Xabier Izaga Gonzalez
SORMENAREN BARATZA

Gasteizko arte eszenikoak eta oro har kultura sustatzen duen gune burujabea

Ortuan jarduten dute, edo umeen jolaslekuan, ideiak landatu, ureztatu eta gauzatzen, Gasteizen kultura garatu eta sustatzea helburu. Eskaintza zabala dute, eskuzabalak dira, eta lau urteko bide neketsuaren ondoren, argia ikusten hasi dira Baratzako sustatzaileak, pixkanaka baina sendo gora egiten ari baita egitasmoa.

Ez da supermerkatua, plastikoz bildutako produktu bat ordaindu eta etxera eraman ohi den lekua, arte eszenikoak, arteak, oro har kultura partekatzeko gunea baizik. Artistek lanak prestatzeko eta publikoari prozesu horiek ezagutzeko aukera ematen dion lekua da Baratza. Sortze prozesuak bertatik bertara ikusi eta gozatzeko leku burujabea. Izan ere, bertako kideak «prozesuko jendea» dira, ikasketatik emaitzarainoko prozesua egin zaleak. Ortu horretan, behin lurra landuta, ideia landatu eta ureztatzen dute, eta, garatu ondoren, barazkia jasoko dute. Horregatik da Baratza.

Horregatik edo Lopez de Armentia neba-arreben ikastolako jolaslekuan bezala, lan egiteko moduaren oinarria umeen gisa jolastea delako; beharrezkotzat jotzen baitute sortze lana horrela egitea, beldurrik gabe, aurreiritzirik gabe, presiorik gabe. Unai eta Garazi Lopez de Armentia guztiz ezinezkoa ematen zuen baina pixknaka aurrera doan proiektu artistiko honen sortzaileak dira.

Eskaintza zabala

Gasteizko Baratza aretoak kultura eta bereziki arte eszeniko garaikideak sustatzen ditu. Topagune burujabe honek 2013. urteko abenduan zabaldu zituen ateak, sorkuntza artistikoaren hainbat prozesu garatzeko asmoz. Bertan, esperimentazio lanetan dihardutenek, lan berriei ekin nahi dieten artistek, itzalean dauden bertako adierazpen artistikoek lehentasuna dute; hausnarketa, eztabaida, prestakuntza, hedapena, lan egitaraua garatzeko lekua eta laguntza aurkituko dituzte Baratzan. Halaber, «bitartekari lana» egiten dute, arte diziplinak «Gasteiz hirira eta bertako hiritarrengana gerturatuz». Bestalde, bertako eta nazioarteko artisten arteko hartu-emanak eta elkarlana ezinbestekotzat dituzte.

Baratzak, beraz, antzerki, dantza eta bestelako diziplinetako obren antzezpena eskaintzen du, baina entsegurako aretoak alokatzen ditu, tailerrak ematen ditu, eta edonorentzako solas edo eztabaidarako gune ere bada, edo artistekin hitz egiteko lekua.

Bi areto ditu, 100 metro koadro dituen Kuia, eta Kuiatxo, 50 metro koadrokoa, artistek behar dituzten baliabide teknikoak eskaintzen dituztenak. Ekitaldi bat antolatzeko areto pribatu bat nahi duenak, zenbait ordutarako edo egun oso baterako aloka ditzake prezio onean.

Areto horiez gainera, Baratzako sarrera Atari izeneko gune garrantzitsua bihurtu da, eta jarduera asko egiten dituzte bertan. Gune horren arduradun Marina Suarez Ortiz de Zaratek dioskunez, «jendeak bere jakin-mina imajinatzea eta konpartitzea» dute helburu. Ikuskizun eta kontzertuetarako agertoki txiki bat dago, mailegu eta kontsultarako liburu eta DVDak, lagun artean zerbait edateko barra bat, ikus-entzunezko baliabideak… Asteko hiru arratsaldez eta ostiral goizetan zabalik egoten da. Halaber, hilean behin Dena Nahi Dugu izeneko deialdia egiten dute, artisten ideiak eta obrak probatu eta erakusteko aukera ematen duena. Arte plastikoetan, ilustrazioan, argazkigintzan eta beste diziplina batzuetan aritzen diren artistek beren lana bertan erakuts dezakete hilabetez, hartara, maiz joaten denak hilero leku berri batera doan sentsazioa izango du. Gune horretan izaten diren musika, antzerki edo dantza ikuskizunak, poesia emanaldiak, performanceak eta bestelako kultur agerpenak normalean formatu txikikoak izaten dira, sinpleak, eta gertuko giroan egiten dira. Sarreren dirua artistentzat izaten da beti.

