Antton Izagirre

Batasun emozionala

Gertakari handi, ospetsu eta historikoetan, tokian bertan lekuko izan direnek, maiz, «ni han nintzen» esapideaz lekukotasunaren handitasuna eta garrantzi historikoa nabarmendu izan ohi dute. Nolabait adierazi nahian, gertakizun hura etorkizunerako erabakigarria izan zen konbentzimendu osoa.

Aurtengo Diadatik bueltan, han ikusi eta bizitakoak gogoan, konbentzimendu bertsua izan dugula aitor genezake. Kaleak bete dituzten ehunka milaka lagunek erakutsi digute haien ilusioa eta ziurtasuna nekez zangalatraba lezakeela indarra eta mehatxu ugari eta akordiorako konfiantza gutxi eskaintzen duen espainiar Estatuak. Oso gutxitan bezala agintari politikoak eta galdeketaren aldeko herri mugimenduak norabide berean ari direla erakutsi dute. Agintari politikoak, president-a bera buru dela, emandako hitza betetzen ari dira, eta, herritarren sinesgarritasuna irabazita dute; hala, gaur-gaurkoz, inork ez du espero azken orduko traiziorik.

Batasun emozional hori inbidiaz begiztatu dugu hemendik joandako euskaldunok. Beso zabalik eta esker onez hartu gaituzte kaleetan, baina haserrea ere erakutsi digute gure politikoek haien interesak zapuzteko hartu duten jarreragatik. Gogorarazi digute PNVko politikariek PPren Gobernuari ematen dioten babesa, nola babes horri esker, haien aurka eraso betean ari diren.

Behin eta berriz esan behar izan diegu ez garela euskal herritarrok horren erantzuleak, euskal herritarren gehiengoa Herrialde Katalanen aldekoak garela eta haien irmotasuna txalotzen eta goresten dugula, PNVren saldukeriak lotsa sentiarazten digula. Esan diegu, orain haiek abian duten bidean elkar hartzea amesten dugula, eta, berandu baino lehen, agian, elkarrekin estatu zapaltzailearen egiturak iraultzea eta belaunaldi berriak horren lekuko eta hartzaile izatea aurreikusten dugula.

Diadaren biharamunean, espainiar Estatuaren egitura guztiak, politikoak, polizial eta juridikoak eta baita komunikatiboak ere, erasorako prestatzen ari direnean, euskal herritarroi katalan herriaren defentsan, irailaren 16an, Bilboko kaleak betetzeko konpromisoarekin erantzutea dagokigu. •