Joxean Agirre

Long John

Iragan larunbat arratsaldean eta Bilboko Aste Nagusiaren barruan lau gazte ari ziren Unamuno plazan breakdance saio bat egiten. Gazte horietako bat hankaz gora jarri eta esku bakarraren gainean jauziak eginez erritmoa eramaten ari zen. Pentsatu nuen artista guztien oinarrian gihar bakan batzuen entrenamendu muturreraino eramandako bat dagoela, gihar bakan batzuen hipertrofia, garapen orekatu baten kaltetan burututako espezializazio neurrigabea, malformazio gisako zerbait. Artista guztien oinarrian adierazpide bakar batekiko obsesioa dagoela jarraitu nuen pentsatzen, salbu eta bertsolarien kasuan, hauek ez dakit zer bula medio edozein adierazpiderekin ausartzen baitira.

Hor dugu Jon Maiaren (Long John) kasua. Fermin Muguruza, Gari eta beste hainbaten letragile izan zen, Karidadeko Benta musika taldearen buru, bertsoa gaztetxeetara eraman zuen belaunaldi bateko kide, Albaola elkarteak bultzatuta euskal baleazaleen mundua deskubriarazi zigun itsas espedizio harrigarri hartako partaide (“Apaizac obeto” idatzi zuen). Arnaldo Otegiri egin zitzaion ongietorrian performance poetiko halako bat egin zuen eta borobila atera zitzaion. Dokumentalak egin ditu eta, diotenez, ez daude gaizki. Nik bere azken liburua irakurri dut hasi eta jarraian eta ederra iruditu zait. Aspaldiko “Riomundo” hark ez ninduen konbentzitu. “Berriak jaio ginen” hau beste gauza bat da. Bertsolari gaztetxo baten bizipenak biltzen ditu, 1997ko final hartan «Ama Extremadura/ aita Zamoratik/ abuela eta abuelo/ haien aurretik» bertso famatua kantatzera nola iritsi zen kontatzen du. Ez da Joyceren “portreta” famatua, oroitzapen liburuen generokoa da, baina bertsoa kultura urbano berriekin uztartu zuten bertsolari gazteen argazki moduko bat ere bada.

Batzuetan, hasieran bereziki, estilo enfatikoegia duela? Beharbada bai, baina baditu atal bikainak ere, Gasteizko mobida alternatiboan bertsolaritzak jokatu zuen paperari buruzkoa edo erdal guneetara bertsoa eramateko Txantreatik hasi eta Errekalderaino egin ziren saiakeren ingurukoa, esaterako. Eta beste hainbat. “Berriak jaio ginen”-ek konbentzitu nau. •