2017/09/09

Erreportajea
ADI KANAK NAZIOARI
Kaledonia Berria frantses kolonia zaharra, independentziaren bideko azken txanpan

Kataluniari begira gauden honetan, ez zaio beste nazio batzuen emantzipazio bideari begia kendu behar. Kaledonia Berrira, izan ere, hurbiltzen ari da independentziaren ordua. Beranduenez hamasei hilabete barru egingo dute bertan independentzia erreferenduma. Parisekin adostutakoa den arren, bidea ez da erraza izango. Eta denbora oso azkar doa.

Mikel Zubimendi Berastegi
Kanakherriabost

Gida turistikoek Kaledonia Berria Ozeano Pazifikoko Melanesian kokatuta dagoen artxipelago eder bat bezala erakusten dute. Urdin turkesako urak, koral-hesia, urpekaritza praktikatzeko leku bikainak, bizi maila altua eta indigena exotikoak.

Hedaduran Euskal Herriaren pareko, milioi laurden pasatxoko populazioa duen nazio hau Frantziar Inperio zaharraren “azken konfetietako” bat ere bada. Ehun eta berrogeita hamar urte direla iritsi ziren frantsesak bertara eta hamasei hilabeteetan egin behar dute orain Parisekin negoziatu eta adostutako independentzia erreferenduma.

Urduritasuna nabaria da, giro politikoa mikatza. “Orain ez bada, noiz?” galdera-mailu bat bezala errepikatzen da, historian gutxitan aurkezten den unean dauden jakitun. Euskaldunok Kataluniari begira gaude, baina adi egon behar dugu Pazifikoko nazio zoragarriarekin ere. Kanakentzat emantzipazioaren ordua da. Caldoche edo Europatik bertaratutakoen artean, aldiz, beldur guztiak iratzarri dira. Prest ote da Kaledonia Berria, independentziarako? Eta beti prest ote den zalantzan badago, egongo al da inoiz prest?

Kolonia zahar, estatu berri?

Egungo errealitatea ulertzerik ez dago artxipelagoaren historia koloniala barneratzeke. Hizkuntza eta usadioak ukatuta, kanaken lurrak konfiskatu eta kolono frantsesei (eta asiarrei) eman zitzaizkien. Populatze behartu baten aldeko politikak kanakak gutxiengoan utzi zituen arte. Frantziak 1887an Indigenen Kodea inposatu zien kanakei: lan behartuak, gauez ateratzeko debekua, konfiskazioak, munduko gerratan borrokatzeko derrigortasuna… Eta denetan umiliagarriena, agian, 1931n Parisen egindako erakusketa kolonialean gertatutakoa: kaiolaturiko piztiak bailiran, kanakak kanibalismoa praktikatu eta dantzatzera behartu zituztenekoa.

Geoestrategikoki lurralde gutiziagarria da Kaledonia Berria. 1942an AEBek konkistatu zuten, bertan 100.000 soldaduko base militarra eraiki asmoz, orduko populazioaren bikoitza. 1969-1972 artean nikelaren booma heldu zen, eta dirua ematen zuen industrian lan egitera 15.000 metropolitar joan ziren. Egun, auto elektrikoen boom berria iragartzen den gariotan, baterientzako ezinbestekoa den nikelaren eskaria %3.600 igo daitekeela kalkulatzen da.

Kanakak ez zituzten soilik euren lurretatik bota, ez zitzaien soilik nortasun kulturala ukatu. Izan ere, euren lurraren kontrol geoestrategikoa ere bereganatu zuten kolonoek. Frantziarrentzat funtsezko lekua da: munduko nikel erreserben laurdena bertan izateaz gain, ozeano eremu itzel baten kontrolerako ezinbesteko lekua da Kaledonia Berria.

Independentismoaren indarra

1970etik aurrera mugimendu independentista forma hartzen joan zen Kaledonia Berrian Jean-Marie Tjibaou eta Eloi Machoro buruzagien inguruan. Lehenik autonomistak izan ziren, bide ez-biolentoen aldekoak, instituzioak baliatuta egin nahi zuten askapen bidea. 1984an, baina, borroka independentista instituzioetan aurrera eramaterik ez zela iritzita, FLNKS Nazio Askapenerako Fronte Kanak Sozialista sortu zuten, hainbat korronte ezberdin bilduz.