Erresidentziak

Arte eszenikoen sustapen horretan, konpromiso handiko programak dituzte, hala nola «erresidentziak». Deialdi baten bidez, zenbait taldek Baratzako espazioa erabiltzeko eta diru laguntza bat jasotzeko aukera dute. Urtean sei erresidentzia ematen ditu Baratzak; antzerki, dantza eta arte garaikideak lantzen dituzten taldeentzat dira erresidentziak, beren lanak gara ditzaten. Gehienetan hasi berri diren taldeei ematen dizkiete, baina ez beti. Espazioaz eta diru laguntzaz gain, laguntza teknikoa eta aholkuak ere ematen ditu Baratzak. Erresidentzien erdiak aretoko arduradunek zuzenean aukeratzen dituzte Gasteizko edo Euskal Herriko taldeen artean, eta beste erdiak deialdira aurkezten direnen artean.

Orain hiru konpainia dituzte erresidente bezala. Antzerki arloko laguntzaz Unai Lopez de Armentia arduratzen da, koreografia eta oro har dantza arloan, berriz, haren arreba Garazi, eta batzuetan produkzio eta distribuzio lanetan ere laguntzen die Jemima Cano Baratzako produkzio lanen arduradunak. Beste laguntza mota bat erresidentzia teknikoa da: argia, soinua, muntaia… Unairen ardurapean.

Horrez gain, «Gasteiz txikia baita eta denok ezagutzen baitugu elkar», lagun asko hurbiltzen dira laguntza eske, esate baterako, areto bat erabiltzeko libre baldin badago. Kasu horietan aretoa garbi uztea izaten da eskatzen duten «ordain» bakarra. Izan ere, diru aldetik beharrak aseta baldin badituzte, lekua baldin badago… «gure helburua Gasteizen kultura sustatu eta garatzea da».

Hasiera gogor eta neketsua

2013ko abenduan aretoko lanak ez zeuden bukatuta, baina Gasteizko Gobernuaren “Sormen laguntzak” programak praktika sortzaileak bultzatzen dituzten kultura gune independenteei ematen dien diru laguntza jaso zutenez, urte horretan zabaldu behar zuten lokala. Obrak hasi zirenean, arazoak izan zituzten, ezusteko handia izan zen metalezko azpiegitura bat jarri beharra. Eta lizentzia lortu bezain laster eta nahiko zorpetuta, ateak zabaldu zituzten. Baina «gutxienez jendea sartzeko eta jarduerak garatzeko» moduko lokala bazuten.

Arazoak arazo, gainera, lan asko aurreratuta zituzten ateak ireki zituztenerako, jarduera asko lotuta, programazioa martxan. Izan ere, obretako arazoak zirela-eta, beste lokal batzuk bilatzen hasi ziren, Artiumen, Udalean... Leku guztietan esaten zieten ezinezkoa zela, baina azkenean Oihanederren gela bat lortu zuten eta antzerki txiki bat egiteko moldatu zuten.

Unai Lopez de Armentiak hainbat urte eman zituen Euskal Herritik kanpo. Ingalaterran ikasi zuen interpretazioa, zuzendaritza, eta Europan XX. mendean izan den antzerki mugimenduaren transmisioa ere jaso zuen. Gaur bikotekide eta bere haurren ama duen Hannah Whelan irlandarrarekin eta beste zenbait lagunekin konpainia bat eratu eta Europan zehar ibili zen, baita zenbait hilabetez Brasilen ere. Bost urte eman zituzten konpainia hartan, eta, ondoren, Estatu frantsesera jo zuten Hannah eta berak. Ondoren, Hannah haurdun zegoela, Gasteizera etorri ziren; hala ere, Unaik denbora asko ematen zuen kanpoan, lanean.

Garai hartan, Unairen Arreba Garazi ere Bartzelonatik itzuli zen, dantzan ibilbide luzea egin ondoren. Eta hirurok, David Alcortarekin batera, Parasite Kolektiboa sortu zuten. Haien lehen obra “Hautsa” izenekoa izan zen, arrakasta handia lortu zuena.

