2017/09/09

Laura Mintegi
Balitz bezala

Denbora gutxiago ala gehiago hartuko du, bide erraza izango da ala behaztopaz betea, baina errealitatea eraldatuta dago prozesu subjektiboari esker, subjektibitateak moldatzen baitu objektiboa

Lerrook idazten ari naizenean parlamentari katalanak oraindik Erreferendum Legea onartu ala ez erabakitzen ari dira, saio bukaezin batean. Horrelakoak gertatzen dira artikulua erredakziora bidali behar denean argitara eman baino hiru egun lehenago.

Saioan hartuko den erabakia edo hurrengo egunetan kateatuko diren albisteak ezagutu gabe ere, badago kontu bat aspaldidanik harrapatu nauena, eta, politikan ez ezik, beste eremu batzuetan ere antzeman eta gauzatu daitekeena. Egintza burutuen politika da edo, beste modu batera esanda, “balitz bezala” jokatzea, jakitun izanik “oraindik ez” dela.

Ez naiz ari PNL delako teknikaz, etsipen garaietan perretxiko moduan sortzen diren autolaguntza moduko teknika miragarriez. PNL edo Programazio Neuro Linguistikoak egoera bat marko batean kokatzen du esanahia emateko, eta, gero, saiatzen da gizakia trebatzen azter dezan zer zaion onuragarria marko horretan eta zer aldatu nahi duen.

“Balitz bezala” jokatzea sinpleagoa da eta zerikusia du norberak duen jarrerarekin. Nahikoa da norberak sinistea eta kontsekuentea izatea sinesmen horrekin. Horrela, erreala egiten da bestelako errealitatea, askotan arerio-errealitatea dena. Rosa Park emakumeak halaxe egin zuen Montgomery hiriko autobus hartara igo eta emakume zuria balitz bezala jokatu zuenean. Marra batek markatzen zuen busaren barruan non jesar zitezkeen pertsona zuriak eta non pertsona beltzak, eta erdialdean beltzak jarri zitezkeen zuririk zutunik ez bazegoen. 1955eko egun batean gizon zuri bat autobusera igo zen eta gidariak eskatu zion Rosa Parki lekua uzteko gazte zuriari, eta Rosak ezetz, ez zela altxatuko, bereizkeria arrazistak gogaituta zegoela.

Bestelako errealitate batean bizi izan balitz bezala jokatu zuen Park andreak 1955ean, agian 50 urte geroago (berak dagoeneko 92 urte zituela 2005ean zendu zenean) Ameriketako Estatu Batuetan bizi zitekeen errealitatean. Norberaren sinesmena aldatzeko eta erreala egiteko aurkako errealitatea, Rosa Park bezalako ekintzaile ugari behar da, une batean ala bestean “balitz bezala” jokatzeko prestasuna agertuko dutenak.

Katalunian aspaldidanik ikusten dut herritar asko ari dela jokatzen independente “balitz bezala”, eta horrek egiten ditu independente, jarrerak. Geroago dator erreala bihurtzea norberak aurretik irudikatu duen errealitate balizkoa. Denbora gutxiago ala gehiago hartuko du, bide erraza izango da ala behaztopaz betea, baina errealitatea eraldatuta dago dagoeneko prozesu subjektiboari esker, subjektibitateak moldatzen baitu objektiboa.

Fisika kuantikoaren arabera, ez dago objekturik subjekturik gabe; edo, beste modu batera esateko, objektua banaezina da subjektutik, subjektuak eragin zuzena duelako objektuan.

Modu poetikoagoan zioen Nadine Gordimer idazleak: ideiak ez dira bizi pertsonengandik kanpo. Hau da, munduan den edozerk, fisikoa edo mentala izan, ez du existentziarik ez bada norbaitek (pertsonek) pentsatu eta gauzatu egiten duelako. Nor gabe, ez dago zer.

Politikan sarri ikusi dugu “zer” jarri nahi izan dela “nor” elementuaren gainetik, eta zeharo baztertu direla “norekin” eta “norentzat”. Baina, guztiaren aurretik, “nork” dugu, subjektu erabakitzailea, bere etorkizunaren ardatza eskuetan hartzen badakiena.

Euskaldunok sarri askotan jakin izan dugu jokatzen gure hizkuntza legezkoa balitz bezala, legezkoa ez zen garai ilunetan. Jakin izan dugu herri burujabe gisa jokatzen eremu estataleko ertz mugatuetan. Orain falta zaigu jokatzea zeharo independenteak bagina bezala. Hori sinetsi eta horrela jokatu. Katalanek egin badute, arrazoirik ez dago hemen ez egiteko. •