Hauteskundeak boikotatzeko deia egin ostean, Tjibaou eta Machoro hautetsontzi bat aizkoraz txikitzen azaltzen zuen argazki ikonikoa mundu osora zabaldu zen, beste fase bat irekiz. Fase armatua izan zen, Irlandan The Troubles bezala, Kaledonia Berrian des Événements gisa ezagutu zena. Gobernu paraleloa aldarrikatu zuten, Tjibaou bera presidente hautatu, eta bandera nazional propioa zintzilikatu. Errepresioa izugarria izan zen: hildakoak eragin zituzten caldocheen ekintzak, tentsioa puri-purian, urgentziazko estatua, etxeratze agindua...

1988ko apirilean, Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bi itzulien artean, ekintzaile independentistek hainbat jendarme hil eta beste hamasei kobazulo batera eraman zituzten bahituta. Mitterrandek ez zuen errukirik izan. Ouveako masakrea etorri zen: erasoa agindu eta jendarmeak askatu ondoren, hemeretzi ekintzaile hil zituzten, batzuk fusilatuta.

Aste batzuk geroago, Michel Rocard lehen ministro frantsesak, Jacques Lafleur unionisten buruak eta Tjibaouk Matignongo Hitzarmena sinatu zuten, hamar urteko epean autodeterminazio erreferenduma egitea aurreikusten zuena. Tjibaouri «saldua» eta «traidorea» izatea egotzi ziotenak ez ziren falta izan. Gauzak, baina, ez ziren hor geratu: hemeretzi ekintzaileen aldeko ekitaldi batean, eszisio baten izenean, beste tribu bateko kanak batek buruzagi historikoa tiroz hil zuen.

Gerora, Lionel Jospinen bultzadarekin, Noumeako Hitzarmena etorri zen 1998an (erreferendumean %72ko sostenguz onartu zena). Ofizialki deskolonizazio prozesu mailakatu bat abiatzeaz gain, 2014 eta 2018 artean autodeterminazio erreferenduma egitea jasotzen zen.

«La coutume»

Kanak nazioak lotura sendoa du bere lur, hizkuntza eta tradizioekin. Kanpotar batek izan beharko lukeen jokaeraren zentzu estua dute. La Coutume gisa ezagutua dena ezin daiteke murriztu iraganeko usadioetara, edo, are, gizartearen ikuspegi folkloriko batera. Kaledonia Berrian, usadioa, la Coutume delakoa, gaurkotasun izugarria duen auzia da, eta esanahi asko gordetzen ditu. Konplexua eta askotarikoa da. Errepikapen baten alaba, denborak popular bihurtua, kanak nazioak onartua.

Geografia eta gizarte antolakuntza definitzen ditu la Coutume-k. Kosmogonia zehatz bat eta ingurunean kokapena. Genealogiak eta filiazioak diktatzen ditu. Hitza da, keinua, dohaina. Bizitzarako arauak, babesa, errespetua eta umiltasuna ordezkatzen ditu. Kanaken existentziari errima jartzen dio bizitzaren une handienetan. Jaiotzatik kokalekua ematen die kanakei, gero gizartearekin ezkontzen ditu, eta, azkenik, heriotzarekin, betikotzeko, gorputza eta izpiritua banatuz.

Sentimendu antifrantsesa, hein handi batean, kolonoek bertako usadio eta lurrarekiko kanaken sentimendu sakon eta biziok kontuan ez hartzetik dator. Independentzia bidea, zentzu horretan, la Coutume eta kanak identitatean oinarritzen da. Kanakek frantsesek ez dutela errespetatzen uste dute, baina, oraingoz, errespetarazteko presioa ez da Frantziaren menpeko izateak dakarren bizi maila eta ziurtasun ekonomikoa gainditzeko gai izan.

