Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

BIZITZAREN HARI MUTURRAK

Idoia ZABALETA|ARGAZKI PRESS
Idoia ZABALETA|ARGAZKI PRESS

Zarautzen aitona-amonen eguna ospatu dute aste honetan. Salbatore Mitxelena Ikastolako haurrak, eguneko zentroko aitona-amonak, Santa Ana egoitzakoak, Txolarteko lagunak, Montetxio eta Udaberri koruetakoak... elkartu dira. Kontxi Aizarnak kontatzen du Imanol Urbietak beti izan zuela konexio berezia haurrekin. Eta urteetan aurrera joan zen neurrian, lotura berezi hori indartu egin omen zen. Bizitzak bi hari mutur nagusi ditu, hasierakoa eta bukaerakoa. Tartean gertatu ohi dira korapiloak, hautatuak edo berez etorriak, eta bada joera korapilo horiei begira denbora asko ematekoa. Hasieran dagoenak begiak asko zabaltzen ditu, dena ikusteko duenaren grinaz. Hasieran dagoena detaile txikiei begira geratzen da. Helduek eskutik korrika daramaten arren, lurrean dagoen harri berezi hori ikusteko gai da. Amaieran dagoenak ere begiak asko zabaltzen ditu, ez duelako sinetsi nahi dagoeneko dena ikusia duela; gauza txikiei begiratzen die, bizitza osoa izan duelako gauza garrantzitsuak zeintzuk diren ikasteko. Horregatik, haurren eta adinekoen begiratuek bat egiten dutenean, denbora itzaltzen da eta presa borratu.

Pirritx, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorek ere ikasi zuten hori Imanol Urbietaren ondoan eta beren azken lanean arima hori jaso dute, haurrek eta aitona-amonek elkarrekin jositako kantu bilduman. Horrez gain, DVDan ere bi ikuskizun jaso dituzte, “Tipi-tapa Korrika!” eta Pupu, Lore eta aitona Manoloren “Haizearen Herrira”. Zarauzko festan aurkeztu zituzten pailazoek beren azken lanak.