Ramon Sola

«Filipinetako azkenak», Katalunia eta gu

Yanis Varoufakis greziarrak Kataluniakoari buruzko denok ulertzeko moduko zenbait egia borobil esan ditu ‘‘The Huffington Post’’-en. Besteak beste, hauxe: «Erreferenduma iaz egin izan balitz [Madrilek egiten utzi izan balu, alegia], unionistek irabazi egingo zuten... eta kito». Nik ez dakit iaz emaitza hori izango zen, baina inork ez du zalantzan jarriko duela bost, hamar, hogei, hogeita hamar urte egin izan balitz, independentziaren hautuak ez zuela garaile ateratzeko aukera txikienik ere izango. Adierazgarria da, neurri berean, 2010etik hona Madrilen inork ez dituela serioski planteatu erronka horri aurre egin eta bozketa adostu batean –«berme guztiekin» beraiek dioten gisa, bat-batean oso bermezaleak bilakatu baitira espainiarrak– irabazle izatearen epe luzeko etekin handiak. Londresko agintariek Eskozian irtenbide onena zela erabaki zutenean ere (2012ko Edinburgoko Akordioa) Madrilen ez zitzaien burutik pasa, ez PPkoei jakina, ez eta PSOEkoei ere (Moncloan ziren oraindik).

Eta zergatik hutsune hori? Harropuzkeria hutsa da ala beren indarrenganako konfiantza falta? Bietatik agian, baina lehen azalpena nabarmenagoa da. Madrilen nagusi den jarreraren adibide xume bat baino ez emateagatik, aurreko astean Erreferendumaren Legea Parlament-ak onartu zuenean eta JxS zein CUPeko legebiltzarkideek batera zutik abesteari ekin ziotenean, sesioa zuzenean emititzen ari zen TVEko aurkezleak hauxe esan zuen: «Ospatzeko, kantu bat ari dira abesten». Kantu bat? Bistan da esatariak ez zekiela ‘‘Els Segadors’’ zela –Kataluniako ereserki ofiziala alegia–, eta ez omen zitzaion axola ere, ordu erdi geroago adierazpide bera erabili baitzuen, ondoko inork datua helarazi ez ziolarik. Kazetaritza praktika okerra baino gehiago adierazten du anekdotak; bestea ulertzen saiatzeko borondate eza, mespretxu hutsa.

Ohiko joera historikoki hori izanik, orain sinestezintasuna, noraeza eta depresioa egunez egun handitzen doaz Estatuan, agertoki hau inoiz burutik pasa ere egin ez zaien amesgaizto ikaragarriena delako («1978tik honako irain eta mehatxu larriena», idatzi du Rajoyren Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean aurkezturiko helegiteetako batean). Hanketako dardara guztiz ulergarria da; ‘‘Los últimos de Filipinas’’ filma pantailaratu zuten iaz Espainia aldean, ustez epikoa, eta orain ‘‘Kataluniako azkenak’’ izatearen mamua hortxe dute, ez lurralde urrutiratu batean eta duela mende pasatxo, etxe atarian bertan eta oraintxe baizik. Eta ez da pelikula bat.

Erants diezaiogun horri ondokoak alde egin nahi izatearen sentsazioa berez oso desatsegina dela. Varoufakisek, berriro: «Nire emazteak nigandik banandu nahiko balu, lur jota nengoke, txikituta. Baina ez nuke pentsatuko hori ekiditeko eskubidea dudanik». Azken lau hamarkadotan etengabe saldu dizkiguten Trantsizio haren harribitxien artean bazen Dibortzioaren Legea garatu izana, baina handik 36 urte pasa direlarik oraindik ere herrien arteko dibortzio libreari betoa ezarri nahi dio Madrilek.

Hori bai, eguzkia beti ikusgai zuen inperio hartatik hasi, Francotik pasa eta Rajoy eta abarrengana heldu den harropuzkeriaz gain, beren indarrenganako konfiantza faltaren azalpena ere kontuan izatekoa da. Badaki Espainiak ezin dituela katalanak seduzitu, eta horregatik baztertu du borroka horri aurre egiteko aukera bera ere. 1898an, historia liburuek diotenez, sekulako etsipena zabaldu bazen bertan, orain, Kataluniak alde egin ala geratzea erabaki, depresio hura errepikatzea espero daiteke.

Espainiak berak bere burua maite ez duen honetan, are deigarriagoa da Euskal Herrian azken boladan egin duen urratsa, agertzen duen legitimazio maila. EAJk PPrekin lortutako akordioetatik harago doa errealitate hori; espainiar desmilitarizazioaren afera konponbide agendan oraindik sartu ez izana aipa liteke, edota, agerikoagoa, kaleetan espainiar selekzioaren eta Real Madrilen elastikoak gero eta maizago ikusten direla (zilegi dena, noski, baina baita bitxia ere). Espainia, Katalunia erakusle, betiko bera delako, bortitzagoa eta etsituagoa ez bada. •