Leku baten bila hasi ziren, eta hainbat kultura eragilek salatzen zuten egoerarekin egin zuten topo: kultura gune independenteen gabezia. Lan egiteko eta lana partekatzeko leku bat behar zuten, «energiak elkarlanean garatzeko moduko leku bat». Baina azkenean asmo hori baztertu eta Unaik kanpoan lan egiten jarraitu zuen. Hala ere, Garazik leku baten bila jarraitu zuen tematuta, Gasteizen bizi nahi zuelako. Halako batean, 2012an, gaur egun Baratza den lokala ikusi zuen, eta bertan entseatzen eta tailerrak ematen hasi ziren. Baina ez zegoen batere argi nola biziko ziren konpainian lan eginez, eta are gutxiago nola ordainduko zuten lokalaren alokairua…

Urte hartako neguan Unai Ingalaterran zen, obra bat antzezten, eta gaixotu egin zen. Agertokian bertan konortea galdu zuen zenbait emanalditan. Obrako protagonista zen, eta, beraz, ezinbestekoa. Zuzendariak esaten zion ezin zutela obra bertan behera utzi. Kirol eta ikuskizun arloetako psikologo batengana eraman zuten, eta, luze hitz egin ondoren, esan zion bere bizitza konpondu behar zuela: «Zu hemen zaude, baina zure burua ez, eta hori konpondu egin behar duzu, bestela horrela jarraituko duzu». Arrebari deitu eta bere ideia azaldu zion. Europan zehar gune alternatibo independente ugari ezagutu zituen, oso ondo funtzionatzen zutenak, eta argi zuen Gasteizen ere beharrezkoa zela horrelako leku bat. Leku ofizialak bazeuden ere, bertako artistentzako laguntzak, elkartzeko lekua eta beste programazio mota bat egiteko aukera beharrezkoak ziren. Eta eurek antzerkia egiten jarraitu nahi zuten.

Bideragarritasun planak egin eta gero, egun batean Unairen aitak esan zion berarekin hitz egin behar zuela, eta proiektuaren etorkizuna oso beltz ikusarazten saiatu zen; hala ere, bukatzean, diru kopuru bat eskaini zion, finantziazioa ikaragarri erraztu ziena. Garazik eta berak kooperatiba bat sortu eta horrela abiatu zuten proiektua. Ez zen erraza izan, ordea; Baionan “Hautsa” obra estreinatu zuten, enpresa sortu, Baratzarako obrak kontratatu, beste hamaika lan egin... Gainera, Unai eta Hannah guraso izan berri ziren, eta, hala, hilabete gogor samarrak izan ziren guztiontzat.

Laborategia, bizkarrezurra

Garazi eta Unai neba-arreben kontua da Baratza, beraz. Hala ere, Unaik behin baino gehiagotan esan du Jemina Cano gabe ez zirela honaino iritsiko. Kudeaketaz, produkzioaz, kontratazioaz arduratzen da, eta oso ona omen da bere lanean Baratzako «maitagarria». Unai Ingalaterran zela, haren arreba Garazik kultura kudeaketarako ikastaro bat egin zuen, eta bertan ezagutu zuen Jemima. Anaiari deitu eta beren proiektua aurrera ateratzeko Jemima behar zutela esan zion. Ikastaro hartako beste batzuek ere antzeko ideiak zituzten eta euren proiektuetarako lan egitera joatea proposatu zioten, baina ezetz esan zien, eta Garaziri, berriz, baietz. Hasieratik egon da eurekin.

Diruarekin «malabarrak» egin behar izan dituzte, batez ere lehen bi urteetan. Laguntza bat zulo bat estaltzeko erabili eta beste zulo bat agertzen zen… Urte haietan, gainera, Garazi gaixotu egin zen, eta Unairi arreba gaztea zer abenturatan nahasi ote zuen zebilkion buruan. Baina gaur egun «nahiko lasai» omen dabiltza.

Unai arlo teknikoaz eta programazioaz arduratzen da, baita aretoaren mantentze lanez ere; Garazi, kontabilitateaz; Jemima finantziazio arloaz eta kontratuez, eta Marina publizitate lanaz eta prentsarekiko harremanez. Atariko arduraduna ere bada.