Galdera eta errolda

Pierre Frogier independentziaren aurkako lider eta Frantziako senataria erreferendumaren galdera “independentzia bai ala ez” bezala formulatzearen aurka azaldu da, Katalunian egiten den lez, betiko argudioak emanez: gizartea hautsi eta biolentziari ateak irekitzen omen dizkio horrek. Unionistek milaka lagun mobilizatu dituzte eta Kaledonia Berriko Asanbladako 54 eserlekuetatik 29 kontrolatzen dituzte. Independentistek, baina, hiru probintzietatik bi kudeatzen dituzte (Iparraldeko Probintzia eta Leialtasun Uharteak). Unionistek, Hegoaldeko Probintzia soilik (hiriburua bertan da eta denetan populatuena da).

Artxipelagoko 260.000 biztanleetatik %40 kanaka da eta %30 inguru europar jatorriko caldocheak dira. FLNKSren erronka gainerako 30%a (asiar, afrikar eta polinesiar jatorrikoak) ez beldurtzea da, hau da, gainontzekoek proposatu duten «patu komuneko nazio berria» gustura besarkatzea. Izan ere, FLNKSk aspaldi onartu zuen jatorrizko kanak kolonizatuak ez zirela erreferendumeko boto-emaile bakarrak izango. 1983an onartu zuen “historiaren biktimek” ere (Kaledonia Berrira eramandako preso eta deportatuen ondorengoak, garai kolonialean erdi-esklabo eramandako laborarienak...) estatus politikoa erabakitzeko erreferendumean parte hartu behar zutela.

Noumeako Hitzarmena papera da, baina ez broma. Frantziar konstituzioan eta Kaledonia Berriko legedian txertatuta dago. Ezartzen dituen bizileku obligazioen arabera, Kanakyko eta Frantziako herritarrak ezberdintzen ditu. Frantziako Senatu eta Parlamenturako errolda ez da Kaledonia Berriko eta probintzietako asanbladetarako erabiltzen den bera (azken hauteskundeetan 23.000 frantses geratu ziren botoa eman ezinik), eta independentziaren erreferendumerako beste bat egingo da. Kanakek izua zeri dioten garbi dago: Australiako “aborigenen soluzioari”, hots, nazio baino beren sorterrian minorizatu eta baztertutako gizatalde izateari.

FLNKSk bere bide orria aurkeztu berri du. Independentziari baiezkoak irabaziko balu, Kanaky-Nouvelle Caledonie (bi hizkuntzetan) izeneko nazio «demokratiko eta multikulturala» sortzea hitzeman du. Erreferendumean bozkatzeko izen emanda dauden guztiak izango direla herritar ere agindu du.

Estatu elkartuaren aukera

Kolonia izateari uzteak bizi maila galtzea ekarriko duela erabiltzen dute argudio gisa independentziaren aurkakoek, non eta Zeelanda Berrian baino bizi maila altuagoko artxipelagoan. Independentziaren aurrean estatu elkartuaren aukera proposatzen duenik ere bada, horrela independentistek beren estatua eta unionistek Frantziarekiko lotura bermatuko luketelakoan.

Bien bitartean, Ozeano Pazifiko anglosaxoian, pil-pilean dira independentzia aldarria eta estatus juridikoa aldatzeko prozesuak. Cook uharteak Zeelanda Berriarekin duten harremana eztabaidatzen ari dira (pasaportea mantendu nahi dute, caldocheek bezala). Mikronesiak ere AEBekin duen harremana aldatu nahi du. Bougaainville eskualdeak 2019an independentzia erreferenduma egitea baimendu du Papua Ginea Berriak. Guam ere erreferendum ez loteslea egitera doa, soilik indigenek, %37 diren chamorroek bozkatuko duten arren.

Betiko soluzioa behar bada, deskolonizazio prozesua bururaino eraman beharko da. Independentzia horren akuilu da. Kanak nazioak du azken hitza.

Emantzipazioaren ordua da. Prest ote dago kanak nazioa, Kaledonia Berria, independentziarako? Eta beti prest ote den zalantzan badago, egongo al da inoiz prest?

Kanaken «la Coutume» delakoak kosmogonia, ingurunean kokapena, genealogiak, filiazioak definitzen ditu. Bizitzarako arauak, babesa, errespetua eta umiltasuna ordezkatzen ditu