bere barruan miatu. «Lan pertsonala da gako nagusia. Gurasoek beren jarreretan, estrategietan edota sinesmenetan dituzten alderdi ezkorrak deskubritu behar dituzte lehendabizi. Eta gero horiek aldatzeko lanean hasi. Normalean laguntza profesionala behar dute horretarako. Baina jarrerak aldagarriak dira. Badira bizitza errazago egiten duten bideak eta badira bizitza zailagoa egiten dutenak. Norberak konpromisoa hartu behar du lan hori egiteko».

Gotzon Carcarrek oso garbi dauka: «Haurrarengan sufrimendu bat baldin badago, gurasoek berehala jakin behar dute haiengan dagoela gakoa, ardura. Haurrei gertatzen zaien guztia gurasoengandik jasotako erreflexu bat da. Haurrari zeozer gertatzen zaionean mezu bat dago gurasoentzat: hau gertatzen ari zait zuei zeozer gertatzen zaizuelako, korapiloren bat duzuelako konpontzeko».

Hartara, Carcarrek ikuspuntu horretatik aztertzen eta lantzen ditu harremanen munduan gertatzen diren arazoak, bullying-a kasu.

Bullying-a, drama eta aukera?

“Bullying, drama bai, aukera ere bai” hitzaldiaren izenburuak arreta ematen du, zaila baitirudi horrelako egoera krudel batetik zeozer baikorra ateratzea.

Bullyinga «denboran zehar mantentzen den planifikatutako eta nahitako erasoa da, botere gehiegikeriaren egoera dramatikoa adierazten duena, non erasotzaileak nagusitasun-menpekotasun eskema ezartzen duen biktimaren gainean», definitzen du egoera coach-ak. Beraren ustez, baina, ez da errudunak bilatzeko unea, zuhurtziaz jokatu eta hausnartzekoa baizik. «Zergatik sortzen dira horrelako jazarpenak? Zer egin daiteke horiei aurre egiteko edota saihesteko? Zer egin dezake bakoitzak dagoen lekutik –familian, ikastetxean, gizartean, administrazioan–?». Hausnarketarako bide interesgarriak ireki daitezke, beraz, egoera mingarri horretatik. Carcarren ustez, egin dezakegun galdera garrantzitsuena honakoa da: «Zertarako da baliagarria bullyinga? Izan ere, hausnarketa sakon bat eginez gero, ondorio eder batera irits gaitezke: denontzat aukera ederra izan daiteke bizitzaren kalitatea hobetzeko». Harremantzeko moduak hobetzea baita bizitzaren kalitatea hobetzeko bidea.

Egungo jendartean fenomeno bortitzek pisu handia daukate. Hain juxtu Carcarrek horietako batzuk aipatzen ditu bere liburuan –bullyinga, mobbinga eta indarkeria sexista– eta oso kritiko agertzen da egunotan korapilo bortitz horiek askatzeko erabiltzen diren moduekin. «Arazo bat aztertzen dugunean ezinbestekoa da arazo horretan dauden faktore guztiak aztertzea. Faktore horietako baten bat ez badugu ikusten, arazoa konpontzeko erabiliko dugun eredua herrena izango da, motz geratuko da. Hori da gaur egun erabiltzen den metodoari egiten diodan kritikarik handiena».

Carcarren ustez, bullying kasu batean arazoaren muinera joan beharra dago. «Erasoa haurren eta gazteen artean gertatzen da. Harrigarria badirudi ere, bospasei urteko haurrek dagoeneko elkarri eraso egiten diote. Haurrek erasotzailearen edo biktimaren rolak hartzen dituztenean, gurasoak imitatzen ari dira. Etxean ikusten dutena imitatzen dute».

Baieztapen gogorra da, zalantzarik gabe. Berak ez dauka zalantza izpirik, nahiz eta bere baieztapen irmoek kritika ugari ekarri dizkioten. «Bullying kasu bat identifikatzen denean, erasotzailea eta biktima hartu eta lanketa bat egiten da. Haien gurasoekin hitz egiten da egoeraren berri emateko. Normalean, erasotzailearen gurasoek ez dute onartzen gertatzen ari dena, garrantzia kentzen diote erasoari eta justifikatu egiten dute, ardura biktimaren gainean jarriaz. Ihes egiten dute».

Bullying kasuak oso gogorrak eta mingarriak dira, bai biktimaren inguruarentzat eta baita erasotzailearen inguruarentzat ere. «Egoera oso gogorrak direla onartuta, nik proposatzen dut lanean hastea eta aukera baliatzea mina ematen digun hori konpontzeko, bai ikasleen artean eta baita haien familietan ere. Izan ere, arazoaren muina gurasoetan dago».

Benetako kasu bat

Adibide modura, bere kontsultan artatu duen kasu bat azaldu du. «Hamaika urteko neskato bat eta bere gurasoak etorri ziren. Neskatoa bullyinga jasaten ari zen. Gurasoei egin nien lehen galdera: Zuen inguruan ba al da harreman toxikoren bat? Mendekotasun harremanen bat? Haiek ezetz esan zidaten. Nik kasua aztertu nuen eta ikusi nuen arazoaren iturria ez zegoela gurasoen harremanean. Orduan, ikuspegia zabaldu genuen. ‘Zuen unibertsoan, familian, lanean, lagunartean... ba al da harreman toxikorik? Banaka hartu nituen ama eta aita, egoeraren batean biktima izaten ari ziren ikertzeko. Galdetuz eta galdetuz iritsi ginen arazoaren muinera: Aita lantokian erasoak jasaten ari zen azken bost urteetan. Kostatu zitzaion onartzea, baina horrela zen, eta bera biktima paperean zegoen, ez zuen ezer egiten egoera aldatzeko. Aitaren biktimismo horrek eragin zuzena zeukan alabaren biktimismoan. Ez da erraza hortik ateratzea, baina ariketa hori beharrezkoa da».