Aurten Parasite Konpainia Baratzako jardueren antolaketan presentzia handiagoa izaten hasi da, eta, konpainiarekin batera, baita Hannah ere, konpainiaren zuzendaria baita. Besteak beste, «laborategian» parte hartzen du, beren sortzeko modua jendearekin konpartitzeko laborategia. Konpainia bezala, beren ideiak garatzen eta entseguak egiten jarraitzen dute, baina astean hiruzpalautan hamabost bat laguneko talde bat biltzen da hiru orduz. Unaik dioenez, laborategi hori Baratzaren bizkarrezur modukoa izan da eta da. Konpainiak, halaber, esku hartze handiagoa du orain gainerako jardueretan, tailerretan...

Bost ziklo urtean

Aurreko urteetan hilero asteburu batean programazio berezi bat prestatzen zuten. Hartarako, agertokia eta oro har aretoa bera prestatu behar zuten. Joan den urtetik, ordea, horrelako ekitaldi gutxiago egin dituzte, eta erresidentzia eta tailer gehiago. Horrez gain, ia asteburu guztietan egoten dira inprobisazio dantza ikastaroak, astero afrikar dantza izaten da, baita dantza garaikide eta klasikoa ere, yoga...

Programazioa gutxituagatik, urtean zehar bost ziklo antolatzen dituzte. Lehenengoa, Zurrunbilo, euskarazko antzerki garaikideko lau eguneko jaialdia. Hausnarketa baten ondorio da Zurrunbilo. Gasteizen, euskarazko antzerkiak irtenbiderik ez zuelakoan ziren, talde gutxik egiten zutela eta Baratzan ere euskarazko obrak eskaintzean publiko gutxiago izaten zutela ikusten zuten, eta jaialdi bat antolatzea erabaki zuten, jaialdietan energia gehiago pilatzen baita; publizitate gehiago izaten denez, jende gehiago agertzen da, eta gauza bereziak eskaintzeko aukera izaten da. Parasite Kolektiboa “Hautsa” lanarekin sartu zen euskarazko antzerkiaren sarean, eta, hura ezagututa, Unaik ez du zalantzarik euskaraz antzerki lan oso onak egiten direla.

Bigarren zikloa Bertako Fest da. Gehienbat, erresidentziak izan dituzten lagunei beren lanak bukatzen dituztenean bertan erakusteko aukera ematen diete, baita Gasteizko konpainiei eta Baratzaren filosofiatik hurbil dagoen jendeari ere.

Irail amaieran, berriz, Scratxe Gaua antolatzen dute. Hori da hirugarren zikloa. Prozesuan dauden lanak baliatuta egiten duten jaialdia da, amaitu gabeko bost bat lan eskaintzen dituzte, «beharbada ideia arriskutsuak», aurkezteko beste lekurik ez duten lanak, lan txikiak, publikoarekin partekatu nahi dituztenak, lan esperimentalak… Scratxe gauaren asteburuko igandean, iraupen luzeagoko obra bat ere antzezten du, sari gisa, erresidentzia izan duen taldeetako batek. Obra hori ere bukatugabea izan daiteke. Izan ere, Baratzako kideek uste dute antzokietan erakusten diren produktu gehienak oso itxiak direla eta publikoarentzat supermerkatura joatearen antzekoa dela obra ikustea, kontsumo arrunta, eta jendea antzerki garaikidera hurbiltzeko modu bat gauzak prozesuan daudela erakustea dela. Scratxe Gauak Baratza zabaldu baino askoz lehenago hasi ziren, Factoria de Fuegos elkartearekin, Amarika aretoan. Aurtengo Scratxe Gaua hamaikagarrena izango da.

Laugarren zikloa abenduan egiten dute: Olentzerorentzako Zerrenda. Alegia, «zer etortzea gustatuko litzaizuke?» galderari erantzun, eta, urteurrena ospatzearekin batera, Baratzaren promozioa egiten dute.

Azkenik, Dantza Zikloa ere egiten dute.

Gorantz doan proiektua

Gasteizen artista asko dagoela dio Unaik. Eurek hala uste zuten, eta ikusi dute ez zeudela oker. Gasteizko artistek asko sufritu dutela dio, batez ere krisialdia hasi zenetik, diru laguntzen mozketa «ikaragarria» izan baitzen. Bera Gasteizera itzuli zenean, sekulako talentua sumatu zuen hirian, baina baita ezinezkoa zela lan artistikotik bizitzea, are jardun horretan jarraitzea ere. Jende asko dago antzerki amateurrean zein profesionalean, dantzan eta diziplina guztietan. Eta Baratza proiektua aurrera doa, zalantzarik gabe, pixkanaka, Unairen hitzetan, baina berak ere argi du «gora» doala: askoz publiko gehiago dute, arlo ekonomikoan ere, estutasunak atzean uzten doaz.

