Juantxo EGAÑA

Oteizaren hamalau apostoluak, arekatik frisora

1951n hasi ziren Arantzazuko basilika berriaren eraikuntza lanak. Apostoluen eskulturen ardura Jorge Oteizak zuen. 1954an, Oteiza, Basterretxea eta Lara egiten ari ziren lanak geldiarazteko agindu zuen Donostiako gotzain Jaime Font Andreuk, eta 1955ean proiektua behin betiko eten zen. Oteizaren apostoluak arekan botata egon ziren zenbait urtez. 1968an, Elizbarrutiko Batzordeak betoa kendu ondoren, Oteiza lanean hasi zen Arantzazun. 1969ko ekainean, haren hamalau apostoluak frisoan jarrita zeuden, eta urte bereko urriaren 21ean Pietatea jarri zuen fatxadaren gainean. Irudian, Jorge Oteiza ageri da aldamioan, apostoluak jartzen. Argazkiaren egilea Oteizaren lagun Jose Luis Plazaola oñatiarra da. Haren familiak apostoluak kokatu zituzteneko irudi ugari gordetzen ditu. Bere anaia Benignoren eskutik hasi zen argazkigintzan, Eibarren. 1950ean bere estudioa zabaldu zuen Oñatiko Kalebarria kalean, eta batez ere erreportaje sozialak egin zituen. 1996an hil zen.