Eta hona iritsita, ondorio gogorra iradokitzen du Carcarrek, erasotzaileak erasotzaile izaten ikasten duen bezala, biktimak biktima izaten ikasten duela alegia. «Berdin ikasten dira bi eredu horiek, bi rolak, erasotzailearena eta biktimarena. Eta erasotzaileak ez du kasualitatez aukeratzen biktima, erakarpen handia dago bien artean. Biek tandema osatzen dute sistema bortitz hori osatzeko. Eta asko sufritzen dute, biek gainera».

Baina, zergatik? Zein da hori guztia egiteko motibazioa? «Haurrak –bai erasotzailea eta bai biktima– gurasoak imitatzen ari dira. Zergatik? Haiek bezalakoak izateko. Zertarako? Onartuak izateko. Gurasoei erakusteko haiek bezalakoak direla, haiek bezala funtzionatzen dutela. Mezua garbia da: ‘maite nauzue orain?’. Gurasoen errekonozimendua, onarpena eta maitasuna jaso nahi dute. Eta hemen dator paradoxikoena: Bai erasotzaileak eta bai biktimak, norberak bere rola martxan jartzen duenean, helburu bakarra dauka: gurasoen maitasuna».

Bullyingaren fenomenoa ertz propio horretatik ikusten eta lantzen du Gotzon Carcarrek eta, ondorioz, horri aurre egiteko modu osoagoak behar direla uste du, «arazoaren faktore guztiak kontuan hartzen dituzten formulak». «Gurasoek konponketa bat exijitzen dute, baina beren burua ukitu gabe. Horrelako egoera batean tresnak eskaini behar zaizkio haurrari bere sufrimendua kudeatzeko. Horretarako, eskolan ez ezik, etxean ere aztertu behar da zer gertatzen ari den eta zergatik. Esku hartze askoz orokorragoa behar da arazoa benetan konpondu nahi badugu. Gaur egungo eredua kaskarra da, ez delako begiratzen sakonean erasotzailearen eta biktimaren intentzioa zein den, zertarako egiten duen egiten duena. Profesionalek esaten dute boteretsua sentitzea edota ingurukoen arreta lortzea dela helburua. Hori ez da benetako helburua, sakoneko mezua beste bat da: Eman maitasuna. Horrek, baina, errealitate krudel bat jartzen du agerian: haurrak ez duela behar duen maitasuna jaso».

Maite zaitut eta nahi zaitut

Behin hona iritsita, Gotzon Carcarrek garrantzitsutzat jotzen du «maite» eta «nahi» aditzen arteko bereizketa egitea. «Gaur egun erraz erabiltzen dugu ‘maite zaitut’, baina askotan beste gauza bat esan nahi dugu: nahi zaitut edota behar zaitut. Nahi izatea edo behar izatea kanpoan dagoen zerbait lortzea da, kanpotik barnera doan energia da. Maitatzea, berriz, barrutik kanporako energia da. Maite zaitut eta ez dago trukerik, ez dut ezer espero trukean. Maite zaitut eta maitasuna ematen dizut».

Hitzaldiaren izenburura bueltatuz, “Bullying, drama bai, aukera ere bai”, bistakoa da drama handia dela gertaera bortitz hori. Baina, tamaina bereko aukera al da? «Bullyinga drama handi bat da. Baina horrekin bukatzeko ezagutzen dudan bide onena, bakarra ez bada, arazoaren kontzientzia hartzea eta nork bere burua lantzea da. Horretarako askotan laguntza profesionala behar da. Baina norberak bere burua landu behar du, ariketa kontziente bat egin behar du, bere seme-alabari laguntzeko. Berdin erasotzailea edo biktima izan. Egin kontu batak zein besteak etxean ikasi dutela rol hori. Beraz, horrek esan nahi du etxean bi ereduak zeudela; erasotzailearena eta biktimarena. Hartara, edozein unetan aldatu daiteke rola, erasotzailea biktima bihur daiteke eta, alderantziz. Hori askotan gertatzen da».

Gaur egungo egoerari begira, Carcarren ustez ez daude lehen baino bullying kasu gehiago, «baina hobeto identifikatzen dira». «Kontzientzia gehiago dago eta erasoak lehenago identifikatzen dira. Hori aprobetxatu behar da irtenbide onak martxan jartzeko, badaudelako arazoari buelta emateko moduak. Baina familiekin lan egitea ezinbestekoa da. Haurrengan eragin handiena duen eredua gurasoena da. Eta hitzek ez dute balio, jarrerek dute balioa».

«Dena jasotzen dugu gurasoengandik, bai bistan agertzen dutena eta baita disimulatzen saiatzen direna ere. Eta jasotako horrek guztiak asko baldintzatzen du gure harremantzeko modua. Albiste on bat dago: Jasotako eredu hori aldagarria da»

«Berdin ikasten dira bi ereduak, bi rolak, erasotzailearena eta biktimarena. Eta erasotzaileak ez du kasualitatez aukeratzen biktima, erakarpen handia dago bien artean. Biek tandema osatzen dute sistema bortitz hori osatzeko, eta biek sufritzen dute ikaragarri»