Baratzara doan publikoa, gertutasun horren ondorioz besteak beste, aretoaren «adiskide» bihurtzen da. Publikoa bertaratzea eta mantentzea neketsua dela dio Unaik, baina azkenean ohiko bihurtzen dela. Hasierako garaia dakar gogora, sekulako lana egin ondoren lagun bakan batzuk baino agertzen ez zirenean. Orain, ordea, ez da halakorik gertatzen, orain hogeita hamarretik gora, eta batzuetan 80 ere bildu izan dira, lekua oso handia ez den arren. Lekuaren txikitasuna desabantaila izan liteke, baina baita aukera ere, publikoarekiko harreman intimoagoa lortzeko, gertutasun giroa.

Baratzako arduradunak, eta ez Unai eta Garazi bakarrik, antzerki konpainia batean edo bitan ere jarduten dute. Kudeatzaile ez ezik, aktore ere badira, edo zuzendari… Hau da, antzerki jendea, zeharo. GAUR8k bisitatu dituenean, entsegu betean daude, eta datorren irailerako prestatzen ari diren “Jokoa” obraren zati bat ikusteko aukera izan du. Bertan, Unairen zuzendaritzapean, Unairen neska-lagun Hannah, Josune, Patricia, Unairen arreba Garazi eta Marinak parte hartzen dute. Unaik, noizbehinka beste konpainiaren batekin lan egiten du.

Argia ikusi dute. Lopez de Armentia neba-arrebek Gasteizen bizitzea lortu dute, Gasteizen soldata bat jasotzea, baita beste zenbait lagunekin batera amets bat gauzatzea ere; egunez egun, izerdiz baina gogoz, ilusioz, jendearekin euren lana partekatuz.

 

Gasteizko kulturaren jagole alternatiboak

Baratzaren proiektua abiaraztea ekarri zuen kezka ez da Lopez de Armentia neba-arrebena edo gune horretako kideena soilik. GAUR8ko orrialdeotan agertu diren Gasteizko hainbat sortzaile eta kultur eragilek aipatu izan dituzte bai hiriko kultur aberastasuna bai abian jarritako proiektuen bideragarritasun zaila. Behin eta berriz errepikatzen den leloa da; egia latza, alegia. Oraindik orain, EHUko Arte Ederretako irakasle Natxo Rodriguezek gure orrialdeotan hauxe zioen: «Guztioi interesatzen zaigu eremu kultural aberats eta bizia. Baina erakundeek ez dute ezer egiten, beti dago plan estrategikoren bat, bata bestearen atzean, baina eragile independenteak ez dira zaintzen. Nekagarria da, horrek jendea desaktibatu besterik ez du egiten».

Uste berekoa da Unai Lopez de Armentia. Dioenez, Gasteizko Udalak ez du berak ezinbestekotzat jotzen duen kultur plangintzarik, eta udalbatza aldaketa den aldiro, aurreko udal taldeak abiatutako proiektuak ahaztu egiten dira. Honako hauxe esan zion Amalur Artolari duela bi urte: «Gasteiz kultura mailan oso gaizki dago. Eta, hein handi batean, etorkizunera begirako kultura planik egiten ez delako da. Alkate berria sartzen den aldiro gauza berriak egiten dira lehen zeudenak mantendu gabe, eta azkenean geratzen den bakarra unean atera duten argazkia da». Hori «oso gogorra» eta nekagarria iruditzen zitzaion: «Aurten ez dago aurrekontu berririk kulturarako, prorrogatu egin dute, eta, gainera, aspalditik dauden elkarte askori laguntzak ikaragarri murriztu dizkiete... Gauza asko ari dira desagertzen eta hori oso gogorra da».

Zorionez, instituzioen zabarkeriagatik kulturak bizi duen egoera negargarria ikusita, Baratza bezalako beste hamaika gune sortu dira. Iñaki Landa kazetariak Gindi Auzmendiren eta Mikel Saenz de Buruagaren laguntzaz egin zuen mapak 80 bildu zituen, hainbat tamainatakoak, tabernetatik musika aretoetara, arte gela soiletatik Errekaleor Bizirik gisako ekimenetara, tartean Hala Bedi Irratia edo Gaztetxea. Hiriko kultura eta sortzaileak benetan sustatzen dituzten guneak dira.